Elikadurari buruzko gezurrak: helduoi ere ziria sartzen digutenean haurrei bezala

Osasunari eta nutrizioari buruz idazten duten kazetariek hainbat komunikatu jasotzen dituzte egunero. Albisteen ugaritasunak eraginda eta titular deigarriak bilatzeko nahiak bultzatuta, komunikabideak esamesak zabaltzeko bitarteko huts bihurtzen dira askotan.
1 azaroa de 2021

Elikadurari buruzko gezurrak: helduoi ere ziria sartzen digutenean haurrei bezala

Nutrizioak interesa sortzen du. Osasun ona izateko modu orekatu eta osasungarrian elikatu beharra dagoela behin eta berriz entzuten da, eta mezu hori sustraitu egin da herritarrengan azken urteetan. Jendeak gehiago jakin nahi du eta komunikabide konbentzionalek pagotxa ederra ikusi dute menuekin eta supermerkatuko erosketekin zerikusia duten albisteak irakurtzen dituzten horiek erakartzeko.

Zorroztasun falta eta nahasmena

Nutrizioaren arloa, dena den, bigarren mailakotzat jotzen da gaur egun ere osasunaren barnean, eta beti ez zaio heltzen behar den zorroztasunarekin. Marka komertzialek bonbardatu egiten dute, sare sozialen berehalakotasunak liluratu eta, askotan, clickbait delakoak harrapatu egiten ditu kazetariak (lerroburu indartsu bat erabiltzeari esaten zaio, albistearen gorputzak harekin zerikusirik ez duen arren), eta nahi gabe ere erdizkako egiak edo gezurrak zabaltzeko bitartekari bihurtzen dira.

Gurasoek, bestalde, konbentziturik erosten dituzte haurrentzako produktuak, ezin hobeak direlakoan, horixe esaten diete-eta publizitateak, publirreportajeek eta zenbat influencerek. Aurretiazko iragazki horrek huts egiten duenean –kazetaritza onak jarri behar lukeen horrek–, gezurrezko albisteak etxe barneraino sartzen dira.

Beste batzuetan, industriak mezu nahasiak edo interesatuak erabiltzen ditu, eta oharkabean, haurren gizentasuna sustatzen duten produktuak erosten dituzte gurasoek. Informazio batzuek esaten dute, esaterako, C bitamina beharrezkoa dela “arnasbideetako defentsak hobetzeko”, eta zuku ontziratuen ekoizleak horretaz baliatzen dira eta nabarmendu egiten dute zuku horiek C bitamina daramatela. Familiek, kezka dutenez seme-alaben osasunarekin, egunero ematen dizkiete azukre libreak dituzten produktu horiek, eta horrek handitu egiten du gehiegizko pisua izateko arriskua. Antzeko zerbait gertatzen da bitamina eta mineralez aberastuta dauden gaileta eta zerealekin.

Aski da artikulu ustez kaltegabe batek esatea, ekoizle ezagun baten behatokiak eman duen albiste bat oinarri hartuta, B bitamina ugariko dieta egiten duten haurrek emaitza hobeak ateratzen dituztela eskolan; gurasoek biderik motzena erabili nahiko dute haurren notak hobetzeko, eta gaileta, zereal eta bestelako produktu aberastu batzuk emango dizkiete. Ez dute kontuan hartzen elikagai horiek kaloria asko izaten dutela gehienean eta azukre erantsiak ere bai, eta bi elementu horiek eragina dute haurren gizentasunean.

Beste datu batzuei, ordea, ez zaie jaramonik egiten, eta batzuk oso kontuan hartzekoak dira; esaterako, gure haurrek gero eta lo gutxiago egiten dutela, eta horrek eragina izaten du eskolako emaitzetan. Alderdi hori agertzen da Pasos 2019 azterketan (Gasol Fundazioak egina da). Lo faltak ez die kalte egiten eskolako emaitzei bakarrik; izan ere, handitu egiten du (bikoiztu) haurtzaroan eta nerabezaroan gehiegizko pisua edo gizentasuna izateko probabilitatea.

Interes gatazkak

Zientzia aplikatu guztiekin gertatzen den bezala, nutrizioa ez da zientzia zehatza. Bilakaera etengabean dago eta onartzen ditu ñabardurak. Are gehiago, nutrizionistak ere ez dira beti ados jartzen. Batzuetan, korronte antagonikoak sortzen dira eta kazetariak bi joeraren erdian ikusten du bere burua. Marta Del Valle kazetaria da, osasunarekin eta elikadurarekin zerikusia duten gaietan espezializatua, eta haren iritziz, “nutrizioari buruzko ebidentzia zientifikoa ez da hainbeste aldatzen. Zarata egiten duten ikerketa bakarrak industriak sustatzen dituen horiek dira. Horregatik, kazetari on batek egin behar duen lehen gauza da ongi aztertzea nondik heldu den informazio hori, nor dagoen atzean, mezuaren ederrak liluratu dezan baino lehen. Interes gatazkak dituzten mezuak edo industriak modu interesatuan finantzatzen dituenak kentzen badituzu, ez dago hainbesteko berrikuntzarik”.

Orain dela hiru urte gertatu zena da horren adibide: azukre libreen eta berezkoen inguruko eztabaida puri-purian zegoen, bakoitzak nolako eragina duen gizentasunean eta halakoak zeuden eztabaidaren erdian, eta Zuku Ekoizleen Espainiako Elkarteak (Asozumos) SGF Internacional erakundeak egindako ikerketa bat hartu zuen eredutzat, non zera esaten zen: “Laranja zukuak C bitamina baino gehiago dauka hesperidina”.

Mikromantenugai hori kardiobabeslea dela esaten zen. SGF erakundea, egiaz, zukuen industriak sortu duen organismo bat da, eta berak ezartzen dizkio arauak bere buruari. Hau da, informazio erabat interesatua zen, eta Eduard Baladiaren esanetan (Ebidentzian Oinarrituriko Nutrizio Sarearen sortzailea da), “ustezko eragin kardiobabesle horren inguruko datu erabatekorik ez emateaz gain, ikusi egin beharko litzateke zuku basokada batean ba ote dagoen aski hesperidinarik bihotz- edo garun-hodietako gertakari bat saihesteko. Eta hurrengo pausoa izango litzateke arriskua/onura neurtzea, zukuek azukre libreak izaten baitituzte; kaltegarritzat jotzen dira osasunerako, eta mugatu egin behar da horien kontsumoa”.

Non aurkitu egiazko informazioa

Erakundeak

  • OME (@WHO)
  • AESAN (@AESAN_gob_es)
  • CSIC (@CSIC)
  • Espainiako Osasun Ministerioa (@sanidadgob)
  • Espainiako Kontsumo Ministerioa (@consumogob)
  • Espainiako Dietista eta Nutrizionisten Akademia (@aedninforma)
  • Health On the Net (@HealthOnTheNet)
  • #SaludsinBulos Institutua (@SaludsinBulos)
  • Maldita Fundazioa (@maldita)
  • Unibertsitateak, Elkarteak eta Elkargo profesionalak

Zigiluak

Zigilu hauek daramatzaten web-orriak eta aplikazioak:

  • Web Médica Acreditada
  • Distintivo AppSaludable

Beste kontu batzuk 

Interneten eta sare sozialetan norekin fidatu gaitezkeen jakiteko, arreta jarri behar zaie alderdi hauei: l Osasun arloko profesionala izatea, adibidez medikua edo dietista-nutrizionista.

  • Lankide dituenen babes handia izatea.
  • Ikerketa zientifiko ospetsuekin laguntzea bere adierazpenak.
  • Ez agintzea sendabide miragarririk, pisu galera ziurrik edo ez ematea mezu asaldagarririk.

Ez da bigarren mailakoa

Nutrizio gaiei buruzko informazioak duen arazoetako bat da, Del Valleren iritziz, kazetaria askotan ez dela jabetzen zer-nolako garrantzia duen albiste mota horrek. “Minbiziari edo Covid-19ari buruzko informazioa ematen denean, ulertzen da datuek garbiak eta zehatzak izan behar dutela, baina nutrizioaz ari garenean, bizi estiloari lotzen zaio, arina den zerbaiti, eta utzi egiten diogu erne egoteari”, ziurtatu du. Adituaren iritziz, akatsa da nutrizioaren arloan formaziorik edo esperientziarik ez duen norbaiten esku uztea, nahiz eta hori izan ohikoena. Baina, hain zuzen, gaia ez denez hain trinkoa, askoz jende gehiagorengana iristen da. Ez da ahaztu behar nutrizioak eragina duela osasunean. Eta badakigu elikadura txarrak zerikusia duela mendebaldeko gizarteetan agertu diren hainbat patologiarekin, adibidez haurren gizentasunarekin.

Josu Mezoren ustez, “kazetari onak ikertzaile eta narratzaile ona izan behar du”. Malaprensa.com-eko kidea da eta Maldita Fundazioaren kolaboratzailea (irabazteko asmorik gabeko elkartea da eta albisteak egiaztatzen aritzen da). Horrek esan nahi du jakin egin behar dela estatistikak ongi erabiltzen, arriskua izaten baita hutsegite logikoak egiteko edo okerreko interpretazioak ateratzeko gaizki eginda dauden ikerketa zientifikoetatik edo grafikoetatik”.

Ulertzen ez diren etiketak

Ohiko hutsegite bat izaten da etiketan kalorien inguruan ematen den informazioa ez ongi ulertzea; legeak dio 100 gramo bakoitzeko datuak eman behar direla, eta gerta daiteke produktuaren guztizko kaloriekin edo errazio batenarekin nahastea, eta uste izatea elikagai batek egiaz duen baino kaloria gutxiago daukala. Hori gertatzen da, adibidez, jogurtekin, horiek 125 gramo izaten baitituzte. Markek probetxua ateratzen diote nahasmendu horri eta mozorrotu egiten dituzte azukre erantsiaren datuak. Jogurt marka batean azukreak 12,5 gramo badira 100 gramo bakoitzeko, egiaz 15,6 gramo hartuko ditugu, ontzi bakoitzean kopuru hori izaten da eta.

Ekoizleek ere horixe egiten dute irabiaki berri bat merkaturatu eta azukre erantsiak %50 gutxiago dituztela esaten dutenean: 2,1 gramo dituela nabarmentzen dute 100 gramo bakoitzeko, baina eskolatik irtetean haurrek hartzen dituzten irabiaki horiek 200 ml izaten dituzte. Horrek esan nahi du azukreak 4,2 gramo direla, lehen emandako zifraren bikoitza. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan (OME), zortzi urte egin arte haurrek ez lukete hartu behar 16 gramo azukre baino gehiago, eta, beraz, esnezko askari horrekin egunaren buruan hartu behar luketen azukre guztiaren laurdena sartuko lukete gorputzean.

Julio Basulto dietista-nutrizionistak ere kontatu zuen Twitter kontuan etiketa irakurtzeko zailtasunen adibide bat. Txokolatezko palmera baten irudia jarri zuen, 2.300 kcal zituena (egun osoan hartu behar litzatekeen kaloria kopurua da hori), eta zenbait pertsonak leporatu zion kalkuluak gaizki egin zituela, produktuak 2.700 kilojoule zituela jartzen baitzuen. “Ez, ez nituen kalkuluak gaizki egin. Jende asko nahasi izanak erakusten du argi eta garbi etiketa horiek, itxuraz, oso gutxik ulertzeko moduan diseinatzen dituztela”, salatu zuen Basultok.

Gezurrari hauspoa ematen dion eskua

Rocio Benavente koordinatzaile aritzen da Maldita Ciencia erakundean, eta adierazi du kazetaritza zientifikoak modu zorrotz eta erabilgarrian helarazi behar duela informazioa, herritarrek erabaki onak har ditzaten osasunaren, elikaduraren eta gisako beste gai garrantzitsuetan. Nolanahi ere, ikerketa zorrotz eta fidagarri batekin ere egin daitezke egiarekin zerikusi gutxi duten lerroburuak. Zenbaitetan, industriaren interesei erantzunez.

Beste batzuetan, gezurrezko albisteak sortzen dira, besterik gabe, komunikabideek clickbait edo ziber-amua bilatzen dutelako. Fenomeno hori areagotu egin da pandemia garaian, herritarrek kezka handia izan dute-eta osasunarekin. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) orain baino lehen erabili du “infodemia” kontzeptua, ikusita halako informazio ugaritasunaren barnean badirela gezurrak zabaltzeko asmoak. Hori dela eta, EARS sistema lantzen ari da (Azkar Erantzuteko Tresnak Gizarte Entzuketarekin, horixe esan nahi dute ingelesezko sigla horiek); adimen artifiziala darabil eta antzeman egiten du sareetan non dagoen eztabaida, aztertu egiten du informazio hutsunerik baden eta erantzun bat prestatzen du denbora errealean kalitate handiko informazioarekin, zeina ebidentzia zientifikoan oinarritzen den, eta esku hartzeko gomendioak ematen dizkie osasun sistemen administratzaileei. Oraindik egitasmo pilotua da.

Ospetsuak ere iritzia emanez

Edozein informazioren berme gisa OME aipatzea, bereziki lerroburuan, nahiz eta testuak gero beste zerbait esan, susmo txarra hartzeko moduko zantzua izaten da. Eta politikari batek teoria baten alde egiteak edo nutrizio mota bat babesteak ez du esan nahi hori denik bide egokia Donald Trumpek, adibidez, hanburgesak eskaintzen zizkien Etxe Zurira eramaten zituen gonbidatuei.

Espainiako Kontsumo ministroak, Alberto Garzonek, berrikitan esan du haragi gehiegi jaten dela, eta eztabaida sortu da horren harira; politikari askok, besteak beste Luis Planas Nekazaritza ministroak eta Alderdi Popularrak nekazaritza gaietarako Kongresuan duen bozeramaileak, Mila Marcosek, haragia jatearen aldeko mezua eman dute aho bizarrik gabe. Ahaztu egin zaie, nonbait, CSIC erakundea, Elikagaien eta Nutrizioaren Zientzia eta Teknologia Institutua (ICTAN) eta Agrokimikako eta Elikaduraren Teknologiako Institutua (IATA) proiektu batean parte hartzen ari direla aukera begetalak bilatzeko animalia jatorriko produktuen ordez. V-PLACE izena du proiektuak. Eztabaida horrek eragin zuen harrabotsak berriz ekarri ditu gezurrezko argudioak, erdizkako egiak eta hainbat esamesa.

Belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren mitoak

Herri kulturan hainbat mito sustraitu dira, adibidez frutak gehiago gizentzen duela postre gisa hartuta, meloiak indigestioa eragiten duela afaritan edo “superelikagai” batzuek ezaugarri bereziak ematen dituztela nutrizio baliotik harago. Bakar batek ere ez du oinarri zientifikorik. Oso hedatua dagoen beste kontu bat da ura limoiarekin hartzeak on egiten duela, baina ez du  balio ez minbiziari aurrea hartzeko, ez Covid-19aren eraginak murrizteko eta ez digestioa hobetzeko ere. Eta ogi edo opil egin berriak digestioari kalte egiten diolako esamesak ere ez du ebidentziarik oinarrian.

Pandemia garaian, OMEk salatu zuen zentzugabeko albisteak zabaldu zirela D eta C bitaminak eta zinka zeramatzaten gehigarrien inguruan, esanez lagundu egiten zutela Covid-ari immunitate erantzun hobea ematen. Gezurtatu egin zuen, halaber, Covid-19a edateko uraren bidez zabaltzen dela eta baratxuria edo alkohola hartzeak babestu egiten dutela koronabirusetik. Kafeinak ere ez du babesten, eta gezur hori ere dezente zabaldu zen komunikabideetan. Egiaz, Ingalaterran egin zuten ikerketa baten interpretazioa zen, non ikusi zuten, pertsona multzo jakin batekin azterketak egin ondoren, Covid-19aren eragina txikiagoa zela fruta jaten zuten, bularra ematen zuten edo kafea hartzen zuten pertsonetan. Ikertzaileek eurek ere nabarmendu zuten korrelazioa baino ez zegoela eta ez kausa-ondorio lotura. Prentsan argitaratu bezain agudo sartu zen gezurren multzoan.

Beste albiste bat ere zabaldu zuten Espainiako Estatuan, txikleak %45 gutxiago kontsumitzen direla alegia (Produlce patronalaren datua da), eta sareetan berehala hasi zen bolo-bolo zabaltzen txikleek desagerrarazi egiten dutela txantxarra. Gemma del Caño farmazialaria da eta elikagaien segurtasunean aditua, eta oroitarazi du ez duela txantxarra desagerrarazten inondik ere, baina badirudi xilitola duen txiklea murtxikatzeak (azukrerik gabea) lagundu egin dezakeela prebentzio lana egiten. Hala ere, zalantzak daudela azpimarratu du, ez baitago argi horregatik ote den. Azalpen hau ematen dute: otorduaren ostean hortz-haginak garbitzeko denborarik edo aukerarik izaten ez denean, txiklea murtxikatuz larrialdiko autogarbiketa egiten da, iragankorra, inolaz ere ordezkatzen ez duena eskuilaz egindako garbiketa. Uste oker horretaz baliatuz, Mondelez etxeak –besteak beste Fontaneda gaileten eta Milka txokolatearen ugazabak– Trident Oral B fluorduna merkaturatu zuen. Erdizkako egiek eta kontsumitzaileen borondate onak libre uzten dute bidea industriak produktu berriak atera ditzan.

Beatriz Robles elikagaien teknologoak beste produktu bat aipatu du, koko olioa; “nutrizio arloko burbuilarik handienetakoa izan da azken urteetan. Egia da igo egiten duela kolesterol ona, baina gantz saturatuz betea dagoenez (%90), igo egiten ditu, halaber, txarra eta triglizeridoak ere. Gaur egun ez dakigu ziur HDL kolesterola goian izateak murriztu egiten ote duen bihotz-hodietako arriskua, baina gauza jakina LDLa igotzeak areagotu egiten duela”, azpimarratu du. Eta ez dakigu argaltzen laguntzen duen ere edo odoleko glukosa kontrolatzen, ez baitago ebidentziarik. Elikagaien inguruan era guztietako esamesak eta albiste okerrak zabaltzen dira. Horregatik eskatu behar zaie kazetariei ez dezatela gezurrezko informaziorik zabaldu, nahasi egin baitezakete kontsumitzailea edo arriskuan jarri haren osasuna.

Industria iturri gisa

Produktuak ezagutarazteko, industriak publizitatea erabiltzen du bitarteko gisa, eta are gehiago elikagaiak haurrei zuzenduta daudenean. Gaur egun, komunikazio sailek gero eta makineria ahaltsuagoa erabiltzen dute, eta nahasi egiten dituzte mezu osasungarriak edo elkartasunezkoak produktuarekin berarekin. Príncipe gailetak ikerketa bat finantzatzen ari dira Silvia Alava psikologoarekin eta Ipsos erakundearekin, eta ondorioztatu dute gurasoen %98ren iritziz kirola funtsezkoa dela seme-alaben bilakaera kognitiboan eta sozioemozionalean. Gailetak, ordea, urrun daude elikagai osasungarriak izatetik, eta noizbehinka jatekoak dira. Elementu horiek guztiak mezu berean elkartuta, pentsa liteke gailetak jatea modu ona dela sedentarismoari aurre egiteko eta neska-mutilak adimentsuagoak izateko. Ez da horrela esaten, baina kontsumitzailearen garunak oharkabean lotu egiten ditu hari muturrak.

Antzeko zerbait gertatzen da glutenik gabeko elikagaiekin, bio erakoekin edo laktosa gabekoekin, edo “aberastuta” dauden horiekin (burdina, kaltzioa, bitaminak edo DHA gantz azidoak eransten dizkiete). Nutrizioaren Espainiako Fundazioak (FEN) eta Iberoamerikakoak (FINUT) ikerlan bat sustatu zuten Espainiako Pediatria Elkartearekin lankidetzan (AEP), Espainiako Haurren Nutrizio Azterketa (EsNuPi) izenekoa, eta horrekin ikusi nahi zuten urte batetik bederatzi urte arteko haurrek nolako ereduak dituzten elikatzeko eta nolako ohiturak jarduera fisikoa egiteko. Atera duten ondorioetako bat da lau haurretatik hiruk ez dutela hartzen behar adina omega-3. Gabezia hori konpondu egin daiteke mantenugai horrekin aberastuta dauden esneak emanez hazkunde garaian. Kasualitatea ote da azterketa horren finantzabideetako bat Puleva Nutrizio Institutua izatea, ezaugarri horiek dituen esne bat daukan marka hain zuzen?

Argitaratu aurretik, egiaztatu

Alipio Gutierrez osasun gaietako arduraduna da Telemadriden eta Osasun Informatzaileen Espainiako Elkarteko lehendakariordea (ANIS), eta garbi dauka industriak bidaltzen dituen prentsa oharrak, nahiz eta oinarrian ikerketa bat izan, egiaztatu egin behar direla beti. “Gero eta maizago saiatzen dira publizitatea sartzen informazioz mozorrotuta. Ikerketa bat eransten diote, baina markari propaganda egiteko da. Ezer argitaratu aurretik, industriatik kanpo dabiltzan profesionalekin egiaztatu behar dut: unibertsitateko irakasleak, ikertzaile independenteak, medikuak… Besterik da ikerkuntzan aritzen den organismo batek bidali izatea zuzenean, adibidez CSICek.

Halakoetan ontzat ematen dut zorroztasun zientifikoa izango duela”. Gutierrezek onartzen du elikagaien markak eta gremioak baliatu egiten direla erredakzioetako langile murrizketekin, eta gero kazetari gutxiago dagoenez eta gutxi horiek lanez gainezka dabiltzanez, beti ez dute denborarik izaten gauzak egiaztatzeko. “Beste batzuetan itsutu egiten dira albistea ematen lehenbizikoak izan nahiarekin, clickbait delakoa edo primizia bilatuz. Agian ez albistegi batean, baina bai komunikabidearen sare sozialetatik”, azaldu du.

Presaka gabiltzanean informazioa Interneteko edukiekin egiaztatzea edo osatzea ere ez da beti aukerarik onena. 2015ean egin zen ikerlan bat zaharkitua egon liteke eta gerta liteke ez balio izatea argudio bat berresteko. Beste batzuetan, kazetariarena izaten da hutsegitea, animaliekin bakarrik egin diren ikerlanak ontzat ematen dituelako eta gizakiekin erabiltzeko modukotzat.

CSICek berak ere kritikak jaso ditu berrikitan industriaren mandatuak onartu dituelako; Gutierrezen iritziz, hortik sartzen den dirua baliagarria bada gero osasun publikoaren mesedetan diren ikerketak egiteko, ongi etorriak izan daitezela. “Konfiantza dut zientzialarien osotasunean. Besterik da prentsara bidaltzen den oharra lerratua egotea. Baina hori neurtzea kazetariaren lana da, datuak egoki interpretatzea, iturrietara jo eta egiaztatzea”, erantsi du. Espainiako Estatuan BPGaren %1,2 bakarrik erabiltzen da ikerkuntzarako (Alemanian, esaterako, %2,1 da), eta, ondorioz, unibertsitateak eta erakundeak behartuta daude hirugarrenentzat ikerketak egitera funtsak biltzeko. “Ikerketarako diru gehiago jarriko balitz, agian desagertu egingo litzateke gatazka hori”. Marta Del Valle kazetariaren iritziz, “onartezina dena da prentsa ohar bat kopiatu eta bere horretan ematea. Sekula ez litzateke argitaratu behar albiste gisa”.

Nork kontrolatzen ditu interneteko albisteak? 

The Social Dilemma (Netflix) dokumentalean (Sare sozialen dilema) agerian gelditzen da Interneteko egia handia: Google-ren algoritmoek ez dute egia bilatzen. Erabiltzaile bakoitzari hurbilena zaion informazio ematera mugatzen dira. Ikaskuntza metodo automatizatu baten bidez, bilatzaileak antzeman egiten ditu erabiltzailearen gustuak edo ideologia, eta lehenetsi egiten ditu atsegin izango dituen emaitzak. Negazionismoaren ildoan badabil, emaitza negazionista gehiago iritsiko zaio. Egunero txuletoia jan behar dela uste badu, mezu hori helaraziko dio bilatzaileak, haragi gorria egunero jan behar dela alegia. Beganoa bada, emaitzek proteina begetalaren alde egingo dute. Google-k ez ditu ezagutzen egiak edo gezurrak. Emaitzak ematea da haren egitekoa.

Baina gezurrak gezur dira beti. Horiek ere lasai asko dabiltza Interneten, eta erdizkako egiek eta zehaztasunik gabeko kontuek nahasmena eregiten diete herritarrei. Iaz, Madrilgo Medikuen Elkargo Ofizialak (ICOMEM) Behatoki Digitala sortu zuen prentsan agertzen ziren gezurrak aurkitu eta gezurtatzeko. “EFE Agentziaren eta RTVEren laguntza dugu. Osasun gaietan okerreko albisteak edo gezurrak antzematen dituztenean, harremanetan jartzen dira gurekin. Guk egiaztatu egiten ditugu, informazioa bilatzen dugu erakunde ofizialetan eta literatura zientifikoan eta, ondoren, gezurtatu dezatela eskatzen diegu, baldin eta frogatuta badago esan dutena ez dela egia. Beste informazio batzuk ere argitzen ditugu, osotara gezurra izan gabe ere, batzuetan ez baita jakiten guztiz egia ote den, une horretan ez dagoelako behar adina ikerlan”, adierazi du Jaime Barriok, zeina familiako medikua den eta Madrilgo Medikuen Elkargo Ofizialeko Behatoki Digitaleko kidea.

Nazioartean, Health on the Net erakundeak (irabazteko asmorik gabea da) mediku elkarteen, OMEren eta Europako Batzordearen babesa dauka. Haren helburua da osasun gaietan informazioa zorroztasunez ematen dela bermatzea. Webguneren batek informazioaren egiazkotasuna aztertzeko eskatzen dienean, medikuen batzordeak egiten du lan hori, eta baliozkotzat jotzen dituenean, HONcode hitza jar dezakete SEO bilaketa terminoetan. Internautei egiten dieten gomendioetako bat da beti iturri ofizial eta fidagarrietara jo dezatela, adibidez ospitale, unibertsitate eta gobernuen agentzietara. Informazioa egiazkoa izango dela ziurtatzeko beste modu bat izaten da beste egiaztatze zigilu batzuk bilatzea, adibidez Web Médica Acreditada edo Distintivo AppSaludable.

Gezurrak abiadura handian

Adingabeek elikadurari buruz jasotzen duten informazio asko sare sozialetatik heltzen zaie, adibidez Tik Tok, Instagram edo Twich-etik. Plataforma horietako gehienetan 13 urte eduki behar dira gutxienez kontu bat irekitzeko, eta horietako batzuek zehazten dute 18 urte egin arte heldu batek lagunduta bakarrik erabil dezaketela, baina, egia esan, haurrak nahiko libre ibiltzen dira sareetan. Eta eremu horretan gezur asko biltzen eta mugitzen da.

Zaila da kontrolatzea, egunero informazio kopuru izugarria pilatzen da eta. Mugak jartzea ez da hain erraza legearen ikuspegitik. Borja Adsuara aditua da zuzenbide digitalean, eta azaldu du Espainiako Konstituzioak berariaz galarazten duela edukien aurretiazko zentsura (argitaratu aurretik), eta haiek bahitzeko edo ezabatzeko (argitaratu ondoren), berriz, epaile baten ebazpena behar da. “Sare sozialetan, dena den, badira ‘Erabilera Baldintzak’ edo ‘Komunitatearen Arauak’, eta aditu edo epaileen eskuetan ez, baina enpresa pribatuetan eskuetan uzten dute kontu bat ixteko edo eduki batzuk kentzeko aukera, adibidez Twitter edo Facebook-en eskuetan”, jakinarazi du.

Internautek, berriz, ez dezakete kontu bat salatu gezurrak zabaltzeagatik. TikTok-en algoritmoek antzeman egiten dituzte hitz desegokiak eta eduki erasokorrak, eta abisurik eman gabe ezabatzen dituzte kontuak. Gezurrek, ez baitute formatu edo hitz gako jakin bat, ihes egiten diote radarrari.

Txio serioen bila

Carlos Mateos #SaludsinBulos ekimenaren koordinatzailea da; osasun arloko profesionalen eta 40 elkarte zientifikoren babesarekin, aurre egiten diete osasunaren inguruko gezurrei,”nutrizioa da-eta osasunaren arloan hezur gehien sortzen duen esparrua. Interes handia dago ongi jateko, baina ezagutza falta ere handia da”. #SaludsinBulos Institutuak, eOsasuneko Berritzaileen Elkarteak (AIES) eta Health 2.0. Basquek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten orain dela urtebete osasunaren inguruko informazio digital fidagarria sustatzeko. Salud Sin Bulos-en kontutik eta bere profiletik bertatik (@carloscomsalud) gezurrak azaleratzen aritzen da Mateos, eta egiazko informazioak ematen ditu osasunaren eta nutrizioaren inguruan.

Jakina, sareetan dabilen guztia ere ez da gezurra. Osasunaren, nutrizioaren eta ikerkuntzaren arloan diharduten profesional askok zabaltzen dituzte egunero informazio aipagarriak gezur horiei aurre egiteko. Osasun arloko profesionala denean, bere ideiak ikerketa zientifiko independenteekin laguntzen dituenean eta lankideen gehiengoak babesa adierazi dionean, sinesgarritasuna emateko arrazoi bat baino gehiago dago. Ez badu beste profesionalen babesik, bere mezuak argitaratzeaz bakarrik arduratzen bada edo gatazka bila ari bada bere eragina eta jarraitzaile kopurua handitzeko, ez da fidatu behar. “Pentsamendu kritikoa eduki behar da, baina ez du izan behar beste profesional edo erakunde batzuk gutxiesteko”, erantsi du Carmen Perezek, Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko presidenteak (SENC). Beatriz Robles elikagaien teknologoaren profila (@ beatriz¬calidad) edo Miguel A. Lurueña teknologoarena (@gominolasdpetro) eredutzat har daitezke zibergezurren aurkako borroka horretan.

Ildo horretan, @PorcentajeJusto ekimenak Twitter-en aztertu egiten du industriak elikagairen batean osagairen bat nabarmentzen duenean egiaz zenbateko proportzioan ageri den (askotan ez da iristen %1era ere). “Elikagaien industriak dotore-dotore azaldu nahi du argazkian, baina Instagram-en bezala gertatzen zaio: gehiegi baliatzen da iragazkiez eta hainbeste urruntzen da errealitatetik, ez den gauza bat erakusten baitizu”, nabarmendu du Laura Caorsi kazetariak, @PorcentajeJusto-ren egileak.

Haurren elikadurari buruz gehien zabaldu diren gezurrak

D bitaminaz aberastutako elikagaiak defentsak hobetzeko eta hezurrak indartzeko. Industriak oso maiz erabiltzen du amu hori esne eta jogurtetan. Osasun Heziketarako eta Osasuna Sustatzeko Taldea dute PAPPS programaren barrenean (Prebentzio Jarduerak eta Osasuna Sustatzeko Programa da, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkartearena), eta hark esaten du ez dagoela behar bezalako azterketa zorrotzik hori baieztatzeko, eta bai, aldiz, produktu horiek alferrekoak direla baieztatzen duten asko. Egunean hartu beharreko D bitamina kopurua eskuratzeko, gomendioa da dieta osasungarria egitea eta bitamina hori ugari ematen duten elikagaiak hartzea, adibidez arrain urdin eta gantzatsuak, adibidez izokina, txitxarroa edo atuna, eta eguzkia hartzea, zentzuz betiere.

Gosea egiteko jarabeak. Se me hace bola liburuan, Julio Basulto dietistanutrizionistak dio, osasuntsu dagoen beste edozein gizakik bezala, haurrek ere badutela gosea autoerregulatzeko mekanismoa. Gehiago jaten ez badute, behar ez dutelako izango da. Horren adibide argia da luzatzen ari direnean gehiago jaten dutela. Horregatik, haurrei gosea egiteko balio omen duten jarabeak guztiz alferrekoak dira.

Zukuek ordezkatu dezakete fruta. Ez, zuku bat hartzea eta fruta jatea ez da gauza bera. Haur batek fruta atal oso bat jaten duenean, zuntza eta mantenugai guztiak hartzen ditu. Zukuarekin, azukre librea fruktosa gisa sartzen da gorputzean. Eta azukre mota hori mugatu egin behar dela esaten du OMEk.

Arratsaldean fruta jateak aztoratu egiten ditu haurrak. Beatriz Robles nutrizionistak, Gemma del Caño farmazialariak eta Pablo Ojeda dietistak gezurtatu egiten dute mito hori Guía sobre bulos en alimentacion liburuan (Elikadurari buruzko gezurren gida), zeina ko urteetatik heldu den: azukreak aztoratu egiten ditu haurrak. Gezur horren ondorioz, zenbaitek uste izan du arratsalde erdian fruta jateak aldarazi egiten duela haurren jokabidea eta hiperaktiboagoak egiten dituela. Aditu horien esanetan, “fruktosa azukre erantsi gisa hartzeak eragiten dituen kalteen artean ez dago haurren jokabidea aldaraztea”.

Haurtxoentzat diseinatuta dauden jogurtak osasungarriak dira. Azken urteetan, etxeko txikienei eskainitako produktuz bete dira supermerkatuetako apalategiak: nire lehen jogurta, nire lehen gaileta… Produktu horiei jartzen dizkieten mezuekin, osasungarriak direla sinetsarazi nahi dute, baina, egiaz, azukre asko izaten dute. Gainera, alferrekoak dira. Bularra hartzen ari diren haurtxoek ez dute jogurtik hartu beharrik  eta  hilabete artean, amaren esneak mantenugai hobeak ematen dizkielako eta proteina gutxiago. Adin horietan formulako esnea hartzen duten haurtxoek ere ez dituzte behar: jarraipeneko esnearekin ( motakoa) dagoeneko hartzen dute proteina (gehiegi ere bai). Adin horietan gomendagarriagoa da esne artifiziala hartzea eta ez mota horretako jogurtak, zeinak azukrea eta esne gaina izaten duten gainera.

Egia edo gezurra?

Zalantzak argituko dizkigun aplikazio bat Gero eta tresna gehiago dago osasunaren inguruan zabaltzen diren gezurrezko albisteak antzemateko, adibidez Maldita Fundazioa edo Newtral. Laster beste bat iritsiko zaigu sakelakora, No Rumour Health aplikazio mugikorra; Valentziako Unibertsitateak gidatu du proiektu hori, eta hiru herrialdek osaturiko partzuergo baten lana dago atzean: Espainia, Grezia eta Polonia. Aplikazio hori oraindik ere lantzen ari dira, baina haren helburua da adineko jendeari bereizten laguntzea sare sozialen bidez osasunari buruz iristen zaizkien informazioak egiazkoak diren. Horrekin batean, gida bat izan nahi du pertsona horiek gai izan daitezen gezurrezko albisteak identifikatzeko eta orri fidagarriak zein diren jakiteko.

Mikel Lopez Iturriaga ‘El Comidista’

“Ez fidatu bitaminaz ‘aberastuta’ dauden produktuekin eta eman zure haurrei halakorik behar ez duen janaria”

El País egunkarian egunero idazten duen atalean, El Comidista izenarekin, Mikel Lopez Iturriagak talde bat gidatzen du kazetariz eta nutrizio arloko adituz osatua, eta helburu argi bat dute: elikadurari buruzko informazioa ematea gezurrik gabe.

Egia batzuek astinaldi handia ematen diote industriari. Zer-nolako informazioa iristen zaizu ekoizleengandik? Elikagaien zenbait industriak ahalegina egiten du jendea nahasiz gehiago saldu ahal izateko. Baina jabetzen dira kontsumitzaileek gero eta garrantzi gehiago ematen diola osasunari zer erosiko duten erabakitzeko garaian, horregatik ahalegin handiak egiten dituzte beren produktuen ustezko dohainak nabarmentzeko. Ultraprozesatuak edo edari alkoholdunak tartean daudenean, ahalegina egin behar dute egiaz ez diren zerbaiten itxura emateko. Horregatik gastatzen dute hainbeste diru zorroztasun gutxiko ikerlanetan, osasungarri gisa irudikatu ditzaten.

Ba al dago sektore bereziki aipagarririk mozorro osasungarri hori jantzi nahian ari denik? Aipamen berezia egin behar zaie ardoari eta garagardoari; oso onak egon daitezke, baina edonondik begiratzen dituzula ere, ez dira osasungarriak. Horien atzean dagoen industria saiatzen da kontatzen hidratatu egiten dutela, gaztetu eta onak direla Alzheimerrari aurrea hartzeko, ez gaitezen ohartu xehetasun txiki batekin: alkohola esaten zaion substantzia toxiko eta kantzerigeno bat daramatela.

Haurrei zuzendutako produktuetan zergatik agertzen da hainbestetan ikerketa edo elkarte profesionalen “bermea”? Osasunaren inguruko kezka hori izugarri handitzen delako haurrei buruz ari garenean. Edozein gurasok elikagai osasungarriak eman nahi dizkie seme-alabei, eta hor ultraprozesatuen industriak ahalegin gehigarria egin behar du mozorrotzeko eta guraso kezkatu horiek limurtzeko. Produktu horiek azukrez, gatzez edo gantz osasungaitzez beteta daude, baina ontzietan amu osasungarriak ageri dira bazter guztietan (“kaltzioduna”, “A, B eta D bitaminekin”…) edo elikagaien industriak erosita dituen erakundeen bermearekin. Nire aholkua: ez fidatu amu horiek daramatzaten ezein produkturekin, eta ahal baduzu, eman zure haurrei halako amurik behar ez duen janaria.

Mediku elkarteren batek bermatuta dagoen ikerketa bat iristen zaizuenean,ontzat ematen al duzue? Zalantzazko ikerlanetan, nutrizio arloko gure adituei galdetzen diegu (horietako batzuk El Comidistako kolaboratzaileak dira), baina 10 urteren buruan ikasi egin dugu oso lerratuta daudenak hiru minutuan antzematen. Pixka bat sakondu eta elikagaien edo alkoholaren industria agertzen bada, jar ezazu ikerlan hori berehala berrogeialdian. Edo bota ezazu zuzenean zakarrontzira.

Ba al dago ahots edo erakunde fidagarriagorik, independenteagorik? Badira erakunde eta ahots fidagarriak, eta zorionez, horietako askok egiten duten dibulgazio lana sekula baino eskurago dago Interneti eta sare sozialei esker. Kontua da bereizten jakitea, zeren ustez zientifikoak eta interesik gabekoak diren erakundeekin nahasian bizi baitira, industriak finantzatuta daudenekin eta arima deabruari saldu dion zientzialari batekin baino gehiagoekin. Erakunde ofizialek esaten dutenarekin fidatu behar da edo itzal pixka bat duten dietista-nutrizionistekin, teknologoekin edo elikagaien segurtasunean adituak direnekin.

Kontsumitzaileak badu konfiantza prentsaren inpartzialtasunean eta egiazkotasunean. Zer egin daiteke argitaratu den zerbait egia dela jakiteko? Lehenbizi, ikusi leku fidagarri batean irakurtzen ari garen informazio hori edo webgune klikzale bat den. Bigarrena, informazioa zein iturritatik heldu den ikusi: komunikabide zorrotzek erakunde edo aldizkari prestigiotsuen ikerlan jakinetarako loturak jartzen dituzte, zilegitasuna duten ahotsetara jotzen dute eta ñabardura askorekin egiten dituzte baieztapenak eta azalpen argiak ematen dituzte. Badaezpadako komunikabideek bestelako esamolde batzuk erabiltzen dituzte, “zenbait ikerketak dio”, “zientzialariek baieztatu dutenez” eta gisakoak. Erabatekoagoak izaten dira lerroburu eta testuetan, eta inork entzun gabeko urrutiko unibertsitateek egindako ikerlanetan oinarritzen dituzte beren baieztapenak. Azkenik, iturrietan zertxobait arakatzea komeni da interes gatazkarik edo enpresen finantzaketarik badagoen ikusteko. Informazioa haien interesen aldekoa bada, kontuz!

Sare sozialak: fidagarriak al dira?

Nutrizioaren munduak sortzen duen interesa sare sozialetan ere islatzen da. Azken urteetan ugaritu egin dira elikadura arloko eta bizimodu osasungarriaren aldeko influencerak; beren metodo eta iritziak ezagutarazten dituzte, babes zientifikoa dutenak batzuk eta babesik gabeak besteak, eta milaka jarraitzaile erakartzen dituzte beren kontuetara. Baina zenbateraino dakite zertaz ari diren? Eta zenbateraino eragiten dute herritarren elikaduran eta nutrizioan?

Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Eroski Fundazioak indarrak batu dituzte errealitate hori zertan den jakiteko, eta ikerlan bat egin dute, berrikitan argitaratu dena: Seguridad alimentaria y cibermedios: temáticas, nuevas fuentes y servicios (Elikagaien segurtasuna eta ziberkomunikabideak: gaiak, iturri berriak eta zerbitzuak). “Jakin nahi genuen elikaduraren arloan zer-nolako gaiek eragiten duten erreakziorik handiena hartzaileetan. Horretarako, interesgarria iruditu zitzaigun nutrizionista eta dibulgatzaile sorta batek sareetan duen engagementa edo fidelizazioa aztertzea eta ikustea zein diren parte-hartze handiena eragiten duten gaiak”, azaldu du Jose Ignacio Armentiak, EHUko katedradun eta proiektuko ikertzaile nagusiak. Horretarako, Espainiako sare sozialetan oihartzun handiena duten dibulgatzaileak hautatu zituzten, nutrizioaren arloan aritzen direnak, aztertu egin zuten haien formazioa eta bitarteko horietan argitaratzen duten informazioa, eta zehaztu egin zuten zer-nolako sare sozialak erabiltzen diren elikaduraz eta nutrizioaz hitz egiteko.

2017ko uztailetik 2019ko ekainaren 30era, hauek ziren nutrizio arloko dibulgatzailerik garrantzitsuenak: Julio Basulto, Miguel Angel Lurueña, Juan Revenga, Virginia Gomez, Lucia Martinez, Aitor Sanchez, Carlos Rios, Gabriela Uriarte, Juan Llorca eta Victoria Lozada Ikerketak iraun zuen bi urte horietan, 29.655 eduki argitaratu zituzten nutrizionista horiek, eta 18 milioi erantzun baino gehiago bildu zituzten; mezu bakoitzak 620, batez beste.

Badakite zertaz ari diren?

Ikerketak azaldu du guztiek informazio “zorrotz eta fidagarria” eskaintzen dutela eta, zalantzarik gabe, badakitela zertan ari diren. Aztertu ditugun dibulgatzaileak adituak dira elikagaien teknologian eta dietetika eta nutrizioan, eta batzuk doktoreak eta idazleak ere badira, salbu eta Juan Lorca sukaldaria, nahiz eta esperientzia handia duen esparru horietan. Formazio sendoa duten dibulgatzaileak izanagatik ere, horien inguruan ere izaten da eztabaida eta polemika. Errealitateak berak erakusten du horien ahotsak eta jokabideak kontrajarri egiten direla batzuetan, eta horren erakusgarri da influencer horietako batek kakao krema eztabaidatu bat merkaturatu izana orain dela gutxi. “Bai sareetan eta bai Interneten, oro har, gauzarik onenak eta txarrenak aurki ditzakezu arlo guztietan, eta nutrizioa ez da salbuespen bat”, argitu du ikerketaren arduradun nagusiak.

Dena den, ez dezakegu gauza bat ahaztu: aztertu ditugun influencer horietako batzuk lankidetzan aritu dira elikagaien industriarekin, eta halaxe aitortu dute, gainera, sare sozialetan dituzten profiletan edo, are gehiago, beren irudia eskaini dute banaketa enpresen kanpainetarako. Hori gertatu da, esaterako, Aitor Sanchez eta Carlos Riosekin. Jokabide horiek fidagarritasuna kentzen al diote haien diskurtsoari? Argi dagoena da, sare sozialen erabiltzaile gisa, zorroztu egin behar ditugula zentzumenak eta testuinguruan sartu behar dugula horietan irakurtzen dugun edozein informazio. Espiritu kritikorik ez da galdu behar like eta bertxio artean. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean aritzen da Mediaiker izeneko ikerketa talde hori, Kazetaritza Sailean hain zuzen, eta azpimarratzen dute arloren batean dibulgatzailetzat hartzen direnek, normalean, ibilbide bat izaten dutela. Segur aski, blog bat ere eduki izango du, komunikabideren batean aritu izango da aldizka zerbait argitaratzen edo dibulgazio testuren bat idatzi izango du edo zientifikoa ere bai. “Sare sozialak, gainera, leku biziak dira, non ikuspegi guztiak gezurtatu daitezkeen. Bestetik, Interneten albiste faltsu batzuk egon daitezkeen arren, norbaitek interesa badu ez da hain zaila gertakarien sinesgarritasuna egiaztatzea”, ziurtatu dute.

Beste komunikabide bat gehiago 

Baina sareek zenbateraino eragiten dute herritarren elikaduran eta nutrizioan? Jose Ignacio Armentiaren esanetan, “badute eragina, horiek bihurtu diren neurrian herritar gehiagori informazioa emateko bitartekoak”. Sare sozialei esker “elikadurari buruzko informazio hobea ematen zaie belaunaldi gazteenei”, horiek dira-eta bitarteko horien erabiltzaile nagusiak. Horrela, sare sozialetan nutrizio arloko influencerak eta adituak egoteak aukera ematen du kolektibo horrengana iristeko hizkera hurbil eta fidagarriarekin. Oso bide interesgarria da kalitatezko iritzia eta interesa sortzeko. Datu horietatik harago, Armentia irakasleak gidatzen duen ikerketa taldeak ohartarazi du sareen mundua oso aldakorra dela eta, segur aski, ikerketa egin ondorengo bi urteetan aldaketak gertatu izango direla. Komunikazio, publizitate eta marketin digitaleko IAB elkarteak eta The Social Media Family aholkularitza etxeak egindako txostenek diote Instagram hazten ari dela eta eragile berri batzuk egonkortzen ari direla, adibidez TikTok. “Instagram-en gorakada ikusita, eta publikorik gazteenaren artean sarbide handia duela jakinda, oso litekeena da tresna ona bihurtzea erabiltzaile mota horrentzat”, azaldu dute.

Artikulu hau egiteko, Seguridad alimentaria y cibermedios: temáticas, nuevas fuentes y servicios, ikerlana hartu da oinarri gisa, MINECO-AEI-FEDER erakundeek finantzatu dutena (CSO2017-82853-R erreferentzia). Egileak MediaIker taldekoak dira, EHUkoak (GIU19/024 erreferentzia). Unibertsitatea/Gizartea proiektua, US17/15. Sare sozialen jarraitzaile kopurua, ikerketa egin zen garaian (2017-2019). *Carlos Riosek 2019ko abenduan jakinarazi zuen utzi egingo zuela Twitter. **Gabriela Uriarteren orritik Facebook-erako lotura ez zegoen aktibo. Gainera, Twitter-eko @gunutricion kontua baliogabetu egin zuten.