SPA

Sendatu ez, baina lasaitu eta mina arintzen dute

Balnearioek ez bezala, iturriko ura darabilte, gatz edo aditiboak erantsita
1 urria de 2003

Sendatu ez, baina lasaitu eta mina arintzen dute

Osasun eta edertasunaren negozioak 2002 urtean hazkuntza handienetako bat ezagutu zuen, balneario eta spa (Estazio Termalen Espainiako Elkarte Nazionala haserre badago ere, “hiri balneario” ere dei dakiekeen arren, akronimoa hau da: salus per aqua edo, euskaraz, “ura bide, osasuna” ) berriak sortu eta zeudenak zabaltzea ondorioztatu duen ongizatearen kontzeptua zaintzeari esker. Urte haren amaieran Espainian zeuden 90 balneario baino gehiago, 22 talasoterapia-zentro, 24 osasun eta edertasun zentro eta spaz hornituriko 50 hotel inguru. Panorama horretan azpimarratzekoa dugu spa horien ugaltzea eta arrakasta bizia.

Zein alde ote dago balnearioa eta sparen artean? Denetan behinena, tratamenduetan bakoitzak baliatzen duen ur mota. Estazio termaletan erabilera publikokotzat jotako ur mineral medizinalak dituztelarik, spa horiek iturriko ura darabilte, gatz edo aditibo batzuk erantsita. Balnearioetako urak ez bezala, spa batekoak ez du sendatzeko edo estetika hobetzeko inongo propietaterik, lasaitu egiten badu ere. Estazio termalen aurrean spa horiek dituzten abantailetako bat aipatu behar izatekotan kokapena nabarmendu beharko litzateke: eskuarki hirigunean daudenez, horrelakoak sarriago baliatu ahal daitezke.

Ongizatean murgiltzea

Spa zentroen eskaintza, gorputzari presio handiz jaurtiriko uraren egintza eta tenperatura-aldaketa bortitzek eraginiko mesedeak dira. Tenperatura kontraste horiek odolaren zirkulazioa hobetzen dute eta presioz harturiko urak, berriz, muskulu sistema lasaitzeko mikromasajea eragiten du. Estresaren ondorioak arindu eta gorputza tonuan jartzea dira horrelako zentroen helburu nagusiak. Ordubetetik bi ordu bitarteko ibilbidean zehar spa bateko bezeroak ur-zorrotadaz eginiko masajea, terma edo lurrun-bainu turkoa, presio handiko dutxa eskoziarra eta vichy edo anezkako dutxa (ura eta olio esentzialak botatzen dituena)har dezake, saunan sartu aurretik. Zirkuitu termal horri beste hainbat zerbitzu ere gehituko zaizkio, hala nola masajeak, tratamendu fisioterapeutikoak, etab. Izan ere, finkaturiko arautegirik oraindik ez dagoen arren, bere burua aintzat duen spa batek lau ur-tratamendu eskaini behar ditu, gutxienez.

Modu onean

Spa bateko tratamendu nagusia hidroterapiako zirkuitua da, hots, 18 eta 35 euro bitarteko prezioaren ordaindurik, ordubete inguruko saioa egin dezakezu: jakuzzia, hidroterapiako igerilekua, pedilubioa, putzu hotza eta sauna edo bainu turkoa (baita, kasu batzuetan, dutxa eskoziarra bera ere). Zentro batzuek 10 – 40 saioko txartelak ematen dituztenez, saio bakoitzeko 10 euroko aurrezkia egiten du bezeroak. Spa hori gimnasio batean baldin badago, bertako bazkide egin daiteke hidroterapia maite duena eta, horrela, mugarik gabe erabili ahal izango ditu bertako instalazioak, hilean 24 – 137 euro ordainduta. Ibilbidean dutxa eskoziarra ez badago, saio bakoitzeko 9 euro eman eta tratamendu horretaz gozatzeko aukera du erabiltzaileak. Vichy edo jet izeneko dutxa hartzearren 12 eta 25 euro bitarte ordaindu behar dira, profesional batek aplikatu behar baitu tratamendu hori. Bestelako tratamenduen (drenaia linfatiko, peeling, masaje, buztinetan biltzea, zelulitisaren kontrakoak, etab.) prezioak 15 eta 45 euro bitartean dabiltza.

Ohiko tratamenduak

  • Sauna finlandiar edo suediarra. Berotasun lehorra: 90º C eta % 55eko hezetasuna. Odolaren zirkulazioa hobetu, toxinak kanporarazi, nerbio sistema eta muskuluak erlaxatzen ditu. Tentsioa apal duten pertsonei saunan ez sartzea aholkatzen zaie.
  • Bainu turkoa, hamman, caldarium edo terma. Berotasun hezea: 45º C eta % 99ko hezetasuna. Gorputza hidratatzeaz gainera, arnasbideak ireki, poroak zabaltzearren larruazala garbitu eta lasaitu egiten du, gainera.
  • Dutxa eskoziarra. Presio handian ur beroa eta hotza tartekatzen dira, gorputz osoa zeharkatuz, burutik hasi eta oin puntetaraino. Odol zirkulazioa eragin, muskuluen tonua suspertu eta zelulitis edo gantz noduluak dituzten alderdiak askatu egiten ditu. Zona baskular delikatuetan ez aplikatzea aholkatzen dute.
  • Jer dutxa. Gorputzeko hainbat atalen kontra lauzpabost metrotatik mangera baten bitartez jaurtitzen den presio handiko dutxa, terapeutak intentsitatea eta tenperatura egokituta. Ehun konektibo eta muskularra eragin, organismoa desblokeatu, lasaitu eta suspertzen du.
  • Vichy dutxa. Masaje orokor hau ur epeleko zorrotada txikien azpian hartzen du pazienteak, ohatilan etzanik. Masajearen eraginkortasuna areagotu eta lasaitu egiten du, estresaren eta hezueriaren kontrako eraginkorra da.
  • Jakuzzia. Ur bero eta burbuilez beteriko bainera. Tentsioak askatu eta muskuluak lasaitzen ditu.
  • Pedilubioa. Pazientea errekarriez osaturiko zoruan dabilela, hanka eta oinak ur bero eta hotzeko bainuak tartekatzen zaizkio. Odolaren zirkulazioa eragiten duenez, hanka nekatuak, barizeak, edemak eta linfedemak daudenean aholkatzen da pedilubioan aritzea.
  • Hidroterapiako igerilekua. Ur beroko hainbat eratako zorrotadak (ur-ohantzea, ahate-mokoa, ur-jauzia, lunbarren aulkia, geiserra, 4 altuerakoa, etab.) jaurtitzen dira gorputz atal guztietara igerileku horretan, oso presio eta tenperatura desberdinetan. Tentsioen askatzaile, odolaren zirkulazioaren eragile eta lasaigarria.
  • Ur hotzeko putzuak. Bainuontzi txiki hauetako uraren tenperatura 10º C ingurukoa da. Bainu beroa hartu ondoren (jakuzzia, sauna, hidroterapiako zirkuitua) itzulerako zirkulazioa hobetzen du eta organismoan eragin termorregulatzailea du.
Zein kasutan zer komeni
  • Artritisa: lurrun bainua (terma), ur bero eta hotzen tratamenduak tartekatuz hartzea, ur-azalean (hidromasajeko igerilekuan).
  • Zirkulazioa: izerditan egitea (terma), ur bero eta hotzen tratamenduak tartekatuz hartzea.
  • Depresioa: hidromasajeko igerilekua (flotazioa, erlaxazioa) eta hankak ur hotz eta beroarekin, tartekatuz, bainatzea.
  • Bizkarreko mina: zirkuitu termal osoa (terma, hidromasajeko igerilekua, pedilubioa, dutxa eskoziarra, vichy…) eta buztinen tratamenduak.
  • Hezueria: burbuila-bainuak eta flotazioa.
  • Estresa: hidromasajeko igerilekua, pedilubioa, terma, vichy dutxa eta masajeak

Zein kasutan dago debekatua

  • Larruazaleko, arnasbideetako, belarriko, gernu-aparatuko, odol sistemako (flebitis/trombo-flebitis), begietako infekzio akutuak daudenean.
  • Miokardioko infartua nozitu berri denean.
  • Bularreko angina nozitu berri denean.
  • Garuneko gaixotasunik dagoenean.
  • Desnutrizio egoera larrietan (anemia, anorexia, hiesa).
  • Hipertentsio arterial larria dagoenean.
  • Haurdunaldiko lehen hiru hilabeteetan edo haurdunaldia arazotsu gertatzen denean.