Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Elikagaiak botatzea: azterketa egin dugu 400 etxetan baino gehiagotan eta inkesta egin diegu 3.400 kontsumitzaileri 17 autonomia erkidegotan : Urtean 76 kilo elikagai botatzen dira zaborretara aztertutako etxe bakoitzean

Erantzun dutenen % 9k soilik aitortu dute soberan geratu den janaria berehala botatzen dutela edo egun batzuen buruan

Ustez, zer botatzen dugu?

Jabetzen ote gara egiaz zenbat elikagai botatzen dugun zaborretara? Azterketa honetako emaitzek ezetz iradokitzen dute. Inkestan parte hartu dutenen % 5ek soilik onartu dute janaria zaborretara botatzen dutela; gainerako % 95ek adierazi dute saiatzen direla hozkailuan edo izozkailuan gordetzen, nahiz eta horien arteko batzuek ere aitortu duten azkenean zaborretan bukatzen dutela (% 5 izan dira).

Ildo horretan, hamabi elikagai multzo zerrendatu ditugu, eta horien bidez ikusi nahi izan dugu kontsumitzaileek zer-nolako pertzepzioa duten zaborretara botatzen duten elikagai kopuruaren inguruan. Haien ustez, ia ez dute ezertxo ere botatzen, eta irudipen hori elikagai multzo guztiekin ageri da, salbu eta frutekin eta berdurekin. Are gehiago, elikagaiak botatzen dituztela aitortzen dutenen artean ere, oso kopuru txikietan egiten dutela usten dute gehienek.

Zifrak ematen hasita, inkestari erantzun diotenen erdiek baino gehiagok adierazi dute frutak eta berdurak botatzen dituztela; hirutik batek soilik onartzen du zerealak, ogiak eta gozoak botatzen dituela, eta bostetik batek baino ez hestebeteak, jaki aurrez prestatuak, pasta, arroza eta lekaleak. Gainerako elikagai multzo guztientzat, % 15ek baino gutxiagok adierazi dute zaborretara botatzen dituztela.

Ez botatzeko, planifikatu

Janaririk ez alferrik galtzeko modurik onena gauzak ongi planifikatzea da. Ez da hala gertatzen, ordea, etxe guztietan. Hamarretik zazpik, adibidez, begiratzen omen dute hozkailuan eta biltegian zer dagoen erosketak egitera joan aurretik, eta bostetik batek, berriz, nahiko maiz gainbegiratzen omen dituzte; aldiz, erantzun dutenen % 9 etxean zer duten jakin gabe joaten dira saltokira.

Aurrez zerrenda bat egitea ere funtsezkoa izaten da janariak zaborretan buka ez dezan. Etxerik gehienetan zerrenda egiteko ohitura dute (hiru lagun edo gehiago bizi diren etxeen % 68tan eta kide bakarreko % 54tan), baina inkestari erantzun diotenen % 15ek adierazi dute sekula ez direla zerrendarekin joaten erosketak egitera edo oso gutxitan joaten direla. Are gutxiagok lantzen dute menu bat erosketetan pentsatu aurretik. Erantzun dutenen % 26k ez omen dute sekula egiten, eta pertsona bakarra bizi den etxeetan % 33ra igotzen da portzentaje hori.

Erosketak egiteko unea iristen denean, kontsumitzaileek bi alderdi hartzen dituzte aintzat, haien esanetan: prezioa eta eskaintzak (erantzun dutenen % 45ek) eta produktuen kalitatea (% 43k). Hori ongi dago, jakina, baina produktu bat begiz jo eta saskian sartu aurretik, ohitura garrantzitsu bat hartu beharra dago: iraungitze-datari edo kontsumo-data gomendatuari erreparatzea. Gure inkestan parte hartu dutenen artean, hamarretik zazpik jokatzen dute hala, baina lautik batek jakinarazi du ez duela egiten elikagai guztiekin, eta % 4k adierazi dute sekula edo ia sekula ez diotela arretarik jartzen datu horri.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak