Adingabeen erdiek gehiegizko pisua edo gizentasuna dute Espainiako Estatuan. Faktore asko dago horren atzean, eta horietako bat da, zalantzarik gabe, elikadura desegokia. Ekoizleen ardura al da? Industriako arduradunek, nutrizionistek eta elikagaien segurtasunean aditu direnek aztertu dute gaia, eta irtenbide batzuk ere proposatu dituzte.

Zerekin elikatzen ditugu semealabak?

1 maiatza de 2021

Zerekin elikatzen ditugu semealabak?

Hiru eta 8 urte arteko bi haurretatik ia batek gizentasuna edo gehiegizko pisua dauka Espainiako Estatuan. Zifra kezkagarri horiek ageri dira Espainiako Herritarren Nutrizio eta Elikadura Ohituren Azterketan (EENPE), zeina Eroski Fundazioak sustatu duen. Faktore askok eragiten du egoera hori, baldintza genetikoek, haurraren inguru obesogenikoak, sedentarismo gero eta handiagoak eta, jakina, dietan elikagai desegokiak sartzeak.

10 enpresak kontrolatzen dute munduko merkatua

Kontsumitzaileak orgatxoa hartzen duenean eta supermerkatuko korridoreetan barrena doanean, nekez konturatzen da eskura dituen elikagai prozesaturik gehienak hamar bat multinazionalenak direla. Oxfam erakundeak Big Ten izena jarri zien, (10 handiak): egitura erraldoiak dira, eta elikagai markak ez ezik, drogeriakoak eta animalientzako produktuak ere banatzen dituzte. Honako 10 hauek dira:

  • Nestlé (Suitza). Munduko lehen enpresa da elikagaien arloan. Esnekiak eta horien eratorriak ez ezik, gailetak eta haurrentzako elikagaiak ere ekoizten ditu.
  • PepsiCo (AEB). Freskagarriek egin dute ezagun, eta aperitiboen sailean ere eskaintza handia dauka: Lays, Cheetos, Doritos, Ruffles…
  • Unilever (AEB). Jatorri britainiar- -herbeheretarra du, eta elikagaietan ere badu bere tartetxoa: Frigo, Knorr, Hellmann, Flora…
  • CocaCola (AEB). Edari azukretsuetan bera da nagusi, eta honako marka hauek merkaturatzen ditu: CocaCola, Sprite, Fanta, Nestea, Powerade eta Aquarius.
  • Mars (AEB). Txokolateak dira enpresa horren eskaintza nagusia, besteak beste Twix, M&M’s, Mars eta Bounty.
  • Mondelez (AEB). Mokadutxoak egiteko produktuak nabarmentzen dira, eta txokolateak eta gailetak dira markarik ezagunenak: Oreo, Milka, Príncipe, Suchard eta Lu.
  • Danone (Frantzia). Bera da nagusi esnekien arloan (bereak dira Actimel, Activia eta Danone markak), eta haurtxoentzako elikagaien merkatuan ere badu bere lekua.
  • Associated British Foods (Erresuma Batua). Elikaduran, opilgintza eta okintza lantzen ditu nagusiki.
  • General Mills (AEB). Askotariko eskaintza dauka; baditu izozkiak, adibidez Häagen-Dazs markakoak, eta harenak dira Gigante Verde, Old El Paso eta Nature Valley markak ere.
  • Kellogg’s (AEB). Haurren gosarien arloan nagusi jarria dago, eta eskaintza handi-handia du zereal azukretsuen sailean; Pringles markaren jabea ere bada.

Ikus daitekeen bezala, denetarik dago enpresa horien katalogoan (ikus 22. orriko zatidura), baina nagusiki gailetak, txokolateak, freskagarriak, saltsak, aperitiboak eta aurrez kozinatuak eskaintzen dituzte. Hain zuzen, haurrei gehien atsegin zaizkienak. Askotan, enpresa bakarrak bereganatzen du apalategi oso baten erdia, elkarrekin lehiatzen diren markak ageri direla bata bestearen ondoan, denak enpresa berarenak (Lays, Ruffles, Churrería Santa Ana eta Doritos adibidez, PepsiCo enpresarenak). Itxura batean, eskaintza zabaltzeko aukera ematen du, baina ezin uka marketin estrategia bat ere badela beste lehiakide batzuei lekua kentzeko. Era horretan, produktu gatazkatsuenen formulak moldatzeko erabakia ez da hainbeste merkatuari erantzuteko modu bat, negozio estrategia bat baizik, borondatezkoa gainera.

Horrekin batean, marka berriak sortzen dituzte hain beteta ez dauden apalategietara ere iristeko, eta kontsumitzaileek begi onez ikusten dituzten mezuak edo etiketak erabiltzen dituzte: light elikagaiak, ekologikoak, bidezko merkataritzakoak, glutenik gabeak, beganoak… Era horretakoak dira, adibidez, “mantso askatzekoak” diren karbohidratoak dituzten BelVita gailetak (Mondelez), zuntz ugari eta kaloria gutxi duten Fibre One bizkotxo txikiak (General Mills), eta AdeS olo edariak eta Honest kafe ekologikoak (biak Coca Cola etxearenak).

10 multinazionalek

Oso enpresa gutxiren eskuetan dago gure erosketa saskia. Oxfam GKEaren txosten batek oso argi erakusten du nola dauden elkarri lotuta merkatuko markarik ezagunenak (Behind the Brands da txosten horren izenburua, Marken atzean).

Espainia: fianbre gehiago

Munduan berebiziko nagusitasuna duten arren, Espainiako Estatuan denek ez dute lortu sarbide bera. Estatuan, izan ere, bada berezitasun bat: zizka-mizka gutxiago kontsumitzen da, baina fianbre eta esneki gehiago. Batez ere, tokian-tokian ekoitziak. Ondorioz, Espainiako etxeetan 10 markarik hautatuenak zein diren aztertuta (ez enpresak, markak baizik), argazkia aldatu egiten da zertxobait. Brand Footprint txostenaren arabera (Kantar etxeak egina da), Coca-Cola da markarik hautatuena. Etxeen %74,5ean ageri da. Atzetik datozkio El Pozo, Campofrío (biak %70etik gora), Central Lechera Asturiana, Gallo, Danone, Activia, Pescanova, Bimbo eta Puleva.

Horiek ere ohiko markak dira haurren menuan: oso gustagarriak dira haurrentzat, prezio ona dute eta familiari loturiko irudia ematen dute. Baina, batez ere, erraz jatekoak dira, haurrekin eztabaida handirik sorrarazten ez dutenak. Presaka bizi garelako edo, besterik gabe, eztabaidarako gogo gutxi izaten dugulako, produktu freskoak lekua galtzen ari dira ireki eta jateko prest dauden elikagaien aurrean (edateko jogurtak, hutsean ontziraturiko fianbre xerratuak, legatz ziritxo “goxo eta hezurrik gabeak”…). Gurasoek elikagaien industriaren esku uzten dute menuaren zati bat, eta horrek baldintzatzen du haurrek zer eta nola jaten duten.

Ekoizleen ahotsa

Eta zer dio industriak? Elikagaien merkatua kontrolatzen duten 10 enpresei galdetu diegu ea ardurarik ba ote duten haurren gizentasunean eta, konpainia gisa, ea inplikatuta dauden haurren artean dieta osasungarria sustatzeko. “Garbi dago gure gizarteak eragin sozial eta sanitario handiko erronkak dituela aurrez aurre, eta horiek lotura zuzena edukiko dutela elikagai enpresen jardunbidearekin”, azaldu digute Nestlé konpainiatik. Suitzako multinazionalak I+G sare pribatu bat dauka mundu mailan nutrizioari eskainia, eta 23 ikerkuntza zentrok osatzen dute. “Gure zentroetako batean, Nestlé Research Centerren (Lausana, Suitza), aurrerapen zientifikoak egin ditugu azukreen, gatzaren eta gantzen arloan eta horiek osasunean duten eraginean, eta berrikuntza teknologikoak ikertzen ari gara, gure produktuei eransten dizkiegunak murrizteko helburuz, segurtasuna, kalitatea eta zaporea galdu gabe”, jakinarazi dute arduradunek.

Unileverren iritziz (erantzun duen bigarren enpresa izan da), “haurren gizentasuna faktore anitzeko gaixotasuna da, eta arlo guztiek erantzun behar diote: osasunak, hezkuntzak, familiak eta komunitateak, eta enpresak (horien artean, elikagaien industriak, eta horretan ari da)”. Ameriketako Estatu Batuetako multinazionalak abian jarri dituen neurrien artean, hau nabarmentzen da: Unilever Plana Bizimodu Jasangarrirako. “Hamar urtean, 15.000 tona azukre baino gehiago kendu genizkien gure izozkiei. Te-arekin egiten ditugun freskagarrietan, %23 murriztu genuen azukrea eta 2.700 bilioi kaloria kendu genizkien”, aipatu dute. Publizitateari buruz, haien iritziz “PAOS kodea ongi ari da funtzionatzen”.

Errazioen dilema

Gure inguruan ohikoa da platera goraino betetzea, haurrak gosez gelditu eta behar adina haziko ez diren beldurrez edo. Eta ohikoa da, halaber, haurrak gero eta gutxiago mugitzea eta, aldi berean, errazioak gero eta handiagoak izatea. Gaur egun ez dago taula ofizial bat, metodologia zientifikoa, egiaztagarria, espezifikoa eta errepikagarria darabilena, non agertuko den elikagai bakoitzari zenbateko zatia dagokion adin bakoitzean. “Daudenak industriak asmatu ditu, irizpide hobearekin edo kaskarragoarekin. Eta osasun erakunde publikoek ezarri behar lituzkete, nutrizionistekin batean, AEBetan eta Portugalen egiten duten bezala”, adierazi dute Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiatik. Etiketak ere ez du argibiderik ematen zer-nolako kantitatea zerbitzatu behar den jakiteko. Europako legediak ezartzen duen betebehar bakarra da nutrizio ekarpena zenbatekoa den adieraztea 100 gramo edo 100 mililitro bakoitzeko. Baina ekoizleek zehazten duten errazioa oso gutxitan izaten da neurri horretakoa. Errazioa zenbait aletakoa izaten da batzuetan (gailetetan, adibidez) edo pisu horretatik gorakoa beste batzuetan (125 gramoko jogurt bat). Osagaien zerrenda 100 gramo bakoitzeko irakurriz, nahasmena sor dezake, eta pentsarazten du janariak dezente energia gutxiago emango duela egiaz izaten dena baino.

Zer egiten dute gaizki?

Gehiegizko pisuak eta gizentasunak haurren artean ageri dituzten zifrak esku artean hartuta, gadetu beharra dago zenbateko ardura eta erantzukizuna duen elikagaien industriak. Ez da ahaztu behar, dena den, beste eragile batzuek ere badutela zeresana: gurasoek, eskolako menuak, ostalaritzak eta osasun sistema publikoak. “Elikagaien industriak, bai eraldatzeaz arduratzen denak eta bai banatzeaz, elikagaiak birformulatu beharra dauka eta populazioaren beharrizanetara egokitzen den osaera dutenak landu behar ditu”, azaldu du Rafael Urrialdek, zeina Mikrobiologiako irakaslea den Complutense Unibertsitateko Biologia Zientzien Fakultatean eta aditua Elikaduran, Elikagaien Segurtasunean eta Nutrizioan. Azken mende erdian, kaloria beharrizanak gutxitu egin dira automozioaren, igogailuen eta aisialdi sedentarioaren eraginez. Industriak, ordea, proposamen aski energetikoak merkaturatzen jarraitzen du, adibidez gantz eta azukre asko duten opilak edo aperitibo gazien poltsa handiak, familia neurriko horiek, non erabat lausotua gelditzen den errazioaren ideia.

Eta hori gutxi balitz bezala, aurkezpena txundigarria izaten da. Haurrak liluratu nahi dituzte eta helduak konbentzitu. “Desagertu egin behar lukete mantenugai zitrikoak (gehienbat, gantzak, gatza eta azukrea) gehiegizko kopuruetan dituzten produktuen inguruan haurrentzat egiten diren komunikazioek”, adierazi du Urrialdek. Kritikak ohiko iragarkiei buruzkoak dira eta ez da begi onez ikusten elikagai mota horrekin jostailuak opari ematea ere (ColaCao etxearen formatu handiek edo Kinder arrautzak haurrentzat izaten dituzten opari horiek). Eta desegokitzat jotzen dute, halaber, ospetsuek ere halakoen babesle agertzea (Daviz Muñoz sukaldaria Donuts-ekin edo youtuberak esanez Red Bull gosaltzen dutela esna egoteko).

Ontzien aurreko aldean ageri diren mezuak ere ez dira hobeak: “bitaminekin eta kaltzioarekin aberastua”, “hobetu egiten du errendimendu intelektuala”, “pediatrek gomendatua”, “olinpiar taldearen babeslea”… Horiek guztiek pentsarazten dute super elikagaiak direla edo ohiko elementuak direla kirolarien dietan, eta ezkutatu egiten dute, egiaz, nutrizio interes gutxiko produktuak direla eta kaloria askokoak.

Autokontrola, erregulazioa eta isunak, zerk funtzionatzen du?

2005ean, Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak NAOS estrategia jarri zuen abian haurren gizentasuna geldiarazteko. Handik 16 urtera, industria eta nutrizionistak bat datoz: aukera galdua izan zen, hura laguntzeko ez baitzen nutrizio arloko heziketa kanpaina bat abiarazi herritarrentzat. Gurasoek ez badakite mantenugaien etiketa bat ongi interpretatzen, nekez egingo dute aukera egokia erosteko orduan.

Hala ere, Elikagai eta Edari Industrien Espainiako Federazioak (FIAB) bere erara bat egin zuen planarekin, eta Elikagaien Publizitatea Autorregulatzeko Kodea landu zuen (PAOS); gida bat da, 12 urtez azpiko haurrei zuzentzen zaizkien publizitate mezuak arautzeko. “Borondatezko hitzarmenek edo autokontrolekoek oso ongi funtzionatzen dute osagai zitrikoak gutxitzeko edo publizitatearen mezuak neurrira ekartzeko, baina eraginkorrak izango dira agintariek gainbegiratzen badituzte bakarrik eta isunak etortzen badira. Araudi espezifikoa ezarri behar litzateke 16 urtez azpikoentzat zuzenduta dauden produktuetarako, Portugalen egiten duten bezala”, azpimarratu du Rafael Urrialdek.

2017 eta 2020 artean, sektoreak konpromisoa hartu zuen elikagai askoren nutrizio profila hobetzeko. Praktikan, azukrearen %10 kendu nahi zitzaien fruta nektarrei, gantz saturatuen %5 gailetei eta gatzaren %13,8 patata frijituei. Enrico Frabettiren iritziz (Elikagaien Politika, Nutrizio eta Osasun arloko zuzendaria da FIABen), “badaude aukera teknologikoak portzentaje horiek gehiago murrizteko, baita guztiz desagerrarazteko ere elikagaiaren segurtasuna arriskuan jarri gabe. Baina zaporea edo testura nabarmen aldatuko lirateke. Kontsumitzailearen ahosabaiak baztertu egingo lituzke, segur aski. Aldaketak mantso-mantso egin behar dira”.

Kontsumo handiko marken artean, Espainian gehien hautatzen direnak

Kontsumitzaileekiko harremanak (CRP). Milioiko

Mezu ez oso koherenteak

Ahotsik kritikoenen iritziz, industriak hipokrisiaz jokatzen du. Bereziki zenbait gomendio ematen dituztenean, adibidez dieta orekatua egin behar dela, egunean bost atal fruta eta berdura jan behar direla eta ariketa fisikoa egin behar dela, non eta azukre ugari duten gaileta paketeetan edo zizka-mizka poltsetan. “Egia da kirola egiteak ez duela orekatzen dieta desordenatu bat, baina ez daiteke dena galarazi eta dena aldatu ere ez egun batetik bestera. Nonbait irakurri dut azukreari buruzko oharrak txertatu behar liratekeela, tabako paketeetan ageri direnak bezalakoak. Astakeria bat da hori, maila zientifikoan oinarririk ez duena. Haur batek gastatzen duen kaloria kopuruaren araberakoa da guztia, kantitatearen eta maiztasunaren araberakoa. Ez ditzagun deabrutu elikagai batzuk, hezi ditzagun herritarrak nutrizioaren inguruan”, adierazi du Frabettik.

“Elikagai bakoitzak zer ekarpen egiten duen jakiteak aukera emango die gurasoei erabakitzeko ea egunero jan daitekeen edo ez edo errazio osoa beharrean erdia bakarrik eman behar dioten haurrari. Bitartean, paketeak oroitarazten dio ariketa egitea hobea dela osasunerako arratsalde osoa bideo-jokotik zintzilik pasatzea baino eta ez dela aukera txarra afaritan entsalada bat jartzea”, erantsi du. Ekuazio konplexu samarra da hori gurasoentzat, kalkulatu egin behar bailukete seme-alaba bakoitzak egiaz zenbat kaloria gastatzen duen bere adinerako eta egiten duen jarduera fisikorako, eta elikagai portzentaje egokiak eman egoera bakoitzean.

Proposamen osasungarri gehiago supermerkatuan

Elikagai eta Edari Industrien Espainiako Federazioak nabarmendu egin nahi izan du industriak egin dituen aldaketak. “Azken urteetan handitu egin dugu erraz kontsumitzekoak diren elikagai izoztuen eta hotzean edukitzekoak direnen eskaintza”, azaldu du Elikagaien Politika, Nutrizio eta Osasun arloko zuzendariak. Azenario makilatxoen terrinak, entsalada oilaskodunak onduta eta jateko prest, fruta zatituen eta izoztuen poltsak dira proposamen berrietako batzuk. “Erronka bat da gurasoentzat: denbora hartu behar dute erosketa egiteko, ezagutu egin behar dituzte produktu horiek eta saskian sartu”. Ondoren are erronka handiagoa gelditzen da: familia osoaren eguneroko dietan sartzea eta ez haurrenean bakarrik. Ezertarako ez du balioko haurrek begetalekin egitea mokadutxoak eta gurasoak gantxitoak jaten aritzea sofan eserita.

Gaur egungo bizimodua

Badira beste oztopo batzuk ere. Lehenbizikoa, eskolako menuak, non oraindik ere fruta, berdura eta lekale gutxi izaten den, eta ugari, berriz, frijituak eta esnez egindako postre azukretsuak. Baita haurrak liluratzen dituzten vending makinak ere. Nahiz eta saioak egin diren elikagai freskoak sartzeko (fruta moztuak, humus terrinak…), iraungitze-data laburrak eta eskari urriak garestitu egiten ditu produktu industrialen aldean. Errestaurazioaren sektoreak, azken batean, berrikusi egin behar du haurrentzako menu izendatzen duen hori, gehienetan kroketak, patata frijituak, bolognar saltsak eta jaki birrineztatuak sartzen baitira hor. Xerra bat plantxan egin eta cherry tomate batzuekin lagunduta, oso plater ikusgarria izaten da, eta askoz ere elikagarriagoa.

Etxean ere gauzak aldatu beharra dago. Orain dela mende erdi eskas, familiak gutxienez egunean behin elkartzen ziren mahaiaren inguruan. Eta egunero kozinatzen zen. Gaur egun, lanaldiak era askotakoak dira eta denbora asko behar izaten da hiri handietan dauden lantokietara joateko; horrek zaildu egiten du lana eta familia bateratzea. Eta eragina dauka dietan. Gurasoak akituta eta estresak jota iristen dira etxera, eta atseden hartzeko denborarik gabe, afaria prestatzen hasi behar dute. Lanak arintzeko, berehalako irtenbidea emango duen horretara jotzen dute: aurrez kozinatuta dauden platerak, frijitu ultraizoztuak, zorroko zopak… Berdurak, lekaleak eta fruta baztertu, eta patata frijituek, saltxitxek eta postre gozoek hartzen dute horien lekua. Eta horiek gutizia paregabeak dira haurrentzat; errazioak ere, gainera, gero eta handiagoak dira, eta ondorioa begi bistan daukagu: lau hamarkadatan, gehiegizko pisua eta gizentasuna %400 handitu dira haurren artean.

“Osasunaren eremuan aurrera egiteko modurik onena ez da zergen bidez”

JOSE MARIA BONMATI, AECOCeko zuzendari nagusia (Ekoizleen eta Banatzaileen Espainiako Elkartea)

Zer iruditzen zaizkie ekoizleei eta banatzaileei haurren gizentasuna geldiarazteko neurriak? AECOC erakundeko zuzendari nagusiak, Jose Maria Bonmati-k, aztertu ditu Espainiako Gobernuak abiarazi dituen neurriak, adibidez edari azukretsuei zergak igotzea, eta arazoa geldiarazteko industriak duen zereginaz ere mintzatu da.

AECOC erakundeko kideentzat lehentasunezkoa al da modu aktiboan parte hartzea haurren gizentasuna geldiarazteko ahaleginetan? Faktore anitzeko arazoa da, eta lankidetza eskatzen du irtenbideak bilatzeko; elikadurak, bistan da, zeregin garrantzitsua du, baina beste elementu batzuk ere hartu behar dira kontuan, adibidez sedentarismoa eta joera genetikoa. Kontsumo handiko balio kateak konpromiso erabatekoa du dieta osasungarria sustatzeko eta gizentasuna geldiarazteko, bereziki haurren artean.

Gobernuak neurri batzuk onartu ditu zifra horiek hobetzeko, eta, besteak beste, BEZa igo die edari azukretsuei; zer iruditzen zaizu? AECOCen uste dugu osasunaren eremuan aurrera egiteko modurik onena ez dela zergen bidez. Era horretako neurriek herritarren osasuna hobetzen dutelako ebidentziarik ez dago. Politika horien alde egin zuten herrialde batzuek, adibidez Danimarkak eta Esloveniak, atzera egin zuten handik gutxira, osasunean eragin onik ez zuelako eta kalte egiten zielako kontsumoari eta enpresa kaltetuen lehiakortasunari.

Publizitatea da NAOS estrategiaren beste zutabe nagusietako bat PAOS kodaren bidez, eta alde bakoitzaren borondate onaren mende dago; talka egiten al dute borondate onak eta enpresen errentagarritasunak? Produktu jakin batzuen publizitatea egitea komeni den edo ez, horrek ere eztabaida sortzen du, eta zailtasunik handiena da zehaztea zer-nolako produktuak eta zergatik jarri behar diren jomugan, zer-nolakoak ez eta, batez ere, ebidentzia zientifikoaren arabera egin.

Banatzaileak prest al daude ordainlekuetako lekurik agerikoenetatik kentzeko hain osasungarriak ez diren produktuak, haurren eskura egon ez daitezen? Planteamendu mota horretan, elikagaiak bereizi egiten dira onen eta txarren artean, baina dieta osasungarria eta orekatua egiteak ez du esan nahi, inola ere, une batzuetan ez diezaiokegunik men egin gutiziaren bati; kontsumitzaileek, gainera, eskatu eta estimatu egiten dute hori. Nolanahi ere, erabaki horiek konpainia bakoitzaren kokapen estrategikoari lotuta daude, eta hor ez dago ikuspegi bat eta bakarra.

Osasunaren eta “men egitearen” arteko dikotomia horretan, non kokatzen dira ekoizleak eta banatzaileak? AECOC erakundeak dituen datuen arabera, hiru kontsumitzailetatik bik elikadura osasungarriagoa bilatzen dute. Hori, dena den, bateragarria da une batzuetan gutiziei men egitearekin, eta noizbehinkako kontua baldin bada, ez du zertan izan dieta ona egitearen aurkakoa. Gure ikerketek diotenez, kontsumitzaileen %32k onartu egiten dute pandemia honetan mokadutxo gehiago egiten ari direla otordu artean, baina ikusten da, halaber, beren burua “saritzeko” joera horrekin batean, hainbatek premium produktuak ere hartzen dituela, osasun ardatz horretan ongi sartzen direnak. Beraz, joerak argi erakusten du osasunaren aldeko apustua egiten dela eta hori konbinatu egiten dela gutiziak onartzeko une bereziekin, eta sektoreak jakin du hori egoki interpretatzen.

Ongi jatea lehenbiziko puretik hasita

Angel Gil doktorearen iritziz (Nutrizioaren Iberoamerikako Fundazioko presidentea da), haurra jaio eta lehenbiziko hilabeteetan bertan hasten da arazoa. “Bularra kentzen zaionetik, eta Espainian seigarren hilabete inguruan izaten da, eredu on batzuk ezarri behar lirateke nutrizioan. Baina gehiegi hartzen dira zereal finduak eta proteinak, eta gutxiegi lekaleak eta fruta”, azaldu du aditu horrek. Desoreka horrek gabeziak eragiten ditu bitamina batzuetan, adibidez folatoetan eta D bitaminan. “Haur pottolo bat ez da haur osasuntsua. Eta gorputza luzatzen zaienean denak ez dira estilizatzen. Batzuk bai, eta beste batzuk, berriz, pisu arazoak dituzten nerabeak eta helduak bihurtzen dira. Gizentasuna malnutrizio modu bat da, gehiegikeriak eragina, eta askotan luzatu egiten da adin helduan. Haur batzuek sindrome metabolikoa edo kolesterola daukate, hori ere ikusten ari gara. Horrek esan nahi du 20-30 urte aurreratu daitezkeela bihotz- -hodietako gaixotasunak”, ohartarazi du Gil doktoreak.

Dietan hobekuntza batzuk txertatzeko estrategia ona da erosketak eta asteko menua planifikatzea, egun bakarrean zenbait otordu prestatu eta igandetik igandera izoztea. Eta guarnizioetan berdurak eta barazkiak sartzea, eta postrerako, frutak. Sekula ez da berandu haurrei zapore eta produktu berriak eskaintzeko. “Ez da egia haurrek beti baztertzen dituztenik begetalak. Haurtxo bati berdura purea ematen diogun lehen aldian, aurpegi arraroa jartzen du. Bigarren aldian, ez hainbeste. Eta hirugarrenetik aurrera, arazorik gabe onartzen du. Ahosabaia ohitu egiten da zapore aniztasunera baldin eta elikagai horiek eskaintzen bazaizkio. Besterik da saltokietan garestiagoak izatea, baina ez jatorrian. Hor agian aztertu egin behar litzateke banaketa sektorearen jokabidea”.

Zer egin daiteke? 

Ez dago elikagai txarrik. Galarazi ere ez da egin behar. Halaxe diote nutrizionistek: kantitateek eta maiztasunak baldintzatzen du guztia. Ez dugu errudun sentitu behar egun batean pizza emateagatik haurrari, ezta urtebetetze ospakizunean tarta jan duelako edo hanburgesa bat afaldu duelako egun berezi batean. Baina horiek noizbehinka jan behar dira, betiere dieta askotariko baten barrenean, non kalitatezko mantenugaiak izango diren nagusi.

Industriak eta errestaurazioak badituzte proposamen osasungarriak baina baita tentazio erakargarriak ere. Gurasoen erabakia da seme-alaben platerean zer jarri. Ongi hautatzeko, beharrezkoa da informazio egokia izatea. Eta laguntza ere bai, seme-alaben gizentasun goiztiarrari garaiz erantzuteko. “Beharrezkoa da erakunde publikoek ahalegin handi bat egitea. NAOS estrategia oso ongi zegoen paperean, baina ez zen baliabiderik jarri. Eta inbertitu egin behar da herritarrei nutrizio arloko formazioa emateko eta finantzatu egin behar dira ikerketa programak eta haurren gizentasunari erantzungo diotenak, bai Lehen mailako Arretan eta bai ospitaleetan. Diziplina anitzeko taldeekin, non nutrizionistak ere egongo diren, eta jarduera fisikoaren arloko profesionalak ere bai sedentarismoari aurka egiteko”, proposatu du Angel Gilek.

Gaur egun, haurretan gizentasun arazo bat antzematen denean, pediatriatik tratatzen da. “Pediatra bikainak ditugu, baina denbora gutxi izaten dute kontsultan arazoa sakon tratatzeko. Azkenean, gomendio isolatu batzuetan gelditzen da, eta osotasuneko neurriak behar dira”, nabarmendu du Gil doktoreak. Egiazko ‘pandemia’ iruditzen zaio haurren gizentasuna. “Prebentzio lana ez bada orain egiten, urte batzuetan ugaritu egingo dira bihotz-hodietako gaixotasunak. Eta horrek kostu ekonomikoa dauka osasun sistemarako, eta kostu humanoa gizarterako”. Semaforoen sistemak lagundu egiten du gurasoek argi ikus dezaten zer-nolako elikagaiak diren haurrentzat onuragarrienak nutrizioaren ikuspegitik, adibidez Nutri-Scorek.

“Aldiz, produktu azukretsuen gaineko zergak, neurri gehiagorekin lagundu ezean, dirua biltzeko baino ez dira izaten. Eta kontsumitzaileen patrikatik ateratzen da diru hori”, salatu du Gilek. Egia da, dena den, oso eskuragarriak diren elikagai batzuek nutrizio profil zalantzazkoak izaten dituztela. Eta egoera horretan, egungo krisi ekonomikoak lagunduta, gizentasunak bereziki gogor astintzen ditu baliabide gutxien duten familiak. Nazio Batuen Agenda 2030 egitasmoaren gako nagusietako bat da: herritar guztiei bermatzea kalitatezko elikagaiak, elikagarriak eta prezio onekoak.

Zer dago haurren elikagai kuttunen atzean?

Haurren artean berezko joera da gozoa nahiago izatea. Naturak ziurtatu egiten du horrela ez diotela uko egingo amaren esneari, zeinak bi aldiz laktosa gehiago duen behi esneak baino. Amaren esneak berezkoa duen azukre horrek bermatu egiten du garunak eta nerbio sistemak garapen egokia izango dutela bizitzako lehen asteetan. Gozoa gustagarria izaten da eta indarberritu egiten du. Beharrizan hori ez du industriak sortu haurrengan, baina etekina ateratzen dio eta areagotu egiten du azukrea erantsiz. Gehiegi baliatzen da, halaber, zapore gaziaren ahogozo errazaz edo elikagai gantzatsuen testura hezeaz. Nutrizio eta Dietetika Akademiako kideek aztertu egin dituzte haurren artean arrakasta gehien duten elikagaietako batzuk, eta azaldu egin dute zergatik diren neurrian jatekoak.

Gailetak eta opilak 

Guztiak ez dira berdinak. Maria batek 23 kaloria eta 1,5 gramo azukre ematen ditu, eta Oreo batek askoz gehiago: 53 kcal eta 4,10 gramo azukre. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da azukre libreek ez dutela gainditu behar egunaren buruan hartzen diren kaloria guztien %10. Haurrentzat 30-35 gramokoa litzateke muga, baina hobe ez badituzte gainditzen 15-20 gramoak. Eta txokolate zuriz egindako bi Oreo-rekin iristen gara kopuru horretara (210 kcal eta 20 gramo azukre). Bizkotxo baten bilgarrian “amonarena” edo “errezeta tradizionala” jartzeak beti funtzionatzen du gurasoen begietara. Modu naturalagoan egina dagoela pentsarazten du eta haurtzaroko oroitzapenak ekartzen ditu, baina produktu industrial baten amu bat baino ez da. Ohiko beste estrategia bat izaten da ale bakoitzaren neurria txikitzea, baina ale gehiago eskaintzea. Hori gertatzen da Donettes direlakoekin eta mini gailetekin.

Nutrizio arloko aholkua. Opilak eta gaileta ultraprozesatu azukretsuak, gehienez ere, 2-3 aldiz hartu behar lirateke hilean. Gozoak nahi izanez gero, hobe da etxean egitea eta azukrea neurrian erabiltzea. Errazioak ere zaindu behar dira: badirudi gutxiago jango dutela, baina azkenerako bukatu egiten dute paketea.

Freskagarriak eta zukuak 

Kolazko edariek eta zaporezko freskagarriek 90 eta 160 gramo artean izaten dute azukrea litro bakoitzeko. Badira light erako beste aukera batzuk, eztitzaileekin eginak, baina horiek oso zapore gozoa izaten dute eta ahosabaia ohitu egiten dute zapore horretara, eta horixe saihestu nahi da, hain zuzen. Zukuek eta nektarrek izaten duten azukre kantitatea freskagarrienaren antzekoa da.

Nutrizio arloko aholkua. Haurrek ez lituzkete hartu behar ez batzuk eta ez besteak maiztasunez. Edaririk onena ur freskoa da. Ez light erako freskagarririk eta ez kafeina gaberik ere. Te-arekin egindako edariak ere ez zaizkie eman behar, horiek teina izaten dutelako eta azukreak ere bai.

Jogurtak

Zaporezko jogurt azukretsuak etxerik gehienetan eta eskolako menurik gehienetan izaten dira. Ontzitxo bakoitzak (125 gramo) 15 eta 20 gramo artean eduki dezake azukrea: jogurt bakarrarekin, gainditu egiten da eguneko kopuru gomendatua. Gozotasuna ez da hain nabarmena izaten, beste osagai batzuek mozorrotu egiten baitute, baina 3-4 azukre koskor uretan disolbatu eta edatea bezala litzateke.

Nutrizio arloko aholkua. Esneki horren onurei uko ez egiteko modurik onena da jogurt naturalak hautatzea, osoak edo gaingabetuak. Arau horrek berdin balio du sojazko jogurt edo postreentzat ere: azukre erantsirik gabeak direnean bakarrik hautatu behar dira. Esnez egindako postreak (natillak, banillazko edo txokolatezko kopak) oso noizbehinka jatekoak dira.

Gosaritako zerealak 

Gariz edo beste zereal batez egindako malutak izaten dira, gehienetan azukretsuak eta estalki gantzatsuren batekin kurruskatsuak izaten jarrai dezaten esnetan bustitzean ere. Batzuek, gainera, txokolatezko haziak izaten dituzte edo fruta zatitxo azukretsuak.

Nutrizio arloko aholkua. Azukre asko izaten dute eta, ez dirudien arren, gatz dezente (0,83 gramo 100 gramo bakoitzeko). Oso noizbehinka hartu behar lirateke, hilean 2-3 aldiz gehienez. Osoko ogi txigortu bat marmeladarekin edo olioarekin hartzea bera hobea da, ez baitarama hainbeste gatz. Ekoizleek 25-30 gramoko errazioa gomendatzen dute haurrentzat (zereal motaren arabera, 7-9 koilarakadaren baliokidea izaten da). Egiaz, dena den, dezente gehiago zerbitzatzen da.

Aurrez kozinatuak 

Ireki, berotu eta zerbitzatu. Sekretu horixe dute lasagna izoztuek, patata maluten pureak, berehalako tallarinek eta frijitzeko prest dauden elikagai birrineztatu guztiek. Kopuru handietan izaten dituzte gantz saturatuak, sodioa, azukrea, fosfatoak… Eta gutxi, aldiz, fitokimikoak eta landare munduko konposatu bioaktiboak, zeinak babestu egiten duten minbizitik, gizentasunetik eta bihotz-hodietako gaitzetatik.

Nutrizio arloko aholkua. Lagungarriak dira estualdi baterako, baina ez dute izan behar eguneroko menuaren zati.

Aperitibo gaziak 

Patata frijituen zorro batean, gantzak izaten dira hirutik bat (gehienean, ekilore olioa, arto olioa edo oliba olioa erabiltzen da). Eta gatza ere asko izaten dute (1,2 gramo 100 gramo bakoitzeko). PepsiCo etxeak, adibidez, 30 gramoko errazioa iradokitzen du, baina zaila da neurtzen zenbat hartzen dugun poltsak 160-170 gramo dituenean. Berdurekin eta lekaleekin egindakoak osasungarriagoak direla pentsa liteke, baina gantzen eta gatzaren profilak oso antzekoak dira. Eta inondik inora ere ez da lekaleak edo berdurak jatea bezala.

Nutrizio arloko aholkua. Aperitibo hori ez da beharrezkoa, eta kaloria gehigarriak baino ez ditu ematen. Mokadutxo bat egin nahi badugu, hobe da aukera natural osasungarriagoak hautatzea, adibidez fruta atal bat, azenario makilatxoak edo fruitu lehorren eskutada bat (ez frijituak eta ez gaziak).

Txokolatea

Berdin du esneduna edo zuria den; profil on samarra izateko, beltza izan behar du eta kakaoa %80 eduki gutxienez.

Nutrizio arloko aholkua. Askaritan jateko, opil industrial bat eta txokolatea eta ogia baldin baditugu aukeran, hobe bigarrena hautatzea. Eta ogia osokoa izan dadila beti.