Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Hiri hondakinen kudeaketa : Zaborrak: informazio gutxi eta tokian tokiko berariazko kudeaketa

Udal batzuek birziklatzen duten hondakinen proportzioa ez dakite (agian nahiago dute ez jakinaraztea), beste batzuek ez dute zerbitzua kobratzen; ekipamenduak biziki aldatzen dira, batetik bestera

Azpiegiturak

Hamazazpi hirietan, batez beste, 500 biztanleko beira-ontzi bat badago ere (horixe da 2006 urte amaierarako Arautegiak agintzen duen gutxienekoa), Iruñean ia bi dituzte (1,93) baina Bartzelona (0,73), Madril (0,77) eta Zaragozan (0,85) biziki urruti dabiltza arauak betearazten duen gutxienekotik. Desberdintasun hori paper-kartoiei dagokienez ere agertzen da berriro: azterlan honetako batez bestekoa 1,5 edukiontzi da bostehun biztanleko, baina Iruñean hiru baino gehiago dira; Bartzelonan (0,72), Zaragozan (0,79) eta Madrilen (0,80) ez dira inondik ere gutxieneko kopurura iristen. Eta horrelako zerbait gertatzen da ontziak jasotzeko edukiontzien kasuan ere: 500 bizilaguneko batez beste ia edukiontzi bat dagoelarik, A Coruñan 9 dauzkate (hondakin inorganikoak biltzen dituzten edukiontziak dira; bertan ontziak ere sartzen dira baina geroago bereizi egingo dira, birziklatzera eramateko), eta Bartzelona, Alacant, Valentzia, Gasteiz eta Málagan, 500 biztanleko beti ere, bat baino gutxiago daukate.

Garbigune edo eko-parkeei (hondakin mota zehatz batzuk botatzera izen horretako bilketa selektiboko instalazioetara joan daiteke hiritarra, berariazko udal-edukiontzia ez dagoenean) dagokiela, Valentzian ez dago bakar bat ere baina Bartzelonan 16 finko eta 4 mugikor daude: horrek azalduko luke hiriko kaleetan zergatik dauden edukiontzi gutxiago.

Nolanahi ere, hirietan biltzen den zaborretik zein proportzio birziklatzen da? Deigarrien gertatzen dena udalek datu hori ez edukitzea edo, bederen, jakinarazi nahi ez izatea da. Esate baterako, Alacant, Bartzelona, Kordoba, Granada, Logroño, Madril, Málaga, Sevilla eta Valladolideko udalek CONSUMER EROSKI-ri jakinarazi diotenez, guztira birziklatzen dituzten hondakinei buruzko daturik bat ere ez daukate. Azpimarratzekoa, era berean, hiriek birziklatzen omen dituzten beira, paper eta kartoi, ontzi eta pilen kopuruetan, toki batetik bestera hautematen den alde nabarmen-nabarmena. Donostian bildutako beiraren %58 birziklatzen da eta Valentzian %33 baizik ez. Antzeko aldeak gertatzen dira paper eta kartoiei (Iruñean, jasotakoaren %48 birziklatzen da eta Valentzian %20 bakarrik) eta ontziei dagokienez (bildutakoaren %38 Iruñean eta %10 Valentzian). Bestetik, birziklatzera eramaten diren baturiko pila kopuru zehatza Bilbok eta Iruñeak soilik dakite: %12 Bilbon eta %79 Iruñean. Gainerako hiriek ez dute datu hori ezagutzen edo ez dute ematen./imgs/20051101/basura.jpg

Tarifak

Aipatu bezala, bai tarifak kalkulatzeko irizpideetan, baita kontsumitzaileari kobratzen zaizkion diru-kopuruetan ere, alde handiak agertzen dira. Udalerri gehienetan tarifa urtean behin kobratzen da eta kopurua, oro har, aldatu egiten da (Donostia eta Oviedon izan ezik: hor 57 eta 60 euro kostatzen da zerbitzua beti). Gainerakoetan aldeak dezentekoak dira: Logroñon 17 eta 109 euro artean kostatzen da, Bilbon 36 eta 148 euro artean, Kordoban 36 eta 126 euro artean, A Coruña 52 eta 59 euro artean eta Alacanten 19 eta 47 euro artean. Salbuespenak Granada eta Sevilla dira: hilean kobratzen dute. Sevillan 1,79 eta 21,73 euro artean eta Granadan kopuru finko bat (6,1 eta 9,2 euro atean) gehi kopuru aldakorra (ur kontsumoaren araberakoa, bi hirietan ere).

Zabor-txartela kobratzeko maiz baliatzen den irizpidea kalearen kategoria fiskala den arren (horrelaxe egiten da A Coruña, Bilbo, Kordoba, Logroño eta Zaragozan) beste hainbat hiritan irizpide bat baino gehiago konbinatzen dira. Alacanten etxebizitzaren tamaina hartzen da aintzat; Granadan, kalearen kategoria fiskalaz gainera, ur kontsumoa ere kontuan hartzen dute. Harrigarria bada ere, Madril eta Málagan ez dago kontzeptu horretarako tasa finkorik, Sevillan kontsumituriko ur kopuruaren arabera bakarrik aldatzen da eta Bartzelonan, berriz, etxebizitza bakoitzean dauden ur-puntuen kopuruaren arabera. Valentzia eta Valladoliden IBI-n sartzen da eta Iruñean etxebizitzaren balio katastralaren arabera aldatzen da (hiri horretako batez bestekoa 56 euro da, urtean).

Nola osatzen da zabor poltsa?

/imgs/20051101/gente.jpg Osagai nagusia materia organikoa da (edukiaren %40 edo %50 janari hondakinak eta lorategietako zaramak dira), hurrena paper eta kartoia dator (%20 – % 25), ontziak ondoren (%15 – %20 metal zein plastikozko ontziak, tetra-brick, eta antzekoak dira) eta beira, atzenean (hondakinen %10 inguru). Datu hauek sektoreko adituak eman dituzte. Udalek emanikoetatik ezer argirik ezin ondoriozta daiteke: Valladolid, A Coruña, Sevilla, Valentzia, Kordoba eta Iruñeak bakarrik dauzkate udalerri horretan biltzen den materia organikoaz datu zehatzak (horixe izanik zabor poltsako osagai nagusia, kopuruz) eta gainerako udalek “gainerakoak” izeneko atalean sartzen dituztenez, ez dago materia organikoaren berariazko bilketarik edo, bestela, udalek ez dakite kontzeptu horretan zenbat batzen duten. Dena den, aipaturiko sei hiri horietan ere errealitateak ez dira berdinak: Valladoliden materia organikoa guztira batutakoaren %12ra iristen ez delarik, A Coruñako proportzioa %18 da eta Sevillan, Valentzian, Kordoban eta Iruñean %35etik gora doa.

Azterturiko 17 hirietan paper eta kartoizko hondakinak, batez beste, zarama poltsaren %10,5 badira ere, aldeak daude leku batetik bestera: Oviedo, Valentzia, Iruñea eta Sevillan kopuru hori %20 inguru dabil eta Alacant, Madril, Valladolid, Zaragoza, Kordoba, Málaga eta A Coruñan ez da %5,5era heltzen.

Beira eta ontziak guztirako hondakinen %4ra ez dira iristen; atal hauetan aurrekoetan baino txikiagoak dira hirien arteko desberdintasun eta aldeak. Beira gehien batzen dutenak Iruñea eta Valentzia dira (%8 inguru) baina Málagan ez da %1era heltzen. Ontziei eta ontzi-hondakinei dagokienez, Oviedo eta Valentzian bildurako hondakinen %12 dira; Alacant eta Málagan, %1etik behera dabiltza. Alde horiek guztiak, dena den, nekez uler daitezke.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak