Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Bainu-lekuetako segurtasuna : Sekula ez da aski

Estatu espainiarrean urtero-urtero ehun bat haur baino gehiago hiltzen omen dira, hondartza, igerileku, erreka eta urtegietan itota.

Ziztadak, hozkadak...

Marmoka.

Gure azalarekin marmoka ukitzeak, berebiziko hazkura eragingo diguten edema edo hanpadura handiak eragiten dizkigu. Ondoren, more koloreko besikula txikiak osatuko dira, egiaz mingarriak. Igurtzi edo ziztada horiek erraz asko infektatzen direnez, behar bezalako arretaz zaindu behar izaten dira: eragindako atala amoniakoz edo alkoholez ikuzi ondoren, analgesiko batek baretuko du mina eta ukendu antihistaminikoak hazkura eta hanpadura jaitsiko ditu. Alergi agerpena larritu egiten bada, berehala sendagilearengana jotzea da bidezkoena.

Itsas trikuak.

Gure itsasertzekoak ez dira oso pozoitsuak. Itsas trikuak eragiten duen lesioaren eragozpen nagusia, arantza-muturren hauskortasunaren ondorio da: gure azalean sartuz gero hautsi egiten dira eta, bertan txertaturik geratu. Horrelako triku batek eraginiko lesioa baduzu, ez dugu oina lurrean ipini behar, arantza zati txikiagotan ez hausteko (dagoeneko puskatu ez bada), mingarriago gerta ez dakigun. Atala desinfektatu ondoren, arantzak mutur zorrotzeko pintzekin erauziko ditugu; bestela, eragindako larruazalean infekzioa eragin lezake eta. Hori gertatu bada, egokiena sendagilearengana jotzea da, zauria behar bezala zain dezan eta, bidezkoa bada, antibiotikoak eman diezazkigun.

Xabiroiak.

Hainbat motatakoak daude gure itsas bazterretan, baina gehientsuenak txikiak dira. Horien arriskua denok ezagutzen dugu: hondarra zapaltzen duen bainu-hartzaileari zizta egiten dio, konturatu ordurako. Xabiroiaren pozoiak nerbio sistemari erasotzen dio eta eragindako gunean sekulako mina eragiteaz gainera, ziztatu duen atal (beso edo hanka) osoan barrena hedatzen den hanpadura handia erakutsiko du hainbat egunetan. Minik handiena, ziztada egin denetik ordubetera edo ordu eta erdira hasten da sentitzen. Baliteke ziztaturik gertatu den gunea nekrosatzea (azala hiltzea) eta germenen bidez zoltzea ere.

Xabiroiaren pozoia termolabila da, hau da, beroa aplikatuz desegin egiten da. Horrenbestez, tratamendurik egokiena, eragindako atala ur bero-berotan ordubetez edo ordu eta erdiz murgiltzea izaten da. Horrez gainera, mina kentzeko analgesikoak, hazkura baretzeko antihistaminikoak eta hanpadura jaisteko kortikoideak hartzea dira.

Anfibioak: arrabioak eta apoak.

Arrabio arrunta eta hainbat apo-barietate (apo berdea, apo arrunta, San Antonio igela, etab), ohikoak ditugu hemen. Narrasti horiei larrutik substantzia toxiko eta biziki narritatzailea darienez, horietako bat ukitu ondoren eskuak garbitu behar ditugu. Larruazala edo mukosak ukitzean, horien zoldura eta hanpadura gertatzen da edo, bestela, konjuntibitisa, begiko konjuntiba eragin baldin badu. Halabeharrez substantzia hori irensten badugu, agertzen den koadroaren ezaugarriak hauek dira: goragalea, sabeleko mina eta, kasu larrietan, hipotentsioa, bradikardia eta sindrome konfusionala.

Sintomak baretzeko aplikatu beharreko tratamendua erraza da: ukitutako gunea ur ugarirekin garbitzea. Pozoi horrek badu antidotorik ere, hala nola atripona.

Uretako arazoak

Digestio-etena.

Pertsonaren gorputzeko eta itsaso, ibai edo igerilekuetako uren tenperatura hotzen arteko alde termikoak eraginiko shock mota bat da. Bainua hartu baino lehentxeago ariketa gogorrak egitea, izerdi patsetan aritzea edo eguzkitan etzatea dira, noski, digestio-etenduraren arriskua biderkatzen duten faktoreak. Digestioa gertatzen ari den bitartean, ordea, prozesua are eta larriago bihurtzen da, odol asko baitabil une horietan urdail eta hesteen inguruetan, bestelako organoen odol-fluxuaren kaltetan. Etendura hori ez gertatzeko, beraz, janarien ondoko ordubete edo ordu pare bat baino lehenago ez hartu bainua, sartu uretan pixkanaka, organismoa tenperatura berrira egokitzeko eta, bainatu aurretik, ez hartu edari hotz-hotzik eta ez egin ariketa gogorregirik.

Ura irenstea.

Itsasoan, ibaian edo igerilekuan norbaitek ur asko irensten duenean, lagundu nahi baldin badiogu, ahuspez etzan ondoren, bizkarrean kolpetxo batzuk emango dizkiogu. Eztulka egin edo goragalea sentitzen badu, okada probokatzea komeni izaten da, irentsitako likido guztia atera dezan. Eragindakoak erreakziorik egiten ez badu, eraman dezagun lehenbailehen soroslekura.

Karranpak.

Igerilariaren benetako arrisku gorria, espasmo mingarriak eragindako muskulua kontrolik gabe uzten dionez, ur azalean mantentzea nekezago gertatzen zaiolako. Aurreneko sintoma sentitzean lehorrera jo behar dugu, muskulua bortxatu gabe eta eragindako atalean beste hanka edo eskuarekin presioa eraginez, espasmoa galarazten ahaleginduz.

Karranpak arintzeko moduetako bat da muskulua aurrerantz luzatzea, igerilaria hildakoarena eginez ur azalean gelditzea, eraginiko besoa edo hanka bere bururantz eramanez.

Karranpak maiz nozitzen dituenari, gatza eta magnesioa sarri hartzea aholkatzen zaio.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak