Elikagaiak botatzea: azterketa egin dugu 400 etxetan baino gehiagotan eta inkesta egin diegu 3.400 kontsumitzaileri 17 autonomia erkidegotan

Urtean 76 kilo elikagai botatzen dira zaborretara aztertutako etxe bakoitzean

Erantzun dutenen % 9k soilik aitortu dute soberan geratu den janaria berehala botatzen dutela edo egun batzuen buruan
1 urtarrila de 2013
Img tema de portada listado

Urtean 76 kilo elikagai botatzen dira zaborretara aztertutako etxe bakoitzean

Geldi dezagun denbora unetxo batez. Bazkaltzeko ordua da. Goseak amorratzen gaude, eta tuntur bete dugu platera. Itsumustuan ari gara jaten, platera garbi-garbi uzteko asmoz, baina erdiarekin ase eta gainerakoa zaborretara bota dugu. Geldi dezagun denbora beste unetxo batez, eta ikus dezagun zer egin dugun: gainerakoa zaborretara bota. Ohiko keinua da horrako hori, eta ezin hobeki adierazten du zer-nolako gizartean bizi garen. Erabili eta bota egiten duen gizarte batean. Datuei erreparatu bestela: herrialde aurreratuak esaten zaienetan, urtean 200 milioi tona elikagai botatzen ditugu, eta are larriagoa dena: Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako Batasunean alferrik galtzera uzten den janari horrekin guztiarekin, 4 aldiz eman dakieke jaten munduan goseak dauden 1.000 milioi lagunei. Ekoizteko unean, biltegiratzean, transformatzean, banatzean… kate osoan galtzen dira alferrik elikagaiak: Europan, zaborretara joaten dira ekoizten diren fruten eta berduren % 20-40, eta herritar bakoitzak urtean 95-110 kilo elikagai bihurtzen ditu zabor, nahiz eta jateko modukoak izan. Europako Batasuneko adituek diotenez zaborretara botatzen diren jakien % 45 etxeetan sortzen dira.

Hori dela eta, etxe bakoitzean zenbat eta zer elikagai botatzen diren jakiteko, 413 etxetara jo du HISPACOOPek azaroan (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kooperatiben Espainiako Konfederazioa, EROSKI partaide duena), eta egunean zehar elikagaiekin nola jokatzen duten kontrolatu du; horretaz gain, zergatik bota ohi dituzten ere galdetu die. Horretarako, teknikari batzuk joan dira etxe horietara zazpi egunez jarraian, uguneko une batean baino gehiagotan. Era berean, elikagaiak botatzeari buruz kontsumitzaileek zer iritzi eta pertzepzio duten jakiteko, inkesta egin zaie etxean elikagaiak kudeatzeko, biltegiratzeko eta prestatzeko ardura duten pertsonei (batzuei telefonoz eta beste batzuei Internetez). Guztira, 3.454 lagunek parte hartu dute inkestan, honako 17 autonomia erkidegoetan: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Balear uharteak, Errioxa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Kanariak, Kantabria, Katalunia, Madrilgo Erkidegoa, Murtzia, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa. Hamarretik zazpi emakumeak izan dira, eta, batez beste, 47 urte eta erdi eduki dituzte.

Uste baino jaki gehiago botatzen da

Antzematen da krisiaren eragina, nola ez: erantzun duten lagunen erdiek diotenez, iaztik hona okerrera egin du euren etxeko egoera ekonomikoak. Hamarretik lauk baino ez dute adierazi iaz bezala daudela, eta % 2k hobera egin duela. Lau lagun bizi diren etxeetan ageri da egoerarik txarrera. Beraz, funtsezkoa da elikagaietan joaten den diruari ere arretaz erreparatzea, aurrekontua estutu beharra dago-eta hainbat etxetan.

Inkestan parte hartu duten erdien iritziz, lehen adina gastatzen dute elikaduraren arloan; dena den, lautik batek adierazi du handitu egin zaiela gastua (batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan eta Aragoin, lau kide bizi diren etxeetan).

Gure inkestak erakutsi duenez, oro har, kontsumitzaileek uste dute egiaz botatzen duten baino elikagai gutxiago joaten zaiela zaborretara. Usteak uste, datuek ez diote gezurrik: guk aztertu dugun etxe bakoitzean 76 kilo janari botatzen dute urtean, nahiz eta kontsumitzaileei eurei galdetuta, % 9k soilik aitortu duten janaria zaborretara botatzen dutela.

550 kilo aste batean

Ikerketa hau egiteko, 413 etxe hautatu ditugu ausaz, eta proposatu diegu kontrol zorrotz bat egingo geniela zazpi egunez jarraian eta eguneko lau unetan: gosaria, bazkaria, afaria eta beste uneren bat. Zaborretara zer eta zenbat botatzen duten aztertzeko, zuzenean jan daitezkeen elikagaiak hartu ditugu aintzat, eta bazterrean utzi ditugu, beraz, barazki- eta fruta-azalak, hezurrak eta jateko balio ez duten gainerako osagaiak. Bazterrera utzi ditugu, halaber, ongarria egiteko erabiltzen diren hondarrak, animaliei ematen zaizkienak eta antzeko beste erabilerak dituztenak.

Guztira, guk aztertu dugun astebetean, 554 kilo bota dituzte zaborretara 413 etxeetan; urte osoan, hortaz, 30.000 kilo izango lirateke. Aztertu dugun etxe bakoitzean 1,3 kilo janari joan zaie zaborretara aste horretan, eta urte osoan, beraz, 76 kilo izango lirateke, 32 kilo pertsonako eta urteko, etxe bakoitzean 2,7 lagun bizi dira-eta batez beste.

Bi lagun bizi diren etxeetan botatzen dute janari gehien, eta, batez beste, kide bakoitzak 60 urte edo gehiago ditu; gutxien, berriz, lau lagun edo gehiago bizi diren etxeetan botatzen dute.

Zer botatzen dugu?

Janariz betetako zabor poltsa arakatzen hasi, eta honako elikagai multzo hauek aurkitu ditugu: ogia, zerealak eta gozogintzako beste elikagai batzuk (% 19); frutak eta berdurak (% 17); esnea eta esnekiak, eta pasta, arroza eta lekaleak (% 13, hurrenez hurren). Gainerako herena, berriz, honako hauek osatzen dute: edariak (% 7), haragiak eta aurrez prestatutako jakiak (% 6, hurrenez hurren), hestebeteak (% 5), zizka-mizkak (% 4), kontserbako elikagaiak (beste % 4), arrainak eta itsaskiak (% 3) eta arrautzak (beste % 3).

Bazkariko garaian botatzen da elikagai gehien (guztien % 35), afaritan gero (% 27), gosaritan ondoren (% 20) eta beste une batzuetan azkenik (% 19). Dena den, elikagai motaren araberakoa izaten da hori. Adibidez, esnea eta esnekiak maizago botatzen dira gosaritan, eta pasta, arroza eta lekaleak, berriz, bazkaritan.

Zergatik botatzen dugu?

Elikagaiak kudeatzeko ardura dutenek erantzun dutenez, otorduetan soberan geratu direlako botatzen dituzte elikagaiak: hamarretik zortzik baino gehiagok eman dute arrazoi hori uneren batean. Erabaki hori ere, ordea, elikagai motaren araberakoa izaten da. Frutak eta berdurak zaborretan uzten dituztenen % 73k adierazi dute hondatu egin zaizkielako botatzen dituztela (gaizki kontserbatu edo biltegiratzeagatik edo denbora gehiegi pasatzeagatik). Esnekiak botatzen dituztenen % 40k, berriz, iraungita daudelako egiten dute, eta arrainak eta pasta botatzen dutenen % 56 inguruk esan dute otorduetan soberan geratu eta gorde ondoren, jatea ahantzi eta horrexegatik botatzen dituztela.

Ustez, zer botatzen dugu?

Jabetzen ote gara egiaz zenbat elikagai botatzen dugun zaborretara? Azterketa honetako emaitzek ezetz iradokitzen dute. Inkestan parte hartu dutenen % 5ek soilik onartu dute janaria zaborretara botatzen dutela; gainerako % 95ek adierazi dute saiatzen direla hozkailuan edo izozkailuan gordetzen, nahiz eta horien arteko batzuek ere aitortu duten azkenean zaborretan bukatzen dutela (% 5 izan dira).

Ildo horretan, hamabi elikagai multzo zerrendatu ditugu, eta horien bidez ikusi nahi izan dugu kontsumitzaileek zer-nolako pertzepzioa duten zaborretara botatzen duten elikagai kopuruaren inguruan. Haien ustez, ia ez dute ezertxo ere botatzen, eta irudipen hori elikagai multzo guztiekin ageri da, salbu eta frutekin eta berdurekin. Are gehiago, elikagaiak botatzen dituztela aitortzen dutenen artean ere, oso kopuru txikietan egiten dutela usten dute gehienek.

Zifrak ematen hasita, inkestari erantzun diotenen erdiek baino gehiagok adierazi dute frutak eta berdurak botatzen dituztela; hirutik batek soilik onartzen du zerealak, ogiak eta gozoak botatzen dituela, eta bostetik batek baino ez hestebeteak, jaki aurrez prestatuak, pasta, arroza eta lekaleak. Gainerako elikagai multzo guztientzat, % 15ek baino gutxiagok adierazi dute zaborretara botatzen dituztela.

Ez botatzeko, planifikatu

Janaririk ez alferrik galtzeko modurik onena gauzak ongi planifikatzea da. Ez da hala gertatzen, ordea, etxe guztietan. Hamarretik zazpik, adibidez, begiratzen omen dute hozkailuan eta biltegian zer dagoen erosketak egitera joan aurretik, eta bostetik batek, berriz, nahiko maiz gainbegiratzen omen dituzte; aldiz, erantzun dutenen % 9 etxean zer duten jakin gabe joaten dira saltokira.

Aurrez zerrenda bat egitea ere funtsezkoa izaten da janariak zaborretan buka ez dezan. Etxerik gehienetan zerrenda egiteko ohitura dute (hiru lagun edo gehiago bizi diren etxeen % 68tan eta kide bakarreko % 54tan), baina inkestari erantzun diotenen % 15ek adierazi dute sekula ez direla zerrendarekin joaten erosketak egitera edo oso gutxitan joaten direla. Are gutxiagok lantzen dute menu bat erosketetan pentsatu aurretik. Erantzun dutenen % 26k ez omen dute sekula egiten, eta pertsona bakarra bizi den etxeetan % 33ra igotzen da portzentaje hori.

Erosketak egiteko unea iristen denean, kontsumitzaileek bi alderdi hartzen dituzte aintzat, haien esanetan: prezioa eta eskaintzak (erantzun dutenen % 45ek) eta produktuen kalitatea (% 43k). Hori ongi dago, jakina, baina produktu bat begiz jo eta saskian sartu aurretik, ohitura garrantzitsu bat hartu beharra dago: iraungitze-datari edo kontsumo-data gomendatuari erreparatzea. Gure inkestan parte hartu dutenen artean, hamarretik zazpik jokatzen dute hala, baina lautik batek jakinarazi du ez duela egiten elikagai guztiekin, eta % 4k adierazi dute sekula edo ia sekula ez diotela arretarik jartzen datu horri.

Iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua

Iraungitze-datak adierazten du zein unetatik aurrera uzten dion produktuak jateko segurua izateari. Kontsumo-data gomendatuak, berriz, adierazten du zein unetatik aurrera uzten dioten produktuaren ezaugarri organoleptikoak jatorrian bezalakoak izateari; une horretatik aurrera, dena den, segurua izaten jarraitzen du produktuak. Bereizten al dituzte kontsumitzaileek data horiek? Ba al dakite produktu bat kontsumitzea segurua dela kontsumo-data gomendatua pasatu eta gero ere, baina ez iraungitze-data igaro ondoren? Gure zalantzak argitzeko, bi data horien inguruko zenbait kontu galdetu dizkiegu etxeetan elikagaiez arduratzen direnei; bakoitzaren definizio zuzena irakurri diegu eta okerreko beste bat ere bai (nahiko zabaldua dagoena jende artean), haiek bat hauta zezaten.

Hamarretik batek soilik hautatu du okerreko esanahia bi kontzeptuentzat, baina lautik batek, hala ere, nahasi egin ditu. Alde batetik, % 26k uste dute iraungitze-data igarotzen denean elikagaiak galdu egiten dituela bere ezaugarri bereziak baina segurua dela jateko; uste oker horrek egoera txarrean dauden elikagaiak jatera eraman dezake norbait. Eta, bestetik, % 25ek uste dute kontsumo-data gomendatua pasatu ondoren ez dela guztiz segurua produktu hori jatea; uste oker horren erruz, beraz, gerta liteke jateko moduan dauden elikagai asko zaborretara botatzea.

Lau kontsumitzailetik batek nahastu egiten ditu iraungitzeeta kontsumo-data gomendatuak

Inkestan parte hartu duten 3.454 lagunen ezagutza zenbatekoa den ikusteaz gain, jakin nahi izan dugu kontsumitzaileek zer-nolako jokabidea duten bi data horiekin. Inkestan parte hartu duten guztien artetik, % 15ek soilik botatzen dituzte iraungita dauden produktu guztiak. Hamarretik seik, berriz, elikagaia zein den eta zenbat denbora igaro den hartzen dute aintzat bota edo ez erabakitzeko eta lautik batek sekula ez du botatzen iraungitako elikagairik. Kontsumo-data gomendatua pasatu denean, berriz, % 7k bota egiten ditu elikagai guztiak, % 44k batzuk baino ez, eta ia erdiek sekula edo ia sekula ez dituzte botatzen, eta jan egiten dituzte. Bi kasuetan, jogurtak eta eratorriak bota ohi dituzte gehienean, eta usainari eta zaporeari erreparatzen diote janariak onak dauden edo ez jakiteko.

Ongi kontserbatuta

Ongi planifikatzeari eta etiketei arretaz begiratzeari buruz esan duguna ez ezik, garrantzitsua da elikagaiak egoki kontserbatzea ere, eta hala eginez gero, askoz janari gutxiago botako dugu. Ildo horretan, galderei erantzun dieten lagunen % 5ek soilik onartu dute janari asko edo dezente botatzen dutela gaizki kontserbatzeagatik (denbora gehiegi pasatu delako, gaizki ontziratu dutelako, gaizki izoztu…). Gehienek adierazi dute ez dutela janaririk botatzen arrazoi horrengatik.

Beraz, inkestan parte hartu dutenei ez zaie iruditzen alderdi hori hobetu behar dutenik. Elikagai gutxiago botatzeko helburuz zer ohitura hobetu behar lituzketen galdetzen zaienean, beste alderdi batzuk aipatzen dituzte. Zehazki, erosketak hobeki planifikatzea, etxean egiten duten kontsumoa aintzat hartuta (hori funtsezkoa litzateke % 27ren iritziz); janari prestatuen soberakinei probetxu ateratzen ikastea (% 20k nabarmendu dute aukera hori); eta asteko menuak planifikatzea eta elikagaien kontsumo-datak kontrolatzea (% 15ek aipatu dituzte bi aukera horiek).

Nola sortu zabor gutxiago elikagaiekin

Urtean ia 9 milioi tona elikagai botatzen ditugu zaborretara. Gehien-gehiena ekoizleek eta banatzaileek botatzen dute, 6 milioi tona inguru, baina etxeetan botatzen dena ere ez da gutxi. Zer egin dezakegu kontsumitzaileok kopuru hori murrizteko? Hona hemen zenbait aholku.

  • Erosketa planifikatu: aste osorako menua prestatu eta, zer behar den ikusi ondoren, zerrenda bat egin erosi beharrekoekin. Ez joan dendara gosetuta, eta erne ibili eskaintzekin, tentagarriak dira eta. Fruta eta berdura aleka erosi, eta ez zorroetan bilduta dagoela; hartara, behar den horixe baino ez dugu erosiko.
  • Iraungitze-data egiaztatu: produkturen bat berehala jateko asmorik izan ezean, hobe da aurrerago erostea; erostekotan, beranduen iraungitzen dena hautatu behar da.
  • Kontuan hartu zenbateko aurrekontua dugun: janaria botatzea dirua botatzea da.
  • Ordenatuta eduki hozkailua: egiaztatu atearen junturak eta barreneko tenperatura. Elikagaiak fresko egon daitezen eta luzaroan iraun dezaten, 1 ºC eta 5ºC artean eduki behar dira.
  • Elikagaiak biltegiratzerakoan, egin kasu ontzian ageri diren oharrei.
  • Elikagaiak egoki antolatu biltegian eta hozkailuan: jarri aurrean lehenbizi iraungiko direnak eta atzean erosi berri ditugunak.
  • Janari kopuru txikiak zerbitzatu: nahi duenari berriz hartzeko aukera eman, baina platerekoa bukatzen duenean.
  • Aprobetxatu janari-hondarrak: Hurrengo eguneko otordua egiteko erabil daitezke, afaria prestatzeko osagai gisa ere bai, eta izoztu ere egin daitezke. Gehiegi umotu den frutarekin irabiakiak edo tartak egin daitezke, eta berdurekin, kremak edo zopak.
  • Izoztu: Ogi gutxi jateko ohitura izanez gero, xerratan moztu eta izoztu egin daiteke, eta aldian-aldian behar dena atera. Elikagaiak prestatu eta izoztuz geri, otordua prest egongo da sukaldean aritzeko denborarik edo gogorik ez denerako.
  • Janari-hondarrak ongarri bihurtu: aztertzekoa da janari-hondarrak landareentzat edo baratzerako konpost bihurtzeko aukera. Badira etxerako konpostagailuak, oso erraz erabiltzen direnak.