Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Adinekoei zuzendutako finantza produktuak : "Zatozte, zatozte denak..."

Erretiratu eta pentsiodunek ez dute joerarik izaten aurrezkiak mugitzeko, eta bankua ere beti-betikoa nahi izaten dute; bezero fidelak dira, eta bereziki haiei zuzendutako produktuak eskaintzen hasi dira banku eta kutxak

Alderantzizko hipotekak

Espainian 7,5 milioi dira erretiratuak, eta bezeroak lortzeko borroka zailean, irria ahoan egiten diete abegi finantza erakundeetan. Ederki aldatu dira gauzak azken 15 urteetan. Garai batean, dotorezia handiarekin, etorritako bidetik joateko gonbita egiten zieten, “beste egunen batean etorriko beharko duzu”, edo “zure adinarekin, ezin dizugu mailegurik eman, sentitzen dut”… Egun, ordea, ateak zabal-zabal jarri dizkiete, eta dotoreziarik galdu gabe orain ere, berehalako batean gertu jartzen dira pentsiodunei mailegu bat emateko. Adin talde horretako kideek, izan ere, gero eta gehiago behar dituzte halakoak; etxeko lanak egiteko laguntza behar izaten dute askok, edo norbaitek zaindu behar ditu, eta familiako kideek ezin dutenean edo gizarte zerbitzuek erantzuten ez dietenean, beste norbaiti ordaindu behar diote; seme-alabei letrak ordaintzen laguntzeko ere erabiltzen ditu zenbaitek, edo bidaiatuz gozatzeko, beti dirua gastatzeko beldurrez egon gabe. Urteak joan ahala, eta krisi ekonomikoak etorri ahala, finantza erakundeek gero eta gutxiago begiratzen diote bezeroen adinari maileguak emateko orduan.

Gauzak irauli direlako edo, produktu berezi-berezi bat nabarmendu da azken urteotan beste guztien gainetik. Alderantzizko hipotekaz ari gara. Baina krisia beti da krisi, eta etxebizitzen prezioak behera egin duenetik, produktu horrek indarra galdu du (etxeek gutxiago balio badute, jabeek ondasun gutxiago izango dute…). Etxe baten jabe diren herritarrei zuzenduta dago hipoteka hori, 65 urtetik gorakoei, noski, eta Espainian % 92 hala dira 7,5 milioi horietatik. Alderantzizko hipoteka batekin, etxeak balio duenaren % 80ei hipotekatzen du jabeak, bizirik iraungo duen urteetarako gehienez ere (batez beste, zer bizi itxaropen dagokion hartzen da kontuan). Lortuko duen errentari maileguaren interesak kendu behar zaizkio, eta bizi den arte, hilero diru sari bat jasoko du mailegu hartzaileak. Etxearen jabeak han bizitzen jarrai dezake nahi izanez gero -horixe du abantaila-, hipoteka mota honekin ez baitu galtzen ez jabegoa, ez erabiltzeko eskubidea.

Eta etxean bizi nahi ez badute, adinekoen egoitza batera joateko erabil dezakete maileguan hartzen duten dirua, etxearen jabe izateari uko egin beharrik gabe. Alderantzizko hipoteka hauek, ordea, aski garestiak dira, interes handia izaten baitute, eta gastuak ere ez gutxi. Komisioak ordaindu behar dira, notaritzako gastuak, etxearen prezioa finkatzea ere dirua da, eta ezin da ahaztu bizisariagatik ordaindu beharreko asegurua. Lehen beste gastu bat ere bazuen bezeroak, Lege Egintza Dokumentatuen Zerga hain zuzen, etxebizitza eskualdatzeagatik ordaintzen zena, baina orain, Hipoteka Merkatua Arautzeko Lege berria indarrean sartu denetik, horri, behintzat, ez diote aurre egin behar (2007ko abenduaren 7koa da lege hori). Ondorioz, dezente gutxitu dira notaritza eta erregistro gastuak hipoteka horiek egin nahi dituztenentzat, nahiz eta asko samar ordaindu behar izaten duten orain ere.

Mailegu pertsonalak

Mailegu pertsonaletan ere gero eta handiagoa da eskaintza, baina guztiek ere nahiko laburrak dituzte kitatze-epeak, adina ere halakoxea baitute eskatzaileek. Bancajak, adibidez, Pentsio Mailegua eskaintzen du; 7 urtean itzultzeko aukera ematen du, baldin eta maileguaren iraupena eta eskatzailearen adina, biak batuta, ez badira 75 urtetik gora joaten. Caja Madriden Senior Kredituak 6.000 euro arteko kreditua eskaintzen du, 3 urtean itzultzeko. Erakunde horrek berak kontsumo mailegu bat ere eskaintzen die bezeroei, interesik gabea eta 1.000 eurotik 10.000 euro bitartekoa, baina 6 hilabetean itzultzekotan, gehienez ere

La Caixaren Izar Klubaren Maileguak ere ez du interesik kentzen, eta lau urteko epea ematen du dirua itzultzeko. Unicajak, berriz, % 7,45eko interes finkoa jarri dio Sei Klubaren Kredituari, eta % 0,5eko komisioa ordaindu beharra dago mailegua egiteagatik. 30.000 euro eska daitezke gehienez ere, eta bost urte ematen dituzte dirua itzultzeko. Guk aztertu ditugun guztietatik, Kutxaren Urrezko Maileguak eskaintzen du dirua itzultzeko eperik luzeena (10 urtekoa). Euskadiko Kutxan Super55 Libreta daukatenek etxea berritu eta konpontzeko mailegua eska dezakete (CrediHogar Super 55), eta 3.000 eurotik hasi eta 20.000 euroraino emango dizkiete, eta etxeko asegurua erakunde berean egiten badute, % 30 merkeago irtengo zaie lehen urtean.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak