Inkesta egin diegu 9 autonomia erkidegotako 1.050 laguni, sendagaiak nola hartzen dituzten eta zentzuz erabiltzen ote dituzten jakiteko

Sendagaiak: kontsumitzaileek gorde egiten dituzte, berrerabili eta gomendatu

1 iraila de 2014

Sendagaiak: kontsumitzaileek gorde egiten dituzte, berrerabili eta gomendatu

Erantzun duten herritarren %77ri soberan gelditzen zaie sendagaiaren zati bat medikuak jarritako tratamendua bukatuta, eta hirutik batek etxean gordetzen dute %72k noizbait hartu izan dituzte sendagaiak beren kabuz, medikutara joan gabe Noiz edo behin, %19k lagunei eta familiakoei gomendatu izan diete medikuaren errezeta behar duen sendagairen bat

Gauza ohikoa da sendagaiak hartzea. Pastillak edo jarabeak hartzen ditugu minaren kontra, bai geure kabuz eta bai osasun arloko adituak edo farmazialariak aginduta. Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) dioenez, sendagaien %50 modu desegokian agintzen, eskaintzen edo saltzen dira, eta gaixoen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen. “A pill for every ill” esaten zaion garaian gaude, hau da, sendagaiekin ia edozer tratatu daitekeen garaian.

Sendagai bat egoki eta zentzuz erabiltzen denean, on handia egin diezaioke osasunari, baina neurriz kanpo eta behar ez den garaian hartuz gero, kalte egin diezaiokegu geure buruari. Eta zer da, bada, sendagaiak zentzuz erabiltzea? OMEren arabera, beharrizan klinikoei dagokien hori hartzea, norbanako bakoitzak behar duen dosian, denbora tarte egokian eta ahalik eta kostu gutxiena sortuz gaixoentzat eta komunitatearentzat.

Egoera zein den ikusita, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du kontsumitzaileek nola hartzen dituzten sendagaiak eta zentzuz erabiltzen ote dituzten. Horretarako, uztailean zehar, telefono bidezko inkesta egin die 9 autonomia erkidego hauetako 1.050 laguni: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa.

Pertzepzioa eta errealitatea

Oro har, inkestan parte hartu duten kontsumitzaileei ez zaie iruditzen sendagaiak desegoki erabiltzen dituztenik. Azken urtean, %14k bakarrik utzi omen dute medikuak agindutako tratamendua garaia baino lehen, eta, gehienetan, ongi sentitzen zirelako. Sendagaien argibide orria beti irakurtzen dutenak, berriz, %54 dira.

Inkestan parte hartu duten herritarren %77ri soberan gelditu ohi zaie sendagaiaren zati bat tratamendua bukatuta, eta gehienek (%63k) gorde egiten dute etxean. Hain zuzen, inkesta egin dugun garaian, %70ek beste tratamendu batzuetatik soberan gelditutako sendagaiak zeuzkaten etxean. Batez ere, analgesikoak edo minkentzaileak, hanturen aurkakoak (antiinflamatorioak), hotzeriaren edo gripearen aurkakoak eta antibiotikoak.

Sendagaiak beren kabuz eta medikutara joan gabe hartu izan ote dituzten galdetuta, baietz erantzun dute %72k. Jokabide hori zuritu nahian edo, osasun arazo txikiak izan direla adierazi dute eta farmaziara joan izan direla aholku eske. Baina okerrena da %19k familiakoei eta lagunei gomendatu izan dizkietela medikuaren errezeta behar duten sendagaiak. Jokabide arriskutsua da hori.

Zeini galdetu diogu?

Elkarrizketatu ditugun guztien artean, emakumeak izan dira %51. Guztiak izan dira 18 eta 65 urte artekoak, nahiz eta multzorik handiena 25 eta 44 urte arteko jendeak osatu duen (galdekatu ditugun guztien %49 izan dira). Batez besteko adina 46 urtekoa izan da. Erantzun dutenen artean, unibertsitate ikasketak eduki dituzte %34k eta Lanbide Heziketakoak %18k. Beste %19k Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ostekoak zituzten eginak, eta %27k derrigorrezkoak. Ikasketarik gabekoa %2 bakarrik izan da.

Osasunari dagokionez, hiru lagunetatik batek gaixotasun kroniko bat dauka (emakumeek gehienbat, eta 45 eta 65 urte artekoek), eta pastillak hartu beharra izaten du edo tratamendu bati jarraitu beharra. Hauek izan dira gehien aipatu dituzten gaixotasunak: bihotz-hodietakoak, hipertentsioa, diabetesa eta tiroideko gurinarekin zerikusia duten nahasmenduak.

Ohiko hutsegiteak

Garaia baino lehen

OMEk dioenez, gaixoen erdiek ez dituzte behar bezala hartzen sendagaiak. Hori dela eta, erakunde horrek ohartarazten du sendagaiak desegoki erabiltzea kaltegarria izan daitekeela, eta, horrekin batera, baliabideak alferrik galtzea dakarrela.

Guk galdekatu ditugun herritarrek, ordea, uste dute sendagaiak egoki hartzen eta erabiltzen dituztela. Hain zuzen, inkestari erantzun dioten herritarren %90ek baieztatu dute, medikuak sendagai bat hartzeko agintzen dienean, hark gomendatzen dien dosia hartzen dutela beti, eta hark jarritako denbora tartean. Erantzun dutenen %6k, ordea, batzuetan baino ez dute egiten hori, eta %4k sekula ez (18 eta 24 arteko gazteak nabarmentzen dira horretan). Aitortza hori egin duten ehun lagunek arrazoi nagusi hauxe eman dute gisa horretan jokatzeko: “Ongi sentitzen naizenean, utzi egiten dut beti”.

Ildo horretan, berariaz galdetu zaie ea azken urtean bertan behera utzi duten medikuak jarritako tratamendu bat garaia baino lehen eta hari galdetu gabe. Baietz erantzun dute %14k. Jokabide hori ohikoagoa da gizonen artean (%17) eta 18 eta 24 urte artekoetan (%29). Berriz ere lehengo argudioa erabili dute: ongi sentitzen zirelako utzi zutela.

Argibide orria: derrigor irakurri beharrekoa

Sendagai bat hartu aurretik, komeni izaten da argibide orria irakurtzea, informaziorik ez duen kontsumitzaileak okerren bat egin baitezake sendagaiak hartzean.

Gure inkestan, %54k bakarrik onartu dute beti irakurtzen dutela. Emakumeetan ageri da gehien joera hori, 25 eta 44 urte artekoetan eta Lanbide Heziketako ikasketak dituztenen artean. Beste %22k adierazi dute batzuetan bakarrik irakurtzen dutela eta %24k sekula ere ez. Azken talde horretan, gizonak nabarmendu dira, 45 eta 65 urte artekoak eta ikasketarik gabeak edo derrigorrezko hezkuntzako ikasketak dituztenak. Argibide orria (beti edo batzuetan) irakurtzen omen duten 800 lagun horietatik, %81ek nahi gabeko ondorioei begiratzeko ohitura du, eta %78k dosi gomendatuari (posologia). Izen komertzialari eta prestaerari sekula ere ez diete begiratzen, nahiz eta dena irakurtzea komeni den.

Kontuz soberakinekin

Beti gelditzen dira soberan

Espainiako Osasun Sistemak esaten du medikuaren aginduak egokitzat jotzekoak direla dosi egokia ezartzen duenean denbora tarte egokian (beste zenbait irizpideren artean; adibidez, ongi informatua egotea sendagaiak ongi hautatzeko). OMEk ere aipatzen du alderdi hori; zehazki, norbanakoaren beharren araberako dosia hartzea jotzen du sendagaiak zentzuz erabiltzearen adibidetzat.

Inkestari erantzun dioten herritarren %77ri, ordea, beti soberan gelditzen zaie sendagaiaren zati bat tratamendua bukatuta. Halaxe gertatzen zaie, bereziki, 18 eta 24 urte artekoei, Katalunian galdekatu ditugunei, Lanbide Heziketa egin dutenei eta gaixotasun kronikoak dituztenei.

Eta zer egiten dute sendagai hondarrekin? Bada, %63k aitortu dute etxean gordetzen dituztela. Jokabide hori 24 arteko gazteek izaten dute gehien, Euskal Autonomia Erkidegokoek eta unibertsitate ikasketak edo graduondoak egin dituztenek.

Beste %55ek birziklatzeko guneren batera eramaten dituzte. Ohitura hori barneratuagoa dute 45 eta 65 urte arteko herritarrek, Kataluniakoek eta ikasketarik ez dutenek edo derrigorrezko hezkuntzaren ostekoak egin dituztenek. Bestalde, erantzun duten zenbait herritarrek adierazi dute beste norbaiti eman izan dizkiotela.

Etxean

Inkesta egin dugun garaian, herritarren %70ek etxean gordeta zeuzkaten medikuak agindutako beste tratamendu batzuetatik soberan gelditu zaizkien sendagaiak. 568 pertsona horien artean, %85ek minkentzaileak eta hanturen aurkakoak zituzten, %45ek hotzeriaren eta gripearen aurkakoak, eta %35ek antibiotikoak.

Gehienek sukaldean edo bainugelan gordetzen dituzte. Eta %75ek hilean behin edo maizago begiratzen diote sendagai horien iraungitze-datari. Beste %13k, aldiz, sekula ez diote begiratzen.

Joaten gara medikuarengana?

Nork bere kabuz

Nahiz eta pertsona bakoitza, batez beste, 5-7 aldiz joaten den medikutara urtean, automedikazioa erabiltzeko joera ere oso hedatua dago gure gizartean (nahiz eta gero medikutara joan). Espainiako Osasun Sistemak honela definitzen du automedikazioa: sendagaiak, belarrak eta etxean egindako erremedioak nork bere kabuz edo beste norbaitek aholkatuta hartzea, medikuari galdetu gabe.

Inkestak erakutsi du herritarren %72k noizbait hartu izan dutela sendagairen bat beren kabuz, medikutara joan gabe. Jarrera hori ohikoagoa da 44 urtez azpikoetan, zeinak denbora gutxiago izaten baitute lanaren eta ikasketen eraginez. Erkidegoka, Katalunian eta Nafarroan ageri da joerarik handiena, eta unibertsitate ikasketak edo graduondokoak dituztenengan.

Bi arrazoi nagusi eman dituzte hala jokatzeko: lehena, gehienean osasun arazo txikiak iruditzen zaizkiela eta botikara joaten direla aholku eske. Eta bigarrena, osasun arazo horiek lehen ere izan dituztela.

Ildo horretan, OMEk ohartarazten du sendagaiak oker erabiltzearen adibide bat izaten dela erabilera enpirikoa egitea, hau da, lehendik izandako gaitzetan oinarrituta erabiltzea. Mediku batek tratamendu bat gomendatzen duenean, Espainiako Osasun Sistemak oroitarazten du, beste ohar batzuen artean, gaixoari adierazi egin behar zaiola sendagai hori ez duela berriz erabili behar eta ez duela gorde behar, non eta ez dioten berariaz hala agintzen. Izan ere, automedikazioa erabiltzeko modurik ohikoenetakoa izaten da medikuak beste noizbait agindutako sendagaiak berriz hartzea.

Azken aldia

Beren kabuz eta medikuari galdetu gabe sendagaiak hartu izan dituztela onartu duten 760 lagunen artean, %13k adierazi dute ohiko jokabidea dutela hori. Azkeneko aldiz noiz egin duten galdetuta, %40k adierazi dute duela hilabete bat baino gutxiago izan dela, eta gehienek esan dute sendagai mota bakarra hartu zutela.

Nagusiki hiru arazo mota izan zituzten: buruko mina, migrainak edo zefaleak; hotzeriaren eta gripearen sintomak; eta hezur-giharretako minak. Eta gehienek minkentzaileak eta hanturen aurkakoak erabili dituzte horiek sendatzeko, baita hotzeriaren eta gripearen aurkakoak ere lehenbiziko bi kasuetan.

Azkenik, %86k onartu dute etxean zituzten sendagaiak erabili dituztela horretarako, eta %12k bakarrik jo dute botikara sendagai bila. Beste %3ri familiako norbaitek edo lagun edo ezagun batek gomendatu die sendagaia. Azkenik, osasun arazoa medikutara joan gabe sendatu zaiela adierazi dute %93k.

Inkestan parte hartu dutenek medikuari galdetu gabe gehien erabili dituzten sendagaietan hirugarrenak antibiotikoak izan dira. Batez ere, infekzioei, urdaileko min arinei, larruazaleko arazoei eta haginetako minari aurre egiteko. 2009. urtean, Europako Batasunak kanpaina bat egin zuen automedikazioa erabiltzearen aurka eta botiketan sendagaiak errezetarik gabe ematearen aurka. Azken hori, Facua kontsumitzaile elkartearen arabera, ohiko arazoa da Espainian. Eta, adituek diotenez, Europako herrialdeetan Espainiak du erresistentzia-tasarik handienetakoa antibiotikoentzat, eta sendagai horren kontsumoa ere handienetakoa da.

Medikuaren aholkurik gabe

Inkestan egiaztatu dugunez, erantzun duten herritarren %13 medikutara joan gabe saiatzen dira beti osasun arazoak konpontzen, eta %59 batzuetan. Jokabide hori gizonengan ageri da gehien, 44 urtez azpikoetan eta Katalunian bizi direnengan.

Horrela jokatzen dute osasun arazoa arina dela iruditzen zaiolako, konfiantza dutelako ezagutzen dituzten sendagaietan eta tratamenduetan, eta kontsultara joateko zailtasunak dituztelako. Herritarren %28k adierazi dute, aldiz, sekula ez dutela hala jokatzen.

Automedikazioa erabiltzea arriskutsua dela jakinda ere, erantzun duten herritarren %99k adierazi dute sekula ez dutela osasun arazorik izan sendagaiak beren kabuz hartzeagatik. Soilik %12k hartu izan dituzte noizbait sendagai iraungiak deskuiduan, eta %85ek ez dute nahi gabeko ondorioek kalte egiteko beldurrik. Hala ere, ez dira ohartzen arazoak etor daitezkeela sendagaiak gaizki erabiltzeagatik; adibidez, mikrobioen aurkako sendagaiekiko erresistentzia (bakterioek, onddoek, parasitoek eta birusek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen dira), baliabideak alferrik xahutzea, gaixoak konfiantza galtzea, eta beste substantziekin izan daitezkeen erreakzio okerrak eta mendekotasunak.

Gainera, %19k aitortu dute familiakoei edo lagunei inoiz aholkatu izan dizkietela medikuaren errezeta behar duten sendagaiak. 2006. urtean, Espainiako Osasun Ministerioak kanpaina bat jarri zuen abian jendeak inori ez ziezaion gomendatu antibiotikoak hartzeko, ezta medikuak agindu beharreko beste ezein sendagai ere, osasunarentzat arriskutsua delako.

Kontuan hartzekoak

Sendagaiek bizia salba diezagukete, baina zentzuz eta egoki erabili behar dira horretarako. Honako aholku hauek ematen ditu Balear uharteetako Gobernuko Osasun Sailak tratamendu garaian kontuan hartzeko eta automedikazioa erabiltzeari buruz gogoan izateko:

Tratamendu garaian…

Aholkuak:

  • Medikuak agindutako sendagaia hartu eta hark esandako moduan eta garaian egin.
  • Jakin egin behar da zer-nolako gaixotasuna dugun eta zer sendagai hartzen ari garen.
  • Ez ahazteko: egin zerrenda bat hartu beharreko sendagaiekin, eta adierazi bakoitza noiz hartu behar den; eguneko jardueraren batekin lotu hartzeko unea (otorduak, lotarako garaia…).
  • Jarraitu elikadurari eta ariketa fisikoari buruzko aholkuei.
  • Zalantzak izanez gero, galdetu osasun arloko profesional bati.

Gomendioak:

  • Ez utzi tratamendua garaia baino lehen.
  • Dosi bat ahaztuz gero, hurrengoan ez da bikoitza hartu behar.
  • Bidaian irtenez gero, eraman egun guztietarako sendagaiak, gaixotasunaren eta tratamenduaren txostenarekin batera.

Automedikazioa erabiltzea

Sendagaiek ondorio desatseginak izan ditzakete osasunean, eta gerta liteke ez izatea bateragarriak lehendik hartzen ari garen beste sendagai batzuekin. Hori dela eta, garrantzitsua da automedikazioa ez erabiltzea. Sendagai bat geure kabuz hartu aurretik, medikuari edo farmazialariari galdetu behar zaio.

Antibiotikoak zentzuz erabiltzea:

  • Ongi erabiliz gero bakarrik dira baliagarriak.
  • Beti medikuak aginduta hartu behar dira.
  • Dosi egokia hartu behar da, eta agindutako denboran.
  • Sekula ez hartu hotzeria edo gripea izanez gero. Antibiotikoek ez dituzte sendatzen.

Minkentzaileak edo analgesikoak zentzuz erabiltzea:

  • Minari, sukarrari edo hotzeriaren sintomei aurre egiteko, lehendik hartu ditugunak erabil ditzakegu. Egun gutxi batzuen buruan hobera egin ezean, medikuari edo farmazialariari galdetu behar zaio.
  • Maiz hartzeko beharra izanez gero, galdetu medikuari edo farmazialariari.

Medikuaren edo farmazialariarekin hitz egin…

  • Zailtasunak baldin baditugu sendagaiak hartzeko edo emateko garaian.
  • Sendagaiak ez badu osasuna hobetzen.
  • Sendagaia eragozpenak edo eragin kaltegarriak sortzen ari dela sumatzen bada.

Ez gara medikua

  • Ez gomendatu sendagairik familiakoei eta lagunei.
  • Ez egin jaramonik osasun langileak ez direnen aholkuei.