Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hirigune historikoak: 18 hiritako 144 kale hartu ditugu, alde zaharretakoak guztiak, eta bizitzeko zer baldintza eskaintzen duten aztertu dugu : Zerbitzu eta azpiegitura eskasak hirigune historikoetan

Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Madril eta Bartzelona soilik daude "ongi". A Coruñak, Alacantek, Kordobak, Murtziak, Oviedok eta Valentziak dituzte gabeziarik handienak

Eraikinak eta zorua: garbitasuna eta mantentze lanak

/imgs/20080601/tema-portada.02.jpg
Hirigune historikoetako eraikinak eta zorua garbitzea eta zaintzea funtsezko lana da toki horiek eder egon daitezen, eta baldintza onetan han bizi behar dutenentzat. Gure teknikariek, ordea, utzikeria handia ikusi dute hiri askotan, Valentziako alde zaharrean, batik bat (‘txartzat’ jo dute egoera). A Coruñako, Logroñoko, Murtziako, Malagako eta Gasteizko kale batzuetan ere negargarri daude zenbait etxebizitza-eraikin (hiri horien egoera ‘hala-holakotzat’ jo dute teknikariek), eta Iruñean eta Zaragozan, berriz, eraikin gehienek oso itxura ona dute. Bi horietako egoera ‘ona’ dela esan dute gure teknikariek, eta berdin beste hiri hauetakoa ere: Madril, Valladolid, Alacant eta Sevilla.

A Coruñan, utzikeria arrastoak dituzten eraikinen hormak belztuta daude. Malagakoek nahiko hondatuta dituzte argiaren hariak, eta zintzilik ere bai zenbaitek; euri urarentzako hodiak apurtuta dituzte, eta hormak, berriz, hezetasunak hartuta. Murtzian ikusi dituzten kaleetan, hondatu samarrak aurkitu dituzte atari batzuetako ateak, eta zenbait elementu lurrera erortzeko zorian: balkoietan batzuk eta teilatuetan ere bai teila puskatuak.

Gainera, aztertu dituzten kasuen % 30etan, bertan behera utzitako orubeak topatu dituzte (hori ere bada utzikeria seinalea), nahiz eta ongi hesituta egon diren guztiak, arriskurik ez sortzeko moduan. Malagan bisitatu duten orubea, ordea, hesitu gabe aurkitu dute, eta zikinkeriaz gainezka.

Zorua gaizki samar egon da Valentziako, Malagako eta Murtziako zenbait kaletan. Iruñean eta Sevillan, berriz, oso ongi topatu dute, oinezkoari traba egin diezaiokeen elementurik gabe (zaborra, legar xehea, harea eta abar). Hala ere, aztertu ditugun kaleen % 22k labainkorra dute zorua, baina batean ere ez dute aurkitu horren berri ematen duen seinalerik, oinezkoak ohartarazi eta erorketak saihesteko.

Zaila, autobus eta taxi geltokiren bat aurkitzea

Alde zaharraren eta gainerako guneen arteko loturak ez dira on-onak, eta guztiek ere badute zer hobetua. Hala ere, alde nabarmenak daude aztertu ditugun 18 hirien artean: Zaragoza ‘oso ongi’ dago, Iruñea, Valladolid, Madril, Malaga eta Bartzelona ‘ongi’ daude, eta gainerakoek ez dute gainditu gutxieneko maila. Valentzia, Oviedo, Murtzia eta A Coruña ‘hala-hola’ daude, eta gainerakoak, ‘onargarri’.

Hirigune historikoetan, oinezkoak du lehentasuna. Aztertu ditugun 144 kaleetatik, oinezkoentzat bakarrik dira 96. Horrexegatik ez dute aurkitu autobus geltokirik kaleen % 86tan, eta taxienak, berriz, % 5etan soilik aurkitu dituzte. Txirrindu-biderik duen kalerik ez dute aurkitu gure teknikariek, eta % 6tan baino ez dituzte ikusi txirrinduen aparkalekuak (Bartzelonan, Kordoban, Iruñean, Sevillan, Valladoliden eta Zaragozan).

Hirietan, autoa uzteko tokia bilatzea oso nekeza gertatzen da, eta aparkaleku falta arazo handi bihurtu da. Oinezkoentzat jarrita ez dauden bi kaletatik batek bakarrik dauzka aparkalekuak. Arazoa bereziki larri da Alacanten, Kordoban, Valentzian eta Gasteizen, horiek, gainera, ez baitute lurpeko parkingik.

Aztertu ditugun hirietan, 55 kale daude autoei irekita, eta seinaleen aldetik, dezente hobeto egon zitezkeen: hirutik batean, ez dago seinalerik zirkulazioa zein noranzkotan doan adierazteko, nahiz eta beharrezkoa izan (Alacanten, Kordoban, Malagan eta Gasteizen dute egoera txarrena), eta kaleen % 86tan, ez du jartzen zenbateko abiaduran joan daitekeen gehienez (berriz ere, Alacant, Kordoba, Granada, Malaga, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Gasteiz daude okerren). Azkenik, autoei irekita dauden kaleen % 77tan, ezintasunen bat duten pertsonei ez diete gordetzen autoa uzteko lekurik.

Irispideek ere merezi dute bere tartea. Txostenean ageri diren 144 kaleetako batean ere ez dago inolako sistema mekanikorik oinezkoei laguntzeko oztopoak gainditzen. Gasteizko kale batean soilik ikusi dute halakoren bat. Plataforma mekanikoak dira Gasteizkoak; kristalezko barandak dituzte, metalezko babes xaflak, eta seinaleak, baina ez daude ez ongi garbituta, ez ongi zainduta (kristal apurtuak, zikinkeria, graffitiak…). Madrilgo eta Valladolideko kaleek dituzte espaloi ertz garaienak, eta espaloirik estuenak, berriz, Kordobakoak dira (bi pertsona ez dira pasatzen elkarren parean).

Bisitatu ditugun 144 kaleetatik, 11k bakarrik dute lorategia (Alacanten, Granadan, Gasteizen, Madrilen, Iruñean eta Valentzian); A Coruñan, Bilbon eta Donostian pasatu ditugun kaleetako bakarrean ere ez dago zuhaitzik, eta lorontzirik ez da ageri hiri hauetan: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Murtzia eta Granada. Valentzian aztertu ditugun kaleek badituzte arbolak, baina nahiko zikin daude, eta gaizki zainduta, eta berdin daude lorontzien erdiak ere.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak