Adinekoei zuzendutako finantza produktuak

"Zatozte, zatozte denak..."

Erretiratu eta pentsiodunek ez dute joerarik izaten aurrezkiak mugitzeko, eta bankua ere beti-betikoa nahi izaten dute; bezero fidelak dira, eta bereziki haiei zuzendutako produktuak eskaintzen hasi dira banku eta kutxak
1 urria de 2008

"Zatozte, zatozte denak..."

/imgs/20081001/informe1.jpgFinantza erakunde asko larri dabiltza ezarri zituzten helburu ekonomikoak iristeko. Krisi garaian gaude, eta krisiak bezeroei eragiten dien neurrian, bankuek ere sumatzen dituzte ondorioak: ordainagiriak ordaindu gabe geratzen dira, etxebizitzak bahimenduan hartu behar dituzte eta zordunak gero eta gehiago dira. Orain arte erabili dituzten estrategiak berraztertu beharra izan dute gehienek, eta jomuga berriak bilatu behar izan dituzte euren negozioarentzat, eta bai aurkitu ere! 60 urtetik gorakoei begira jarri dira orain. Adin talde horretako pertsonek ez dute diru sarrera handirik izaten, oro har, baina aurreztu zaleak dira oso -Espainian, % 47k diote diruaren zati bat etorkizuneko beharretarako gordetzen dutela-, eta, beraz, talde erakargarria da banku eta kutxentzat. Ez dute hipotekarik ordaindu beharrik, dirua badute aurreztuta eta fidelak dira. Zer gehiago nahi dute bankuek? Segur aski, eskatzen hasita, adin tarte horretan jende asko egotea nahiko dute… Bada, a zer pagotxa!: mende honen lehen laurdenean, biztanleen % 43 egongo dira Espainian erretiroa hartzeko adinean, beste inon baino gehiago.

Bankuak eta kutxak hasita daude erretiratuentzako produktu bereziak eskaintzen. Izenak ere propio jarriak dituzte, gainera: 60koen Kluba, Pentsio Zirkulua, Urrezko Adinaren Kluba edo Vital Jendea. Guzti-guztiek bilatzen dute gauza bera, adinekoek euren diru saria han helbideratu dezatela, eta, ordainetan, hainbat eta hainbat gauza eskaintzen dizkiete: dirua aurretiaz jasotzeko aukera, doako txartelak edo maileguak, opariz ongi hornituta betiere (mahai tresneria, ontziteria, argazki edo bideo kamerak, bidaiak, ikuskizunetarako sarrerak, eta abar). Finantza erakundeek aski ongi dakite zeri ematen dioten balio gehien pentsiodun eta erretiratuek, eta horixe eskaintzen diete; alegia, hurbiltasuna, goxotasuna, soiltasuna eta erosotasuna.

Erakunde asko sartu dira lehia horretan, bankuak, aseguru etxeak, bitartekaritza espresak eta aurrezki kutxak, baina guztiek ez dute lortu etekin bera. TNS Finance erakundeak eman dituen datuen arabera, aurrezki kutxek erakarri dituzte adineko bezero gehien. Ia denak, egia esan. Adineko pertsonen % 85ekin lan egiten dute, eta % 70entzat, kutxak dira lehentasunezko erakunde. ‘On-line’ eta telefono bidez jarduten duten bankuak ere sartu dira adin multzo horretako bezeroen tartera, eta % 4ri zerbitzua ematen ari dira egun. Erakunde horrek berak emandako datuek diotenez, La Caixa eta BBVA ari dira gehien erretiratu eta pentsiodunekin (% 19k jotzen dute batera eta bestera). Santanderrek adinekoen % 14 bereganatu ditu, Caja Madridek % 11 eta Caja Rural-ek % 10.

Helburua: bezeroak atxikitzea

Merkatua etengabe mugitzen ari da, eta pizgarriak eskaini beharra dago jendearen arreta erakartzeko. Opariak egitea aukera ona izaten da bezeroak atxikitzeko, bidaia merkeagoak eskaintzea, edo aseguruak gehitzea kontu pentsio baten edo finantza txartel baten jabe egiteagatik. Baina ohiturak aldatzen ari dira, eta hori ere kontuan hartu beharko dute finantza erakundeek. Mende berriko erretiratuek euren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, baina seguru eta eroso, eta hainbeste nekerekin aurreztu duten dirua gastatu nahi dute eta bidaiak eginez gozatu. Erretiroari buruzko Nazioarteko IV. Ikerketak erakusten du -Axa taldeak egina da- erretiratuen % 79k gozatzeko erabili asmo dutela erretirorako aurreztu duten dirua (Espainiako datua da hori, eta beste lekuetakoa baino handiago da ehunekoa). Deutsche Bank erakundeak, berriz, Erretiroko Bizimodu eta Beharrak izeneko ikerketa egin du, eta lan horrek honela irudikatzen ditu erretiratuak: urtean 1.058 euro gastatzen dituzte bidaietan, 526 euro osasunean eta edergintzan, eta 383 euro zaletasunetan eta bestelako jardueratan.

Kontu pertsonalizatuak

Adineko pertsonei zuzendutako produktu bereziek izen bitxi eta deigarriak izaten dituzte, baina, azpi-azpian, betiko formula eduki ohi dute dirua aurrezteko: aurrezki libreta edo liburuxka.

Vital Kutxan, erretiro saria han helbideratuta duten 55 urtetik gorako bezeroek Vital Jendea kluba osatzen dute, eta bestelako abantailen artean, honako hau ere badute, adibidez: hilaren 25ean eskura izan dezakete Gizarte Segurantzatik datorkien saria (hilaren lehenean jaso ohi dute). Horrez gain, ez diete inolako komisiorik kentzen aurrezki libreta han edukitzeagatik eta harekin egiten dituzten eragiketengatik. La Caixa erakundeko Izar Klubeko kideek ere antzeko abantailak dituzte.

Banco Sabadell Atlánticoren BS Senior-ek mailegu eskaintza berezia egiten die bezeroei (erretiro saria halako hamar ematen die, lehentasunezko baldintzetan), eta gehiago ere bai: istripu asegurua doan (6.000 euroko kapitala bermatzen diete istripuz hilez gero) eta etxea babesteko asegurua % 10 merkeago lehen urtean. Unicajak, Sei Klubaren bitartez, aukera ematen die bezeroei urtean hirutan diru saria aurreratuta jaso ahal izateko, eta hiru hilabeteko epean itzuli ahal izateko, interesik gabe (ordea, % 1eko komisioa kentzen diete kontua irekitzeagatik). Klub horretako kideek, gainera, Handituz doan Gordailua kontrata dezakete 6.000 eurotik aurrera, eta % 4,25eko interesa emango die lehen urtean, % 4,5ekoa bigarrenean eta % 5ekoa hirugarrenean. Euskadiko Kutxaren Super 55 Libretak, berriz, aurrezki libreta baten ezaugarriak ditu: lansaria helbideratu daiteke, erretiro sariak, ordainagiria; kobratzeko eta ordaintzeko balio du; dirua eskura ematen du… baina komisiorik gabe.

Caja Madriden Pentsio Zerbitzua izenekoak hiru hilabetetako sariaren % 75 aurreratzen die bezeroei (1.500 euro gehienez), baldin eta saria lortu ahal izateko urratsak egiten ari bada; ez du komisiorik kentzen, eta lau hilabeteko epea ematen du kitatzeko. Gainera, Senior Kreditua eskatzeko aukera ematen du (sei hilabeteri dagokien kopurua hartzen du, baina 6.000 euro gehienez ere). Ibercajan ere aurreratzen dute erretiro saria, baina ez osorik, zati bat baizik (450,76 euro gehienez, eta lehen saria bada, 300 euro).

Txartelak... sari eta guzti?

Kontujabe pentsiodunentzat eskaintzen dituzten txartelek ez dute ezer berezirik, gainerako bezeroek izaten dituztenen gisakoak dira, eta dirua ateratzeko balio dute, kutxa automatikoetan eragiketak egiteko edo saltokietan ordaintzeko. Batzu-batzuek izaten dute abantailatxo bat: komisiorik gabeak izaten dira, baina lehen urtean soilik. Eta, gainera, urtean kopuru jakin bat fakturatuz gero baino ez (300 eta 400 euro artean, hain zuzen). La Caixaren Izar Klubaren txartelak, adibidez, baldintza hori ezartzen du zerbitzuak doan jaso nahi dituenarentzat; alegia, urtean, gutxienez, 300 euro gastatzea. Bancaja Erosketak txartelarekin, berriz, 12 aldiz erabili behar da erosketak ordaintzeko, baldin eta urteko kuota ordaintzetik libre geratu nahi bada. Eta Banco Polpular erakundean ere baldintzak jartzen dizkiete adineko bezeroei 4B Master Card txartela doan berritu ahal izateko: erretiro saria eta hiru ordainagiri helbideratu behar dituzte bancopopular-e.com gunean.

Oinarrizko zerbitzu horiek baino gehiago eskaintzen dituzten txartelak ere badira. La Caixaren Izar Klubaren txartelak, Ibercajaren Visa Electrón delakoak eta Caja Círculoren 60koen Klubaren txartelak+ RENFEren Urrezkoak, adibidez, kreditu txartel baten ohiko zerbitzuez gain, % 40ko deskontua ematen dute tren txarteletan. Beste txartel batzuekin ere izaten dira deskontuak, bidaiak egiteko eta egonaldiak terma-bainuetxeetan. Halakoak eskaintzen dituzte BBKren Mastercard bbk55 txartelak, Kutxaren Urrezko Txartelak eta Vital Kutxaren TeleCaja Vital Jendea txartelak.

Kutxaren Urrezko Zerbitzuak, gainera, etxean laguntza jasotzeko telefono zerbitzua eskaintzen die bezeroei, eta ezbeharren bat gertatuz gero, hara deitu eta lagunduko dieten profesionalekin harremanetan jartzen dituzte. Nahikoa dute botoi bati sakatzea, urte guztian izango dute eskura zerbitzua, egunez eta gauez. Euskadiko Kutxaren Super 55 Libreta dutenek, berriz, doan jaso dezakete lege laguntza, eta etxean matxuraren bat gertatuz gero ere, doan bidaltzen diete hura konponduko dien profesionala. Horrez gain, lan jakin batzuetan, iturginak, elektrikariak edo sarrailagileak ez die kobratuko lehen hiru orduetan egindako eskulana.

Alderantzizko hipotekak

Espainian 7,5 milioi dira erretiratuak, eta bezeroak lortzeko borroka zailean, irria ahoan egiten diete abegi finantza erakundeetan. Ederki aldatu dira gauzak azken 15 urteetan. Garai batean, dotorezia handiarekin, etorritako bidetik joateko gonbita egiten zieten, “beste egunen batean etorriko beharko duzu”, edo “zure adinarekin, ezin dizugu mailegurik eman, sentitzen dut”… Egun, ordea, ateak zabal-zabal jarri dizkiete, eta dotoreziarik galdu gabe orain ere, berehalako batean gertu jartzen dira pentsiodunei mailegu bat emateko. Adin talde horretako kideek, izan ere, gero eta gehiago behar dituzte halakoak; etxeko lanak egiteko laguntza behar izaten dute askok, edo norbaitek zaindu behar ditu, eta familiako kideek ezin dutenean edo gizarte zerbitzuek erantzuten ez dietenean, beste norbaiti ordaindu behar diote; seme-alabei letrak ordaintzen laguntzeko ere erabiltzen ditu zenbaitek, edo bidaiatuz gozatzeko, beti dirua gastatzeko beldurrez egon gabe. Urteak joan ahala, eta krisi ekonomikoak etorri ahala, finantza erakundeek gero eta gutxiago begiratzen diote bezeroen adinari maileguak emateko orduan.

Gauzak irauli direlako edo, produktu berezi-berezi bat nabarmendu da azken urteotan beste guztien gainetik. Alderantzizko hipotekaz ari gara. Baina krisia beti da krisi, eta etxebizitzen prezioak behera egin duenetik, produktu horrek indarra galdu du (etxeek gutxiago balio badute, jabeek ondasun gutxiago izango dute…). Etxe baten jabe diren herritarrei zuzenduta dago hipoteka hori, 65 urtetik gorakoei, noski, eta Espainian % 92 hala dira 7,5 milioi horietatik. Alderantzizko hipoteka batekin, etxeak balio duenaren % 80ei hipotekatzen du jabeak, bizirik iraungo duen urteetarako gehienez ere (batez beste, zer bizi itxaropen dagokion hartzen da kontuan). Lortuko duen errentari maileguaren interesak kendu behar zaizkio, eta bizi den arte, hilero diru sari bat jasoko du mailegu hartzaileak. Etxearen jabeak han bizitzen jarrai dezake nahi izanez gero -horixe du abantaila-, hipoteka mota honekin ez baitu galtzen ez jabegoa, ez erabiltzeko eskubidea.

Eta etxean bizi nahi ez badute, adinekoen egoitza batera joateko erabil dezakete maileguan hartzen duten dirua, etxearen jabe izateari uko egin beharrik gabe. Alderantzizko hipoteka hauek, ordea, aski garestiak dira, interes handia izaten baitute, eta gastuak ere ez gutxi. Komisioak ordaindu behar dira, notaritzako gastuak, etxearen prezioa finkatzea ere dirua da, eta ezin da ahaztu bizisariagatik ordaindu beharreko asegurua. Lehen beste gastu bat ere bazuen bezeroak, Lege Egintza Dokumentatuen Zerga hain zuzen, etxebizitza eskualdatzeagatik ordaintzen zena, baina orain, Hipoteka Merkatua Arautzeko Lege berria indarrean sartu denetik, horri, behintzat, ez diote aurre egin behar (2007ko abenduaren 7koa da lege hori). Ondorioz, dezente gutxitu dira notaritza eta erregistro gastuak hipoteka horiek egin nahi dituztenentzat, nahiz eta asko samar ordaindu behar izaten duten orain ere.

Mailegu pertsonalak

Mailegu pertsonaletan ere gero eta handiagoa da eskaintza, baina guztiek ere nahiko laburrak dituzte kitatze-epeak, adina ere halakoxea baitute eskatzaileek. Bancajak, adibidez, Pentsio Mailegua eskaintzen du; 7 urtean itzultzeko aukera ematen du, baldin eta maileguaren iraupena eta eskatzailearen adina, biak batuta, ez badira 75 urtetik gora joaten. Caja Madriden Senior Kredituak 6.000 euro arteko kreditua eskaintzen du, 3 urtean itzultzeko. Erakunde horrek berak kontsumo mailegu bat ere eskaintzen die bezeroei, interesik gabea eta 1.000 eurotik 10.000 euro bitartekoa, baina 6 hilabetean itzultzekotan, gehienez ere

La Caixaren Izar Klubaren Maileguak ere ez du interesik kentzen, eta lau urteko epea ematen du dirua itzultzeko. Unicajak, berriz, % 7,45eko interes finkoa jarri dio Sei Klubaren Kredituari, eta % 0,5eko komisioa ordaindu beharra dago mailegua egiteagatik. 30.000 euro eska daitezke gehienez ere, eta bost urte ematen dituzte dirua itzultzeko. Guk aztertu ditugun guztietatik, Kutxaren Urrezko Maileguak eskaintzen du dirua itzultzeko eperik luzeena (10 urtekoa). Euskadiko Kutxan Super55 Libreta daukatenek etxea berritu eta konpontzeko mailegua eska dezakete (CrediHogar Super 55), eta 3.000 eurotik hasi eta 20.000 euroraino emango dizkiete, eta etxeko asegurua erakunde berean egiten badute, % 30 merkeago irtengo zaie lehen urtean.