Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Inkesta egin diegu 9 autonomia erkidegotako 1.050 laguni, sendagaiak nola hartzen dituzten eta zentzuz erabiltzen ote dituzten jakiteko : Sendagaiak: kontsumitzaileek gorde egiten dituzte, berrerabili eta gomendatu

Joaten gara medikuarengana?

Nork bere kabuz

Nahiz eta pertsona bakoitza, batez beste, 5-7 aldiz joaten den medikutara urtean, automedikazioa erabiltzeko joera ere oso hedatua dago gure gizartean (nahiz eta gero medikutara joan). Espainiako Osasun Sistemak honela definitzen du automedikazioa: sendagaiak, belarrak eta etxean egindako erremedioak nork bere kabuz edo beste norbaitek aholkatuta hartzea, medikuari galdetu gabe.

Inkestak erakutsi du herritarren %72k noizbait hartu izan dutela sendagairen bat beren kabuz, medikutara joan gabe. Jarrera hori ohikoagoa da 44 urtez azpikoetan, zeinak denbora gutxiago izaten baitute lanaren eta ikasketen eraginez. Erkidegoka, Katalunian eta Nafarroan ageri da joerarik handiena, eta unibertsitate ikasketak edo graduondokoak dituztenengan.

Bi arrazoi nagusi eman dituzte hala jokatzeko: lehena, gehienean osasun arazo txikiak iruditzen zaizkiela eta botikara joaten direla aholku eske. Eta bigarrena, osasun arazo horiek lehen ere izan dituztela.

Ildo horretan, OMEk ohartarazten du sendagaiak oker erabiltzearen adibide bat izaten dela erabilera enpirikoa egitea, hau da, lehendik izandako gaitzetan oinarrituta erabiltzea. Mediku batek tratamendu bat gomendatzen duenean, Espainiako Osasun Sistemak oroitarazten du, beste ohar batzuen artean, gaixoari adierazi egin behar zaiola sendagai hori ez duela berriz erabili behar eta ez duela gorde behar, non eta ez dioten berariaz hala agintzen. Izan ere, automedikazioa erabiltzeko modurik ohikoenetakoa izaten da medikuak beste noizbait agindutako sendagaiak berriz hartzea.

Azken aldia

Beren kabuz eta medikuari galdetu gabe sendagaiak hartu izan dituztela onartu duten 760 lagunen artean, %13k adierazi dute ohiko jokabidea dutela hori. Azkeneko aldiz noiz egin duten galdetuta, %40k adierazi dute duela hilabete bat baino gutxiago izan dela, eta gehienek esan dute sendagai mota bakarra hartu zutela.

Nagusiki hiru arazo mota izan zituzten: buruko mina, migrainak edo zefaleak; hotzeriaren eta gripearen sintomak; eta hezur-giharretako minak. Eta gehienek minkentzaileak eta hanturen aurkakoak erabili dituzte horiek sendatzeko, baita hotzeriaren eta gripearen aurkakoak ere lehenbiziko bi kasuetan.

Azkenik, %86k onartu dute etxean zituzten sendagaiak erabili dituztela horretarako, eta %12k bakarrik jo dute botikara sendagai bila. Beste %3ri familiako norbaitek edo lagun edo ezagun batek gomendatu die sendagaia. Azkenik, osasun arazoa medikutara joan gabe sendatu zaiela adierazi dute %93k.

Inkestan parte hartu dutenek medikuari galdetu gabe gehien erabili dituzten sendagaietan hirugarrenak antibiotikoak izan dira. Batez ere, infekzioei, urdaileko min arinei, larruazaleko arazoei eta haginetako minari aurre egiteko. 2009. urtean, Europako Batasunak kanpaina bat egin zuen automedikazioa erabiltzearen aurka eta botiketan sendagaiak errezetarik gabe ematearen aurka. Azken hori, Facua kontsumitzaile elkartearen arabera, ohiko arazoa da Espainian. Eta, adituek diotenez, Europako herrialdeetan Espainiak du erresistentzia-tasarik handienetakoa antibiotikoentzat, eta sendagai horren kontsumoa ere handienetakoa da.

Medikuaren aholkurik gabe

Inkestan egiaztatu dugunez, erantzun duten herritarren %13 medikutara joan gabe saiatzen dira beti osasun arazoak konpontzen, eta %59 batzuetan. Jokabide hori gizonengan ageri da gehien, 44 urtez azpikoetan eta Katalunian bizi direnengan.

Horrela jokatzen dute osasun arazoa arina dela iruditzen zaiolako, konfiantza dutelako ezagutzen dituzten sendagaietan eta tratamenduetan, eta kontsultara joateko zailtasunak dituztelako. Herritarren %28k adierazi dute, aldiz, sekula ez dutela hala jokatzen.

Automedikazioa erabiltzea arriskutsua dela jakinda ere, erantzun duten herritarren %99k adierazi dute sekula ez dutela osasun arazorik izan sendagaiak beren kabuz hartzeagatik. Soilik %12k hartu izan dituzte noizbait sendagai iraungiak deskuiduan, eta %85ek ez dute nahi gabeko ondorioek kalte egiteko beldurrik. Hala ere, ez dira ohartzen arazoak etor daitezkeela sendagaiak gaizki erabiltzeagatik; adibidez, mikrobioen aurkako sendagaiekiko erresistentzia (bakterioek, onddoek, parasitoek eta birusek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen dira), baliabideak alferrik xahutzea, gaixoak konfiantza galtzea, eta beste substantziekin izan daitezkeen erreakzio okerrak eta mendekotasunak.

Gainera, %19k aitortu dute familiakoei edo lagunei inoiz aholkatu izan dizkietela medikuaren errezeta behar duten sendagaiak. 2006. urtean, Espainiako Osasun Ministerioak kanpaina bat jarri zuen abian jendeak inori ez ziezaion gomendatu antibiotikoak hartzeko, ezta medikuak agindu beharreko beste ezein sendagai ere, osasunarentzat arriskutsua delako.

Kontuan hartzekoak

Sendagaiek bizia salba diezagukete, baina zentzuz eta egoki erabili behar dira horretarako. Honako aholku hauek ematen ditu Balear uharteetako Gobernuko Osasun Sailak tratamendu garaian kontuan hartzeko eta automedikazioa erabiltzeari buruz gogoan izateko:

Tratamendu garaian…

Aholkuak:

  • Medikuak agindutako sendagaia hartu eta hark esandako moduan eta garaian egin.
  • Jakin egin behar da zer-nolako gaixotasuna dugun eta zer sendagai hartzen ari garen.
  • Ez ahazteko: egin zerrenda bat hartu beharreko sendagaiekin, eta adierazi bakoitza noiz hartu behar den; eguneko jardueraren batekin lotu hartzeko unea (otorduak, lotarako garaia…).
  • Jarraitu elikadurari eta ariketa fisikoari buruzko aholkuei.
  • Zalantzak izanez gero, galdetu osasun arloko profesional bati.

Gomendioak:

  • Ez utzi tratamendua garaia baino lehen.
  • Dosi bat ahaztuz gero, hurrengoan ez da bikoitza hartu behar.
  • Bidaian irtenez gero, eraman egun guztietarako sendagaiak, gaixotasunaren eta tratamenduaren txostenarekin batera.

Automedikazioa erabiltzea

Sendagaiek ondorio desatseginak izan ditzakete osasunean, eta gerta liteke ez izatea bateragarriak lehendik hartzen ari garen beste sendagai batzuekin. Hori dela eta, garrantzitsua da automedikazioa ez erabiltzea. Sendagai bat geure kabuz hartu aurretik, medikuari edo farmazialariari galdetu behar zaio.

Antibiotikoak zentzuz erabiltzea:

  • Ongi erabiliz gero bakarrik dira baliagarriak.
  • Beti medikuak aginduta hartu behar dira.
  • Dosi egokia hartu behar da, eta agindutako denboran.
  • Sekula ez hartu hotzeria edo gripea izanez gero. Antibiotikoek ez dituzte sendatzen.

Minkentzaileak edo analgesikoak zentzuz erabiltzea:

  • Minari, sukarrari edo hotzeriaren sintomei aurre egiteko, lehendik hartu ditugunak erabil ditzakegu. Egun gutxi batzuen buruan hobera egin ezean, medikuari edo farmazialariari galdetu behar zaio.
  • Maiz hartzeko beharra izanez gero, galdetu medikuari edo farmazialariari.

Medikuaren edo farmazialariarekin hitz egin…

  • Zailtasunak baldin baditugu sendagaiak hartzeko edo emateko garaian.
  • Sendagaiak ez badu osasuna hobetzen.
  • Sendagaia eragozpenak edo eragin kaltegarriak sortzen ari dela sumatzen bada.

Ez gara medikua

  • Ez gomendatu sendagairik familiakoei eta lagunei.
  • Ez egin jaramonik osasun langileak ez direnen aholkuei.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak