Erosketa gida: gaztak

Gaztak, zapore mosaiko bat

Kaltzioa ez ezik, beste hainbat mantenugai ere ematen ditu gaztak; pertsona bakoitzak, batez beste, 8 kilo gazta jaten ditu urtean
1 martxoa de 2015
Img alimentacion listado 1015

Gaztak, zapore mosaiko bat

Gazta egitea da esnearen mantenugaiak kontserbatzeko modurik antzinakoenetakoa. Esan liteke, funtsean, “esne-kontzentratu” bat dela gazta. 5.000 urtetik gorako ibilbidea duen arren, oraindik ere ohiko osagaia da gure menuetan. Gure gazta kontsumoa bikoiztu egin zen Merkatu Bateratuan sartu ondoren (1986an), eta egonkor iraun du 1998. urteaz geroztik. Orduan bezala, orain ere pertsona bakoitzak 8 kilo pasatxo jaten ditu urtean, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan gehien jaten diren gazten artean, gazta freskoa nabarmentzen da, eta horren ondotik, erdiondua.

Estatuan gazta asko jateko ohitura dago, zapore oneko eta mantenugai ugariko elikagaia delako batetik, eta gaztari lotutako berezko tradizioa ere baduelako bestetik. Era askotako gaztak egiten dira -munduan katalogorik osatuena du Espainiak-, eta, horretaz gain, Jatorri Izen Babestua duten 16 gazta daude eta Adierazpen Geografiko Babestua duten bi (Valdeon eta Los Beyos). Jatorri Izen Babestua daramaten gaztek inguru naturalak ematen dien ezaugarriak izaten dituzte, eta lekuko ekoizleen trebetasunak ematen dien ukitu berezia. Gazta horien ekoizpen fase guztiak jatorrizko leku horretan bertan gauzatu behar izaten dira. Adierazpen Geografiko Babestua daramaten gaztek, bestalde, ekoizten diren lekuari lotzen dituzten ezaugarri espezifikoak eta izen ona eduki ohi dituzte.

Nekazaritza Ministerioak mosaiko hitza erabiltzen du Espainiako Estatuko gazten ugaritasuna azaltzeko. Mosaiko hori hain aberatsa izan dadin, ingurunearekin zerikusia duten faktoreak daude oinarrian: aniztasun handia dago orografian, lurzoruan, landaredian eta kliman, eta horren guztiaren ondorioz, esne azienda arraza bat baino gehiago agertu da (behiak, ardiak eta ahuntzak), eta ezaugarri bereziak dituen lehengaia eskuratzen da horietako bakoitzetik, betiere kalitate onekoa.

Beste bi faktore ere erantsi behar zaizkio esan berri dugunari. Batetik, penintsulan eta uharteetan bizi izan diren kulturek eta zibilizazioek arrastoa utzi dute gaztaren munduan ere. Eta, bestetik, gazta egiteko prozesuan, dohain handia eta jardunbide egokiak erakutsi dituzte ekoizleek, bai eskuz egiten dituztenek eta bai modu industrialean aritzen direnek ere; gaur egun, 550 enpresa baino gehiago daude Estatuan, handiak, tartekoak eta txikiak, eta badaude, gainera, esnea etxean bildu eta gazta han bertan egiten dutenak ere. Horrexegatik da hain “zabala, askotarikoa eta aberatsa Espainiako gazten katalogoa”, Nekazaritza Ministerioaren hitzak erabilita. Ekoizten diren lekuan soilik dauden berezitasunak dituzten gaztak dira, ekoizle bakoitzak ematen dien testura, zapore, lurrin eta kolore berezia izaten dutenak. Ez da harritzekoa, beraz, zientzia oso bat sortu izana gaztak dastatzeko ekintzaren inguruan, bakoitzaren ezaugarri organoleptikoen ñabardurak zorrotz antzematen dituena.

Horrela, inguruko gaztak jatea geure burua elikatzea baino zerbait gehiago da; aspaldiko tradizio bati eustea ere bada eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzea. Horrek mesede egingo dio tokiko ekonomiari eta ingurumenari berari. Produktu horiek, gainera, ezin hobeki betetzen dituzte elikadura arloko segurtasun arauak, zorrotz kontrolatuta daude eta: osasun azterketak egiten dizkiote aziendari, zaindu egiteko dute animaliak jezteko eta esnea bildu eta garraiatzeko prozesuak, eta jarraipena egiten diete ekoizpen fasean, ontze garaian eta banatzeko unean.

Gazta motak

Zer da gazta eta zer motatakoak daude?

Gaztaren kalitate arauei buruzko legedirik berrienak dioenez (1113/2006 Errege Dekretua), gazta da produktu fresko edo ondua, solidoa edo erdisolidoa, hartzidura bidez lortzen dena, behin guztiz edo partzialki hartzitu ondoren esnea, esne guztiz edo partzialki gaingabetua, esne gaina, gurin gazura edo horien nahasketa, gatzagiaren edo beste koagulatzaile egoki batzuen eraginari esker. Bi irizpide erabiltzen dira gaztak sailkatzeko: nola onduta dauden eta zenbat gantz duten.

Ontze prozesuari begiratzen badiogu, izen hauek hartuko dituzte gaztek:

  • Gazta freskoa. Ekoizpen prozesua bukatu orduko jateko moduan egoten da.
  • Gazta zuri pasteurizatua. Gazta freskoa, mamitu ondoren pasteurizatzen dena. Ekoizpen prozesua bukatu orduko jateko moduan egoten da.
  • Gazta ondua. Ekoizpen prozesua bukatu ondoren, tenperatura eta baldintza jakin batzuetan eduki behar izaten da, gazta horrek berezko dituen aldaketa fisikoak eta kimikoak gerta daitezen. Guria izan daiteke, erdiondua, ondua edo zaharra.
  • Lizunekin ondutako gazta. Barnean, gainazalean edo bietan sortzen zaizkion lizunen eraginez ontzen da nagusiki. Izen horren ordez, “gazta urdina” edo “azal urdineko gazta” ere erabil daitezke egokia denean.

Gantz kopuruari begiratzen badiogu (estraktu lehorrarekiko portzentajeak adierazten du), honako gazta mota hauek izango ditugu:

  • Estragantzatsua. Gutxienez, %60 izaten du gantza.
  • Gantzatsua. Gutxienez %45 eta gehienez %60 izaten du gantza
  • Erdigantzatsua. %25 eta %45 artean izan behar du gantza.
  • Erdigaingabetua. Gutxienez %10 eta gehienez %25 izaten du gantza.
  • Gaingabetua. %10 baino gutxiago behar du gantza.

Zer-nolako ezaugarriak ditu?

Gaztaren osaera den bezalakoa delako, hainbat mantenugai hartzen ditugu haren bidez. Esnea da gaztaren lehengaia, produktu elikagarria oso, eta horrek baldintzatzen ditu gaztaren ezaugarriak. Zalantzarik gabe, gaztek proteinak eta gantzak ematen dizkigute, nahiz eta Estatuko herritarrek lehendik ere sobera hartzen dituzten bi mantenugai horiek. Gaztarik gehienek kaltzioa eta fosforoa ematen dituzte, baita honako bitamina hauek ere: A, B2, B6 eta azido folikoa. Azal zuriko gaztak bereziki aberatsak dira B multzoko bitaminetan, eta barnean onddoak dituztenak ere bai.

Mantenugai horiek gorputzeko hainbat funtziori eragiten diete: larruazala zaintzen dute, ikusmena, immunitate sistema, nerbio sistema… Lagungarriak dira, halaber, energia sortzeko sistemak ongi funtziona dezan, globulu gorriak sortzekoak eta, jakina, hezurrak eta hortz-haginak osasuntsu egon daitezen.

Gaztetan ia ez da izaten batere karbohidratorik (esnearekin ez da hori gertatzen); mantenugai horiek, besteren artean, lagundu egiten dute garuneko funtzioari eusten. Hutsune hori oso erraz orekatu daiteke; aski da egunaren buruan fruta freskoa jatea, barazkiak, lekaleak edo, batez ere, elikagai irinkarak, esaterako arroza, ogia edo pasta (hobe osokoak badira). Mokadu osatu bat prestatu nahi izanez gero, aukera ona da osoko ogi xerra bat hartu, oliba olio sorta bat bota, tomate edo piper erre xerra batzuk jarri eta gazta fresko zati batzuekin jatea. Karbohidratoak, zuntza, gantz azido esentzialak, bitaminak eta mineralak, guztia batean.

Ezaugarri nutrizionalak

Zer leku hartu behar du dietan

Elikadura arloko gidek beti gomendatzen dute gazta; elikagai horrek, izan ere, kaltzioa ez ezik, beste hainbat mantenugai ere ematen ditu. Edonola ere, semaforo nutrizionalean ikus daitekeen bezala, gazta batzuek ugari ematen dituzte gantz saturatuak eta gatza, eta hori ere kontuan hartzen da herritarrentzako gomendioak egiten direnean. Espainian gaur egun eredutzat hartzen diren giden arabera (lankidetzan argitaratu dituzte Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteak eta Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkarteak), gazta freskoek eta gaingabetuek gantz saturatu gutxiago izaten dute, eta hori kontuan hartzekoa da gure menuak planifikatzeko garaian. Adineko pertsonentzat, esaterako, gantz gutxi duten gaztak hautatzeko gomendatzen dute gida horiek, energia gutxiago behar izaten dute eta.

Gida horiek esaten dutenez, egunean 2-4 errazio esneki hartu behar lirateke, eta horietako bat izan daiteke, adibidez, gazta fresko zati bat (80-150 g) edo 2-3 xerra gazta ondu edo erdiondu (40-60 g). Zifra horiek eta Espainian egiaz jaten dena alderatzen baditugu (egunean 26 gramo pertsona bakoitzeko), ohartuko gara egoera ez dela kezkatzeko modukoa. Areago gehien jaten den gazta freskoa dela jakinda, gazta mota horrek askoz gantz saturatu gutxiago izaten baititu gazta onduek eta erdionduek baino (Mantxakoa). Nolanahi ere, gazta guztiak ez dira berdinak. Semaforoan ageri den bezala, onduek, erdionduek eta gazta guriak ere dezente ematen dituzte gatza eta gantz saturatuak. Gazta freskoek gutxiago izaten dituzte bi horiek, baina ohiko kontsumo errazioa handiagoa izaten denez (100 gramo ingurukoa, beste gazta batzuena halako bi), semaforoan ez da ageri alde nabarmenik. Alderantziz gertatzen da “haurrentzako” gaztekin edo gazta txikiekin eta gazta urtu edo birrinduarekin: kontsumo errazioa txikiagoa izaten da (19-23 gramo), eta, hortaz, mantenugai horiek ere kopuru txikiagoetan kontsumitzen dira guztira. Gazta batzuk asko samar janez gero, ugari hartuko ditugu gantz saturatuak eta gatza. Ez dugu ahaztu behar, hortaz, neurrian jateko elikagaia dela.

Ildo horretan, jakin behar da gaur egun merkatuan badirela gantz eta gatz gutxi ematen duten gaztak ere. Dena dela, gantz saturatu eta gatz askoko gaztak aukeratzen baditugu, errazioa murriztea izango da irtenbidea, gure dietan leku txikiagoa har dezaten. Aukera on bat izan daiteke beste elikagai osasungarri batzuekin batera jatea gazta, adibidez ogitartekoan (osoko irinarekin eta gatzik gabe egindako ogiarekin), entsalada begetal batean edo fruitu lehor naturalekin lagunduta. Irudimenari eta zapore berriak dastatzeko gogoari atea zabalduz gero, nutrizio balio aipagarria duten gosariak eta askariak prestatuko ditugu.

Semaforo nutrizionala

Zenbait gazta mota sartu ditugu semaforoan, sail jakinetan taldekatuta. Ez daude guztiak, Espainian erruz daudelako, baina ongi samar erakusten du zer-nolako osaera duten gehien jaten diren gaztek. Kontuan hartu behar da semaforo nutrizionalean ageri diren mantenugaiak ez daudela multzokatuta pisu finko bat aintzat hartuta (adibidez, 100 gramo bakoitzeko), ohiko kontsumo errazioaren arabera baizik. Horregatik, gerta liteke kaloria gutxiago duten gaztek ematen duten energia (freskoak adibidez, zeinaren errazioa 100 gramokoa baita) eta kaloria gehiago duten beste batzuek ematen dutena, gazta onduek esaterako, antzekoa izatea, azken horren errazioa 50 gramokoa delako.

Ikus daitekeen bezala, gazta mota bakar batek ere ez du ematen azukre kopuru aipagarririk. Ia guztiek daukate gatz dezente, salbu eta gazta “osasungarriek”, gazta birrinduak eta haurrentzako gazta batzuek edo gazta txiki batzuek (azken horiek, kontsumo errazioa txikiagoa delako). Merezi du kontuan hartzea ez dela gauza bera “gatz gutxiko” gazta bat eta “gatzik gabeko” gazta bat.

  • Gazta batek sodio edo gatz gutxi edukiko du baldin eta ez badu ematen 0,12 g sodio baino gehiago (0,3 g gatz) 100 gramo bakoitzeko.
  • Sodio kopurua 0,04 gramotik beherakoa denean (edo 0,1 gramo gatz baino gutxiago duenean), “oso sodio/gatz gutxi” duela esatenda.
  • “Sodiorik gabea” edo “Gatzik gabea” dela esaten denean, horrek esan nahi du ez duela 0,005 gramo sodio baino gehiago edo 0,01 gramo gatz baino gehiago.
  • Taula horretan ez ditugu sartu “laktosarik gabeko” gaztak, baina nutrizioaren ikuspegitik gainerakoen antzeko osaera dute, laktosa kenduta, jakina. Garrantzitsua da oroitaraztea produktu horiek pertsona jakin batzuentzat baino ez direla egokiak, laktosarekiko intolerantzia modu fidagarrian diagnostikatu dietenentzat hain justu.

Zein erosi?

Erosketa egiteko gomendioak

Haurrei askaritan jartzeko

Haurrek asko maite dute gazta, baina ez gazta mota guztiak; urdina, esaterako, ez dute oso atsegin. Gauza jakina da haur gizentasunaren tasak kezkagarriak direla Espainiako Estatuan, eta, hortaz, ez dela komeni haurrek ugari jan ditzaten gantz saturatu asko duten gaztak. Horregatik, noizbehinka jateko utzi behar dira gazta guriak, erdionduak, onduak eta zaharrak (eta edozein gazta gantzatsu edo erdigantzatsu). Edonola ere, kontsumo errazioa txikia bada (25 gramo) eta elikagai osasungarriekin laguntzen bada (osoko ogiarekin, esaterako), ez da izango inolako arazorik. Maiz jateko bada, onena da gazta freskoa hautatzea (30-40 gramo) edo gantz gutxiko gaztak bestela (ahal dela, 0% erakoak).

Helduek askaritan jateko

Haurrei bezala, helduoi ere komeni zaigu luzera begira gure osasuna zaintzea, eta, beraz, ez da batere ona egunero gazta asko jatea. Hein batean, gazta asko janez gero bazterrera utziko ditugulako landare jatorriko beste elikagai batzuk, zeinak oso lagungarriak diren gaixotasun kroniko batzuei aurre hartzeko. Maiz samar jateko, gazta freskoak dira onenak (50 gramo inguruko errazioetan) eta gantz eta gatz gutxikoak ere bai. Askaritan, osoko ogiarekin lagundu behar litzateke gazta, frutarekin edo fruitu lehor ez gazituekin.

Plater gainerreak prestatzeko

Mozzarella erdiondua ezinbestekoa da plater gainerreak prestatzeko (pizzak egiteko, adibidez, eta labean sartu eta gazta urtuzko geruza bat izango duten pasta platerak egiteko). Parmako gazta ere erabiltzen da -batez ere birrindua- plater gainerreak prestatzeko. Erretilua labean sartzen dugunean, 10 zentimetroko tartea utziko dugu grillaren eta bien artean. Horrela, gazta ez da gehiegi gorrituko edo erreko. Camembert eta brie gazta ere asko erabiltzen dira gainerretzeko, batez ere txerri azpizuna, patata egosiak eta azalore egosia prestatzen denean. Aski da grillaren beroalditxo bat ematea gainerrea ezin hobea atera dadin.

Diabetesa dutenentzat

1 motako diabetesa duten pertsonek zailtasunak izaten dituzte elikagaien karbohidratoak ongi metabolizatzeko eta, horregatik, intsulina behar izaten dute. 2 motako diabetesa dutenek ere izaten dute zailtasun hori, baina ez da izaten hain nabarmena. Edonola ere, gaztek ez dute karbohidrato askorik ematen. Egia da, hala ere, 1 eta 2 motako diabetesak izanez gero, epe luzera arrisku handiagoa izaten dela bihotz-hodietako gaitzak agertzeko. Horregatik, maiz jateko, gatz eta gantz saturatu gutxi dituzten elikagaiak hautatu behar dira. Gida honetan aztertu ditugun gazten artean, honako hauek dira egokienak diabetikoentzat: gazta freskoak (50 gramotik beherako errazioetan) eta gantz eta gatz gutxikoak. Errazio txikia jaten bada, edozein gazta da bateragarria dieta osasungarriarekin.

Gozogintzan erabiltzeko

Mascarpone gazta da onentsuena gozogintzako errezetak prestatzeko, baita zabaltzekoak diren gaztak ere. Testura krematsua izaten dute, zapore leuna eta gantz ugari, eta, horrexegatik, aukera ugari eskaintzen dituzte pastel krematsuak egiteko, mousseak, betegarriak eta tarta hotz eta beroak. Burgosko gazta freskoa eta feta gazta oso egokiak dira eztiarekin eta marmeladekin laguntzeko, baita kremak, mousseak eta flanak egiteko ere.

Pastak laguntzeko

Gazta gogorrak edo erdigogorrak eta gantz ugari dutenak dira egokienak birrindu eta pasta platerak laguntzeko, gainerretzen ibili beharrik gabe. Hauek dira gaztarik erabilienak: Parmakoa, ardi gazta ondua (Idiazabal edo Erronkari), Mantxako gazta ondua eta Mahon gazta zaharra. Beti da hobea erabiltzeko unean bertan birrintzea gazta, lurrinik eta ñabardurarik galdu ez dezan.

Postre gisa hartzeko

Ia guztiak har daitezke postrean, ontze denbora gorabehera. Gazta ondua oso esker onekoa da kontrasteekin, adibidez fruitu lehor batzuek eta gozo batek lagunduta (marmelada, eztia edo jelea). Intxaur ogiari edo mahaspasa ogiari xerra batzuk moztu eta aski goxoa gelditzen da gazta xerra fin batzuk gainean jarrita. Beste aukera bat: fruta konpota bat cabrales gaztaren koilarakadatxo batzuekin konbinatzea edo roquefort gaztarekin. Gazta mota hori bizia gertatzen bazaigu, esne gain hotzarekin arindu dezakegu: koilarakadatxo batzuk bota eta ongi eragin, testura krematsua eta zapore leunagoa eman arte. Konbinazio bikaina da, bestalde, fruta entsalada edo mazedonia bat eta Mantxako gazta xerratxo batzuk elkartzea, eta oliba olio haritxo batekin ontzea.

Entsaladak egiteko

Oso egokiak dira gazta fresko eta zuriak, testura gurikoak (mozzarella freskoa, Burgosko gazta edo feta gazta), zapore leuna eta trinkotasun delikatua baitute. Gazta erdionduak ere erabil ditzakegu, laukitxoetan moztuta, entsaladari min ukitua emateko. Hori oso ongi dator frutekin konbinatzeko, adibidez laranja eta mertxika zatitxoekin. Edam gazta aparta da entsaladetan erabiltzeko, zati txikiak eginda eta fruitu lehor txigortu batzuekin lagunduta; gazta hori zapore leunekoa da, eta fruitu lehorrek ederki orekatzen dute haren zaporea.

Nola aurreztu?

Prezioak eta aurrezteko moduak

Gaztatik gaztara, asko aldatzen dira gauzak. Ez dute prezio bera, ez dira erabiltzen errezeta berberak egiteko eta ezta kopuru beretan ere. Batzuk gainerretzeko erabiltzen dira, besteak errezeta bat osatzeko. Batzuetan eurak izaten dira protagonistak, adibidez gazta taula bat prestatu eta banan-banan dastatu nahi ditugunean, gourmetak bagina bezala; beste batzuetan ogiarekin banatzen du protagonismoa, ogi tartean doanean esaterako.

Aurkezpen moduak baldintzatu egiten du prezioa. Gazta freskoetan, adibidez, bi tarrina handiko pack bat merkeagoa ateratzen da lau txikikoa baino, nahiz eta produktu kopuru bera izan bietan. Era berean, zenbait plateretarako prestatuta datozen gaztak (laukitxoetan datozenak entsaladetarako edo belar finekin onduta heldu direnak) garestiagoak dira prestatu gabe daudenak baino, nahiz eta gazta berbera izan. Gazta onduekin eta erdionduekin ere gertatzen da hori: gazta taula batean zerbitzatzeko prest datozenak, xerra eginda adibidez, garestiagoak dira. Gazta zati bat erosi eta guk zatitzen badugu etxean, merkeago ateratzen da. Ontze denborak ere badu eragina prezioan. Ildo horretan, urdaiazpikoari eta ardoari gertatzen zaienaren antzekoa gertatzen zaio gaztari ere: zenbat eta denbora gehiago behar izan egiteko eta ontzeko, orduan eta garestiagoa izango da.

Hona hemen zenbait gomendio eta jarraibide gaztak hautatzeko eta erosteko orduan kontuan hartzeko:

Gazta freskoa

Gazta freskoen artean, mozarella da guztietan garestiena. Kiloak, batez beste, 13 euro balio du. Markarik merkeena Bavarella da (8 euro kiloak). Burgosko gazta freskoa dezente merkeagoa -eta osasungarriagoa- da. Honako hauek dira aukerarik merkeenak: Eroski Sannia saileko gazta freskoa, %0 erakoa (3,78 euro kiloak), Eroski Basic saileko Burgosko gazta (3,50 euro kiloak) eta Quark behi-gazta freskoa, Danone etxekoa (6,20 euro kiloak).

Gazta erdiondua

Gazta erdionduaren kiloa 12 euro inguruan dabil. Ahuntzarena garestixeagoa da, baita xerratua datorrena eta Jatorri Izena duena ere. Aukerarik merkeenen artean honako hauek ageri dira gazta erdionduetan: Eroski Maestro (9,50 euro kiloa), El Pastor gazta erdiondua (10 euro kiloa) eta Gran Cardenal (10,45 euro kiloa).

Gazta ondua eta zaharra

Kiloak, batez beste, 16 euro balio du. Modurik onenekoak hauek dira: Eroski Basic gazta ondu nahasia (8,50 euro kiloak), El Pastor ondu nahasia (11,20 euro kiloak), Eroski Maestro ardi gazta (11,70 euro kiloak), M. del Castillo ardi esne gordinarekin egina (12,80 euro, moztuta) eta Señorío Montelarreina ardi gazta, erreserba handia (13,73 euro kiloak). Beste muturrean, Idiazabal Jatorri Izeneko gazta ageri da. Kiloak, batez beste, 20 euro balio du.

Gazta urdinak

Bi aukera hauek ageri dute preziorik onena: Eroski gazta urdina, tarrinan datorrena (9 euro kiloak) eta Mughetto etxeko gorgonzola gazta, mascarponeduna. Garestienetakoa President etxeko roquefort gazta da, nahiz eta formatu batzuk merkeagoak ateratzen diren. Lau tarrinatakoa 27,90 euro ateratzen da kiloa, eta tarrina bakarrekoa (gazta kantitate bera du) 5 euro merkeagoa da. La Asturiana etxeko cabrales gaztaren kiloak, moztuta, 17 euro balio du.

Gazta leuna

Batez beste, 11 euro balio du gazta leunaren kiloak (ez dago alde handirik batzuen eta besteen artean). Honako hauek dira aukerarik merkeenak: Tetilla Ruta Xacobea Jatorri Izeneko gazta (9,70 euro kiloak), Eroski Maestro gazta leun nahasia (8,15 euro kiloak) eta Ventero gazta leuna (10,90 euro kiloak).

Albergue casa marques

Gazta birrinduak

Zorroetan saltzen dira eta markaren eta birrintzeko erabili den gazta motaren araberakoa izaten da prezioa. Garestienen artean Galbani eta Parmareggio etxeak ageri dira; bi horiek Parmako gazta merkaturatzen dute, 30 hamar hilabetez ondu dena (kiloak 33 euro balio du). Beste muturrean, Eroski Basic saileko emmental gazta dago (kiloak 5,75 euro) edo Hochland etxeko gazta hautsa (kiloak 8,90 euro). Parmakoa, oro har, garestiagoa izaten da beste gazta mota batzuk baino, emmentala eta mozarella baino adibidez, nahiz eta Parmakoa ere aurki daitekeen modu onean (Eroski SeleQtia saileko Grana Padano gaztaren kiloak 15 euro balio du).

Haurrentzako gaztak

Haurrentzat merkaturatzen diren gaztak askotarikoak dira, bai prezioari dagokionez eta bai motari dagokionez ere. Gazta freskoa izan daiteke, gazta urdina (light), Parmakoa edo gazta urtua. Parmakoa da, berriz ere, garestiena (Parmareggio, 19 euro kiloak), eta gazta urtua merkeena (Eroski Basic, 3,50 euro kiloak; La vaca que ríe light, 7,10 euro kiloak). Badira beste aukera merke batzuk ere: Gailla (5,50 euro kiloak) eta Eroski Sannia light (4,80 euro kiloak).