Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hiriak eta gizarte-bazterketa: etxerik eta baliabide ekonomikorik ez dutenei zer bitarteko eskaintzen dizkieten aztertu dugu 18 hiritan : Udalek handitu egin dute gizarte-gastua behartsuenei laguntzeko, baina baliabideak eskas dira orain ere

-Egoitza eta higiene arloko laguntza-zerbitzuak dira nagusi, lan eta osasun arloko gizarte-laguntzen gainetik
-CONSUMER EROSKI-k 18 hiritan egin duen azterketak ezaugarri bat utzi du agerian: udalek gizarte-zerbitzu asko eta askotarikoak eskaintzen dituzte

Udal-aterpetxeak, bestelako egoitzak eta konparatzeko taula

Udalerri gehienetako aterpetxeak pribatuak dira, baina hitzarmena egina dute udalek eta horiek kudeatzen dituzten erakundeek (erlijio kongregazioak dira gehienak). Eskaria etengabe handitzen ari dela ikusita, egoitzak, pisuak, apartamendu zainduak edo ostatuak egokitu behar izan dituzte udalek baliabiderik eta etxerik ez duten pertsonei lolekua emateko. Madrilek dauka zerbitzu osatuena udal-egoitzatan: zortzi harrera-zentro, zazpi zentro baliabiderik ez duten etorkinentzat eta 30 pisu inguru etxerik eta baliabiderik ez dutenentzat (horrez gain, 50 ohe inguru eskaintzen dituzte Madrilgo ostatuetan, lankidetza-hitzarmenen bidez). Bartzelona dator ondotik (11 udal-egoitza dauzka) eta Bilbo gero (7 gune kudeatzen ditu tokiko administrazioak). Udalek, egoitzak ez ezik, bonoak edo txartelak ere eskaintzen dizkiete baliabiderik ez duten pertsonei, ostatuetan lo egin dezaten (hitzarmenak egiten dituzte horiekin). Laguntza-zerbitzu horiek urteko egun guztietan egon ohi dira zabalik.

Higiene-zerbitzua ere ematen dute udalek. Aterpetxeetan bertan izaten da batzuetan, eta horretarako berariaz prestatuta dauden eraikinetan besteetan. Bartzelonan, Bilbon, Madrilen, Valentzian, Iruñean eta Gasteizen, esaterako, dutxak eta komun publikoak dauzkaten etxeak jartzen dituzte jendearen eskura. Leku guzietan doakoa da zerbitzu hori (Madrilen 0,15 euro eskatzen dizkiote erabiltzaileari, eta esku-zapia eta xaboia eraman ditzala, baina hori ere ez daukanari, ez diote eragozpenik jartzen).

Hilean hiru egun eta astebete artean egin ditzakete erabiltzaileek ostatu hartuta, baina bakoitzaren araberakoa izaten da hori. Ez da gauza bera hirira iritsi berri den norbait izatea, egun batzuen buruan joateko asmotan dena, edo gizarteratzeko edo lan-munduan barneratzeko prozesu bete-betean dagoen norbait izatea, edo osasun arrazoiengatik egonaldia luzatu behar duen norbait izatea. Alacanten, Bilbon, Madrilen, Valentzian eta Gasteizen, Gizarte Zerbitzuetako arduradunek erabakitzen dute zenbateko egonaldia egingo duen bakoitzak. 2008an, Madrilen eskaini zituzten loleku gehien (horrek ez du esan nahi han hartu zituztela pertsona gehien): 300.000 baino gehiago.

Neguko egunik hotzenak iristen direnean, udal ba-tzuek bikoiztu egiten dituzte zentro horietako lekuak (Alacant, Bartzelona, Iruñea edo Valladolid), eta beste batzuek eremu bereziak egokitzen dituzte (hotz garaiko aterpetxeak), etxegabeek kalean lo egin beharrik izan ez dezaten (Bilbo, Bartzelona, Donostia, Madril, Valentzia eta Zaragoza).

Zenbait aterpetxek baldintza batzuk jartzen dizkiete erabiltzaileei: 18 urte baino gehiago edukitzea (adingabeak gurasoek edo babesle batek lagunduta egon behar dute), nortasun agiriak aldean eramatea, baliabide ekonomikorik ez izatea, bere kabuz moldatzeko gai izatea, gizarteratzeko eta lan-munduan barneratzeko prozesu bat abiatzea, bertako araudia errespetatzea, alkoholik eta drogarik ez hartzea, eta jarrera oldarkorrik ez ager-tzea, ez egoitza horietako arduradun eta langileekin, ez han bizi den beste inorekin.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak