Hiri Hondakin Solidoak (HHS): zaborrak biltzeko eta kudeatzeko sistemak aztertu ditugu Espainiako Estatuko 17 hiritan

Zabor gutxiago sortzen dugu, baina udalek informazio gutxi ematen dute kudeaketaren inguruan

Hondakin kopurua % 4 murriztu da 2008. urtetik 2010era. Aztertu ditugun hirien erdiek ez dute adierazi nahi izan zenbateko portzentajea berreskuratzen edo birziklatzen duten biltzen duten zabor guztitik
1 urria de 2011
Img tema listado 182

Zabor gutxiago sortzen dugu, baina udalek informazio gutxi ematen dute kudeaketaren inguruan

Oso ohikoa iruditzen zaigu paper-mutur bat edo plastiko bat zaborretara botatzea. Keinu arrunta erabat. Baina soka luzea ekartzen du ondotik. Zaborra bildu egin behar izaten da, tratatu eta berreskuratu, eta denbora eta diru asko joaten da horretan. Eta ingurumena ere ezin da ahantzi, jakina: zaborrak arriskuan jartzen du ingurumena, eta Espainiako Estatua zaborra sortzeko makina dela esan liteke. Europako herrialdeen sailkapenean, seigarren lekuan ageri da, hain zuzen.

Egoera horri aurre egin nahian, hainbat arau landu dituzte administrazio guztiek (Europakoek, Estatukoek, erkidegoetakoek eta udalek). Espainiako Estatuan, adibidez, Hondakinei eta Zoru Kutsatuei buruzko lege berria nabarmendu behar da, 2011. urteko martxoaren 11koa, zeinak hondakinak berrerabiltzea, birziklatzea eta beste zenbait moduz balioztatzea sustatu nahi duen; hor dago, halaber, Hondakinen II Plan Nazional Integratua, PNIR delakoa (PNRU Hiri-Hondakinen Plan Nazionalaren jarraipena), zeina 2015. urte arte egongo baita indarrean. Dokumentu horretan esaten denez, hurrengo urterako, beiraren % 80 birzikla dadin nahi du Espainiako Ingurumen Ministerioak, paperaren eta kartoiaren % 75 eta plastikoaren % 50, besteak beste.

Portzentaje horiek betetzen diren jakiteko, edo udalek helburu horrekin jokatuko duten ikusteko, Estatuko 18 hiritara jo du EROSKI CONSUMERek, eta zaborra biltzeko eta kudeatzeko erabiltzen dituzten sistemak aztertu ditu. Honako hauek izan dira hiriak: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Logroño, Madril, Murtzia, Malaga, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Kordoba ere ageri da zerrendan, baina ez dugu lortu hango daturik, behin eta berriz eskatuta ere, Udalak ez baitizkigu helarazi.

2009. urtean ere antzeko azterketa bat egin zuen EROSKI CONSUMERek (2008. urteko datuetan oinarrituta), eta orduko hartan, gero eta zabor gehiago sortzeko joera ageri zen (2004. urtean argitaratu genituen datuekin alderatuta, adibidez, % 4 zabor gehiago sortu zen 2008an); orain, aldiz (2010. urteko datuak erabili ditugu), besterik esaten dute datuek. Poliki-poliki, Hondakinen II Plan Nazional Integratuak jarritako helburuetara hurbiltzen ari dira hiriak, baina oraindik ere bide luzea geratzen zaie aurretik. 2008. urteko datuekin alderatuta, % 4 zabor gutxiago sortu da 2010ean.

Hondakinen II Plan Nazional Integratuak (PNRI), halaber, edukiontzi kopuru bat jartzeko agintzen du hiritar multzo bakoitzeko, eta hiririk gehienek ongi bete dute gutxieneko kopurua: beira-edukiontzi bat 500 biztanle bakoitzeko, paper-kartoien edukiontzi bat 500 biztanle bakoitzeko eta ontzien edukiontzi bat 300 biztanle bakoitzeko.

Udalek arazorik gabe jakinarazi digute zenbat edukiontzi dauzkaten, baina beste zenbait gaitan, erreparo gehiago eduki dute datuak emateko: biltzen duten zabor guztitik zenbat berreskuratzen edo birziklatzen duten ere galdetu diegu, adibidez, baina erdiek soilik erantzun dute. Informazio gabezia horrek ataka bitxian jartzen ditu hiritarrak: udalak zenbat zabor birziklatzen duen ez badaki egiten duen ahalegina inora ez doala pentsa dezake.

Zenbat zabor sortzen dugu?

Iaz ia 5 mili tona zabor sortu ziren herri eta hirietan, 2008. urtean baino zertxobait gutxiago (% 4 gutxiago, zehatz esateko). Madrilen sortu zen zabor gehien iaz, 1.470.461 tona, hain zuzen (2008an baino % 7,5 gutxiago). Kopuru horrek ez du zerikusirik Logroñokoarekin: 56.059 tona zabor bildu zituzten (2008an baino % 10,6 gutxiago). Duela hiru urte bezala, iaz ere Errioxako hiriburuan sortu zuten zabor gutxien.

Aztertu ditugun 18 hiriburuek zer-nolako bilakaera izan duten ikertzen badugu, ohartuko gara hirutan soilik handitu dela zabor kopurua 2008tik iazko urtera: Granadan (% 12,5), Malagan (% 3,3) eta Gasteizen (% 2). Zaborra murriztu dutenen artean, berriz, honako hiri hauek nabarmendu dira onerako: Valladolid (-% 6,7), Madril (-% 7,5), Valentzia (-% 8,4), Donostia (-% 8,9), Bilbo (-% 9,9) eta, guztien gainetik, Logroño (-% 10,6) eta Alacant (-% 10,7).

Iaz, biztanle bakoitzak 1,24 kg zabor sortu zituen egunero

Datu hori baino adierazgarriagoa da beste hau: herritar bakoitzak zenbat zabor sortzen duen urtean eta egunean. 2008. urtean, 1,32 kg sortu zituen herritar bakoitzak egunean, eta 2010. urtean, 1,23 kg, zertxobait gutxiago, beraz. Dena den, batez besteko horren oso gainetik ibili dira zenbait hiri: Bartzelona (1,43 kg herritar eta egun bakoitzeko), Malaga (1,52) eta Granada (1,58). Batez besteko horren azpitik ibili dira, berriz, Iruñea, Oviedo, Gasteiz, Valladolid, Zaragoza eta Logroño (hurrenez hurren, 1,16 eta 1,01 kg artean, herritar eta egun bakoitzeko). Gainerako hiriak batez bestekoaren neurrian geratu dira. Itxaropena sortzen duten datuak dira: ia hiri guztiek lortu dute zabor gutxiago sortzea herritar eta egun bakoitzeko.

Zabor-poltsaren argazkia

Herriguneetan eta hiriguneetan gauzatzen diren jardueretatik sortzen dira Hiri-Hondakin Solidoak (HHS), bai partikularren etxeetan, bai saltegi eta bulegoetan. Zabor gehien, hala ere, etxean sortzen dugu. Hain zuzen, iaz sortu zen zabor guztiaren % 87, batez beste, etxeko hondakinak izan ziren guk aztertu ditugun hirietan (lauk ez beste guztiek eman digute datu hori).

Hondakinen Plan Nazional Integralak dioenez, honela osatzen da ohiko zabor-poltsa bat: materia organikoak hartzen du zatirik handiena (janari-hondarrak eta lorategikoak dira eduki osoaren % 44), papera eta kartoia datoz ondotik (eduki guztiaren % 21), plastikoa (% 11) eta beira (hiri-hondakinen % 7). Guk aztertu ditugun 17 hirietan, ordea, beste era batera osatua dago zabor-poltsa: materia organikoa % 29 da, papera-kartoia % 11 eta ontziak eta beira % 5 baino gutxixeago. Hondakin horiek biltzeko, nagusiki edukiontzien sistema erabiltzen dute hiri guztietan. Oviedon, dena den, atez ate biltzen dute zaborra. Horrez gain, beste metodo batzuk ere gero eta hedatuagoak daude, eta horien artean, bilketa pneumatikoa nabarmendu behar da: lur azpiko bideetan barrena, zaborra xurgatu eta bilgune batera iristen da. Sistema hori gero eta gehiago erabiltzen dute Bartzelonan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Sevillan eta Zaragozan.

Zaborra ateratzeko ordutegia, berriz, iluntzeko 20:00etatik 21:00ak bitartekoa da guk aztertu ditugun hiririk gehienetan. Bi berezitasun soilik aurkitu ditugu: Iruñean, eguneko edozein ordutan atera daiteke zaborra, beira izan ezik (22:00etatik 08:00etara egin behar da); Donostiko Alde Zaharrean, berriz, 21:30etik 22:00ak bitarte soilik atera daiteke zaborra, eta bilketa pneumatikoa dagoen lekuetan, noiznahi.

Herritarrek badute birziklatzeko kontzientzia

Herritarrek birziklatzeari buruz zer iritzi daukaten ere bildu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta, horretarako, inkesta bat egin die www.consumer.es webgunearen erabiltzaileei. Guztira, 2.620 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Hamar parte-hartzailetatik hiru Kataluniakoak (ia % 16) eta Madrilgoak (% 14 pasatxo) izan dira. Beste % 13 Euskal Autonomia Erkidegokoak izan dira, % 12 Valentziako Erkidegokoak eta % 11 Andaluziakoak.

Inkestaren emaitzei begiratuta, herritar gehienek oso ongi barneratua dute hondakinak birziklatu egin behar direla. Hamarretik bederatzik adierazi dute hondakinak gaika bereizteko ohitura dutela, batez ere papera-kartoia, ontziak eta pilak (erantzun dutenen % 90ek birziklatzen ditu gai horiek); ontziak eta pilak % 85ek baino gehiagok bereizten dituzte, eta plastikoak, ia % 80k. Datu deigarri bat ere eman digu inkestak: herritarren % 73k adierazi dute materia organikoa bereizi egiten dutela, nahiz eta zenbait hiritan oraindik ez duten jarri sistemarik hondakin mota hori birziklatzeko. Beste zenbait gai, berriz, gutxiago birziklatzeko joera dute herritarrek, nahiz eta horiek ere portzentaje onak lortu. Olioa, esaterako, % 64k birziklatzen dute, eta sendagaiak, % 72k.

Gure inkestan parte hartu duten lau herritarretatik hirurentzat, oso erraza gertatzen da hondakin mota bakoitza bere ontzian uztea. Lautik bati, aldiz, zaila egiten zaio, batez ere hainbat ontzi behar direlako edo lan nekosoa iruditzen zaielako egunero-egunero egiteko. Plastikoaren erabilera murriztea da administrazioen apusturik handienetakoa, neurriz kanpo erabili izan baita eta erabiltzen baita. Eta, dirudienez, hartutako neurriak ari dira emaitzak ematen. EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu duten 2.620 herritarren % 44 beren poltsekin joaten dira erosketak egitera, eta % 36k gurditxoa hartzen dute. Hala ere, oraindik badira dendara joan eta aldiro poltsak eskatzen dituztenak ere (% 20 inguru).

Birziklatzeari buruz ez ezik, beren udalerrian zaborrak gaika biltzeko erabiltzen den sistemari buruz ere galdetu diegu herritarrei. Zer iruditzen zaie sistema bera eta funtzionatzeko modua? Edukiontziak irisgarriak direla uste dute % 80k, eta etxetik hurbil daudela. Parte hartu duten erdien iritziz, ordea, ez dituzte garbitzen behar bezain maiz, eta hirutik batek uste du maizago hustu behar lituzketela. Garbiguneei dagokienez, % 77k badakite non dauden; aldiz, % 19k ez dakite, eta % 4k diote halakorik ez dagoela.

Azkenik, zaborraren zergaren inguruan ere galdetu diegu; % 53ren irudiko, garestiegia da, eta % 45en ustez ongi dago. Gutxi batzuen iritziz (% 2), igo egin behar litzateke zerbitzua hobetzeko.

Inkestan parte hartu duten herritarrak, oro har, pozik daude beren udalerriko zerbitzuarekin. Batetik hamarrerako tartean, 6 puntu atera dituzte udalerriek: ia 7koa jarri diote zabor-bilketari, eta 6a lortzeko zorian geratu da kaleetako garbitasuna.

Ontzien edukiontziak falta dira

EROSKI CONSUMERek 17 hirietan egin duen azterketak erakutsi duenez, herritar bakoitzak 31 kilo paper-kartoi sortu ditu urtean, 16 kilo beira, 14 kilo ontzi eta 0,06 pila. Hondakin horiek birziklatzeko, herritarrak, lehenik eta behin, kontzientzia ekologikoa behar du, baina baita edukiontzi sorta egokia ere. PNRU legeak agintzen du beira biltzeko eta papera-kartoia biltzeko edukiontzi bat egon dadila 500 biztanle bakoitzeko. Alde horretatik, aztertu ditugun ia hiri guztiek bete dute araudia, Bartzelonak eta Madrilek izan ezik, non gutxigatik ez diren iritsi gutxienekoetara. Beira-edukiontziei dagokienez, Iruñean ikusi ditugu gehien (3,38 ontzi, 500 biztanle bakoitzeko), eta gutxien, aldiz, Madrilen (0,93). Papera eta kartoia biltzeko ontzietan, berriz, Bartzelona ibili da eskasen (0,95 ontzi, 500 biztanleko), eta, beste behin, Iruñea agertu zaigu ongien hornitua (5,78).

Ontziak biltzeko edukiontzientzat ere jartzen du gutxieneko kopuru bat Hondakinen Plan Nazional Integratuak: ontzi bat, 300 biztanle bakoitzeko. EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, ordea, aztertu ditugun hiri gehienek -datuak helarazi dizkigutenek, jakina- ez dute betetzen araudia (nahiz eta batzuk muga-mugan ibili diren). Dena den, ia hiri guztiek ugaritu egin dituzte edukiontzi horiek 2008. urtearekin alderatuta, salbu eta Bilbok, Iruñeak eta Sevillak.

Edukiontziak orotara hartuta, Iruñeak eta Iruñerriko Mankomunitatea osatzen duten udalerriak ageri dute hornidurarik onena, EROSKI CONSUMERek ikusi duenez: beirarentzat, adibidez, hiru edukiontzi dauzkate 500 biztanle bakoitzeko, ia sei papera eta kartoiarentzat eta bi ontzientzat (azken horiek, 300 biztanle bakoitzeko).

Edukiontziak ez ezik, garbiguneak ere erabil ditzakete herritarrek zaborrarentat (ekoparkeak ere esaten diete). Edukiontzietara bota ezin diren hondakinak biltzeko guneak dira horiek. Hiri-Hondakinen 2008-2015 Plan Integratuak aipamen berezia egiten die garbiguneei, eta “egungo sarea handitzea” jartzen du helburutzat. EROSKI CONSUMERek aztertu dituen hiri guztietan daude ekoparkeak edo garbiguneak (datuak helarazi dizkigutenak hartu ditugu aintzat), eta bereziki nabarmendu behar dira Bartzelona eta Madril: lehenak 39 garbigune dauzka (29 finko eta 10 mugikor) eta bigarrenak 21 (16 finko eta 5 mugikor).

Baina zenbat berreskuratzen da?

Hondakinen Plan Nazional Integratuak honako kexu hau plazaratu du: “Ez dakigu zehatz-mehatz zenbat zabor sortzen den eta hori nola kudeatzen den; datu gutxi dauzkagu, eta, gainera, beti ez dira datu egiaztatuak”. Hori dela eta, “estatistika fidagarriak lortzea” jarri du lehentasun nagusien artean. Asmoa ona da, nola ez, baina ez da batere erraza hiri bakoitzean zenbateko portzentajea berreskuratzen den jakitea edo, gutxienez, datu errealista samarrak lortzea. EROSKI CONSUMERi, behintzat, zaila gertatu zaio. Datuak behin eta berriz eskatu arren, bederatzi hirik baino ez dizkigute helarazi (A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Murtzia, Sevilla, Valladolid eta Zaragoza), nahiz eta horietako lauk portzentaje handiegiak aurkeztu dituzten (% 100 birziklatzen zutela esan ziguten).

Oroitu behar da PNRU arauak datorren urterako beiraren % 80a birziklatzea proposatzen duela, paperaren % 75a eta plastiko guztien erdia. Bestetik, Espainiako Ingurumen Ministerioaren esanetan, merkaturatutako beirazko ontzien % 49a, paper-kartoizkoen % 70a eta pilen zein eskuko akumuladoreen % 16a birziklatu behar dira.

Proposamen horiek buruan izanda egin du EROSKI CONSUMERek datuak eman dituzten udalen arteko batez-bestekoa eta hauxe izan da emaitza: beiraren % 47a biriklatzen dute, paper eta kartoizko ontzien % 30a eta pilen % 36a.

Eta materia organikoarekin zer?

Hondakin organikoak konposta edo ongarria egiteko erabil daitezke. Hori lortzeko, jakina, bildu egin behar dira hondakin horiek. PNRU arauak, ostera, bilketa, orohar, eskasa dela ohar arazi du. EROSKI CONSUMERek aukeratutako 17 udaletan hondakin organikoekin zer gertatzen den jakin nahi izan du eta ondorio hauek lortu ditu: Alacant, Madril, Murtzia, Oviedo, Sevilla eta Zaragozak ez dituzte biltzen; eta Granada, Malaga eta Logroñok ere ez dute ontzi egokirik, nahiz eta gero, zaborrak tratatzeko plantan banatu egiten dituztela esan diguten (Logroñok “ekoparkea” izeneko lekuan egiten du lan hori). Beste hiri guztietan marroi koloreko ontzi berezietan egiten da zabor organikoaren bilketa edo bilketa pneumatikoa erabiltzen da (Iruñean eta Gasteizen).

Tasak eta zergak

Herritar guztiek ordaintzen dute hondakinak bildu, kudeatu eta tratatzeagatik, baina zerga horien tarifak ez datoz bat hiri guztietan. Esan liteke hiri adina tarifa dagoela. Hiri batzuetan, kalearen zerga-maila hartzen dute aintzat (A Coruña, Alacant, Bilbo, Kordoba, Granada eta Logroño); beste batzuetan eraikinaren katastro balioari erreparatzen diote (Madril, Iruñea eta Gasteiz); ur-kontsumoaren araberakoa izaten da beste zenbaitetan (Sevilla eta Zaragoza); badira urtean kopuru finkoa ondaintzen dutenak ere, baita zaborraren tasa Ondasun Higiezinen Zergari atxikita daukaten hiriak ere (halaxe gertatzen da Bartzelonan, Malagan eta Valladoliden). Valentzian, ez dute kopuru jakin bat ordaintzen zerbitzu horren truke, eta udal aurrekontuen bidez finantzatzen da urtero; Oviedon, birziklatzeari lotua dago tasa, eta herritar bakoitzak birziklatzen duenaren araberakoa izaten da. Murtzian eta Donostian, berriz, kopuru finkoa ordaintzen dute herritarrek (guztiek berdina): urtean 114,3 eurokoa da Murtzian eta 116,34 eurokoa Donostian.

Azken bi udalerri horietan izan ezik, gainerako guztietan aldakorra da zaborraren tasa (zerrendatu ditugun alderdien araberakoa). Ondorioz, hiri berean ere badira aldeak, eta ez txikiak, gainera, zenbaitetan. Hona adibide batzuk: Madrilen, 4 euro ordaintzen dute batzuek eta 173 euro beste batzuek; Kordoban, 44,70 euroren eta 160,82ren artean dabiltza; Logronon, 20,58ren eta 130en artean; eta Granadan, 57,48 eurotik 134,52rainokoa da aldea. Kopuru horiek guztiak urte osokoak dira.