Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Elikagaiak botatzea: azterketa egin dugu 400 etxetan baino gehiagotan eta inkesta egin diegu 3.400 kontsumitzaileri 17 autonomia erkidegotan : Urtean 76 kilo elikagai botatzen dira zaborretara aztertutako etxe bakoitzean

Erantzun dutenen % 9k soilik aitortu dute soberan geratu den janaria berehala botatzen dutela edo egun batzuen buruan

Iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua

Iraungitze-datak adierazten du zein unetatik aurrera uzten dion produktuak jateko segurua izateari. Kontsumo-data gomendatuak, berriz, adierazten du zein unetatik aurrera uzten dioten produktuaren ezaugarri organoleptikoak jatorrian bezalakoak izateari; une horretatik aurrera, dena den, segurua izaten jarraitzen du produktuak. Bereizten al dituzte kontsumitzaileek data horiek? Ba al dakite produktu bat kontsumitzea segurua dela kontsumo-data gomendatua pasatu eta gero ere, baina ez iraungitze-data igaro ondoren? Gure zalantzak argitzeko, bi data horien inguruko zenbait kontu galdetu dizkiegu etxeetan elikagaiez arduratzen direnei; bakoitzaren definizio zuzena irakurri diegu eta okerreko beste bat ere bai (nahiko zabaldua dagoena jende artean), haiek bat hauta zezaten.

Hamarretik batek soilik hautatu du okerreko esanahia bi kontzeptuentzat, baina lautik batek, hala ere, nahasi egin ditu. Alde batetik, % 26k uste dute iraungitze-data igarotzen denean elikagaiak galdu egiten dituela bere ezaugarri bereziak baina segurua dela jateko; uste oker horrek egoera txarrean dauden elikagaiak jatera eraman dezake norbait. Eta, bestetik, % 25ek uste dute kontsumo-data gomendatua pasatu ondoren ez dela guztiz segurua produktu hori jatea; uste oker horren erruz, beraz, gerta liteke jateko moduan dauden elikagai asko zaborretara botatzea.

Lau kontsumitzailetik batek nahastu egiten ditu iraungitzeeta kontsumo-data gomendatuak

Inkestan parte hartu duten 3.454 lagunen ezagutza zenbatekoa den ikusteaz gain, jakin nahi izan dugu kontsumitzaileek zer-nolako jokabidea duten bi data horiekin. Inkestan parte hartu duten guztien artetik, % 15ek soilik botatzen dituzte iraungita dauden produktu guztiak. Hamarretik seik, berriz, elikagaia zein den eta zenbat denbora igaro den hartzen dute aintzat bota edo ez erabakitzeko eta lautik batek sekula ez du botatzen iraungitako elikagairik. Kontsumo-data gomendatua pasatu denean, berriz, % 7k bota egiten ditu elikagai guztiak, % 44k batzuk baino ez, eta ia erdiek sekula edo ia sekula ez dituzte botatzen, eta jan egiten dituzte. Bi kasuetan, jogurtak eta eratorriak bota ohi dituzte gehienean, eta usainari eta zaporeari erreparatzen diote janariak onak dauden edo ez jakiteko.

Ongi kontserbatuta

Ongi planifikatzeari eta etiketei arretaz begiratzeari buruz esan duguna ez ezik, garrantzitsua da elikagaiak egoki kontserbatzea ere, eta hala eginez gero, askoz janari gutxiago botako dugu. Ildo horretan, galderei erantzun dieten lagunen % 5ek soilik onartu dute janari asko edo dezente botatzen dutela gaizki kontserbatzeagatik (denbora gehiegi pasatu delako, gaizki ontziratu dutelako, gaizki izoztu…). Gehienek adierazi dute ez dutela janaririk botatzen arrazoi horrengatik.

Beraz, inkestan parte hartu dutenei ez zaie iruditzen alderdi hori hobetu behar dutenik. Elikagai gutxiago botatzeko helburuz zer ohitura hobetu behar lituzketen galdetzen zaienean, beste alderdi batzuk aipatzen dituzte. Zehazki, erosketak hobeki planifikatzea, etxean egiten duten kontsumoa aintzat hartuta (hori funtsezkoa litzateke % 27ren iritziz); janari prestatuen soberakinei probetxu ateratzen ikastea (% 20k nabarmendu dute aukera hori); eta asteko menuak planifikatzea eta elikagaien kontsumo-datak kontrolatzea (% 15ek aipatu dituzte bi aukera horiek).

Nola sortu zabor gutxiago elikagaiekin

Urtean ia 9 milioi tona elikagai botatzen ditugu zaborretara. Gehien-gehiena ekoizleek eta banatzaileek botatzen dute, 6 milioi tona inguru, baina etxeetan botatzen dena ere ez da gutxi. Zer egin dezakegu kontsumitzaileok kopuru hori murrizteko? Hona hemen zenbait aholku.

  • Erosketa planifikatu: aste osorako menua prestatu eta, zer behar den ikusi ondoren, zerrenda bat egin erosi beharrekoekin. Ez joan dendara gosetuta, eta erne ibili eskaintzekin, tentagarriak dira eta. Fruta eta berdura aleka erosi, eta ez zorroetan bilduta dagoela; hartara, behar den horixe baino ez dugu erosiko.
  • Iraungitze-data egiaztatu: produkturen bat berehala jateko asmorik izan ezean, hobe da aurrerago erostea; erostekotan, beranduen iraungitzen dena hautatu behar da.
  • Kontuan hartu zenbateko aurrekontua dugun: janaria botatzea dirua botatzea da.
  • Ordenatuta eduki hozkailua: egiaztatu atearen junturak eta barreneko tenperatura. Elikagaiak fresko egon daitezen eta luzaroan iraun dezaten, 1 ºC eta 5ºC artean eduki behar dira.
  • Elikagaiak biltegiratzerakoan, egin kasu ontzian ageri diren oharrei.
  • Elikagaiak egoki antolatu biltegian eta hozkailuan: jarri aurrean lehenbizi iraungiko direnak eta atzean erosi berri ditugunak.
  • Janari kopuru txikiak zerbitzatu: nahi duenari berriz hartzeko aukera eman, baina platerekoa bukatzen duenean.
  • Aprobetxatu janari-hondarrak: Hurrengo eguneko otordua egiteko erabil daitezke, afaria prestatzeko osagai gisa ere bai, eta izoztu ere egin daitezke. Gehiegi umotu den frutarekin irabiakiak edo tartak egin daitezke, eta berdurekin, kremak edo zopak.
  • Izoztu: Ogi gutxi jateko ohitura izanez gero, xerratan moztu eta izoztu egin daiteke, eta aldian-aldian behar dena atera. Elikagaiak prestatu eta izoztuz geri, otordua prest egongo da sukaldean aritzeko denborarik edo gogorik ez denerako.
  • Janari-hondarrak ongarri bihurtu: aztertzekoa da janari-hondarrak landareentzat edo baratzerako konpost bihurtzeko aukera. Badira etxerako konpostagailuak, oso erraz erabiltzen direnak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak