Egia edo gezurra: Alkoholarekin topa, urtean behingoa ere kaltegarri

HEMEN DIRA EGUBERRI FESTAK, ETA BADAKIGU ZER EKARTZEN DUTEN: JANA ETA, BATEZ ERE, EDANA. GARAGARDO BATZUK LAGUNEKIN, ARDOA AFARITAN, KUBATAK BAZKALOSTEAN, DIGESTIBOAK POSTREAREN ONDOTIK ETA CAVA, GEURE BURUEN ALDE TOPA EGITEKO. GEHIEGIKERIAK ZURITZEN HASTEKO JOERA ERE IZATEN DA, “URTEAN BEHINGOA BAINO EZ DA” ESANEZ, BAINA KOMENI DA JAKITEA ALKOHOLARENTZAT EZ DAGOELA KOPURU ONARGARRIRIK, BETI BAITA KALTEGARRIA OSASUNERAKO; USTE BATZUK GIZARTEAN ERROTUTA EGON ARREN, ADIBIDEZ ONURA BATZUK ERE BADITUELA, EZ DIRA AINTZAT HARTU BEHAR.
1 abendua de 2019
GettyImages 856984604

Alkoholarekin topa: urtean behingoa ere kaltegarri

Egunean kopa batek ez du kalterik egiten / Gezurra

Osasunari kalte egingo ez dion alkohol kopuru bakarra dago: zero. Alkoholik ez hartzea, alegia. Ondorio nagusi hori atera daiteke alkoholaren eraginen inguruan egin den ikerketa handienetik (Alcohol use and burden for 195 countries and territories, 1990-2016). 2008. urteaz geroztik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ez du ezartzen gutxieneko alkohol kopuru gomendagarririk.

Legeak zergatik esaten du gidatzeko onargarria dela odolean 0,5 mg alkohol edukitzea litro bakoitzeko (garagardo bat eta erdi izango litzateke gizonetan eta garagardo bat emakumeetan)? Gauza bat da horditasunaren muga ezartzea, hau da, jakitea zein mugatatik aurrera hasten den alkoholaren eragina pertsonari kalte egiten (legeak ezartzen duen mugatik bera ere agertzen dira gorabeherak gaitasunetan), eta beste bat da zehaztea zenbat alkohol behar den gure osasunari kalte egitek.

Azken ebidentzia zientifikoen arabera, gure gorputzean sartzen den alkohol gramo bakoitza kaltegarria izaten da, behin odolera iristen denean organo guztiak eta organismoaren sistema guztiak harrapatzen baititu. Ikerketa horretan azaltzen denez (The Lancet aldizkarian argitaratu da), alkoholaren ustezko eragin babes emailea baliogabetu egiten da, areagotu egiten duelako zenbait minbizi sortzeko arriskua.

Garagardoa edo ardoa edatea osasungarriagoa da rona edo gina edatea baino / Gezurra

Edari hartzituek (garagardoak eta ardoak) gradu gutxiago izaten dute ia beti destilatuek baino (rona, gina, whiskia, likoreak…). Alkohola xurgatzeko prozesua, gainera, mantsoagoa izaten da lehen saileko horiek hartzean. Baina osasuna kontuan hartuta, edari bakoitzak organismoari ematen dion alkohol kopurua da garrantzitsua, hau da, zenbat alkohol puru hartzen dugun.

Alkohola graduazioaren arabera neurtzen da edari bakoitzean, hau da, alkohol purutan daukan portzentajearen arabera (zenbateko kontzentrazioa duen 100 ml bakoitzeko). Ekuazio honen bidez kalkulatzen dira alkohol gradu horiek: zenbat alkohol hartu dugun (ml) x edariaren graduazioa x 0,8 (koefiziente horri dagokio alkoholaren pisuari) zati 100. Pertsona batek 100 ml edaten baditu 13 graduko ardo batetik, alkohol kopuru hau hartuko luke osotara:

100 ml x 13 x 0,8 / 100 = 10,4 g alkohol puru

Whiski edo brandy kopa batek (50 ml) 20 gramo izaten dute alkohol purua, ardo kopa batek halako bi. Baina ardo botila bat edaten badugu (750 ml), 75 gramo alkohol puru hartuko ditugu. Zenbat eta alkohol puru gehiago hartu, hainbat eta kalte handiagoa gure osasunari.

Emakumeek okerrago metabolizatzen dute alkohola / Egia

Emakumeen gorputza eta gizonena ez daude berdin osatuta. Gizonek ur gehiago izaten dute ehunetan, gihar gehiago eta gantz gutxiago. Osaera horrek baldintzatu egiten du alkoholak izango duen eragina (gehiago edo gutxiago mozkortzea), eta horretaz gain, erabakigarriak izaten dira gorputz pisua (zenbat eta kilo gehiago, orduan eta nekezago mozkortuko gara) eta urdaila beteta edukitzea ere.

Organismoak zenbat ur daukan, alkohola proportzio horretan diluituko da gorputzean. Emakumeen gorputzak ur gutxiago eta gantz gehiago duenez, alkohola kontzentratuagoa gelditzen da, eta, ondorioz, alkoholemia maila askoz handiagoa izango da gizonetan baino.

Beste desberdintasun bat ere badago: ez dute gaitasun bera entzima alkoholdeshidrogeneroa sortzeko (hori arduratzen da alkohola metabolizatzeaz). Emakumeek, oro har, kopuru txikiagoetan izaten dute entzima hori, eta gerta liteke, ondorioz, pisu bera edukita eta alkohol kopuru bera hartuta, lehenago mozkortzea.

Zenbat eta gozoago, okerrago

Edari destilatu azukretsuek (anisa, pontxea, zaporeetako likoreak edo digestiboak, denak ere gozoak) eta konbinatuek (freskagarriak daramatzatenek) areagotu egiten dute alkoholaren eragina: azukreak erraztu egiten du gure gorputzak alkohola xurga dezan.

Egunean baxoerdi bat hartzea ona da bihotzerako / Gezurra

Ikerketa batzuek urteetan nabarmendu izan dute ardo beltzaren osagai batzuek eragin onuragarria dutela, adibidez polifenolek eta resberatrolak, eta hortik sortu da mito hori. Lehenbiziko horiek ematen diote kolore eta egitura hori ardo beltzari; herdoilaren aurkako substantziak dira, eta babestu egiten gaituzte oxidazioaren aurrean, zeinak kalte egin diezaiekeen gure zelulei. Resberatrola hartzeak, berriz, itxuraz murriztu egin lezake hantura arriskua eta odola koagulatzekoa, eta horrek babestu egingo gintuzke gaixotasun kardiakoetatik. Beste ikerketa batzuek diotenez, berriz, ardoak jaitsi egin dezake tentsioa pertsona hipertentsoetan.

Hori guztia gezurtatu egin da literatura zientifiko berri eta zehatzagoa (eta independentea) argitaratu ahala; ebidentzia berriek diotenez, substantzia horien onurei etekina ateratzeko, pertsona batek ehunka ardo kopa edan behar lituzke egunean, eta horrek jakina, hondatu egingo lioke gibela eta zirrosi bat eragin. Herdoilaren aurkakoak hartu nahi izanez gero, oso erraza da irtenbidea: fruta eta berdura ugariko dieta egitea.

Garagardoa neurrian edateak nutrizio arloko propietate batzuk ematen ditu / Gezurra

Garagardo lata batek (330 ml) ura izaten du gehienbat (307 ml) eta 140 kcal ematen dizkigu: horien artetik, karbohidrato disolbatuek eta proteina gutxi batzuek ematen dituzte 46. Gainerako guztia alkohola metabolizatu ondoren lortzen da. Urteetan, gainera, ikerketa askok nabarmendu izaten dute garagar zukua onuragarria dela: azido folikoa ematen du, B bitamina, fluorra, silizioa eta polifenolak.

Espezialistek gomendatzen dutenez, garagardoarekin mantenugai horiek eskuratu nahi izanez gero, hobe da beste elikagai batzuetara jotzea: kakaoa, fruitu lehorrak, hosto berdeko berdurak, osoko elikagaiak, espeziak (iltzea, piperbeltz beltza), olibak, oliba olio birjina… Horiek guztiek askoz kopuru handiagoetan ematen dituzte bitaminak eta herdoilaren aurkakoak, gorputzari alkohol gramo bakarra erantsi gabe, gainera.

Edari zuriak ez du gizentzen / Gezurra

Guztiz bestela da: edari alkoholdun guztiek izaten dituzte kaloria asko, nahiz eta nutrizio ahalmen txikia izan (kaloria hutsak). Alkohol gramo bakoitzeko, gure gorputzak 7 kcal eskuratzen ditu, eta hori asko samar da; karbohidrato eta proteinetatik, adibidez, 4 kcal lortzen ditugu gramo bakoitzeko. Horrek esan nahi du, beraz, edari batek zenbat eta alkohol puru gehiago eduki (eta destilatuek izaten dute graduaziorik handiena), orduan eta kaloria gehiago emango dizkiogula organismoari.

Edari destilatua freskagarri batekin nahasten badugu, alkoholaren kaloriei erantsi egin beharko zaie produktu horien azukreak ematen dituenak. Ginak, adibidez, 40 gradu izaten ditu 100 ml bakoitzeko (markaren araberakoa izaten da) eta 32 gramo alkohol puru; kalkulua egiteko, alkohol gramo bakoitza biderkatu egin beharko da kilokaloria kopuruarekin (7). Guztira, 100 ml ginea hartzen direnean, 224 kcal inguru ematen zaizkio organismoari, eta horri erantsi behar litzaizkioke tonika bateek (100 ml) ematen dituen 30-35 kcl-ak. Iturriak: Ricardo Franco Vicario, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako presidentea, eta Pablo Garcia, kardiologoa. Alcohol use and burden for 195 countries and territories, 1990-2016, The Lancet aldizkarian argitaratua.

Trago arriskutsuak

Alkohol kontsumoak zerikusia du 60 gaixotasunekin baino gehiagorekin, eta horien artean badaude gibelekoak, metabolikoak, minbizi mota batzuk edo zenbait dementzia. Urtero, 50 lagunetatik 1 hiltzen da Espainian zuzenean alkoholak eraginda.

Iturria: Ricardo Franco Vicario, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako presidentea, eta Pablo Garcia, kardiologoa. Alcohol use and burden for 195 countries and territories, 1990- 2016, The Lancet aldizkarian argitaratua.