Hogeita hamar kaletako garbitasuna aztertu dugu Estatuko hamar hiritan

Zaborrak lurrean botata eta hiri-altzariak zikinduta egon dira aztertu ditugun lau kaletatik batean

A Coruñakoak, Bilbokoa eta Sevillakoak izan dira guztiak, eta hondakinik ohikoenak zigarrokinak, paperak eta plastikoak izan dira
1 iraila de 2013
Img tema de portada listado

Zaborrak lurrean botata eta hiri-altzariak zikinduta egon dira aztertu ditugun lau kaletatik batean

Zer izango ote litzateke zaborrez betetako hiri bat? Era guztietako hondakinak han eta hemen barreiatuak, kale batean bai eta hurrengoan ere bai. Anabasaren eta kolapsoaren irudia izango litzateke, eta horretara iritsiko ginateke kaleak garbitzeko eta zaborrak biltzeko sistema antolatu bat edukiko ez bagenu.

Herritar bakoitzak 500 kilogramo zabor baino gehiago sortzen ditu urtean, eta hori guztia ez daiteke alfonbraren azpian ezkutatu. Hori dela eta, garbitasuna bene-benetako beharrizana da hirietan, ezinbesteko alderdia higienea eta ingurumena zaintzeko, baita hirien itxura eta estetika ere.

Hirietako kaleak garbi egoten diren edo ez jakiteko, EROSKI CONSUMER 10 hiri hauetan izan da: A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Logroño, Madril, Sevilla eta Valentzia. Azterketa hori egiteko, aldizkariko teknikariak astebetez izan dira hiri horietan ekainean eta uztailean, eta hiri bakoitzean hiru kale aztertu dituzte: erdiguneko bat, zabalguneko bat (erdigunearen eta periferiaren artean) eta kanpoaldeko auzoetako beste bat.

Guztira, 180 bisita egin dituzte hiri horietako kaleen datuak biltzeko. Asteko hiru egun bereizi dituzte, astelehena, osteguna eta larunbata, eta goizez eta arratsaldez, arreta osoz aztertu dute kale bakoitza.

Kaleak ausaz hautatu dituzte, baina ezaugarri jakin batzuk kontuan hartuta. Erdigunekoak, adibidez, oinezkoen kaleak izan dira, saltokiak dituztenak; zabalgunekoak eta kanpoko auzoetakoak, berriz, bizitegi-guneak izan dira, eta ibilgailuei irekita daudenak.

Zikinkeria: A Coruña, Bilbo eta Sevilla

Aztertu dugun kale bakar batean ere ez da izan gehiegizko zikinkeriarik, jendeari pasabidea galarazterainokorik. Hala ere, teknikariek ikusi dute zaborra lurrean botata, edukiontzien kanpoaldean utzita, zikinkeria eta pintaketak hiri-altzarietan eta gizabidezkoak ez diren jokabideak. Ez kale guztietan, baina bai lautik batean. Honako hauetan, hain zuzen: erdiguneko batean Sevillan (Tetuán kalea); zabalguneko batean A Coruñan (Rúa Juan Flórez), beste batean Bilbon (Autonomia kalea) eta beste batean Sevillan (Arro kalea); eta kanpoko auzoetako beste hirutan hiri horietan beretan: Sanjurjo Jeneralaren Kalean A Coruñan, Frai Juan kalean Bilbon eta Emilio Lemos etorbidean Sevillan.

Gainerako kale guztiak garbiago egon dira teknikariek aztertu dituzten aste horretan (%43 garbi eta %33 oso garbi), baina ohartu dira zikinkeria gehixeago izan dela ostegunetan (goizetan, bisita bakoitzean, batez beste, zikin egon dira sei kale, eta arratsaldez, zazpi), bereziki zabalguneko kaleetan (batez beste, hiru kaletan antzeman dute zikinkeria, eta erdigunean eta kanpoaldean, bitan).

Une orotan garbi: Madrilgo bi kale

Oso kale gutxi egon dira erabat garbi aste osoan. Bi baino ez, eta biak ere Madrilen: Velazquez kalea (zabalgunean) eta Fermin Caballero kalea (kanpoaldean). Ohikoagoa izan da egun bakarrean inolako zaborrik ez ikustea zenbait kaletan, ez, hala ere, erabat arrunta: aztertu diren hogeita hamar kaleetatik bostean baino ez da gertatu. Astelehenean eta ostegunean halaxe egon da Donostiako Aralar kalea eta Madre de Dios kalea Logroñon, biak ere kanpoaldekoak. Baita Iruñeko Estafeta kalea eta Logroñoko Portales kalea ere ostegunean (erdigunekoak dira biak). Azken hori larunbatean ere garbi egon da erabat, eta berdin Urbieta kalea ere Donostian.

Zaborrak lurrean botata: zigarrokinak, paperak, plastikoa

Kale batzuetan garbitasuna erabatekoa izan den bezala, teknikariek ikusi dituzte lurrean hondakinak eduki dituztenak ere. Bisita bakoitzean, zaborra lurrean botata agertu da lau kaletatik hirutan. Erdiguneko kaleetan gertatu da hori gehienbat, eta, batez ere, larunbat goizean eta astelehen arratsaldean egindako bisitetan. Honako hiri hauetan, esaterako, teknikariek zaborra ikusi dute aztertu dituzten kale guztietan: A Coruña, Bilbo, Gasteiz, Sevilla eta Valentzia.

Hondakin ez-organikoak aurkitzea izan da ohikoena (zigarrokinak, paperak, plastiko solteak, bilgarriak…), hau da, materia bizigabeak, usain gabeak eta itxuraz azkar usteltzen ez direnak. Kaleen %90etan aurkitu dituzte halakoak azterketa egin duten une bakoitzean. Lurrari itsatsitako hondakinak ere maiz ikusi dituzte: batez beste, aztertu dituzten hiru kaletatik bitan.

Azkenik, bakanago agertu izan dira beste hondakin batzuk: zuhaitzen, landareen eta loreen hostoak eta/edo adarrak, hondakin likidoak eta animalien gorozkiak (hirutik batean, hurrenez hurren) eta hondakin organikoak (bostetik batean).

Kale motari erreparatuz, hondakin ez-organikoak sarriago agertu dira zabalguneko eta kanpoaldeko kaleetan, eta animalien gorozkiak ere bai. Erdigunean, berriz, gehiago izan dira zoruari itsatsitakoak eta hondakin likidoak (gehienean, txakurren gernua).

Noizbehinkakoak edo ohikoak?

Zehazte aldera, hondakin ez-organikoen artean, paperak, zigarrokinak, plastikoak eta ontziak aurkitzea izan da ohikoena. Zoruari itsatsitakoen artean, berriz, txikleak izan dira gehienak, baina pintura ere ikusi dute teknikariek, baita zementua, zenbait koipe eta okak ere. Likidoen artean edari-hondarrak ere izan dira, baina, gehienbat, txakurren gernua. Eta organikoetan, ekilore-hazien azalak eta bestelako janari batzuen hondarrak (frutena edo barazkiena) aurkitu dituzte gehien. Oro har, zabor txikien multzoak izan dira.

Baina kontua ez da zer ikusten den soilik; kale berean zenbat aldiz ikusten den ere hartu behar da aintzat. Teknikariek egindako bisitetan maizen agertu diren hondakinak zoruari itsatsita egon direnak eta likidoak izan dira: kale guztian zehar aurkitu dituzte halakoak.

Bestalde, hondakin ez-organikoak, zuhaitzen hosto-adarrak eta animalien gorozkiak 2 eta 5 aldiz artean aurkitu dituzte teknikariek azterketa egin duten une bakoitzean. Maiztasun txikienarekin agertu den zaborra organikoa izan da: noizean behin soilik ikusi dute zabor mota hori teknikariek, behin baino ez kale bakoitzean.

Paperontzi zikinak eta inguruan zaborra daukaten edukiontziak

Paperontziak eta edukiontziak txukun egotea funtsezkoa da hondakinak modu eraginkorrean biltzeko. Ezinbestekoa da herritarrek behar bezala erabil ditzatela. Zenbaitetan, ordea, paperontziek garbitu on baten premia eduki dute (bisita bakoitzean, batez beste, aztertutako kaleen %30etan gertatu da hori), eta edukiontzien kanpoan zaborra egon da pilatuta (bisita bakoitzean, aztertu diren kaleen %38tan izan da hala).

Bi egoera horiek kanpoaldeko kaleetan gertatu dira gehienbat. Baina ez maiztasun berarekin: paperontzi zikinak kale guztian egon dira, eta inguruan zaborra duten edukiontziak bakanago ikusi dituzte teknikariek.

Gainerakoan, aztertutako kaleen %13tan soilik ikusi dituzte paperontziak zaborrez gainezka, eta %10ean baino ez dira egon zaborrak kanpoan eta paperontzia bera hondatuta. Bestalde, aztertutako kaleen %13tan zikin egon dira edukiontziak eta %9tan zaborrez gainezka, gainaldetik ere kanpora ateratzen zela.

Seinaleak zikin eta eraikinak pintaketekin

Kale bakoitzean teknikariek egin dituzten 6 bisitetan, beste gabezia batzuk ere antzeman dituzte hiri-altzarietan: bereziki, zikinkeria eta pintaketak. Zikinkeriak, nagusiki, seinaleei eta zuhaitz-txorkoei eragin die (zuhaitzak lurrean sartzen diren eremuak): lau kaletatik batean ikusi dituzte bisita bakoitzean. Pintaketak, berriz, aztertu dituzten kaleetako eraikinen eta fatxaden ia erdietan.

Kale mota aintzat hartuta, zabalguneko eta kanpoaldeko kaleetan izan da ohikoena zuhaitz-txorkoetako eta seinaleetako zikinkeria, eta eraikinetako edo fatxadetako pintaketak, berriz, maizago ikusi dituzte (bost kaletatik hirutan bisita bakoitzean) kanpoaldeko kaleetan.

Azkenik, aukeratu dituzten 30 kaleetara egindako bisita bakar batean ere ez dute sumatu hautsa harrotuta zegoenik. Are gehiago, usain txarrik ere ia ez dute antzeman (hiru alditan baino ez, eta hiruretan kanpoaldean). Zehazki, astelehen arratsaldean Aralar kalean, Donostian, itsasbeheraren eraginez, ostegun goizean Gaspar Aguilar etorbidean, Valentzian (txakurren gernuagatik), eta larunbat arratsaldean Sanjujo Jeneralaren Kalean, A Coruñan (zabor organikoen edukiontzi batetik etorria).

Kontzientzia gehiago, zikinkeria gutxiago

Hirietako kaleak garbitzea eta hiri-hondakinak biltzea zerbitzu oinarrizko eta beharrezkoa da edozein herritarrentzat. Ez dira nolanahi egiteko lanak, eta kalitate maila batzuk zaindu ditzala eskatzen diete herritarrek administrazio publikoei. Baina eskatu ez ezik, herritarrek bete ere egin behar dituzte zenbait eginbehar. Tamalez, ordea, beti ez dituzte betetzen, eta oraindik ere ageri dira gizabidezkoak ez diren jokabideak. Kontzientzia eta heziketa kontua da, eta herritarrek aintzat hartu behar dituzte bi alderdi horiek. Gizabidezkoak ez diren jokabide gutxi ikusi dituzte teknikariek beren begiz, aztertu dituzten kaleen %8tan baino ez. Baina bistakoa da lurrean botata dauden hondakin gehienak herritarren jokabide desegokien ondorioz agertzen direla: adibidez, txakurren gorozkiak eta paperontzietatik eta edukiontzietatik kanpo dagoen zaborra. Teknikariek egindako azterketan, gizabidezkoak ez diren jokabide hauek antzeman dituzte: jendeak lurrera bota ditu zigarrokinak, paperak, ekilore-hazien azalak eta plastikozko poltsak, beste batek seinale bati eusten dion zutabearen ondoan utzi du zaborra eta beste batek tu egin du lurrera.

Zikinkeria gehien...

EROSKI CONSUMERek aztertu dituen kale guztien garbitasun-egoera ez da berdina izan egun guztietan eta bisita egin den une guztietan. Herritarren jokabideak aldatzen diren bezala, aldatu egiten da kaleen egoera ere. Kale bat ez liteke berdin egon astelehen goizean eta larunbat arratsaldean. Hona hemen zein kaletan eta zein egunetan antzeman duten teknikariek zikinkeria gehien hiri bakoitzean:

  • A Coruña: Rúa Juan Flórez, ostegun arratsaldea. Zigarrokinak, plastikoak, itsastxorien gorozkiak, txikleak eta txakurren gernua aurkitu dituzte. Gainera, kalean zeharreko paperontziak zikinak egon dira, eta horietako batek kanpoan eduki du zaborra. Zuhaitz-txorkoetan ere zikinkeria ikusi dute.
  • Bartzelona: Carrer de la Diputació, astelehen goiza. Botilak, paperak, hostoak eta animalia gorozkiak aurkitu ditu teknikariak. Era berean, norbaitek edukiontzi baten kanpoan utzia zuen zaborra.
  • Bilbo: Autonomia kalea, astelehen goiza. Harea, paperak, zigarrokinak, plastikoak, ontziak eta butano-bonbona bat ere ikus zitezkeen kalean. Horietaz gain, ekilore-hazien azalak, berdurak, pintura-orbanak, txikleak eta likido-orbanak ere (txakurren gernuaren gisakoa) egon dira zoruan. Eta paperontzi bat eta edukiontzi bat zaborrez gainezka. Jokabide desegoki bat ere antzeman dute: pertsona batek zigarrokina lurrera bota du.
  • Donostia: Loiola, San Martzial eta Arrasate kaleak, ostegun arratsaldea. Ekilore-hazien azalak, plastikoak eta paperak aurkitu dituzte lurrean eta zuhaitz-txorkoetan. Gainera, jokabide desegoki bat ere ikusi dute: pertsona batek plastikozko poltsa bat bota du lurrera.
  • Gasteiz: Iruña kalea, astelehen arratsaldea. Paperak, plastikoak eta bilgarriak egon dira zuhaitzen oinetan eta kalean zehar. Paperontzi bat zikina zegoen, jarleku batzuk hondatuta eta zaborra edukiontzien kanpoaldean utzita.
  • Iruñea: Estafeta kalea, astelehen goiza. Teknikariek hiru aldiz ikusi dituzte kartoizko kaxa ongi tolestuak saltokien kanpoan (kamioi batek bildu ditu gero). Pintaketak ere baziren fatxadetan.
  • Logroño: Jorge Vigón kalea, larunbat arratsaldea. Hondakin organikoak ikusi dituzte lurrean; zehatz esateko, fruta zapalduaren hondarrak espaloian. Horrez gain, kartoizko kaxak zeuden edukiontzi baten kanpoan utzita.
  • Madril: Fuencarral kalea, ostegun goiza. Zabor-poltsa bat aurkitu dute hondakin organikoz betea zegoen fatxada baten ondoan, eta txikle itsatsien orbanak kale guztian. Gainera, paperontzi baten kanpoan zaborra zegoen, eta eranskailuak edo pegatinak hainbat eta hainbat jarlekutan.
  • Sevilla: Emilio Lemos etorbidea, ostegun arratsaldea. Latak, kartoizko ontziak eta plastikoak zeuden lurrean, baita koipea, oka eta txiklea ere zoruari itsatsita. Tomate baten hondarrak eta gorozkiak ere aurkitu dituzte. Horretaz gain, jokabide desegoki bat ere ikusi du teknikariak: gizon batek paper bat bota du lurrera.
  • Valentzia: Micer Mascó kalea, ostegun arratsaldea. Arropa-hondarrak, zaborra, paperak, zigarrokinak, fruta-hondarrak eta animalien gorozkiak aurkitu ditu teknikariak kale horretan. Zuhaitz inguruak eta aparkalekuak ere zikinak egon dira, zaborrekin. Azkenik, edukiontzi baten gainaldean zaborra ageri zen.