Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Toki publikoetan erretzea: ia bost urteren buruan, CONSUMERen beste txosten bat : "Tabakorik gabeko" toki publikoak ez dira oraindik errespetatzen
Batez beste, erretzea debekaturik zegoen tokien %46an erre egiten zuten erabiltzaileek; bisitaturiko tokien %24an langileren batek ere erretzen zuen
Erretzeari eta besteei kalte egiteari uzteko arrazoiak
Erretzeari uztea har daitekeen erabaki osasungarriena da: 20 urteko pertsona batek erretzeari uzten badio, bere bizitza-itxaropena hipertentsioa ongi kontrolatuta baino hiru aldiz gehiago luzatzen da eta kolesterolarekin beste horrenbeste eginda baino hamar aldiz gehiago (CNPT, tabakismoa prebenitzeko batzorde nazionala.1998).
- 1999an, 9.572.691 erretzaile zeuden Espainian, horietatik %61 gizonezkoak.
- Batez beste, erretzaileek egunean 6 eta 12 zigarro artean kontsumitzen dute; 2.000-4.000 urtean.
- Tabakoak 3.000 substantzia inguru sortzen ditu erretzen ari denean. Ezagunenak karbono-monoxidoa, alkitrana eta nikotina dira. Baina gehiago ere badira, minbizia sortzen dutenak, hala nola nitrosaminak, benzopirenoak eta amina aromatikoak.
- Erretzea beti da txarra, ez dago segurtasun-atalaserik. Zigarro kopuruak menpetasun maila definitzen du, baina guztiak dira kaltegarriak, lehenetik hasita.
- Tabakoa pozoia da: ordu bakoitzean 560 pertsona hiltzen ditu munduan, 13.400 egunean eta ia 5 milioi urtero (Osasunaren Mundu Erakundearen 2002ko datuak). Eta EBn milioi erdi heriotza eragiten du urtean. (Europako Kontseilua, 1996).
- Espainiako estatuko gizonezkoen hamar heriotzatik bat tabakoaren kontsumoarekin zuzenean erlazionaturik dago. (CNPT, 2002)
- Birikako minbizia duten pertsonen %85 erretzaile izan dira.
- Tabakoak faringe, laringe, urdail, hestegorri, pankrea eta puxikako minbizia sortzen du.
- Eta, gainera, baita bronkitis kronikoa, gaixotasun kardiobaskularrak eta efisema ere.
- Tabakoan, nikotina da menpetasuna (menpetasun fisikoa) sortzen duen droga.
- 50 urterekin, erretzaile batek erretzen ez duen norbaitek 75 urterekin izango lukeen birika-gaitasuna dauka (CNPT 1998).
- Tabakismo pasiboa (beste pertsona batzuek kontsumituriko tabakoaren kea sarritan irenstea) birikako minbizi arriskua, asma eta arnasbideetako beste gaixotasun batzuk gehitzearekin erlazionatzen da.
- MOEren kalkuluen arabera, Europako Batasunean erretzen ez duten baina erretzen den guneetan bizi behar izaten duten 50.000 eta 94.000 pertsona artean hiltzen da urtean, tabakoaren eraginez.
- Zigarro baten keak erretzaileak irensten duen alkitran eta nikotinaren bi halako isurtzen du.
- Erretzaile pasibo diren haurrek arrisku handiagoa dute bronkitisa, pneumonia, asma eta gorreria sortzen duten belarriko gaixotasunak izateko.
- Haurrak oso zaurgarri dira tabako kearen aurrean: beren birikak txikiagoak dira eta inmunologia sistema ez dute hain garaturik.
Legeek esaten dutena eta esango dutena
Herritarren osasuna babesteko tabakoaren salmenta eta erabilera mugatzeari buruzko martxoaren 4ko 192/1988 Errege Dekretuak -bere artikuluetako lautan uztailaren 23ko 1293/1999 Errege Dekretuaren bidez aldatuak- honakoa dio lehen artikuluan: Osasunaren Lege Orokorreko 25.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, pertsonaren osasunerako substantzia kaltegarri deklaratzen da tabakoa. Gatazka kasuan, ez erretzaileen eskubidea nagusituko da erretzaileek tabako-gaiak kontsumitzeko duten eskubidearen gainetik, lehenengoen osasunarengan eragina izan dezakeen toki eta zirkunstantzia guztietan, Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera.
Honakoa ere ezartzen du:
- Debekaturik dago 16 urtetik beherakoei tabakoa saltzea.
- Erretzea erabat debekatuta dago hiri barruko eta hiri arteko garraiorako ibilgailu edo garraiobide kolektibo guztietan. Garraio kolektiborako ibilgailutzat hartuko dira funikular eta teleferikoak ere.
- Ezin da erre emakume haurdunek lan egiten duten lantoki eta lan-guneetan.
- Ezta irakaskuntza zentroetan ere.
- Ezta osasun zerbitzuetan ere.
- Ez eta zuzenean publikoaren arretarako dauden Administrazio publikoaren bulego-guneetan ere.
- Ez eta erabilera publiko orokorrerako, irakurtzeko eta erakusketetarako geletan ere.
- Ez eta jendea sarri bildu ohi den lokal itxietan ere.
Bestalde, Ministerioak aurkeztu duen Tabakismoaren Prebentziorako Plan berriak (2003-2007 epealdian garatuko denak) honakoa proposatzen du:
- Tabako-gaien zuzeneko eta zeharkako publizitatea eta babesa debekatzea.
- KPItik tabakoa kentzea.
- Tabakoari buruzko zergak igotzea.
- Adin txikikoei tabakoa saltzea debekatzea.
- Zigarroak saltzeko makinak kentzea.
- Zigarroak solte saltzea debekatzea.
- Tabakoa gaixotasun kroniko deklaratzea.
- Osasun-prestazioetan tabakoaren aurkako tratamenduak sartzea.
- Pertsonen historia klinikoan tabakoaren aipamena jasotzea.
- Erretzaileentzako hotel-plazak mugatzea.
Helburu jakin batzuk ere ezarri dira: 2003rako, ikastetxe, osasun zentro eta Administrazioaren zentroen %95 tabakorik gabeko gune bihurtzea; 2004rako, toki publiko guztietan tabakoaren kontsumoa arautuko duten arauak garatzea; 2005erako, enpresen %70 tabakorik gabeko guneak sortzera bultzatzea; eta 2007rako, erretzaile kopurua 2003ko datuen aldean %30 gutxitzea.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Joan aurreko orrira: « Unibertsitate guztietan eta irakaskuntza ertaineko institutuen ia erdian
- Orri honetan zaude: [Or. 3 de 5]
- Joan hurrengo orrialdera Hiriak banan-banan, araua gehien urratzen duenetik hasita »