Frutak, barazkiak eta arraina, haurrentzat hirukote bikaina

Haurrek elikadura-ohitura osasungarriak ikas ditzaten, helduek hartu behar dute erakusteko ardura: etxean gurasoek eta eskolako jantokian, hezitzaile eta profesionalek
1 martxoa de 2010
Img alimentacion 2 listado 137

Frutak, barazkiak eta arraina, haurrentzat hirukote bikaina

“Ama asko ahalegindu zen denetik jan nezan, eta behin eta berriz azpimarratzen zidan oso garrantzitsua zela ongi jatea. Beti eskertuko diot hori egin izana”. Esker oneko seme-alaben hitzak dira horiek, eta txanponaren alde bat erakusten dute, alde ona. Baina txanponak badu beste alde bat ere… Hainbat jendek platerean uzten du jatekoaren erdia, eta inork zerbait galdetuz gero, nola edo hala zuritzen dute bere burua: “Barazkiekin sekula ez naiz ongi moldatu eta…”, edo “nik haragia bai, baina arraina…”.

Elikadura-ohituren gaia garrantzitsua da oso, eta osasunari lotu-lotua dagoela nabarmentzen dute espezialistek, batik bat gizentasun-arazoei eta bihotz-hodietako eritasunei. Ohitura horiek, jakina, txiki-txikitatik ikasten dira, etxetik bertatik hasita. Haurren jokabidea askotarikoa izan daiteke mahaian, denek ez dute berdin jokatzen, baina zertara ohitzen diren, hartara joko dute beti. Haragia eta patata frijituak nahi adina jan eta barazkiak ukitu ere ez badituzte egiten, edo tomatez eta gaztaz egindako pasta begiekin jaten badute baina dilistak ikusi ere egin nahi ez badituzte, edo arraina erdi muzinka jaten badute (espinakarik ez badu eta zapore leuna), edo esnekiak, gozoak, opilak, frijituak ahoa zabalik hartzen badituzte baina fruta ikusi orduko ezpain bihurrika hasten badira…

Zenbaitek esan lezake topikoak baino ez direla horiek, baina elikadura-adituek, jantokietako hezitzaile eta profesionalek eta guraso askok badakite haurrek gaizki jaten dutela. Arrazoi eta azalpen bat baino gehiago izango dira hori hala gerta dadin, baina osasunari kalte handia egiten dio. Espainian, 6 eta 12 urte bitarteko sei haurretatik bat gizena dago, eta 24 urtez azpiko lautatik batek komeni baino pisu gehiago du. Europako herrialdeen artean, Espainiak du tasarik handienetakoa haur-gizentasunean. Zergatia? Gantz ugari duten elikagai asko jaten dituztelako eta gozoak ere bai, eta, aldiz, fruta, arraina eta barazkiak ez dituztelako maite beste horiek adina. Gaur egungo haurrak, gainera, egonzaleagoak dira aurreko belaunaldietakoak baino (Internetek badu zerikusia horretan, gizarte-sareetan parte hartzeko joera gero eta hedatuagoak, besteak beste, eta bideo-jokoek ere bai), eta ariketa fisikoa ere gutxi egiten dute. Osagai horiek guztiak elkartuta, nekez eduki lezake inork osasun ona, eta haurrek eta gazteek ere ez.

Irtenbidea

Otordua une atsegina izaten da haurrentzat, baldin eta eurei gustatzen zaien zerbait prestatu badiete. Baina zer egin daiteke ongi jaten ikas dezaten eta hain gustuko ez duten hori janez ere goza dezaten, edo batere maite ez dutena gogo onez jan dezaten? Saria ematea ez da metodo batere ona. Zerbait jatearen truke saria eskaintzea, postre berezia edo litxarreriak, adibidez, ez da aukera egokia. Surrey-ko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Galesko Unibertsitatean haur-elikaduraren arloan ari diren adituek ikerketa batean nabarmendu dutenez, elikagai jakin batzuekin saritzeko sistema horrek areagotu egin dezake haurrek postreentzat eta gozoentzat daukaten zaletasuna; bi jaki elkarri lotuta eskaintzen zaizkienean, sari moduan datorren hori onesten dute gehien, eta ez sarirako bidea eman diena. Beste zenbait espezialistak, berriz, ontzat jotzen dute batzuetan sariak erabiltzea elikadura-ohiturak hobetzeko eta moldatzeko, baina horien esanetan ere, ez lirateke eman behar jakiak sari moduan; jan nahi ez duten hori jaten dutenean, egokiago jotzen dute haurrei hitzezko sariak ematea (“oso pozik gaude zurekin”, “asko ikasten ari zara”), edo jostailu txikiak (itsasgarriak, koloreetako arkatzak…).

Etxean eta eskolan behin eta berriz azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela elikadura-ohitura osasungarriak hartzea, eta horrekin batera, menu orekatuak eta egoki aurkeztuak eskaini behar zaizkie egunero. Horixe da modurik onena haurrek denetik jaten ikas dezaten, eta gogo onez egin dezaten.

Etxeak behar du eredu

Gurasoek zer jaten duten, haurrek ere horixe jaten ikasten dute, haiei begira. Haurrak gaizki jaten badu, etxean elikadura-ohitura desegokiak ikasi dituelako izango da neurri handian, eta otorduei ez zaielako eman berez duten garrantzia. Horrexegatik, funtsezkoa da gurasoek, aitona-amonek eta hezitzaileek azter dezatela zenbaterainoko erantzukizuna duten haurrak elikadura-ohitura desegokiak eduki ditzan; euren eguneroko jokabideek eta egunero haurrari irakasteko erabili duten diziplinak, denborak eta moduak zenbateraino izan diren egokiak. Elikadura-ohiturak ikasi egiten dira, eta gurasoen lana da etxean erakustea eta hezitzaile eta profesionalena eskolako jantokian egitea. Otorduek, dena den, une atseginak izan behar dute, eta hori ez da ahaztu behar. Eta, bide batez, helduek ere hobekixeago jaten ikasten badute, harri batekin bi kolpe!

Frutak, barazkiak, arraina eta lekaleak

Haurrak, oro har, ez dira izaten oso frutazaleak. Platanoa gustatzen zaie, erraz zuritzen delako eta gozoa izaten delako zaporez. Baina dieta osasungarri eta askotarikoa egiten ikasteko, beste fruta batzuk probatzea ere komeni izaten da, fruta guztiek ez dituzte-eta izaten bitamina eta mineral berak. Platanoak, esaterako, potasio ugari du, baina ia ez dauka C bitaminarik. Haurrek fruta janez hasi behar dute eguna: zuku bat gosaritan, edo platano xerrak, marrubiak… EROSKI CONSUMER-ek badu gida bat haurrek fruta jaten ikas dezaten (“Nola hartu aurrea haur-gizentasunari”), eta hainbat aholku ageri dira haurrek frutak eta barazkiak jan ditzaten. Honako helbide honetan aurki liteke: http://obesidadinfantil.consumer.es/web/es/frutas_verduras/2.php

  • Beti eskura. Azal gogorra duten frutak (platanoa, laranja, mandarina) edo luze irauten dutenak (sagarra) noranahi eraman daitezke bizkar-zorroan sartuta, autoan…
  • Agerian. Etxean, fruta aleak modu erakargarrian jartzea komeni da, koloreekin eta formekin jolas eginez, ontzi batean sukaldeko mahai gainean, jangelako mahaian, edo hozkailuan ongi ikusteko moduan. Haurrek ikusten badituzte eta, batez ere, ohartzen badira gurasoek maiz jaten dutela fruta, haiek ere hasiko dira, segur aski.
  • Beste platerekin. Bota frutak eta barazkiak beste jakiei, zati txikietan edo pure eginda: solomoa sagar purearekin, oilaskoa ananarekin, ezpata arraina laranja erara, espinaka eta ganba flana, espagetiak txanpinoiekin.

Barazkiak

Egunean bi errazio barazki jatea komeni da, baina haur gehienek ez dute hala egiten, eta are lan gehiago izaten dute egunero entsalada jateko.

  • Barazkiak, urte guztian. Barazkiak bere sasoitik kanpo lortu ezin direnean, barazki izoztuak edo kontserbakoak erabil daitezke. Egunero jan behar dira.
  • Lodigarri gisa. Barazki purea erabil daiteke zopak loditzeko eta zaporea emateko.
  • Postrerako. Postre gozoak egin daitezke barazkiekin (azenario tarta, kalabaza mokadutxo gozoak) eta frutekin ere bai (bizkotxo frutaz betea, sagar tarta, jogurta kiwi zatiekin, marrubiekin…).
  • Errezeta erakargarriak. Platerak modu zaindu eta originalean aurkeztea modu ona da haurrak erakartzeko. Barazki sandwichak biribilean moztuta; kremak plater edo katilu deigarrietan aurkeztuta; barazki flan edo budinak; brotxetan jarriak, arrain edo haragi zatiekin tartekatuta; etxean egindako pizzak, barazkiekin; barazki lasagnak eta kaneloiak; barazki tortillak (perretxikoekin, txanpinoiekin, kuiatxoarekin, piperrekin, baratxuri berriekin, espinakekin).

Arraina

Behin urtebete eginda, arrain xehatua edo arrain zatiak jaten has daitezke haurrak (adinaren araberako kopuruetan, betiere).

  • Hezurrik gabe. Garbituta datozen arrainak aukeratzea komeni da, izoztuak, adibidez (legatza, halibuta, mihi arraina, ezpata arraina, zapo isatsak), edo arrandegian eska daiteke xerratan moztuta jartzeko, hezurrik gabe. Dena dela, saiatu behar da hezurrak dituzten arrainak jan ditzaten, ohitzeko, eta jolas moduan har dezatela hezurrak bereizteko ekintza; arrain hezurdunak jateari uko egiten badiote hasiera-hasieratik, espezie merke, osasungarri eta aski onak baztertu beharko ditugu.
  • Errezeta erakargarriak. Zenbait haur aspertu egiten dira arrainarekin, beti arrain bera jartzen dietelako edo modu bakarrean prestatua. Zerrenda bat egin dezakegu errezeta erakargarri eta gustagarriekin: enpanadillak, kroketak, kruxpetak, albondigak, pizzak, arrain flanak, lasagna edo kaneloiak, tortillak, askotariko saltsekin, patatekin, barazkiekin, frijituta, plantxan, arrain betea… eta ogitartekoan ere bai (atuna, sardinak, antxoak, izokin ketua…). Helbide honetan aurki litezke arrainarekin egiteko ehunka errezeta osasungarri: www.consumer.es.
  • Freskoa, izoztua edo kontserbakoa? Arrain freskoaren elikadura-ezaugarri guztiak izaten ditu izoztuak, ez ditu galtzen, eta oso erabilgarria gertatzen da, hozkailutik ateratzea besterik ez baita behar. Eta kontserbak oso lagungarriak dira haurrak arrainaren zaporera ohitzen joan daitezen (atuna, sardinak, antxoak…).

Lekaleak

Haurrak hazteko garaian daudenean, berebiziko garrantzia hartzen dute lekaleek, eta ohiko eltzekariak prestatu beharra dago haientzat ere (dilistak, garbantzuak edo babarrunak), maiz-maiz, dena ezin baita izan pasta eta arroza. Errezeta berriagoak ere egin ditzakegu lekaleekin.

  • Plater konbinatuak. Lekaleek, laboreek eta fruitu lehorrek aski elikagai ematen dute eurek bakarrik, haurren menua orekatua izan dadin. Hiru horiek konbinatzea aukera bat da, eta zenbait plateretan hala egin izan da, nahiz eta egun ahaztuxeak dauden: dilistak arrozarekin, garbantzuak pinaziekin edo ogi birrinarekin, edo zopa eta garbantzuen eltzekaria.
  • Hotzak edo beroak. Neguan, dilista plater baten lurrinak eta lurrunak gosea ematen du sumatu hutsarekin. Udan, entsaladan erabil daitezke garbantzu, dilista edo leka hotzak, eta gustagarriak gertatuko zaizkie haurrei bezala helduei; beti beroak jan dituenarentzat, berezia izan daiteke hotzak jatea.