Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Toki publikoetan erretzea: ia bost urteren buruan, CONSUMERen beste txosten bat : "Tabakorik gabeko" toki publikoak ez dira oraindik errespetatzen

Batez beste, erretzea debekaturik zegoen tokien %46an erre egiten zuten erabiltzaileek; bisitaturiko tokien %24an langileren batek ere erretzen zuen

Unibertsitate guztietan eta irakaskuntza ertaineko institutuen ia erdian

Jendeak erre egiten du bisitaturiko unibertsitate publiko guztietan (guztira 12 hiritako beste horrenbeste unibertsitatetan), autobus estazio guztietan eta ia tren estazio guztietan, aireportu guztietan, udaletxe, diputazio eta erkidegoetako gobernuen erdietan, irakaskuntza ertainetako institutuen %42an, eta oraindik okerrago dena, hiru ospitaletatik baten (handi eta txikietan berdintsu) eta gasolindegietan (kasu honetan segurtasunaren arazoa gehitu behar zaio). Erretzeko debekua errespetatzen den tabakorik gabeko gune bakarrak museoak eta hiri barruko autobusak dira. Azterturiko Turismo bulegoetan eta INEMekoetan txikia izan zen arau-haustea: %17an bakarrik ikusi zen jendea erretzen.

Tabakismo pasiboa (erretzen den giroetan bizi behar ohi dutenek jasaten dutena) birikako minbizi arriskua, asma eta arnas sistemako gaixotasunak gehitzearekin erlazionatu izan da. Horrenbestez, erretzeari uzten dionak edo beste pertsona batzuk dauden edo egongo diren tokian erretzen ez duenak, bere osasunari ez ezik ingurukoenari ere egiten dio mesede.

Eredu emango bagenu, sikiera…

Arau hau erabiltzaile guztiek bete dezaten, ezinbesteko dirudi legez tabakorik gabeko izendaturiko tokietan lan egiten duten langileek ere salbuespenik gabe hala egitea. Baina errealitatea urruti dago idealetik zoritxarrez, eta kasu honetan, logikak agintzen duenetik ere bai: hamar unibertsitate eta autobus eta tren geltokitatik lautan erre egiten dute langileren batzuek. Eta beste hainbeste gertatzen da hamar gasolindegi eta udaletxetatik hirutan eta hamar aireportu, institutu, diputazio edo gobernu eta turismo bulegotatik hirutan ere. Eta hamar erietxe eta INEMen bulegotatik batean. Langileek erretzen ez zuten espazio publiko bakarrak liburutegiak, museoak eta hiri barruko autobusak ziren. Bestalde, legeak debekaturiko lekuan jendeak erre ez dezan, espazio horiek hala seinaleztaturik egotea komeni da (araudiak berak adierazten duen moduan). Izan ere, oinarrizko printzipio hori ere ez da betetzen: unibertsitate eta turismo bulegoen erdietan, autobus estazioen %42an eta institutu, hiri barruko autobus, diputazio eta gobernu eta tren estazioen %25ean ez dago erretzeko debekua gogorarazten duen seinalerik. Eta beste horrenbeste gertatzen da udal eta liburutegien %17an eta erietxe, aireportu eta gasolindegien %8an. Gune babestuetan tabakoaren kontsumoa murrizten lagun dezakeen beste ekimen bat (oraindik araudian jaso ez dena), instalazio horietan tabakorik ez saltzea litzateke. Logikoa dirudi, oinarrizko beharrizanetako gauza ez denez, eta tabakoa beste toki batzuetan ere oso erraz eros daitekeenez, tabakorik gabeko guneetan ez saltzeak. Baina bisitaturiko tren eta autobus estazio guztietan, aireportu guztietan eta hamar gasolindegi eta unibertsitatetatik bederatzitan eros daiteke tabakoa. Eta baita erietxe txiki eta museoen %13an eta institutuen %7an.

Txostena nola egin zen

Azterketa honen helburua da espazio publikotan tabakoaren kontsumoa mugatzen duen martxoaren 4ko 192/1988 Errege Dekretua -uztailaren 23ko 1293/1999 Errege Dekretuak aldatua- zenbateraino betetzen den egiaztatzea. Erretzea debekaturik dagoen 228 toki bisitatu ziren Bartzelona, Madril, Malaga, Bilbo, Valentzia, Alacant, Santander, Gasteiz, Donostia, Oviedo, Iruñea eta A Coruñan. Hiri bakoitzean Udalak, Gobernuak eta Diputazioak publikoarentzat irekirik dituen instalazioak, aireportu bat, autobusen estazio bat eta trenen beste bat, unibertsitate publiko bat, irakaskuntza ertainetako institutu bat, Turismo bulego bat eta INEMen beste bat, museo bat, erietxe handi bat eta txiki bat, liburutegi publiko bat, lau gasolindegi eta hiri barruko autobusen lau linea bisitatu ziren. Toki horiek guztiak urtarrilaren 8tik 15era bitartean bisitatu genituen, jende gehien ibiltzen den orduetan eta bi aldiz, gasolindegi eta autobusak izan ezik, behin bakarrik bisitatu baitziren. Toki horietako bakoitzean, CONSUMEReko teknikariak 45 minutu eman zuen, bere bisitaren zergatia adierazi gabe. Publikoarentzat dauden guneak bisitatu zituen, hala nola pasillo, itxaron gela, erakusketa gela eta sarrerak. Gune bakoitzean langile eta erabiltzaileek erretzen ote zuten begiratu zuen eta erretzea debekatzen zuten seinalerik ba ote zegoen. Gainera, arau betetzen ez zela eta CONSUMEReko teknikariak zerbait esatean langileek izan zuten erreakzioa ere jaso zen.

Datuak, hirien arabera

12 hirietan ere egoera asko hobetu daitekeen arren, batzuetan aipagarria da arau-urratzearen larritasuna. Datuak ezin dira interpretatu hiri bakoitzeko egoeraren adierazpen zehatz gisa (lagina oso txikia baita: tabakorik gabeko 19 gune hiri bakoitzean), baina alde nabarmenak ere aurkitu dira. Santander, Alacant eta Madrilen tabakorik gabeko guneen %60an erretzen zen gutxienez; Iruñean %27koa zen arau-haustea eta Bilbo eta Valentzian %33koa. %40arekin ageri dira Gasteiz, A Coruña, Oviedo eta Bartzelona. Donostian guneen %53an erretzen da eta Malagan %47an. Interesgarria da, bestalde, gune horietako langileek zenbateraino erretzen duten begiratzea ere: Santander ageri da ranking-buruan, tokien %67an erretzen baitzuten eta atzetik Bartzelona (%47) eta Donostia (%40) datoz. Gaizki Alacant (%33), Malaga (%20) eta Valentzia (%20) ere. A Coruña eta Iruñean bakarrik da egoera onargarria, espazioen %7an bakarrik erretzen baitzuen langileren batek; baina Gasteiz, Bilbo, Madril eta Oviedon, %13arekin, proportzioa ez da beste hiri batzuetan bezain tamalgarria. Santander eta Alacant dira, bestalde, toki horietan erretzea debekatzen duten seinalerik ez duten hiriak (ia tokien erdietan). Eta tabakorik gabeko espazio publiko horietan araua betetzen ez zelako langileen axolagabekeria askoz txikiagoa izan zen Madrilen (tokien %33tan erantzun egokiak eman zituzten) gainerako gehienetan baino: hamabi hirietatik hamarretan, langileetako batek ere ez zion jakinarazi erretzen ari zenari debekatuta dagoela; eta hori egitea oso erraza da. Ez baita inoren askatasuna mugatu edo ezer inposatzen, ez dakienari edo araua urratzen duenari lege-arau batek ezartzen duena gogoraraziz erretzaile ez direnen eskubidea defendatu baizik.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak