Ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak: 86 aztertu ditugu, Espainiako 18 hiritan

Zein hiri eta baldintzatan hartu nahi den ostatu, alde handia, egoitzatik egoitzara: zazpi halako ere bai hileroko prezioan

Hilean 230 euro balio dute egoitza merkeenek, eta 1.400 euro garestienek. Madril eta Bartzelona dira hiririk garestienak. Tokiak txukun daude eta ongi hornituak, baina gabeziak dituzte pertsona ezinduen irispideetan
1 iraila de 2008
Img temap 318

Zein hiri eta baldintzatan hartu nahi den ostatu, alde handia, egoitzatik egoitzara: zazpi halako ere bai hileroko prezioan

/imgs/20080901/tema4.jpgIkasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak ez daude guztien eskura. Eskola dosier ona behar da lehenik, eta ondoren, diru dezente: hilean 600 euro, batez beste. Eta ezintasunen bat duten pertsonek hori ere ez lukete aski izango, irispideak oso eskasak baitira egoitzarik gehien-gehienetan. Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-ren azterketak; 18 hiriburutako ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak aztertu ditugu, 86 guztira (Espainian daudenen % 20).

Askotariko egoitzak daude, eta prezioak ere askotarikoak dira; zein hiritan hartu nahi den ostatu, eta zein baldintzatan, merkeagoa edo garestiagoa izango da. Aztertu ditugun egoitzetatik garestiena Bartzelonan aurkitu dugu, eta hauxe eskaintzen dute: lagun batentzako logela, bainugela eta guzti, eta mantenu osoa. Eskatu, berriz, 1.418 euro hilean. Egoitzarik merkeena Sevillan aurkitu dugu; lo egiteko lekua eskaintzen dute, ez besterik, eta eskatu, 230 euro hilean.

86 ikasle egoitza eta unibertsitate egoitza bisitatu ditugu, 18 hiritan: Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Granada, Gasteiz, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Salamanca, Santiago, Sevilla, Valencia, Valladolid eta Zaragoza. Publikoak, pribatuak eta kontzertatuak aztertu ditugu; horietatik erdiak baino gehiago mistoak izan dira, baina oraindik ere badago joera sexuak bereizteko: egoitzen ia % 38 neskentzat soilik izan dira, eta % 11, mutilentzat.

Alde batetik, CONSUMER EROSKI-k informazioa galdegin die egoitza horietako zuzendari eta arduradunei. Bestetik, aldizkari honetako teknikariak egoitza horietara joan dira uztailean, bezeroarenak egiten, familiako norbaitek ostatu hartu nahi lukeela eta. Modu horretara, euren begiekin ikusi ahal izan dute zein egoeratan dauden egoitzak eta nola zaintzen dituzten, nola garbitzen, zer zerbitzu eskaintzen duten, zer-nolako irispideak dauzkaten, segurtasuna nolakoa den, zein baldintza jartzen dituzten norbait onartzeko edo zer arau ezartzen dizkieten han bizi direnei.

Batez beste, egoera nahiko apala dela erakutsi du gure azterketak, ‘onargarria’ baino ez. Murtziakoa eta Gasteizkoa ‘oso onak’ dira, eta Alacant, Bilbo, Donostia, Kordoba, eta Malagakoa, berriz, ‘onak’. Beste hainbat, soilik ‘onargarritzat’ jo dituzte gure teknikariek (Bartzelona, Madril, Granada, Oviedo, Salamanca, Santiago, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza), eta azken biak, Iruñekoa eta Sevillakoa, ez dira iritsi gutxieneko horretara ere: ‘hala-holakoak’ iruditu zaizkie.

Atalez atal aztertuta, emaitza onak eman dituzte informazioaren, garbitasunaren eta zerbitzuen atalean (batez beste, egoera ‘ona’ da). Okerxeago dabiltza segurtasun eta larrialdi neurrietan (‘onargarri’ baino ez), eta are okerrago irispideetan (‘hala-holako’ irispideak dituzte, batez beste, gutxienekora ere iristen ez direnak): egoitzen erdiek baino gutxiagok dauzkate ezinduentzat egokitutako gelak.

Aske edo eroso?

Unibertsitate ikasketak hasi behar dituenarentzat, asko aldatzen dira gauzak, eta zer esanik ez gurasoen habia lehenengoz utzi beharra suertatzen bazaio. Non biziko den erabaki behar du, eta ostatu bila hasi. Aintzat hartu beharko du zer nahi duen, eta zer ahal duen; askatasuna nahi duen, edo erosotasuna, batetik, eta zer diru gasta dezakeen, bestetik. Aukerak ez dira gutxi: unibertsitate egoitzak, ikasle egoitzak, pisuak, familiak edo unibertsitate klubak.

  • Unibertsitate egoitzak: hiria ezezaguna izanik, egoitza hauek aukera ona ematen dute jendearekin harremanak egiteko. Ikaslearen beharrizan guztiei erantzuten diete egoitza hauek, baina, noski, hileroko kuotan ere sumatzen da hori. Gainera, giroa etxekoaren oso antzekoa da batzuetan, eta ordutegi eta arau zorrotz samarrak bete behar izaten ditu ikasleak.
  • Ikasle egoitzak: unibertsitate egoitzetan baino askeago sentitu ohi da ikaslea beste egoitza hauetan, eta jendea ezagutu eta harremanak egiteko leku onak izaten dira. Hori dela eta, eskabide handia izaten dute. Oro har, arauak ez dira izaten hain zorrotzak
  • Pisu partekatuak: egoitza bat aurkitzea baino zailagoa da pisu bat lortzea. Hala ere, hauxe izaten da ikasle askoren hautua, batik bat loturak, ordutegiak eta arau zorrotzak maite ez dituztenena. Erabateko askatasuna ematen du pisu batean bizitzeak, baina zenbaitetan, ikasleek ez dute asmatzen nola antolatu ikasketak eta etxeko lanak aurrera ateratzeko. Askotan, gainera, ikasleak bezain aske ibiltzen da dirua ere, eta hilabete bukaeran izaten dira kontuak.

Zenbat kostatzen da ikasle egoitza bat edo unibertsitate egoitza bat?

/imgs/20080901/tema1.jpgUnibertsitate egoitza batean edo ikasle egoitza batean ostatu hartzea, batez beste, 654 eta 574 euro artean kostatzen da hilean. Madril ateratzen da garestien, betiere batez bestekoak eginda: lagun batentzako gela, bainugelarekin, eta mantenu osoa ematen dutela, 897 euro kostatzen da hilean (1.135 eurotik 582 eurorainoko aukerak eskaintzen ditu Madrilek); birentzako gela bat hartuz gero, baldintza berberetan, 90 euro gutxiago kostako litzateke, gutxi gorabehera. Bartzelonako egoitzak datoz jarraian; horietan, batez beste, Madrilen baino 75 euro merkeagoa ateratzen da lagun batentzako logela, bainugela eta mantenu osoarekin: 822 euro. Birentzako logela baino 83 euro garestiagoa.

Kontrako muturrean, Sevillan bisitatu ditugun egoitzak daude: lagun batentzako gela, bainugelarekin, eta mantenu osoa bertan egiteko aukera eskaintzen dutela, 519 euro ateratzen da hilean, batez beste. Madrilgoarekin alderatuta, adibidez, 400 euro aurreztu litezke hilean. Birentzako gela are merkeago irteten da: 462 euro. Egoitzarik merkeenetakoak dituzte, halaber, Santiagon ere. Batentzako logela, besteen baldintza berberetan, 539 euro kostatzen da hilean, eta birentzako bada, 491 euro.

Lagun batentzako edo birentzako logela hartzea izaten da ohikoena, bainugela duena, eta otorduei dagokienez, mantenu osoa egoitzan bertan eginez. Baldintza horietan hartzen dute ostatu ikaslerik gehienek, baina badira bestelako aukerak ere. Nahiko hedatua dago, adibidez, batentzako edo birentzako logela hartzea, bainugela osoki hornituarekin, baina mantenu erdia eginez. Baldintza horiek eskaintzen dituzten egoitzarik garestienak Bartzelonan daude, eta 735 eta 709 euro artean dabiltza, batez beste.

Logela soilik hartzeko aukera ere bada, inolako mantenurik gabe. Hola eginda, dezente merkeago irteten da: 357 euro hilean, batez beste.

Hileroko kuota ordaintzeaz gain, bermea ere jarri behar izaten da egoitzarik gehienetan. Malagan 30 euroko bermea eskatzen dute, Iruñean 60koa, eta Bartzelonan eta Granadan, 2.000 eurokoa eta 1.500ekoa, hurrenez hurren. Ikasleak egoitza utziko balu arrazoirik eman gabe, edo ikastetxeak kanpoan utziko balu, edo kalteak eragingo balitu egoitzan edo altzarietan, berme moduan jarritako dirutik hartuko lukete egoitzako arduradunek.

Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten egoitzetatik, ‘luxuzkoetara’

Egoitzek zer zerbitzu eskaintzen duten aztertzea oso lagungarria izaten da horien kalitatea neurtzeko. Aztertu ditugun guztietatik, % 45ek soilik daukate bainugela osoki hornitua logeletan (konketa, komuna eta dutxa). Egoitzen % 35ek logela batzuetan daukate, eta % 20k, ez dute halakorik logeletan. Nabarmen samarra gertatu da Bartzelonan ikusia: aztertu ditugun 10 egoitzetatik 7tan, ikasle guztiek bainugela berberak erabiltzen dituzte.

Egoitzen erdiek baino gehiagok eskaintzen dituzte ohe-jantziak (zerbitzu hori ematen ez duten egoitzen erdietan, horiek alokatzeko aukera dago); ezinbesteko diren elementurik gehienak badituzte egoitzek, baina bi aurkitu ditugu berogailurik edo oinarrizko beste elementurik gabe (armairuak, zaborrontziak eta ikasmahaiak).

Egoitza hauetan ohikoa da honako beste zerbitzu hauek ere edukitzea: harreragunea, jantokia (otordurik ematen ez duten egoitzen ere badaude), garbitegia (hileroko kuotaren barnean sartzen da maizenik), bisitak hartzeko aretoak eta ikasgelak.

Ordenagailu gela duten egoitza guztiek daukate Internet (aztertu ditugun 86etatik 64k dute), eta lautatik hirutan, logeletan bertan konektatzeko aukera dago. Multimedia gela horietan, batez beste, zortzi ordenagailu daude egoitzako. Unibertsitate giroan barneratzen laguntzeko, berriz, egoitzen % 70ek baino gehiagok antolatzen dituzte jarduera soziokulturalak ikasturtean barrena, batik bat Madrilen, Malagan, Murtzian, Santiagon eta Valladoliden.

Edozein larrialdi gertatzen dela ere, oso ongi etorri ohi da botika ontzi bat edukitzea, eta egoitzen % 75ek badute. Horietako batzuek, gainera, erizaindegia ere badute (Madrilen, Malagan eta Donostian). Iruñeko eta Oviedoko egoitza batzuetan, Madrilen eta Malagan gertatzen den bezala, medikua ere badute, eta egoitzan bertan egoten da beti. Kirol azpiegiturak, berriz, erdiek baino ez dituzte.

Egoitzarik gehienek lotura onak eskaintzen dituzte unibertsitate campusetara joateko, hirigune historikoetara hurbiltzeko edo garraiobide publikoak dauden geltoki nagusietara iristeko (autobusa, trena, metroa). Aztertu ditugun egoitzen % 95ek ez dute eskaintzen berezko garraio zerbitzurik (Iruñean, Kordoban eta Oviedon aurkitu ditugu salbuespen gutxi batzuk), baina gehien jota ere, oinez 10 minutu egongo dira egoitzako atetik hiri garraioak hartzen diren geltokirik hurbilenera.

Egoitzen % 10ek badute laguntza pedagogikoa emateko lan taldea, eta % 12k laguntza psikologikoa emateko zerbitzua daukate, ikasleren batek behar izanez gero.

Oso txukun daude egoitzak

Egoitzen ia % 40tan, ikasleek garbitzen dituzte euren logelak. Zenbait egoitzatan, hileroko kuotan sartzen da garbitasun zerbitzua, baina guztietan ez dute garbitzen maiztasun berarekin: % 18tan, egunero garbitzen dute; % 10etan, bi egunez behin; % 14tan, hiruz behin; eta % 18tan, astean behin.

Gainerako gela, areto eta bilguneak garbi-garbi aurkitu ditugu, oro har, eta bainugelak ere txukun egon izan dira, salbuespenak salbuespen (Salamancako batean usain txarra sumatu dugu, Iruñekoren batean komuneko paperik ez da egon izan, eta eskuak garbitzeko xaboi gutxi aurkitu dugu Iruñeko beste batean, Murtziako batean eta Valentziako batean). Kirolguneak ere oso ongi zainduta egon dira, Valladolideko eta Madrilgo batzuk izan ezik.

Zaborrontzietan, ordea, ez dira ibili hain txukun. Bisitatu ditugun egoitzetatik, % 62k soilik eduki dituzte papera eta kartoia biltzeko edukiontziak; plastikozko ontziak biltzeko edukiontziak, berriz, erdiek baino ez dituzte izan; % 53k pilak jasotzekoak; eta, zabor organikoen edukiontziak, % 50ek. Donostiak, Gasteizek eta Oviedok ardura handia erakutsi dute arlo horretan, eta komeni litzateke beste batzuek ere berdin egiten ikasiko balute (Granada, Valentzia eta Sevilla).

Murtzian, Bilbon eta Gasteizen soilik dituzte irispide egokiak

Egoitza hauek gabezia nabarmen bat dute, eta halaxe jaso du gure txostenak: ez daude egokituta ezintasunen bat duten pertsonentzat. Egoitzen % 60k ez daukate gela bakar bat ere ikasle horientzat egoki prestatuta. Egoerarik onena Bilbon, Gasteizen, Murtzian eta Alacanten bisitatu dituzten egoitzetan topatu dute gure teknikariek. Beste muturrean, berriz, Iruñekoak, Oviedokoak, Bartzelonakoak, Salamancakoak eta Valladolidekoak daude (badute zer ikasia besteetatik). Egoitza guztietatik, Bilbokoek eta Gasteizkoek soilik dauzkate bainugela egoki prestatuak: konketaren azpialdea irekia dute, gurpil aulkiei lekua egiteko; dutxan ez daukate errezelik; komun egokitua daukate, eskutoki eta guzti…

Logeletatik kanpoko egoera ez da askoz hobea: egoitzen % 40k soilik dauzkate aldatsak sarbideetan, eskaileretatik igo beharrik ez izateko; ate estu samarrak dauzkate ia egoitzen erdiek, eta ezin da pasatu gurpil aulkiekin; hiru egoitzatatik batek ez du igogailurik edo, edukita ere, ez da behar bezain zabala; eta aparkaleku gehien-gehienetan, ez dute gordetzen tokirik ezinduek ibilgailuak utz ditzaten.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, beste alderdi hau ere: oso kartel edo afixa gutxi ikusi dituzte gure teknikariek braille hizkuntzan idatziak (Murtzian, Sevillan eta Gasteizen daude bakan horiek).

Ikasle egoitza edo unibertsitate egoitza hau zoragarria litzateke

Erabaki batzuk ez dira nolanahi hartzekoak, eta horixe gertatzen da ikasle egoitza bat edo unibertsitate egoitza bat hautatzerakoan ere. Egoitza bat, izan ere, ez da lotarako lekua soilik; ikasle askorentzat, etxe izatera ere irits daiteke, urrun joan behar izan baitute unibertsitate ikasketak egitera, eta beste heldulekurik gabe iristen baitira. Horregatik, ezaugarri hauek eduki behar lituzke ikasle egoitza edo unibertsitate egoitza batek:

  • Ostatu hartzeko baldintzak: mantenu osoa edukitzea izaten da erosoena ikasleentzat, denbora eta diru gutxiago joaten baitzaie horrela (ez dute kanpoan jan behar, eta eurek ere ez dute hasi behar sukaldean). Sukalde eta guzti datozen gelak ere aukera onak izan daitezke, apartamentu modukoak. Osasun arrazoiak direla-eta dieta berezia egin behar duten ikasleei zerbitzu egokia emateko, egoitzek menuak moldatzea litzateke gauzarik onena.
  • Zerbitzuak: ikasleei eroso egoteko aukera emango dieten guztiak eduki behar lituzke: garbitegia, erizaindegia, kafetegia-taberna, kirolguneak, ikasgela handi eta argitsuak (ordenagailu eta guzti), wifi sarea, liburutegi ongi hornitua, aisialdirako guneak edo atsedenlekuak (egongelak, telebista ikusteko edo kanpoko bisitak hartzeko), fotokopia zerbitzua, posta eta fax zerbitzua, aparkalekua (autoentzat, motorrentzat, bizikletentzat), lorategiak, garraio zerbitzua (campusera joateko, erdigunera, hiri garraioak hartzeko geltoki nagusietara edo, bestela, egoitzatik hurbil dauden geltokietara). Gainera, ezinbestekoa da logelak eta guztiek erabili beharreko guneak txukun egotea eta ongi argiztatuta.
  • Segurtasuna: larrialdi bati egoki erantzuteko neurri guztiak eduki behar lituzke, eguneko 24 orduetan: zaindariak edo kamerak sarbideetan, larrialdiko argiak logela eta areto guztietan, larrialdiko irteerak, su itzalgailuak, su/ke detektatzaileak, suteetarako ur harguneak, alarma, hodi malguak…
  • Irispideak: egoitzetako arduradunek kontuan eduki behar dute ikasle ezinduek ere har dezaketela ostatu, eta horien beharrizanak ere aintzat hartu behar dituzte. Egokiena litzateke ikasle horiek inolako arazorik gabe iritsi ahal izatea egoitzako sarbideetara, eta lasai eta eroso ibili ahal izatea egoitza barrenean. Horrez gain, logelek egokituta egon behar lukete, eta berdin bainugelek, guztientzat diren aretoek eta aparkalekuek, eurek ere erabili ahal izateko.

Segurtasun neurriak: egokiak dira, baina hobetu daitezke eta konparaketako taula

Ikasle egoitzen eta unibertsitate egoitzen % 86k badute alarma sistemaren bat -logeletan, % 60koa da portzentaje hori-, baina badira halakorik ez dutenak ere (Bartzelonan, Kordoban, Granadan, Madrilen, Malagan, Oviedon, Salamancan, Santiagon eta Sevillan gertatzen da hori, dozena bat egoitzatan). Egoitzarik gehienek badituzte su itzalgailuak eta larrialdiko argiak eta irteerak, baina irteera horien % 60tan, ordea, seinaleak ez daude behar bezala jarrita. Eta beste gabezia bat ere badute egoitzek: % 22k soilik egin dute azken urtean larrialdi itxura bat, egoitza nola hustu behar den oroitarazteko.

Arauak eta onarpen bideak: bakoitzak bereak ditu

Egoitza guztiek izaten dituzte arauak, eta horien bidez zehazten da egoitzako zerbitzu eta aretoak nola erabili behar diren, eta bizikidetza betebeharrak zein diren, bai ikasleen artekoak, eta bai ikasleen eta langileen artekoak ere. Erretzea, adibidez, debekatua dago Murtzian aztertu ditugun hiru egoitzetan, eta Santiagon eta Valentzian bisitatu ditugun gehienetan ere bai.

Sarbideetako kontrola, Iruñean da zorrotzena, eta han aztertu ditugun lau egoitzetan, ostatu hartuta dauden ikasleak soilik sar daitezke; egoitzatik kanpokoek galarazia dute. Lau egoitza horietatik bitan, gainera, ikasleek nahitaez parte hartu behar dute egoitzan bertan antolatzen dizkieten jardueretan (berdintsu gertatzen da Malagan aztertu ditugun lau egoitzetatik hirutan ere). Salamancan bisitatu ditugun egoitzen erdietan, zaindariek idatzita uzten dute ikasleak noiz irteten eta sartzen diren.

Diziplina arazo bat sortzen denean, ikasleekin hitz eginez konpondu nahi izaten dute egoitza gehienetan, gurasoak jakinaren gainean jarri gabe. Bestela jokatzen duenik ere bada, ordea: Alacanten, Iruñean eta Bartzelonan dauden egoitza askok gurasoei jakinarazi ohi diete euren seme-alabak nola dabiltzan egoitzan, edo nola doakien unibertsitatean.

Ikasleak egoitzan onartzeko bideei dagokienez, denetarik aurkitu dute gure teknikariek. Batzuetan, irizpide oso zehatzak jartzen dituzte ikasleak onartzeko: adibidez, unibertsitate jakin batean egitea matrikula, edo eskola dosier on-ona edukitzea. Horixe gertatzen da Kordobako, Madrilgo, Salamancako eta Zaragozako egoitzarik gehienetan, eta Oviedokoetan ere bai (egoitza batzuk BAME edo BABE ikasten ari direnentzat dira). Ikasleak batxilergoan eta selektibitatean atera dituen notei garrantzi gehien ematen dieten egoitzak Zaragozan eta Madrilen aurkitu ditugu.

Iruñeko egoitza guztietan eta Bartzelonako, Salamancako eta Valladolideko gehienetan, aintzat hartzen dute ikasleekin izaten duten elkarrizketa ere, eta Malagan, gainera, garrantzi berezia ematen diote familia bakoitzak irabazten duenari. Guztiz bestela jokatzen dute Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Alacanten: ez daukate era horretako baldintzarik.