Elektrizitatearen eta gasaren faktura

Urte eta erdi geroago, liberalizazioak ez ditu prezioak beheratu

Ez dago ia aurrezteko aukerarik, eskaintzei buruzko informazioa urria da eta konparazioa egitea zaila da
1 urria de 2004
Img temap 203

Urte eta erdi geroago, liberalizazioak ez ditu prezioak beheratu

/imgs/20041001/img.tema-portada.01.jpg
Espainiako estatuan energi sektorearen liberalizazioa gertatu zenetik urte eta erdi igaro den arren, energi enpresa hornitzailea hautatzeko aukeraz baliatu den portzentajea, hau da, elektrizitate hornitzailea aldatu duten bakarrak etxeen %2 baino ez da izan; gas naturala zuten etxe eta dendetako bezeroen artean, %12k soilik egin du aldaketa. Gainera, elektrizitate hornitzailez aldatu duen %82k aurreko banatzailea kide zuen enpresa taldeko etxe komertzializatzaile bati kontratatu dio zerbitzua; eta gasaren merkatuan, proportzioa are altuagoa da, %90ekoa, alegia.

Esan liteke erabiltzailearentzat gauzak oso gutxi aldatu direla. Energiaren Batzorde Nazionalak emandako datu ofizialen arabera, liberalizatzeko neurria energi sektorean konkurrentzia ezartzera bideratuta zegoen eta, horrekin batera, bere ondorio positiboak (kontsumitzailearen hautatzeko aukera handitu eta prezioak beheratu) ez dira hiritarraren interesekoak izan. Edozein modutan, Espainiako estatuan energia dela eta, gauza bitxia gertatzen da: 1991. urtean liberalizatu zen telefoniaren sektorean, bezeroen %41ek operadorez aldatu du azken bi urteotan. Eta beste zerbitzu batzuei erreparatzen badiegu, aldi horretan bertan, erabiltzaileen %34k banketxez aldatu duela ikusiko dugu, eta autoaren asegurua dela eta, %30ek beste horrenbeste egin du.

Aldatzeko interesik ez izateko arrazoi nagusia nabarmena da: erabiltzaileari ez dio merezi elektrizitate eta gas hornitzailez aldatzeak, besteak beste, ekarriko dion abantaila ekonomikoaren aldean, ustez (oker, halere), eragingo dizkion gestioen deserosotasuna handia delako eta hornitzaile berriak eskainiko dion kalitate eta zerbitzuaren jarraipenak ziurtasunik eza eragingo diolako (ulergarria, baina arrazoirik gabea). Etxe batean batez beste CONSUMER-ek ezarritako kontsumo hipotesiari dagokionez (bihileko 1.400 kWh gas kontsumoa eta 450 kWh elektrizitate kontsumoa), osorik hartuta urtean aurrezkirik handiena 26 eurokoa izango litzateke (merkatuan dauden eskaintzen artean, merkeena hautatuz, kasu honetan, Unión FENOSA Comercial), baldin eta bi zerbitzuak elkarrekin kontratatuko balira bakarrik, eta baldin eta erabiltzailearen lehengo banatzaileak lau urtean behin egin beharreko derrigorrezko gas instalazioen azterketagatik 43 euro kobratuko balu (ez du beti hori kobratzen), Unión FENOSAk kobratzen duen bezala.

Merkatu liberalizatuan zerbitzuaren kalitateak merkatu arautuko kalitate berbera izaten jarraitzen badu ere, merkatu librean kontsumitzailearen erantzukizuna handiagoa da, izan ere, administrazioak kontrolatzen ez dituen etxe komertzializatzaileek eginiko kontratuei aurre egin behar die kontsumitzaileak (horiek lehen kontrolatuta zeuden). Eta etxe komertzializatzaileek sareen erabilera ordainduko ez balute, haiekin batera kontsumitzaileak izango luke banatzaileari ordaintzeko erantzukizuna. Eta hainbat etxe komertzializatzailek ordaindu ezean, hornidura mozketa egin aurretik, erabiltzaileari fakturei aurre egiteko epea murriztu egingo zaio.

Liberalizazioak ez du fakturaren zenbatekoa murrizten uzten

/imgs/20041001/img.tema-portada.02.jpg
Merkatu librean, gas eta elektrizitatearen prezioak bi zati ditu: kontsumitutako energiaren zatia (etxe komertzializatzaileak ezarri dezakeena) eta banaketa sareak erabiltzeagatik ordaindutako tarifa edo bidesaria. Tarifa hau Administrazio publikoak ezartzen duen tasa finkoa da. Merkatu arautuan, aldiz, banatzailea zen kontsumitzaileari elektrizitatea edo gas naturala saltzen ziona, horretarako bere banaketa sare propioak erabiliz. Gaur egun (ez ahaztu merkatu librean oraindik ere merkatu arautuak jarraitzen duela), etxe komertzializatzaileek aipaturiko bidesari kontzeptuaren ordainketaren bitartez banaketa sareak erabiltzen dituzte, eta beraiek saltzen dute elektrizitatea edo gas naturala. Argi dago, beraz, edozein modutan, liberalizazioak ez duela erabiltzaileek gehien nahi duten ondorioa ekarri: lehen ez bezala, gaur egun prezioen lehian eragin dezaketen enpresen arteko garrantzizko prezio ezberdintasunak agertzea.

Kontsumitzailea jakitun da nahikoa gutxi laguntzen dion egoeraz: egin berri den inkesta baten arabera, hiritarren %60ri ez zaizkie energi etxe komertzializatzaileek beren publizitate kanpainetan egiten dituzten eskaintza ekonomikoak erakargarriak iruditzen. Alde batetik, etxe komertzializatzaile horien deskontuak ez dituzte aski erakartzen eta, bestetik, gaineratu beharko litzateke eskaintzen dituzten zerbitzu gehigarriak ez dituztela asko balioesten edo ez daudela ongi informatuta, esate baterako, gasaren eta elektrizitatearen gestio baterakoa, etxe aseguruak, telefonia eta Internet zerbitzua, galdarak instalatzeko mantentze edo diru laguntza zerbitzu integralak. CONSUMER-ek ez ditu zerbitzu gehigarri horiek ebaluatu.

Egoera honen arrazoiak egiturazkoak dira, gehienbat: aldizkari honek kontsultatu dituen gas natural eta elektrizitate etxe komertzializatzaileek baieztatu dute, prezio merkeagoak eskainiz gero, negozioa ez litzatekeela errentagarria izango. Eta halaber, Espainian Gobernuak finkatutako argiaren prezioa Europako Batasuneko merkeenetakoa dela diote, eta hori dela-eta oso zaila zaiela bezeroentzat erakargarriak diren prezio eskaintzak egitea. Bestalde, liberalizatutako merkatuan sartzen saiatzen diren konpainiak kexu dira “betiko” banatzaileek, bezeroen etxeetara iristen diren sareen jabeak alegia, ezartzen dituzten defentsa barrerak direla eta; antza denez, eragozpen nagusietako bat abonatuei buruzko informazioa lortzeko duten zailtasuna da.

Erabiltzaileak, merkatu liberalizatura pasatzea pentsatzen ari dela, etxe komertzializatzaile ezberdinen prezioak alderatzen dituenean, kontuan hartu behar du merkatu arautuan zerbitzua ematen dion banatzaileak gas instalazioen derrigorrezko azterketak orain arte kobratzen al zizkion. Izan ere, batzuek ez dute kobratzen eta, kontuak egiteko orduan, aldaketak ekarri dezakeen abantaila ekonomikoa asko murriztu daiteke, edota hutsean geratu. Unión Fenosak, esate baterako, 43 euro kobratzen du azterketa, hau da, 10,75 euro urtean. Gaur egun azterketak ordaintzen ez dituen erabiltzaile batentzat, energi enpresa hori kontratatzea 15,6 euroko aurrezkia suposatuko luke eta ez, ordea, hasieran pentsatutako 26 euroak (gure aldizkariak aztertutako suposamenduaren arabera prezio onenak eskaintzen dituen konpainia da). Azterketa bakoitzeko 23,5 euro kobratzen duen Endesa Energía enpresarekin kontratua eginez gero (5,87 euro urtean), urteko aurrezkia 13,7 eurokoa izango da (hasierako 19,6 euroekin alderatuz), baldin eta elektrizitatea eta gasa elkarrekin kontratatzen badira, eta gasa bakarrik kontratatuz gero, aurrezkia 10,47 eurokoa izango da (hasierako 16,34 euroekin alderatuz). Azterketa bakoitzeko 29 euro kobratzen duen Iberdrolari dagokionez, merkatu arautuan azterketak ordaintzen ez dituen erabiltzailearentzat urteko aurrezkia 2 eurokoa baino ez litzateke izango.

Azkenik, Gas Natural enpresak azterketa bakoitza 35 euro kobratzen du eta aurrezkia, elektrizitatea eta gasa elkarrekin kontratatuz gero, urtean 10 euro pasatxokoa izango da soilik. Baina, azterketa kontzeptu gisa, urtean ordaindu beharreko ia 9 euroak zenbatzen baditugu, aurrezkia ia hutsean geratuko da.

Gutxiegi informazioaren alorrean

CONSUMER-eko teknikariek merkatu liberalizatu berri honi buruzko informazioa eskatu zuten, bezeroak izango balira bezala, gas eta elektrizitate etxe komertzializatzaile eta banatzaile nagusietako bezeroarentzako arreta telefono zerbitzuetan, eta gestio horien ondorioa bakarra izan da: zorroztasun gutxi “betiko” banaketa etxeetan eta argitasun urria etxe komertzializatzaileen eskaintzei dagokienez. Halaber, inkestak erakutsi du banaketa etxeek (betikoak dira) beren taldeko etxe komertzializatzaileen alde egiten dutela, informazioa eskatzen duten erabiltzaileak enpresa horiekin zuzenean harremanetan jarriz, esate baterako. Eta aldi berean egiaztatu da etxe komertzializatzaile batzuek erabiltzaileei merkatu librera ez jotzeko eta hornitzaile berberarekin jarrai dezatela gomendatzen dietela, “ez baitu merezi”, horretarako, argudio zehaztugabeak erabiliz edo, zuzenean, lehiakide dituzten etxe komertzializatzaileen eskaintzei balioa kenduz.

Gainera, bezeroarentzako arreta telefonoei erantzuten dietenek ez diete erabiltzaileei ez eskaintzen ez kontratuaren baldintzen hainbat funtsezko alderdiri buruz beren kasa informaziorik ematen. Energi kontsumoaren arabera ezartzen diren deskontuetan (gasa edo elektrizitatea) ez da deskontua aldatzen den tarteuneei buruz azalpenik ematen. Eta erabiltzaileak, ohikoa den bezala, ez badaki zer galdetu, garrantzi handiko informazioa ezagutu gabe geratuko da: interes gehien duten kontratuaren alderdi nabarmenenei buruzko gaiak azalduko dituen komunikazio estandarizaturik ez dago, esate baterako, ez da adierazten deskontua fakturaren zein ataletan ezartzen den (zati aldakorrean soilik eta inoiz ez Gobernuak ezarritako zati finkoan), ezta kontratuak zer iraupen izango duen ere, kontratua desegiteko klausulak, eskaintzen iraupena, azterketen kostua edo intzidentzia larrietarako laguntza.

Baina dena ez da informazio gabeziara mugatzen: bezeroarentzako arreta telefono hauen bitartez, etxe komertzializatzaileek datu okerrak ematen dituzte derrigorrezko azterketen doakotasunari buruz (Iberdrola eta Endesa), erabiltzaileak kontratua aurreikusitakoa baino lehen desegiten badu, ezartzen diren zigorrei buruz (Unión Fenosa) edo gasa eta elektrizitatea bereizturik kontratatzeko dagoen ezintasunaz (Iberdrola eta Gas Natural).

Edozein bezerok eta Estatuko edozein tokitan enpresa bakoitzaren proposamenak kontsulta ditzake www.cne.es orrian. Erregistro ofizialean 60 elektrizitate etxe komertzializatzaile inguru daude eta 30 gas etxe komertzializatzaile, gutxi gorabehera, baina CNErekin (Energiaren Batzorde Nazionala) lankidetzan aritzen diren eta beren eskaintzak Internet bidez zabaltzen dituzten 14ko zerrendan, sektoreko ohiko enpresa handiak nagusitzen dira, erabiltzaileek urteez geroztik ezagutzen dituztenak: Endesa, Gas Natural, Hidrocantábrico, Iberdrola, Naturgas, Unión Fenosa eta Viesgo.

Nola erosi eta erabaki

/imgs/20041001/img.tema-portada.03.jpg
Gas eta elektrizitate hornitzailea hautatzeko merkatu bateko zein besteko prezioak alderatzea komeni da (arautua eta liberalizatua) eta etxe komertzializatzaile berriek eskaintzen dituzten zerbitzuak kontuan hartzea. Tarifa finko zein kontsumoaren araberako kostu aldakorrari dagokionez, eta gas naturalean kontratatutako presio maila zein elektrizitatean kontratatutako potentziari dagokionez, kontratuak zehazten dituen ezaugarriak egiaztatzea da baliagarriena. Energia baten zein bestearen urteko kontsumoari buruz oharrak hartzea gomendatzen da. Erabiltzaileak merkatu liberalizatura joatea erabakitzen badu, hainbat etxe komertzializatzaileren eskaintzak aztertzea komeni zaio, eta eskaintzak edo deskontuak dituzten kontzeptuei arreta egitea, hala nola, kontratuaren iraupenari, faktura ordaintzeko moduei, zerbitzu osagarriei eta bezeroari eskainitako arretari. Ondoren, kontuak egin eta erabakia hartzen da.

Hornitzaile aldaketa doanekoa eta erraza da: etxe komertzializatzailearekin kontratua sinatu eta gero, enpresa bera arduratuko da gestioak egiteaz. Merkatu librean kontratatzeko ez dago elektrizitate edo gas instalazioa aldatu beharrik, instalazio elektrikoan potentzia kontrolatzeko etengailurik ez edukitzekotan izan ezik. Hori gertatzen bada, erabiltzaileak etengailu bat instalatuko du bere kasa edo etxe komertzializatzailearen bitartez. Instalazioa doanekoa da baina, hala ere, kontagailuarekin gertatzen den bezala, berau alokatzea kobratu egiten da, fakturan adierazita dagoen bezala.

Kontratuaren iraupena etxe komertzializatzaileak proposatzen du, baina urte beteko iraupena izango du, gutxienez. Etxe komertzializatzaileak bezeroa zigortzen duten klausulak gehitu ditzake, baldin eta erabiltzaileak, kontratu desegite data baino lehen, kontratua amaitutzat ematen badu. Hornitzearen kalitateari dagokionez, energia erabiltzailearen etxeraino daraman banatzaileari dagokio oraindik ere, lehengoari, alegia. Erabiltzailea merkatu libreko zerbitzuarekin pozik ez badago merkatu arautura itzul daiteke.

Kontagailuen irakurketa: kontagailu gehienek banatzaileenak izaten jarraitzen dute (alokatzea kobratzen dute) eta haiei dagokie kontagailuen irakurketa eta etxe komertzializatzaileei datuak jakinaraztea. Azken hauek erabiltzailearengana iristen den fakturan islatuko dute kontsumoa. Aldatzen dena zera da: erabiltzaileak etxe komertzializatzaileari ordaintzen diola eta berau arduratzen dela hornitzeari dagokion guztiaz. Egiaz, etxe komertzializatzaileak banatzailearen aurrean bitarteko gisa jokatzen du.

Azterketak eta asistentzia matxura edo larrialdi kasuetan

Merkatu arautuan larrialdiak eta matxura abisuak banatzaileak artatuko ditu, baina merkatu liberalizatuan etxe komertzilizatzaileek ziurtatu behar dute euren bezeroen arazoei arreta egiten zaiela, izan ere kontratua etxe komertzializatzailearekin izenpetu du erabiltzaileak eta ez banatzailearekin. Gas natural instalazioetarako 4 urtean behin derrigorrezkoak diren azterketei dagokienez, egoera aldatu egiten da, nahiz eta funtsean aldaketa handirik ez egon: erabiltzaileak ordaintzen jarraitzen du, baina merkatu liberalizatuan erantzukizuna etxe komertzializatzailearena izango da, eta honek berak egin ditzake azterketak edo banatzailearengana jo. Ez kasu batean ez bestean, zerbitzuaren kalitate maila aldatuko dela pentsatzeko arrazoirik ez dago.

Bezeroarentzako arreta telefonoetan zer galdetu

/imgs/20041001/img.tema-portada.04.jpg

  • Eginiko deskontuak: finkoak ala aldakorrak diren, deskontu bakoitza ezartzen den kontsumo tarteuneak, eskaintzen dituzten deskontuak bi energiak batera kontratatuz gero ematen diren ala energia mota bakoitzerako deskontuak bereiztuta al dauden, gasa edo elektrizitatea bereiztuta kontratatuz gero eskaintzen diren deskontuak zeintzuk diren.
  • Deskontua fakturako zein kontzepturen gain ezartzen den.
  • Urteetan zehar deskontuen berrikuspena eta aldaketa.
  • Kontratuen iraupena eta, desegite kasuan, zigorrak ezartzen dituzten klausulak, baldin eta kontratuan jasota badaude.
  • Bezeroak zerbitzu gehigarriak kontratatzeko izango duen aukera, baldin eta merkatu liberalizatuan kontratatzen badu.
  • Gas instalazioen derrigorrezko azterketak: zeinek egiten dituen eta zein kostu duten.
  • Intzidentzia larrien arreta: zeinek artatuko dituen eta zein arintasun eta kalitate eskaintzen duten.

Derrigorrezko azterketak eta konponketak

  • Etxe batean aurrenekoz gas naturala kontratatzen denean, instalazioek doaneko ikuskatzea pasatu behar dute, banatzaileak berak egina.
  • Merkatu librean, etxe komertzializatzaile bat kontratatzen denean, honek doaneko aurretiko probak egingo ditu (bere kasa edo banatzailearen bitartez).
  • Lau urtero derrigorrez egin behar diren bi ikuskatze mota daude. Alde batetik, instalazio edo bere jabetzako sareetan banatzaileak egiten dituenak (doan). Horri kontsumitzaileen instalazioen derrigorrezko azterketak jarraitzen diote, horiek ere lau urtero egin behar dira. Azken hauek kontsumitzailearen erantzukizuna dira eta etxean gasaren bitartez funtzionatzen duten instalazio edo gailu guztiei dagokie. Merkatu arautuan, azterketa horiek banaketa etxetik kanpoko enpresa baimendu batek edo banatzaileak berak egin ditzake, kontsumitzaileak hala eskatzen badu. Liberalizazioa dela eta, ikuskatze hauek etxe komertzializatzailearen erantzukizuna dira, baina kontsumitzaileak nahi badu, enpresa baimendu batek egin ditzake. Etxe komertzializatzaileek beraiek edo banatzaileen bitartez egiteko aukera ematen du legeak. Bi agente hauen arteko akordioak argi geratu behar du, izan ere, kontsumitzaileak, nahiz eta merkatu librera pasatu, bere zerbitzua ziurtatuta izan behar du. Hala ere, Endesa, Gas Natural, Iberdrola eta Unión Fenosako bezeroarentzako arreta telefonoek ez dute beren kasa gai hau argitzen. Azterketei buruz zuzenean galdetzen zaienean soilik azaltzen dute gaia. Bestalde, lau etxe komertzializatzaile lehiakorrenetako batek ere ez du derrigorrezko azterketa doan eskaintzen eta kontzeptu honen gainean ez du deskonturik egiten. Azterketen kostua 20-45 euro bitartekoa izan daiteke (azterketa lau urtean behin da). Hala ere, merkatu arautuan, Naturcope taldeko enpresek zerbitzu hau doan eskaintzen dute (Gasnalsa, Bilbogas, Donostiagas eta Gas Tolosa).
  • Matxura eta intzidentzia larrien arreta: legeak behartzen du etxe komertzializatzailea zerbitzu hau eskaintzera, bere kontura edo banatzailearen bitartez eta, azken aukera dela eta, banatzailearekin kontratu bat sinatuta eduki behar du etxe komertzializatzaileak. Kontsumitzaileek zerbitzua nahitaez jaso behar dute, etxe komertzializatzaile eta banatzailearen arteko akordiorik eza aitzakia gisa erabili gabe. Kontsultatutako etxe komertzializatzaileen bezeroarentzako arreta telefonoek ez dute, hasiera batean, larrialdietako arreta zerbitzuari buruz inongo argibiderik ematen.
Eta energia berdea?

/imgs/20041001/img.tema-portada.05.jpg

Europako Batasuneko 2001/77 zuzentarauak honela definitzen du energia berdea: “Energi iturri berriztagarriak soilik erabiltzen dituzten zentralek sortutako elektrizitatea, hala nola, energi iturri konbentzionalak erabiltzen dituzten zentral hibridoetan energi iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitate zatia, baita biltegiratze sistemak betetzeko erabiltzen den elektrizitate berriztagarria ere, betiere sistema horien bitartez sortutako elektrizitatea kenduta”. Era honetan definitzen ditu iturri berriztagarriak: “Fosilak ez direnak: eolikoa, geotermikoa, uhinaldietakoa, mareomotriza eta hidraulikoa, biomasa, zabortegiko gasak, arazketa plantetako gasa eta biogasa”.

/imgs/20041001/img.tema-portada.06.jpg
Erregimen bereziko instalazioetan produkzioaren jatorria iturri berriztagarriak dira. Energia konbentzionalen aurrean, prezioetan lehiakor izateko, sari bat jasotzen dute. Erregimen arrunteko instalazioetarako (produkzioaren jatorria iturri hidraulikoa eta beste batzuk dira) laguntza iragankorrak esleitu dituzte liberalizazio prozesuaren ondorioz. Energi iturri berriztagarrietan oinarritutako elektrizitate ekoizpen hau erregimen arruntean zein erregimen berezian egiten da.

/imgs/20041001/img.tema-portada.07.jpg
Energia berdea enpresa komertzializatzailea eta energi ekoizleen arteko kontratuen bitartez komertzializatu daiteke eta baita erositako energia gisa, pool deituriko merkatu antolatuan, ziurtagiri berdearen komertzializazioarekin batera. Gure inguruko herrialdeetan hau da gehien erabiltzen den modalitatea. Ziurtagiri berdeak egiaztatzen du erabiltzaileak kontsumitu duen elektrizitate kopuru berbera edo kopuru handiagoa energia berriztagarrien bitartez ekoiztu dela. Espainian, oraindik, ez da energiaren jatorria bermatzen duen sistema ofizialik ezarri, hala ere, kontu ikuskaritza erakundeek energiaren jatorria egiaztatzen duten ziurtagiri sistemak badituzte. Espainiako Sare Elektrikoak (REE) ematen dituen RECS ziurtagiriak, esate baterako, ekimen pribatuen ondorio dira eta ez dute legezko edo araudi bitarteko laguntzarik.

Kontsumitzaileek elektrizitate berdea baldintza komertzialetan izan dezakete soilik, ez baldintza fisikoetan, izan ere, instalazio berriztagarrietan ekoiztutako energia era konbentzionalean ekoiztutako energiaren garraio eta banaketa sarera isurtzen da. Era horretan, kontsumitzailearengana iristen den elektrizitatea sarera isurtzen diren elektrizitate guztien nahasketa da. Bestalde, ez dago ziurtatuta erabiltzaileak energia berdeagatik ordaintzen duen gainprezioa iturri berriztagarriak erabiliz elektrizitatea egiteko berriro inbertitzen denik (CONSUMER-en suposamenduaren arabera, Iberdrolan urtean ia 33 euro eta Endesan 6,5 euro baino pixka bat gehiago). Espero daitekeen gauza bakarra da kontratu mota hauen kopurua handitzea eta, horrenbestez, energia berdearen produkzioa areagotzea. Egiaz, kontsumitzailea konbentzionala baino prezio altuagoa ordaintzen ari da bere etxerako kontratatu duen energia kopuru bera iturri berriztagarrien bitartez ekoiztua izan dadin. Sari horren ordainketak ez du bestelako kontraprestaziorik suposatzen. Gainera, nolabait ere, energia berdea berdin-berdin sartuko litzateke sarean energia berdeko kontraturik egongo ez balitz ere, eta beraz, bezeroek kostu gehigarririk ordaindu gabe ere.

Azkenik, komeni da gogoraraztea kontsumitzaile guztiek derrigor ordaintzen dutela energia berriztagarrien sustapena, besteak beste, erregimen bereziko instalazioetarako sarien ordainketaren bitartez. Ordainsari hori elektrizitatearen ordainagirian agertzen da, “Dibertsifikazio kostuak” izeneko atalean.