Erosketa gida: azukreak eta eztitzaileak

Azukreak eta eztitzaileak: gozotasuna mahai gainean

OMEren gomendioa da egunean ez hartzea 50 gramo azukre baino gehiago, baina Espainiako Estatuan 112, gramo hartzen ditu batez beste herritar bakoitzak
1 urria de 2015
Img alimentacion listado 1061

Azukreak eta eztitzaileak: gozotasuna mahai gainean

Mendeetan zehar, azukrea funtsezko osagaia izan da elikagai gustagarriak egiteko. Indian hasi zen kontua, hango herritarrek “gur” izeneko osagaia aurkitu zutenean, gero azukrea izango zena alegia. Kristo aurreko 500. urtean izan zen: kanabera egositik azukre gordina atera zuten, eta “gur” izena eman zioten (“gauza atsegina, gozoa eta likatsua” esan nahi du). Azukrearen erabilera gure garaiko 1000. urtetik aurrera hasi zen orokortzen Europan, baina familiek XVIII. mendean izan zuten aukera azukre beltza modu onean eskuratzeko, ordu arte ezinezkoa zen eta.

Azukre zuria Industria Iraultzaren ondotik iritsi zen gure mahaietara; iraultza horren ondorioz, kopuru handietan hasi ziren elikagaiak ekoizten, eta horietako askok azukre findu ugari izaten zuten. 1920ko hamarkadaren erdialdetik 1970. urteraino, nahiko egonkor iraun zuen kanabera azukrearen kontsumoak, Bigarren Mundu Gerran izan ezik, errazionamendua zela eta. Nutrizio arloko gabeziak oso zabalduak eta ia orokortuak egon diren garaietan, azukreak emandako energia erabakigarria izan da herritarrek beren kaloria beharrizanak ase zitzaten.

1970. urteaz geroztik, azukre zuriarekin batean, eztitzaileak ere agertu ziren (zapore gozoa ematen duten substantziak dira). Eztitzaile horiek ez dira lortzen kanaberatik, beste iturri batzuetatik baizik. Eztitzaile horien artean dago, besteren artean, arto ziropa. Hain zuzen artoarekin egindako eztitzaileak dira gaur egun kontsumitzen diren azukreen %50. Azukre zuria zer kopurutan hartzen den aztertuko bagenu, ez genuke igoera handirik ikusiko, baina beste iturri batzuetatik datorren azukreari ere begiratuko bagenio, ohartuko ginateke azken hamarkadetan gure kontsumoa %50 inguru handitu dela.

Azken datu hori oso lotua dago 1900. urtetik aurrera izan zen bizimodu aldaketarekin. Lehen, jendeak azukrea zuzenean kontsumitzen zuen etxean (zaporea emateko ez ezik, elikagaiak kontserbatzeko ere erabiltzen zen azukre hura). Ordutik aurrera, ordea, eta gaurdaino, hartzen dugun azukrerik gehiena elikadura industriak elikagai prozesatuei eransten diena da, labeko produktuei eta edariei adibidez. Horrela, 1925. urtean, esaterako, azukrearen heren bat baino ez zen elikagai prozesatuetatik zetorrena, eta gaur egun, aldiz, bi herenak gainditzen ditu. Horrek guztiak azaltzen du azukreak zergatik duen zeregin garrantzitsua ez bakarrik gure nutrizioan, baita herrialde askotako ekonomian eta politikan ere.

Zuria edo beltza?

Nutrizioaren ikuspuntutik, alde nabarmenak daude azukre zuriaren eta beltzaren artean, eta ematen dituzten mantenugaiak ere oso bestelakoak dira. Azukre zuria edo findua lortzeko, prozesu luzea behar izaten da azukre kanaberatik edo azukre erremolatxatik lortzen den produktua azukre bihurtzeko (bi horiek dira lehengai nagusiak): garbitu, araztu, lurrundu eta kristalizatu egin behar da. Azken pausoetako batean, “melaza” esaten zaion azpiproduktu bat lortzen da, eta azukre zuriarekin nahasita, azukre beltza ateratzen da. Melaza horrek ematen dio zapore eta kolore berezi hori azukre beltzari; badago, dena den, azukre beltza lortzeko beste modu bat, azukre finduarentzat erabiltzen den prozesuaren antzekoa eginez, nahiz eta ez den hain ohikoa.

Baina azukre zuriaz eta beltzaz gain, hainbat aurkezpen eta formatu aurki daitezke merkatuan: betiko azukre koskorrak edo zorrotxoak, azukre hautsa (glas delakoa), turbinatua, perla, candi delakoa, pikortsua… Horien arteko alderik handienak elaborazio moduan daude. Adibidez, azukrea hezetu eta prentsan sartzen bada, azukre koskorrak lortzen dira; kristalizagailuan ohi baino denbora gehiago uzten bada, candi azukrea lortzen da; eta azukrea asko ehotzen bada, azukre hautsa edo glas erakoa ateratzen da.

Azukre beltzak, berriz, izen bat baino gehiago hartzen ditu hezetasunaren, kolorearen edo tamainaren arabera: turbinatua, maskabatua, demerara, etab. Nolanahi ere, Miguel Angel Lurueña elikadura arloko teknologian aditua denak bere blogean dioen bezala, azukre mota horien arteko aldea oso txikia da nutrizioaren ikuspegitik.

Azukrearen izenak

Albergue reina lupa

Hartzen dugun azukrerik gehiena elikagai prozesatuetan egoten da. Baina ez da erraza izaten etiketatik azukreari antzematea, batzuetan ez baita agertzen “azukrea” hitza, nahiz eta osagai hori erantsia izan.

Kontua da hitz asko erabiltzen direla “azukrea” esateko, baina mundu guztiak ez daki hori. Are gehiago, badira zapore gozoa ematen duten beste substantzia batzuk ere, azukreak adina kaloria ematen dutenak eta eragin metaboliko berbera dutenak.

Ekoizleek azukrea duten honako izen hauek jartzen dituzte produktuen osagaiak zerrendatzeko orduan:

  • Dextrosa
  • Fruktosa
  • Fruktosa kristalinoa
  • Glukosa
  • Fruktosa ziropa
  • Arto ziropa
  • Maltosa
  • Agabe nektarra
  • Sakarosa
  • Malta ziropa
  • Azukre kanaberaren zuku lurrundua

Etiketetan, pisuaren araberako ordenan zerrendatu behar dira osagaiak. Horrek esan nahi du, elikagai baten osagaiak aztertzean, begiratu egin behar dugula azukrea zer lekutan ageri den (edo aipatu berri ditugun izen horiek). Zerrendaren goi samarrean ageri bada, oso litekeena da azukre asko duen elikagai bat izatea.

Eztitzaileen lekua

Kaloriarik gabeko eztitzaileak

Kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko eztitzaileen jatorria bat baino gehiago izan daiteke; eztitzaile horiek elikagaien kaloria kopurua murrizteko erabiltzen dira, txantxarrari aurrea hartzeko, diabetesa hobeki kontrolatzeko eta elikagaiak hobeki kontserbatzeko ere bai.

Hona hemen Europan erabiltzen diren eztitzaile nagusiak eta horien ezaugarriak, Nutrición Hospitalaria aldizkariaren arabera (kaloria gutxikoak edo kaloriarik gabeak dira guztiak):

  • K Azesulfamea (E950): kaloria balioa 0,0 kcal/g-koa du. Gozotasunari dagokionez, mahaiko azukrea baino 200 aldiz gozoagoa da. Egonkorra da beroarentzat, eta egokia sukalderako eta laberako. Edarietan erabiltzen dute, jakietan, mahaiko eztitzaileetan, hortzak zaintzeko produktuetan eta farmakoetan.
  • Aspartamoa (E951): kaloria balioa 4 kcal/g-koa du. Hori ere mahaiko azukrea baino 200 aldiz gozoagoa da. Hori bai, galdu egiten du gozotasuna tenperatura handietan jarrita; ondorioz, egosaldiaren bukaeran erantsi behar izaten da. Edarietan erabiltzen da, postreetan, esnekietan, txikleetan, pisua kontrolatzeko produktuetan eta mahaiko eztitzaileetan.
  • Ziklamatoa (E952): ez du kaloriarik. Mahaiko azukrea baino 30 aldiz gozoagoa da. Egonkorra da beroarentzat, eta egokia sukalderako eta laberako. Disolbagarritasun ona du. Mahaiko eztitzaile gisa erabiltzen da, baita edarietan, txikleetan, entsaladen ongailuak egiteko eta marmeladetan ere.
  • Sakarina (E954): ez du kaloriarik. Mahaiko azukrea baino 300 aldiz gozoagoa da. Egonkorra da beroarentzat eta egokia sukalderako eta laberako. Hori ere mahaiko eztitzaileetan erabiltzen dute, eta edarietan, postreetan eta gozogintzan.
  • Sukralosa (E955): ez du kaloriarik. Mahaiko azukrea baino 300 aldiz gozoagoa da. Oso egonkorra da tenperatura handietan. Disolbagarritasun ona du eta egokia da sukalderako eta laberako. Labeko produktuetan erabiltzen da, postreetan, izozkietan, esnekietan, gosariko zerealetan eta gozogintzan.
  • Estebiol glikosidoak edo Estebia (E960): ez du kaloriarik. Mahaiko azukrea baino 250-300 aldiz gozoagoa da. Egonkorra da beroarentzat, eta edarietan erabiltzen da, postreetan, jogurtetan, gozogintzan, pasteletan, bizkotxoetan, saltsetan, zerealetan…

Elikagaiek gisa horretako eztitzaileak izan ditzakete, bakoitzak dituen ezaugarrien arabera (guztiek ez baitute, adibidez, berdin erreakzionatzen beroarekin edo hotzarekin). Aipatzea komeni da estebia eztitzaile berri samarra dela merkatuan (2011), gainerako produktuekin alderatuta. Askotan “naturala” terminoa jartzen diote ondoan, amu gisa, eta hori nahasgarria izan daiteke, eztitzaile hori laborategietan lortzen baita, hitz horrek iradokitzen duenarekin zerikusi gutxi duten prozesuak erabiliz.

Zenbat eztitzaile behar da azukre koilarakada baten zaporea lortzeko? Baliokidetasunen gida azkarra

Kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko eztitzaileetatik Europan gehien erabiltzen direnen zerrenda egitean, “potentzia” esaten zaion kontzeptu bat aipatzen da. Horrekin adierazi nahi da eztitzaile horiek zer neurritan gainditzen duten azukrearen gozotasuna. Adibide gisa, aspartamoak eta azukreak kaloria kantitate bera ematen dute (4 kilokaloria gramoko), baina aspartamoa 200 aldiz gozoagoa denez, askoz ere gutxiago erabili beharko dugu azukreak ematen duen zaporea lortzeko.

Eztitzaileen potentziaren edo ahalmenaren arabera, ekoizleak kalkulatu egiten du zenbat eztitzaile erabili behar duen azukreak ematen duen zapore gozo hori berdintzeko. Baliokidetasunak kalkulatu, eta azukre koilarakadatxoa erabiltzen da neurri gisa: eztitzaile bakoitzak dosi jakina izango du azukre kantitate horren zaporea lortzeko.

Zenbaitetan, eztitzaileak zorrotxoetan etortzen dira, kantitate jakinarekin (gramo bat izaten dute). Eztitzaile likidoetan, berriz, etiketak beti esaten du zenbat tanta edo koilarakadatxo diren azukre koilarakadatxo baten baliokide. Adibide gisa, ziklamato eta salarinarekin egindako eztitzailetik 8 tanta erabili beharko ditugu azukre koilarakadatxo baten gozotasuna emateko. Hain kopuru txikia izaki, horrek esan nahi du produktu horren koilarakadatxo baten gozotasuna koilara handi bat azukrek ematen duena dela.

Agabe ziropa eta beste aukera batzuk azukrea ez erabiltzeko

Gida honetan aipatu ditugun eztitzaileez gain, badira beste aukera batzuk ere: eztia, agabe ziropa, koko azukrea, landare izerdiz egindako ziropa, astigar ziropa, algarrobo hautsa, melaza, panela… Eduki nutrizionalari dagokionez, melazak eta panelak bakarrik dute azukreak baino eduki nabarmen handiagoa, baina, hala ere, zer ematen duten eta guk zer behar dugun ikusita, argi dago ez direla produktu elikagarriak, saltzaileek hainbatetan agintzen duten bezala (horien ezaugarri “terapeutikoak” ere ez dira egiazkoak).

Baliteke eztitzaile horiek azukre finduak halako bi izatea zenbait mantenugai (adibidez, B2 bitamina), baina gizakion nutrizio beharren %15 asetzeko, kopuru izugarri handian hartu beharko genituzke, eta horrek desorekatu egingo luke dute dieta, kaloria gehiegi emango lizkiguke eta.

Neotamoarekin gozatu? Neotamoa (E961) kaloria gutxiko eztitzaile bat da, eta Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak (EFSA siglak ditu ingelesez) onartua dauka gizakiokin erabiltzeko. Ez du ematen kaloriarik, eta mahaiko azukrea baino 8.000 aldiz gozoagoa da. Beste eztitzaile batzuei buruz bezala, neotamoari buruz ere esaten da toxikoa edo pozoitsua dela, baina ez da egia inondik ere. EFSAren hitzetan, “ez dago kezkatzeko arrazoirik” ekoizleek proposatzen duten mailan erabilita.

Aspartamoaren ospe txarra: merezia ote du? Aldian behin agertu ohi dira komunikabideetan aspartamoak ustez dakartzan kalteen zerrenda luzeak (adibidez, kantzerigenoa dela esaten da), eta horrek segurtasun falta handia eragiten du herritarrengan, eta areagotu egiten du aspartamoaren ospe txarra. Europako Batzordeak ere egin ditu azterketak aspartamoaren segurtasunaren inguruan, eskura dauden datu toxikologiko guztiak zorrotz berrikusita, eta hark ematen duen bermea aski da zurrumurru horiei sinesgarritasunik ez emateko. Herritarrei mezu argia eman behar zaie eztitzaile onartuen inguruan (aspartamoa onartua dago): lasai erabil daitezke. Eztitzaile onartu guztiak osagai segurutzat jo daitezke gure dietan erabiltzeko.

Bitxitasun gisa, 2009. urteko otsailean Psychological Science aldizkarian argitaratu zen ikerlan interesgarri batek azaldu zuen, gehigarri bat ahoskatzea zenbat eta zailagoa izan, hainbat eta arriskutsuagoa iruditzen zaiela kontsumitzaileei. Hortaz, errazago ahoskatu daitezkeen gehigarriak ez direla hain kaltegarria iruditzen zaie erabiltzaileei.

Zer leku hartu behar dute gure dietan?

Zer leku hartu behar dute dietan

Azukrearentzat eta eztitzailearentzat ez dago kontsumo “gomendaturik”, berez ez dugulako horien beharrik. Zenbaitetan esaten da garunak, gure giharrek eta beste organo batzuek azukrea behar dutela, baina organo horiek behar duten azukrea (glukosa) inolako arazorik gabe sintetizatu dezakegu elikagai osasungarrietatik. Baina ez daiteke esan azukrea pozoia denik ere, ezta kaloria gutxiko eztitzaileak “toxikoak” direnik ere.

Badira gomendioak, ordea, “azukre libreak” mugatzeko. “Azukre libreak” esaten denean, ekoizleak, sukaldariak edo kontsumitzaileak jakiei edo edariei eransten dizkienak nabarmendu nahi dira; horrekin batean, eztiak, ziropek eta fruta zukuek berez dauzkatenak ere azukre libreak dira. Frutek eta barazkiek berez dituzten azukreak, aldiz, ez dira hor sartzen.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio hau eman zuen 2003. urtean: azukreen bidez hartzen diren kaloriak ez daitezela izan egunaren buruan hartzen diren guztien %10 baino gehiago (azukre gramo batek 4 kilokaloria ematen ditu). “Dieta, nutrizioa eta gaixotasun kronikoen prebentzioa” txostenean egin zuen. Kantitate horiek gramoetara ekartzen baditugu, portzentaje horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, egunean 50 gramo azukre hartzea komeni dela gehienez, hau da, zazpi zorrotxo (7 gramo inguru pisatzen dute). Espainiako Estatuan, dena den, egunean batez beste 111,2 gramo hartzen ditu jendeak, ENRICA azterketaren arabera.

OMEk azukrearen inguruan egin duen azken txostenean (2015) berretsi egin du %10eko portzentaje hori, baina azpimarratu du egokiena litzatekeela azukrearen bidez ez gainditzea egunaren buruan hartzen ditugun kalorien %5a. Kalorien %5 baino gutxiago hartuta ere azukreen bidez, ez da arazo nabarmenik agertzen osasunarentzat. Espainiako Estatuan, ordea, energiaren %16 eta %36 artean hartzen da azukreen bidez (%18aren inguruan dabil batez bestekoa), halaxe ageri da gizentasunari aurrea hartzeko eta hura tratatzeko moduei buruz berriki egin den adostasun dokumentuan. Azukre kontsumo hori gramoetara ekartzen badugu, zifrak oso argiak dira: urtean 18 kilo azukre baino gutxiago hartu behar lituzkete herritarrek (egokiena litzateke urtean ez hartzea 9 kilo baino gehiago), baina egiaz pertsona bakoitzak 29,7 kilo hartzen ditu. Hortaz, OMEk gomendatzen duena halako hiru hartzen du jendeak.

Azukre gehiegi hartzeak baditu bere arriskuak, eta hortz-haginetako txantxarra izango da ezagunena, baina pisu gehiegi izateko arriskua ere handitu egiten du, eta halaxe baieztatu zuten, gainera, British Medical Journal aldizkarian 2012. urtean argitaratu zen azterlan batean (Lisa Te Morenga doktore andreak koordinatu zuen). Gehiegizko pisuak handitu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua, bihotzeko arazoak izatekoa eta minbizi mota batzuk izatekoa ere bai, eta, ondorioz, funtsezkoa da azukre kontsumoa murriztea. Arriskurik handiena, dena den, edari azukretsuekin izaten da (freskagarriekin). Oso ongi dokumentatua dago edari horiek nabarmen handitzen dutela gizentzeko arriskua eta 2 motako diabetesa izatekoa (helduaren diabetesa era esate zaio).

Eztitzaileei dagokienez, horiek ere ez dira beharrezkoak dietan, azukrea ez den bezalaxe. Kaloria gutxiko edo kaloriarik gabeko eztitzaileak neurriz kanpo hartzea (batez ere estebia) arriskutsua izan daiteke, eta, horregatik, Eguneko Kopuru Onargarria (EKO) ezartzen da eztitzaile bakoitzarentzat. Edonola ere, Europan onartuta dauden eztitzaile guztiak kaltegabeak dira osasunarentzat erabilera dosi gomendatuetan. Gehigarrien araudia oso estua da (historiako beste edozein garaitan baino gehiago), eta azterketa zorrotzak gainditu behar izaten dituzte aldian-aldian.

Zenbait ikertzailek ohartarazi dute, kaloria gutxiko eztitzaileak seguruak izan arren ikuspegi toxikologikotik, horien gozotasun handiak (azukrearena baino askoz gehiago) nahasmena eragin dezakeela dastamenean, baldin eta kantitate handietan erabiltzen badira. Oharkabean, gerta daiteke elikagai gozoekin gehiago zaletzea. Eta elikagai osasungarriak ez hain atsegin izatea (frutak eta berdurak, adibidez), eta horrek desorekatu egingo du elikadura. Hori garrantzitsua da, zeren herritar askorentzat amu erakargarriak dira “kaloria gutxiko” eta gisako esapideak, eta, ondorioz, kantitate handietan erabiltzen dituzte.

Semaforo nutrizionala

Semaforo nutrizionalean zenbait azukre mota alderatu ditugu, baita “mahaiko” eztitzaile batzuk ere, kaloria gutxikoak (hau da, etxean erabil ditzakegunak jakiei eta edariei eransteko).

Nabarmendu beharreko lehen datua hauxe da: kontsumoko ohiko errazio batek ez du inolako arazorik sortzen aztertu ditugun mantenugaietan, salbu eta azukreen kasuan, bistan denez.

Horretaz gain, beste bi alderdi azpimarratu behar dira:

  • Nahiz eta azukre beltza berdez ageri den (azukre findua horiz dago), portzentajeetan oso alde txikia dago bien artean. Horrela, bietan saihestu behar da neurriz kanpo hartzea.
  • Alde handia ageri da, berriz, kaloria gutxiko eztitzaileen eta gainerako produktuen artean, eta horrexegatik hartu dute halako ospea. Eztitzaileei dagokienez, beharrezkoa da adieraztea pertsona batzuek hipersentiberatasuna, alergia edo intolerantzia agertzen dutela zenbait gehigarrirekiko, baina hori osasun arloko profesional kualifikatu batek aztertu beharko du, modu indibidualizatuan.
Zer egin azukre gutxiago hartzeko?

Esan bezala, hartzen dugun azukrerik gehiena ez da guk elikagai eransten dieguna (hartzen dugunaren %24 baino ez da hori), elikagai prozesatuek erantsia dutena baizik.

Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren Batzorde Zientifikoak argitaratu duen txosten batean agertzen da Espainian zer produktuk duten azukre erantsi gehien. Hauek dira: freskagarriak (%23,0), jogurtak, esne hartzituak eta esnekiz egindako postreak (%22,3), pastelak, opilak eta gailetak (%16,9), zukuak eta fruta nektarrak (%11,9) eta, azkenik, txokolateak eta txokolatez egindako elikagaiak (%11,4). Txosten horretan, honako aipamen hau ere ageri da: “Azukre erantsiak ematen dituzten iturri horiek bakanago hartzeak murriztu egingo luke dietaren eduki kalorikoa dietaren beraren egokitasuna arriskuan jarri gabe”.

Zein komeni zait?

Erosketa egiteko gomendioak

Egunero hartzeko.

Kantitate txikietan hartuko bada (ez egunean hiru edo lau koilarakadatxo baino gehiago), semaforo nutrizionalean ageri den edozein azukrek balio du. Asko hartuko bada, hobe da azukreak saihestea eta kaloria gutxiko eztitzaileak hautatzea. Horien artean, ez da komeni estebia hautatzea egunero asko samar hartzeko, segurtasun tartea (Eguneko Kopuru Onargarria edo EKO) gainerako eztitzaileena baino txikiagoa duelako.

Gozotasun gutxien duena.

Azukrea zenbat eta “beltzagoa” izan, orduan eta gozotasun gutxiago izaten du. Hau da, azukre alea zenbat eta beltzagoa den, hainbat eta txikiagoa izango du ahalmen eztitzailea, sakarosa proportzioa txikiagoa izango duelako.

Gozoena.

Sakarinak, sukralosak eta estebiak dute ahamen eztitzailerik handiena produktu guztiak alderatuta, baita azukrea ere (200 aldiz gozoagoak dira). Hori dela eta, produktu gutxiago erabili beharko da gozotasun bera emateko.

Gozogintzan erabiltzeko onena.

Aspartamoa izan ezik, edozein eztitzaile da egokia gozogintzan erabiltzeko. Nolanahi ere, sukralosa da (E955) eztitzailerik egonkorrena Europan gehien erabiltzen direnen artean.

Diabetesa duten pertsonek hartu al ditzakete eztitzaileak?

Komeni izaten da diabetesa duten pertsonek azukre kontsumoa murriztea, ez bakarrik odoleko glukosa kontrolatzeko izan dezakeen eraginagatik, baita azukre asko hartzeak gizentzeko eta bihotz-hodietako arazoak izateko arriskua dakarrelako ere.

Egia da kaloria gutxiko eztitzaileak aukera ona direla diabetesa duten pertsonentzat, baina horrek ez du esan nahi diabetesari atzera eginarazten zaionik zenbait eztitzailerekin, adibidez estebiarekin (halaxe agertu izan da zenbaitetan, sinesgarritasunik gabeko guneetan egia esan). Kontrakoa ere ez da egia, alegia produktu horiek toxikoak direla diabetesa duten pertsonentzat. Gainerako herritarrek bezalaxe har ditzakete substantzia horiek.

Zenbait produkturen etiketan, diabetesa duten pertsonentzat direla esaten da, baina National Institute for Clinical Excelence delakoak (NICE) ez du gomendatzen horiek erabiltzea. Fruktosarekin gertatzen da hori esaterako: osagai horrek azukreak baino eragin txikiago izaten du odoleko glukosan, eta, horregatik, ezaugarri hori nabarmenduz saltzen dute, itxuraz interesgarria baita diabetesa duten pertsonentzat. Baina, egiaz, fruktosa maiz hartzeak areagotu egin dezake bihotz-hodietako arriskua.

Aurrezteko aholkuak

Azukrea eta eztitzaileak produktu desberdinak dira. Begi bistakoa dirudi horrek, baina oso garrantzitsua da kontuan hartzea, horrela jakingo baitugu zein den merkeena eta zer komeni zaigun gehien.

Saltokietako apalategietan begiratzen badugu, irudituko zaigu eztitzaile guztiak askoz garestiagoak direla azukre zuria baino. Baina ez dezakegu ahaztu ez daukatela ahalmen eztitzaile bera; hau da, azukrea baino askoz gozoagoak direla. Datu hori funtsezkoa da, zenbait eztitzaile oso-oso gozoak direlako (sakarina, estebia eta aspartamoa, adibidez), eta, ondorioz, oso kantitate txikiak erabili behar izaten dira emaitza bera lortzeko. Hortaz, azukre kilo batek baino askoz gehiago iraungo dute.

Jar dezagun adibide bat. Har dezagun Truvía etxeko eztitzailea, estebiaduna; 270 gramoko ontzia da eta 7 euro balio du. Kiloak, hortaz, 26 euro balio du. Ildo berean, azukre zuriaren kiloak 0,75 euro balio du (merkeenak). Horrela esanda, eztitzailea ia 35 aldiz garestiagoa da azukrea baino. Baina baita askoz gozoagoa ere: 250-300 aldiz gehiago, hain zuzen. Eta, ondorioz, askoz merkeagoa da: eztitzaile horren kilo batek ematen duen gozotasuna emateko, 250 kilo azukre beharko genituzke gutxienez.

Formatuak eta aurkezpenak dezente baldintzatzen dute prezioa, bai azukreena eta bai eztitzaileena ere. Azukre marka eta mota bera hartzen badugu eta eskaintzen dituzten aukerak alderatzen baditugu, argi ikusiko dugu. Adibidez, blanquilla erako azukre kilo batek, Azucarera etxekoak, 0,75 euro balio du. Produktu bera brik batean erosiko bagenu, ixteko tapa eta guzti, prezio bera ordaindu beharko genuke, nahiz eta 200 gramo gutxiago izan. Azukre koskorrak dituen kilo erdiko kaxa batek (banakako bilgarririk gabea) 0,90 euro balio du; zorrotxoak dituen 300 gramoko kaxa batek 0,99 euro balio du, eta azukre perlak dituen 250 gramoko flasko batek 2,40 euro. Laburbilduz: prezioa aldatu egiten da (asko, gainera) produktuak duen aurkezpenaren arabera.

Azukre motak ere badu eragina azken prezioan, baita markak eta landaketa motak ere. Azukre beltza garestiagoa da zuria baino, eta azukre “ekologikoak” eta “osokoak” ere (integralak) dezente garestiagoak dira (kolorea gorabehera). Markarik garestienetakoak Veritas eta Intermón dira (kiloa 5 euroren inguruan dabil), nahiz eta kontuan hartu behar den Intermón etxekoa bidezko merkataritzatik datorrela.