Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hirigune historikoak: 18 hiritako 144 kale hartu ditugu, alde zaharretakoak guztiak, eta bizitzeko zer baldintza eskaintzen duten aztertu dugu : Zerbitzu eta azpiegitura eskasak hirigune historikoetan

Zaragoza, Valladolid, Iruñea, Madril eta Bartzelona soilik daude "ongi". A Coruñak, Alacantek, Kordobak, Murtziak, Oviedok eta Valentziak dituzte gabeziarik handienak

Ostalaritzako lokal asko, haurrentzako guneak eskas

Hirietako alde zahar asko eta asko aisialdirako toki bihurtzen ari dira, eta asteburuetako parrandarako bilgune. Tabernak daude erruz, edaritegiak, diskotekak eta jatetxeak (Bilbon, Malagan, Valentzian, Valladoliden eta Zaragozan nabarmen geratzen da hori), eta nekezago aurkituko ditugu botikak, okindegiak, hirugarren adinekoentzako zentroak edo haurrek jolasteko tokiak. Ikerketak horrexegatik jotzen du ‘txartzat’ egoera. Zaragozak eta Iruñeak soilik lortu dute arlo honetan emaitza hobea. Beste muturrean dago Alacanteko eta Kordobako kaleen egoera: ‘oso txarra’.

138 kaletako biztanleek (144 aztertu ditugun) ez dute osasun etxe bat inguru samarrean. % 66k ez dute botikarik inguruan (Alacanten eta Logroñon nabaritzen da gehien gabezia hori, eta Zaragozan, berriz, zazpi botika daude).

Hiriburuetako gune historikoetan bizi diren askok 65 urte baino gehiago dituzte. Valentzian, A Coruñan, Madrilen, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Zaragozan, auzoan bertan dituzte hirugarren adinekoentzako zentroak, baina, gainerakoetan, beste auzoren batera joan beharra dute zerbitzu hori eskuratzeko. Haurrek ere antzeko arazoa dute: Zaragozan, Logroñon, Iruñean eta Bartzelonan soilik dago haurrentzako jolastokiren bat aztertu ditugun kaleetan. Eskolara joateko ere, beste auzo batzuetara joan behar dute haur askok (Bilbon, Logroñon eta Murtzian sumatu da hori gehien).

Kulturarako eraikinen arloan, Gasteiz nabarmendu behar da: aztertu ditugun kaleen erdiek, gutxienez, badute halako eraikinen bat. Bilbok, Kordobak eta Donostiak ez dute bat bera ere. Alacantek eta Valentziak ez dute banketxerik guk aztertu ditugun kaleetan, turistentzako ostatu gehien, berriz, Bartzelonako eta Donostiako alde zaharretan daude. Turistentzako informazio ematen duten seinaleak ez dira ageri (Zaragozan bakarrik aurkitu dute CONSUMER EROSKI-ko teknikariek halakoren bat); egunkari eta aldizkariak saltzen dituzten tokiak ere gutxi dira (144 kaleetatik, 23tan bakarrik), eta tabako dendak ere bai (lau kaletatik batean).

Gasteizen aztertu ditugun kaleek, kulturarako eraikinak ez ezik, eremu berdeak ere gehiago dituzte besteek baino (zortzi kaleetatik hirutan ikusi dituzte gure teknikariek jendea ibiltzeko eremuak), eta komun publikoak ere Gasteizen bakarrik daude, eta doakoak dira (Malagak ere baditu, bana 0,20 zentimo ordaindu behar da). Komunak, hala ere, oso zikinak daude.

144 kaleen erdiek soilik dituzte elikadura saltokiak. Okindegiak eta harategiak Gasteizko lau kaletan bakarrik daude, Iruñeko eta Zaragozako bitan, eta Bartzelonan, Bilbon, Logroñon, Murtzian eta Sevillan, kale bakarrean. Arrandegiak Zaragozako bi kaletan topatu ditugu, eta Iruñeko eta Gasteizko batean. Fruta dendak ere bi kaletan daude Zaragozan, eta kale batean A Coruñan, Bilbon, Kordoban, Malaga, Donostian eta Valentzian. Jateko, Zaragozan, Madrilen eta Donostian aurkituko dugu aukera gehien.

Hiri altzari gutxi, eta nahiko utziak

Hiri altzariek garrantzi handia izaten dute, oso lagungarriak baitira hiriak garbi edukitzeko eta, ondorioz, itxura onean. Zenbat eta zakarrontzi, edukiontzi eta estolda-zulo gehiago, orduan eta zikinkeria gutxiago zoruan; eta zorua garbi badago, ez dirudi hain utzita dagoenik. Guk, ordea, ez ditugu asko aurkitu hirigune historikoetan, eta arbolak eta eseri tokiak ere ez. Zaragoza soilik dago ‘oso ongi’ alde horretatik. A Coruña, Murtzia, Oviedo eta Valentzia ‘hala-hola’ daude, gabezia handiekin.

Alacanten, adibidez, bi zakarrontzi soilik daude aztertu ditugun zortzi kaleetan, eta Zaragozan, berriz, 40. Estolda-zuloak ere beste inon baino gehiago dira Zaragozan; 38 ditu, eta guztiak oso egoera onean eta oso ongi itxita. Valentzian ere asko daude, 40, baina erdiek baino gehiagok badute akatsen bat, eta ezin dira erabili.

Zuhaitzen eta eseri tokien arloan, gehienak dabiltza eskas. Berriz ere, Zaragoza da salbuespena. Asko ditu, eta ongi zainduak. Valentzia da, berriz ere, kontrako aldea. Apenas baduen zuhaitzik eta eseri tokirik, eta, dituenak, nahiko zikin.

Azkenik, hiri altzarietan aipatu behar dira edateko iturriak, iturri apaingarriak eta piboteak, zirkulazioa eta oinezkoen eremua bereizteko jarriak. Zaragoza, Madril, Alacant, Bartzelona, Granada, Valentzia eta Logroño gailentzen zaizkie gainerakoei. CONSUMER EROSKI-ko teknikariek edateko iturri gutxi ikusi dituzte hirigune historikoetan (hiru Alacanten, 2 Kordoban, Logroñon eta Valentzian, eta bat Gasteizen, Granadan eta Bartzelonan). Valentziakoak, gainera, nahiko gaizki daude, eta erdiak ez dabiltza. Iturri apaingarrien sailean, Malagakoek eta Murtziakoek ere garbitu on baten premia daukate.

Aztertu ditugun kaleen ia % 60tan ez dago kokapen-panelik. A Coruñan, Bilbon eta Donostian, adibidez, bakar bat ere ez dugu aurkitu. Gainerako % 40etan, mesede adina kalte egin dezakete batzuek: Gasteizen, traba egiten diote oinezkoari, eta, Malagakoek bezala, badute elementu arriskutsuren bat (zati irtenak, lurrari itsatsi gabe edo izkina zorrotzekin).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak