Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Urte berrirako asmoak

Urtea hasterako, asmo onez gainezka ibili ohi gara, baina maiz dirua gastatu behar izaten da horiek gauzatzeko, eta aitzakia hori baliatzen du jendeak burua lehengo lepotik eramateko. Dirua ez dadin muga izan, hona alternatiba merkeak

Hizkuntzak ikastea

“Urte berri on!” edo “Happy new year!”

25 urtetik gorako herritarren erdiek ez dute atzerriko hizkuntza bat bera ere hitz egiten Espainian. Litekeena da, beraz, urte berriarekin, hizkuntza bat ikasteko edo hobetzeko gogoa edo premia sortzea.

Europan egiten diren estatistikek esaten dutenez, bidean geratzen diren asmoetan, hizkuntzak ikasteari dagokiona geratzen da maizen. Zabarkeria, berehalako emaitzarik eza eta ikasketetan aurrera ezin eginaren irudipena izaten dira arrazoi nagusiak. Beste hizkuntza bat ikasteak denbora eskatzen du, borondatea, jakin-mina eta diru dezente.

Hizkuntza eskolaren batean sartzea lortuz gero, 65 eta 140 euro artean kosta liteke ikasturtea, baina oso zaila izaten da horietan leku bat eskuratzea. Bestelako lekuetan garestiagoa da. Ingelesa ikasteko, adibidez, 500 euro ordaindu behar da hiruhileko bakoitza British Council-en. Eskola partikularrak hartzea merkeagoa izaten da, baina horietan ere diru mordoa joaten da. Zenbat eta esparru espezializatuagorako behar izan (komertzial moduan aritzeko, adibidez) eta zenbat eta ikasle talde txikiagoa bildu, orduan eta garestiagoa izaten da ordua. Eskolarik ohikoenak hartzeko, 15 euro ordaindu behar izaten da ordua, eta espezializatuenak, 30 euro.

Teknologia berriekin, ordea, bide berriak zabaldu dira hizkuntzak ikasteko, berriak eta doakoak.

Musu truk

Doakoa, ordutegi guztiz malguekin eta ikasle bakoitzaren beharretara egokitua, halakoxea da hizkuntzak sarean ikasteko aukera. Diplomarik edo ziurtagiririk ez dute ematen gehienek, eta horixe dute eragozpen nagusia; hala ere, testak eta ariketak eskaintzen dituzte, eta ikasleak horien bidez ikus dezake etekina atera diola ikastaroari. Erabiltzaileak bere prestakuntza hobetu dezake, baina ez agiri bidez frogatu. Ingelesa ikasteko, mansioningles.com webgunea aski osatua da: 54 ikasgai eskaintzen ditu, hiru mailatan egituratuta (hasierakoa, oinarrizkoa eta ertaina). Ikasturtea amaitutakoan, ebaluazio-testa egiten du ikasleak eta zer maila lortu duen egiaztatu. Beste webgune batean, http://www.curso-ingles.com delakoan, ingelesaren gramatika osoa eskura dezake erabiltzaileak; gramatikako kontzeptuak agertuko zaizkio zerrenda batean, eta hobetu behar duen hori aukeratuta, horri buruzko ariketak egin ahal izango ditu. Atal osagarri bat ere badu, merkataritza arloko ingelesa lantzen duena, eta oso egokia da ingelesa lanerako behar dutenentzat. Bi adibide eman ditugu, baina askoz gehiago daude. Ahoskera hobetzeko, adibidez, oso erabilgarria da Forvo.com webgunea. Gizarte sare berezia da, eta kideek hainbat hitz ahoskatzen dituzte, ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan, jendeak jakin dezan nola ahoskatzen diren egoki.

Eta hor daude hizkuntza trukerako sareak ere. Internet bidez edo beste bitarteko batzuen bidez (akademietako iragarki taulak, eskoletakoak…), hizkuntza bat ikasi nahi duten pertsonak harremanetan jartzen dira beste hizkuntza bat ikasi nahi dutenekin, eta elkarri erakusten diote nork berea. Leku berean bizi badira, aurrez aurre elkartu eta elkarri erakusten ahal diote, eta bestela, solasguneen bidez, skype-tik edo, nahi bada, baita ohiko posta erabilita ere.

My Language Exchange (www.mylanguageexchange.com) gunea, adibidez, 2000. urtetik dago sarean eta milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditu. Hor daude, halaber, conversationexchange.com edo intercambiodeidiomas.com ere. Sistema hori erabiltzea erabakiz gero, gauza guztiak ongi hitzartu behar dira aurrez: zer maiztasunekin elkartu, zer iraupen izango duen, nola egingo den bi hizkuntzak lantzeko… Horrez gain, neurri batzuk hartzea ere komeni da, eta tentuz jokatzea. Azken batean, beste pertsona ezezaguna da norberarentzat edo informazio gutxi izaten da hari buruz. Hori dela eta, lehen saioetan leku ezagunetan geratzea komeni da, eta lagun batzuk edo laguntzaileren bat eramatea.

Asmo onak betetzeko aholkuak

  • Helburu errealistak eta neurgarriak. Asmo berriak jartzerakoan, ez da komeni modu orokorrean formulatzea. Helburua neurgarria izan behar du. Helburua bada kirol gehiago egitea, egokiena litzateke egunean ordu erdiz egitea kirola edo norberak nahi duen tartea hartzea. Bestela, geure burua engainatuko dugu.
  • Banan-banan. Errealista izan beharra dago, eta ez da komeni asmo guztiei aldi berean ekitea: erretzeari utzi, ingelesa ikasi eta gidabaimena eskuratu. Egokiagoa da indar guztiak asmo bakarrarentzat eskaintzea, eta bat lortu ondoren hastea beste batekin.
  • Epeak jarri. Oso lagungarria gertatzen da epeak jartzea (hiru aste, 30 egun, bi hilabete…), horrela, izan ere, errazago ekiten zaio eta emaitzak egiaztatu egin daitezke.
  • Lagunak hartu. Familiako gainerako kideak eta lagunak ere gure asmoetara biltzea pizgarri handia izaten da, eta laguntza handia ere bai ez etsitzeko edo bidean ez geratzeko.
  • Akats tarteak. Gauzak aldatzen hasi aurretik, ongi barneratu beharra dago atzerapausoak izango direla eta dena bertan behera uzteko gogoa ere bai. Oso garrantzitsua da hau jakitea: huts egin eta berriz bidean hastea prozesuaren zati izaten da.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak