Internet bidezko inkesta: ohitura digitalei buruz galdetu diegu 14 eta 39 urte bitarteko 1.220 laguni

Teknologia berrien oso menpe daude 20 eta 24 urte arteko gazteen % 10, edo neurriz kanpo erabiltzen dituzte

Gainera, 14 eta 19 urte bitarteko nerabeen % 78k arriskua dute etorkizunean teknologia berriak modu obsesiboan erabiltzeko
1 abendua de 2012
Img tema de portada listado

Teknologia berrien oso menpe daude 20 eta 24 urte arteko gazteen % 10, edo neurriz kanpo erabiltzen dituzte

Bistakoa da teknologia berrien etengabeko aurrerabideak mesede ugari ekarri dizkiola gure gizarteari, baina jokabide arazotsu batzuk ere agerrarazi ditu. Osasunerako Mundu Erakundeak dioenez, lau pertsonatatik batek arazoak ditu teknologia berriekin, eta Espainiako Psikiatria Elkartearen arabera, baliteke Interneteko erabiltzaileen % 6 eta % 9 inguruk oker erabiltzea Sarea. Internet eta gailu mugikorrak neurriz kanpo erabiltzea edo horien menpe egotea izan daiteke arazo horietako bat, edo nor bere smarphonetik aldendu ezinean ibiltzea edo gizarte-sareei, eztabaidaguneei eta berehalako mezularitza zerbitzuei atxiki-atxikia egotea, eta izena ere jarri diote gaitz horri: gizentasun digitala.

Egoera zertan den jakiteko eta arazoa zenbateraino hedatu den ikusteko, EROSKI CONSUMERek Internet bidezko inkesta bat egin du urrian, 14 eta 39 urte arteko pertsonekin hain zuzen, eta galdetu die zer-nolako ohiturak dituzten Internet, telefono mugikorra eta bideo-jokoak erabiltzean, baita zenbat gailu digital dituzten ere. Honako bederatzi autonomia erkidegotako 1.220 lagunek erantzun dute: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa. Datuak aztertzeko, berriz, bi adituren laguntza izan dugu: Enrique Echeburuarena, zeina Psikologia Klinikoan katedraduna eta Mendekotasun Digitaletan aditua baita, eta Manuel Armayonesena, zeina Psikologiako Ikerketen irakaslea baita Universidad Oberta de Catalunyan. Horretaz gain, honako erakunde hauen aholkularitza ere jaso dugu: Madrid Salud, Pantallas Amigas eta Adicciones Digitales.

Inkestatik atera dugun lehen ondorioa hauxe da: erantzun dutenen % 5ek soilik ageri dituzte gizentasun digitalaren sintomak. Bigarrena, ez dagoela alderik sexuen artean, baina bai adinari erreparatuta: 20 eta 24 urte arteko gazteen % 10ek neurriz kanpo erabiltzen dituzte teknologia berriak edo haien mende daude oso, eta 14 eta 19 urte arteko nerabeen % 78k arriskua dute etorkizunean jokabide obsesiboak izateko.

Ikerketa hau egiteko, hiru alderdi hartu ditu kontuan EROSKI CONSUMERek: bakoitzak zenbat gailu digital dituen (asko, gutxi edo tarteko kopurua, Daniel Sieberg teknologia alorreko adituaren neurketa-sistemaren arabera), nola eta zenbat erabiltzen dituen mugikorra, Internet eta bideo-jokoak (Madrid Salud erakundearen neurketa-sisteman oinarrituta) eta gailu digitalen erabilerari atxikitzen zaizkion sintoma fisikoak eta sozialak (oinazea, isolamendua…).

"Txatarra" digital ugari

Teknologia berriekin zer-nolako harremana dugun ikusteko, adierazle ona izan daiteke zenbat gailu digital ditugun neurtzea. Pertsona baten pisu digitala handia, erdi parekoa edo txikia den jakiteko, Daniel Siebergek sortu duen neurketa sistema hartu du oinarritzat EROSKI CONSUMERek (esan bezala, teknologia alorrean aditua da Sieberg): bost puntu ematen ditu pertsona batek erabiltzen duen SMS zerbitzu bakoitzeko; bost puntu Interneten sortu duen profil bakoitzeko; 3 puntu telefono mugikor bakoitzeko; 2 puntu tableta, ohiko helbide elektroniko eta parte hartzen duen blog edo web-orri bakoitzeko; eta puntu bat ordenagailu eramangarri, eReader eta aurreko ataletan sartzen ez den makina edo gailu digital bakoitzeko (baldin eta kargagailua behar badu). Puntu guztiak batuta, honako sailkapen hau egiten du Siebergek: 24 puntu artean dabiltzanek pisu digital txikia dute (gailu gutxi dituztela esan liteke); 25 eta 35 puntu artean dabiltzanek erdi pareko pisua dute; eta 36 puntu edo gehiago dituztenek pisu digital handia dute (gailu asko).

Gure inkestan, erantzun dutenen % 64k txatarra digital asko daukate. Pertsona horien profila egiten hasi, eta honako ezaugarri hauek eman ditu: 14 eta 24 urte bitarteko gizonezkoa, DBH edo BBB, Goi mailako Batxilergoa edo UBI egin duena. Lau lagunetatik bat tarteko mailan geratu da, eta % 12k gailu digital gutxi dituzte.

Gailurik ohikoenak eta hedatuenak mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak dira. Inkestan parte hartu duten ia guztiek, batez beste, hiru mugikor dituzte, eta hamarretik bederatzik bi ordenagailu eramangarri, eta beste bi argazki-kamera eta/edo bideo-kamera digital. Lautik hiruk, bestalde, bi erreproduzitzaile dituzte batez beste (mp3, mp4 edo iPod-a) eta hamarretik zazpik mahai gaineko ordenagailu bat eta bi bideo-kontsola. Askoz ere bakanago ageri dira iPad-ak edo tabletak, eBook edo liburu digitalak eta Interneterako konexioa duten telebistak: inkestan parte hatu dutenen % 25ek daukate gisa horretako gailuren bat.

Gailuei dagokienez, ñabardura batzuk egin behar dira adinaren arabera. Bideo-kontsola gehien, adibidez, 14 eta 19 urte arteko nerabeek dituzte (bostetik ia lauk 3 dituzte, batez beste); eta iPad-ak edo tabletak, berriz, 25 eta 29 arteko gazteek dituzte gehien (% 32). Gizarte-sareetan profil edo erabiltzaile-izen gehien dituztenak ere gazteenak dira (ia lau profil dituzte, batez beste, 14 eta 24 urte arteko gazteek), baita mezularitza-zerbitzu gehien erabiltzen dituztenak ere (bi). Posta elektronikoa eta blogak erabiltzerakoan ia ez dago alderdik: posta elektronikoa ia guztiek erabiltzen dute (ia hiru kontu dituzte, batez beste), eta blogak, aldiz, oso-oso gutxik (inkestan parte hartu dutenen artean, lautik batek baino ez dauka).

Teknologiak menperatuta ote gauzka?

Gailu digital asko izateak ez du esan nahi, berez, teknologia berrien menpe gaudenik. Erabilera okerrak edo neurriz kanpokoak sortzen ditu arazoak. Alderdi hori neurtzeko, EROSKI CONSUMERek galdera batzuk irakurri dizkie inkestan parte hartu dutenei, eta ados dauden edo ez adierazi behar izan dute (mugikorren, Interneten eta bideo-jokoen erabilerari buruzko galderak izan dira). Erantzunak hartu, eta Madrid Salud erakundearen esku jarri ditugu, teknologia berrien inguruko jokabideetan adituak direnek azter ditzaten. Azterketa horren arabera, inkestan parte hartu dutenen % 4k soilik dute arazo larri bat Internetekin, % 3k mugikorrarekin eta % 1ek bideo-jokoekin.

Gainerakoek egoki erabiltzen dituzte hiru tresna digital horiek, baina horrek ez du esan nahi horiek ere arriskuan ez daudenik. Horietako batzuek ere badute arriskua teknologia berrien menpe geratzeko; hain zuzen, % 47k kontrolatu egin behar lukete telefonoan ematen duten denbora, % 31k Interneten ematen duena eta % 16k bideo-jokoei eskaintzen dietena. Hiru kasuetan, 14 eta 24 urte arteko gazteek dute arrisku gehien.

Ezin sakelakorik gabe

Inkestan parte hartu dutenen % 88k egunero erabiltzen dute mugikorra beren gustuko zereginetarako (20 eta 24 urte arteko gazteetan, % 94k), eta , batez beste, hiru orduz aritzen dira telefonoarekin. Telefono mugikorra zertarako erabiltzen duten ere galdetu diegu, aspaldi utzi baitzion soilik hitz egiteko gailu izateari. Erantzun dutenek adierazi dute batez ere berehalako mezularitza-zerbitzu gisa erabiltzen dutela telefonoa (egunean 13 aldiz, batez beste, eta nerabeek, 17 aldiz), eta ordua jakiteko ere bai (10 aldiz). Telefonoa erabiltzeko hirugarren arrazoia beste norbaiti deitzea da (6,5 aldiz), gizarte-sareetan parte hartzea laugarrena (6 aldiz) eta helbide elektronikoari begiratu bat ematea azkena (5,8 aldiz).

Moldatuko ote ginateke mugikorri gabe? Inkestan parte hartu dutenen % 43k adierazi dute nahita ere ezingo luketela moldatu, eta % 36k nabarmendu dute etengabe daudela mugikorrari begira. Mugikorra bazterrera uzteko zailtasun gehien 20 eta 24 urte arteko gazteei nabari zaie (% 49), eta telefonoari gehien begiratzen diotenak, berriz, nerabeak dira (% 45). Galdekatu ditugun lau lagunetatik batek poza hartzen du SMS bat edo antzeko mezuren bat iristen zaionean (14 eta 19 urte arteko emakumeetan dago hedatuen sentimendu hori: % 34), eta % 10ek adierazi dute erretxindu egiten direla egunaren buruan halakorik jasotzen ez badute (berriz ere nerabeak nabarmendu dira: % 18k agertu dute ikuspegi hori).

Mugikorra hainbeste jendek eta hainbeste gauzatarako erabiltzeak ez du esan nahi jendeak diru asko gastatzen duenik. EROSKI CONSUMERek galdetu die ea gehiegizkoa iruditzen zaien mugikorrean gastatzen dutena, eta % 15ek soilik erantzun dute baiezkoa. Beste galdera batean, jakin nahi izan dugu ea mugikorra erabiltzean galdu egiten ote duten denboraren kontua ere, eta % 14k baietz erantzun dute. Nerabeen artean, % 21ek aitortu dute hala gertatzen zaiela

Egunean ia 4 orduz Sarean

Jendeak egunero erabiltzen du Internet. Inkestan parte hartu dutenen % 84k asteko egun guztietan erabiltzen omen dute beren gustuko gauzetarako. Egunean, batez beste, 4 orduz aritzen dira (mugikorrarekin baino zertxobait gehiago), baina alde nabarmenak antzeman ditugu berriz ere adinaren arabera: 35 eta 39 urte arteko pertsonek, batez beste, egunean 3 ordu ematen dituzte Interneten, eta 20 eta 24 urte artekoek, berriz, 5 ordu. Interneten gero eta denbora gehiago pasatzen ote duten galdetu diegu, eta hirutik bat ados agertu da uste horrekin (nerabeen % 41). Ildo horretan, bitxia da parte-hartzaileen % 14k adierazi dutena (nerabeen artean, lautik batek): Interneten minututxo batzuk pasatuko dituztela esan ohi dute, eta, behin hasita, orduak ematen dituzte. Galdekatuen % 22k esan dute Internetek lagundu egiten diela beren arazoak ahazten, eta bostetik batek, ongi sentiarazten dituela. Interneten erruz ikasketetako zereginak edo lanekoak albo batera uzten ote dituzten galdetuta, % 13k soilik erantzun dute baiezkoa, eta are gutxiagok uste dute lagunekin edo familiakoekin baino denbora gehiago ematen dutela Interneten (% 11).

Jendeak Sarean ematen duen denbora horretatik, posta elektronikoari begiratu bat emateko izaten da gehiena (egunean 7 aldiz baino gehiago), gizarte-sareetan parte hartzeko (egunean 7 aldiz) eta berehalako mezuak bidali edo jasotzeko (egunean 6 aldiz, batez beste). Parte-hartzaileek zenbat eta adin gehiago eduki, orduan eta denbora gehiago ematen dute posta elektronikoari begira eta gutxiago gizarte-sareetan edo berehalako mezularitza-zerbitzuetan.

Bideo-jokoak: gizonen kontua?

Bideo-jokoen erabilera ez dago Internetena edo telefono mugikorrena bezain hedatua. Ezta gutxiago ere. Inkestari erantzun diotenen erdiek baino gehiagok ez dituzte erabiltzen, eta emakumeen artean are gutxiagok: emakumeen % 34k erabiltzen dituzte, eta gizonen % 63k. Adinari erreparatuta, 25 eta 29 urte artekoak dira zaleenak (% 55). Bideo-jokoak erabiltzen dituztenen artean, hirutik bik asten hirutan baino gutxiagotan egiten dute, % 17k astean 4-6 aldiz, eta % 19k asteko egun guztietan. Egunean, batez beste, 1,5 ordu ematen dituzte bideo-jokoekin jolasean, baina hori ere aldatu egiten da adin-talde batetik bestera: 14 eta 24 urte arteko gazteek 2 ordu inguru ematen dituzte, eta 25 eta 39 urte artekoek ordubete pasatxo.

Parte-hartzaileei galdetu diegu ea jolasean arituta atzendu edo ahaztu egiten dituzten beren arazoak, eta % 31k baiezkoa erantzun dute (Internetez galdetu diegunean, % 22k adierazi dute hori bera). Beste behin, proportzioa handiagoa da 20 eta 24 urte arteko gazteetan (% 39 erantzun dute baietz). Bideo-jokoekin ari direnean ongi sentitzen direnak ere (% 28) gehixeago dira Interneten arituz ongi sentitzen direnak baino (% 20). Eta bideo-jokoetan minutu gutxi batzuk emateko asmoz abiatu eta orduak pasatzen dituztenak, berriz, Internetekin berdin gertatzen zaienen parean ageri dira: bietan, % 14ri gertatzen zaie hori.

Beste datu batzuk ere atera ditugu bideo-kontsolen erabilerari lotuta: % 12k adierazi dute beste noizbait jokatu dituzten partidak berrikusiz aritzen direla, pausoei banan-banan erreparatuta; lautik batek beharra sentitzen du jolas mailetan gora egiteko eta erretxindu egiten da norbaitek partida eteten badio; eta, are kezkagarriagoa dena: inkestan parte hartu dutenen % 16k adierazi dute noiz konektatuko diren pentsatuz aritzen direla etengabe, partida irabazteko.

Eta erabilera desegokia egiten badugu, zer?

Sintoma fisiko eta sozialak

EROSKI CONSUMERen azterketak eduki ditu ondoez fisikoen inguruko galderak ere, teknologia berriak oker erabiltzeagatik sor daitezkeen ondoezen ingurukoak alegia. Hiru dira aipagarrienak: ikusmen nekatua (erantzun dutenen % 54ri eragiten die), bizkarreko mina (% 44ri) eta buruko mina (% 28ri). Ondorio fisikoei buruz ez ezik, teknologia berriak erabiltzearen ondorio sozialei buruz ere galdetu diegu 1.220 parte-hartzaileei. Ingurutik urrundu egiten al ditu? Harreman birtualak lehenesten ote dituzte aurrez aurrekoen ordez?

Erantzun duten bost lagunetatik bik aitortu dute bikotekidearekin edo beste norbaitekin daudenean isilik egoten direla, bakoitza bere unibertso digitalean murgilduta egoten delako. Era berean, onartu dute inoiz edo behin utzi izan dutela taldeko elkarrizketa bat mugikorrarekin aritzeko. Bi egoera horiek ohikoagoak diren gizon gazteengan: lehenbiziko kasuan, 25 eta 29 urte arteko gizonen % 45ek bat egiten du baieztapen horrekin, eta bigarrenean, 14 eta 19 urte arteko nerabeen % 53k. Gainera, lautik batek sentitu izan du mugikorra ateratzeko premia beste norbait hizketan ari zaionean. 20 eta 24 urte arteko gazteei gertatu izan zaie gehien (halaxe adierazi dute adin-tarte horretako % 32k).

Nola saihestu mendekotasun teknologikoa

INTECO (Komunikazioaren Teknologien Espainiako Institutu Nazionala) erakundeak egin duen ikerketa batek dioenez, gurasoek eta seme-alabek ez dakite nola aurre egin Sarean sortzen diren arriskuei: adingabeek ez liekete gurasoei deus esango Sarean arazorik sortuko balitzaie, eta gurasoek, aldiz, baietz uste dute, adieraziko lieketela. Mendekotasun teknologikoa saihesteko, honako aholku eta jarraibide hauek ematen ditu Pantallas Amigas erakundeak:

  • Zaindu zenbat denbora ematen den Interneten (edo bideo-jokoetan edo mugikorrarekin); zaindu egin behar da, halaber, zenbat denbora ematen den teknologia horiei lotuta dauden gauzetan pentsatzen.
  • Denbora hori gehiegizkoa dela uste bada edo arazoak sortzen ari bada ohiko zereginetan, plan bat egin behar da poliki-poliki murrizteko. Ordutegi bat jarri, eta zintzo bete.
  • Komeni da arazoari buruz hitz egitea familian eta lagunekin.
  • Komeni izaten da oporraldi bat ematea ordenagailuari (edo kontsolari edo mugikorrari…).
  • Sustatu egin behar dira Saretik kanpoko harremanak.
  • Ona da jarduera gustagarriak bilatzea off line. Hainbat hobe aire zabalekoak edo etxetik kanpokoak badira.
  • Jokabide horren azpian dauden arrazoiak bilatu behar dira: jokabide horiek, gehienean, bestelako arazo batzuen seinale izaten dira, eta Internetetik urruntzeak ez ditu konponduko.
  • Norbera konturatzen bada une batean kontrola galdu duela Internet, mugikorra, kontsola… erabiltzeko moduan, espezialista batengana joatea komeni da (medikua edo psikologoa).