Aisialdi-parkeak: garrantzitsuenetako hamabi aztertu ditugu

Segurtasuna, oraindik ere, hobetu egin daiteke: hirutik batek ez du proba-atal hau gainditu

Erabiltzailearentzako zerbitzuak eta mantenua, bikain; aisialdi-eskaintza, berriz, ona
1 uztaila de 2006
Img temap 257

Segurtasuna, oraindik ere, hobetu egin daiteke: hirutik batek ez du proba-atal hau gainditu

Iazkoan ia 32 milioi pertsonak bisitatu zuten Espainian dauden 144 aisialdi-parkeetakoren bat (tematikoak, ur-parkeak, jolas-parkeak, zoologikoak eta akuarioak), hots, aurreko urtean baino %6 gehiago. Sektore honetako hazkuntzaren finkapenaren protagonista izan diren parke tematikoek joan den mendearen erdialdean sekulako arrakasta izan zuten Amerikako Estatu Batuetan baina Espainiara ez ziren iritsi bederatzigarren hamarkadara arte, Port Aventura inauguratu zenean. Ur-parkeak eta jolas parkeak, berriz, duela hogeita hamar urte baino gehiago ditugu martxan, orain parke tematikoen arrakastaz zipriztinduak. Espainiako aisialdi-parkeak, batera, 2005 urtean %6 hazi ziren (fakturazioaz ari gara): hori, aurreko urteetan nozituriko atzerakada jarraituaren ondoren, suspertze txiki bat izan zen.

Iazkoan ia 32 milioi pertsonak bisitatu zuten Espainian dauden 144 aisialdi-parkeetakoren bat

Kontsumitzailearen ikuspegitik, ostera, parke hauen gaineko galdera egokien edo bidezkoenek ez dute ia zerikusirik beren jarduera ekonomikoarekin; aitzitik, ordea, kontserbazio egoerari, jolas eta ikuskizunen eskaintzari dagozkie, adierazpenek horietakoren batean egun bakarra emateko sarrera kostatzen den 35etik gorako prezioa zuritzen dute eta, garrantzi handienekoa, aisi eta jolas-eguna saihestu moduko istripu baten eszenatoki bihurtuko ez dela bermatzeko bezainbesteko segurtasuna eskaintzen duteneko kezka agertzen dute.

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, erabiltzaile arrunt gisa, joan den maiatzeko hainbat asteburutan bisitatu dituzte lau parte tematiko (Port Aventura Saloun, Terra Mítica Benidormen, Isla Mágica Sevillan eta Warner Bros Park Madrilen), lau jolas-parke (Madril eta Zaragozakoak, Tibidabo Bartzelonan, Tívoli Benalmádenan) eta lau ur-parke: Mijas, Benidorm, La Pineda eta Torremolinoskoak. Horietako bakoitzean ehun aldaki baino ehiago aztertu dira, zein bere esparru-motari zegozkionak, honelako ezaugarrietako instalazioetako segurtasun-alorreko adituekin elkarlanean jardunez. Beste aldetik, hamabi parkeetako kudeatzaileei igorri zitzaien galdetegian, kasuan kasuko parkearen datu mordoxka bat eskatu zitzaien.

Batetik bestera, dezenteko aldeak

Hamabiek dituzte nabarmentzekoak zerbitzuak eta mantenua (parkearen eta bertako jolasen garbitasuna eta kontserbazioa, komun eta aldageletako higienea, erabiltzaile ezindu edo ezgaituentzako egokipenak, osasun artapena, ostalaritza, banka zerbitzuak, etab.), aisialdi alorreko aukera zabala eskaintzen dute eta ondo antolatuak daude (jolas eta ikuskizunak, txarteldegiak, gida-planoak, informaziodun orritxoak, etab.). Baina segurtasun alorretik alde handiak hautematen dira: hamabietatik lau parkek ez dute proba hau gainditu (Isla Mágica eta Zaragoza, Benalmadenako Tívoli eta Tibidaboko jolas parkeak); beste muturrean, bost parkek “oso ongi” kalifikazio globala eskuratu dute: Warner Bros Park, Port Aventura, Terra Mítica eta Torremolinos eta Mijaseko ur-parkeak.

Froga gainditu gabe uzteko arrazoi nagusiak izan dira parkearen erabiltzaileentzat arriskutsuak gerta daitezkeen tokiak izatea (hesirik gabeko obra-lanak, igerilekuetarako sarrera arriskutsuak) eta jolasetan dautzan arriskuak (jolasera doan jendea kontrolatzen ez duten monitoreak, erabiltzailea ongi finkatzen ez duten segurtasun-sarrailak, harrotuta dauden printza eta ezpalak, burdinazko ertzak dauzkaten esku-barandak, erori eta ezbeharra gertaraz dezaketen objektu egongaitzak…).

Segurtasunean froga gainditu ez duten lau horietatik hiru askozaz ere zaharragoak dira (Tibidado 1899an inauguratu zuten, Zaragozako jolas-parkea 1974 urtean eta Benalmadenako Tivoli, 1972an) kalifikazio onak eraman dituztenak baino: hauek hogei urte baino gutxiago dituzte eta, horietako batzuek, hamar urte baino ere gutxiago. Bestetik, segurtasun alorrean suspenditu duten lauetatik hiru jolas-parke klasikoak dira, parke-tematikoak edo ur-parkeak baino seguruagotzat jo litezkeenak, teknikoki konplexuagoak diren eta, ikusi batera, arriskutsuagoak diren jolasak dauzkatenak.

Segurtasun graduaz

Segurtasun alorreko aditu zenbaitek eskainitako aholkularitza eta finkaturiko parametroetan oin harturik, CONSUMER EROSKI-k parke horien segurtasuna aztertu nahi izan duelarik, aspektu honekin loturiko 30 aldaki baino gehiago jorratu ditu. Jolas-aparatuen ingeniaritzaren konplexutasunagatik eta horien baitara sartzeko gainditu beharreko zailtasun eskergak direla bide, ez da aztertu aparatu horien berezko segurtasuna, jolas-tramankuluaren egitura edo mantenu aldetiko akatsen ondorioz ikusi batera hautematen ez diren ezbeharrak gertatzeko probabilitate-gradua. Zehaztapen handiz egin da azterlan zorrotz hau. Hainbat akats edo gabezia (jolas batean, monitoreak jendearen sarrera kontuan ez hartzea edo erabiltzailea instalazioari finkatzen dion segurtasun-sarrailak ez begiratzea, adibidez) aski izan dira parkeren bati kalifikazio txarra emateko edo, areago, segurtasun proba gainditu gabe uzteko.

/imgs/20060701/img.tema-portada.02.jpg

Parke batzuk eta besteen arteko aldean begi-bistakoak dira: zortzik kalifikazio ona eraman dute eta beste laurek segurtasun-froga suspenditu dute.

WARNER BROS PARK

Oso ongi segurtasunean.

Superman jolaseko sarrailek arazoak sorrarazi baina berehala eman zieten konponbidea.


PORT AVENTURA

Oso ongi segurtasunean.

Anomalia arina gertatu zen arren, ongi konpondu zen: Lumadun Suge izeneko aparatuan igo aurretik, akats teknikoa gertatu zen; jolasa hamar minutuz geldirik egon zen, abiatu gabe. Ez zen hauteman erabiltzaileentzat arriskurik.


TERRA MÍTICA

Oso ongi segurtasunean.

Zutabetxo bat hautsita zegoen gaizki mugaturiko zona batean, arrisku arin bat baizik ez: erabiltzaileren bati zauririk eragitekoa.


ISLA MÁGICA

Gaizki segurtasunean.

Lehen egunean ez zen segurtasun-zaintzaile uniformedunik ikusi; beste egun batean, horrelako bat soilik. Informazio bulegoan aitortu zutenez, parke osoan hiru zaintzaile baizik ez zegoen. Jateko tokietan jende-ilarak, azken ikuskizuna ikusteko bezala, eta horrelako egoerei irtenbidea eman zekiokeen zaintza-langilerik ez.

Toki arriskudunak:

  • Haurrak iturri batean jolasean, zaintzailek hori galarazi gabe. Oinutsik bainatzen ari zirenez, kutsatuak gertatzeko eta, labainduz gero, erortzeko arriskua zuten.
  • Piraten Babestokian, haur batzuk hainbat metrotako altueran zebiltzan, horrela ibiltzearren inortxok ere ezer esaten ez zielarik.
  • Arrainak dituen erreka batean hesirik gabeko zona bat dago: tokia oso-oso labainkorra da; haur bat metro bateko altueratik eror liteke ertz biziko harrien gainera.

Jolas arriskudunak:

  • Potosiko Trena artapen-egoera eskasean, hainbat eserleku hautsita.
  • Gotorlekuaren kontserbazio egoera, eskasa: mahai-aulkiak egoera txarrean, pertsonaren kargarekin hauts daitezkeenak.
  • Jainkoen Furia gelditu zen, matxuratuta: sei pertsonak hogei minutu bueltaka pasatu zituzten, bertako enplegatuak etorri arte.
  • Al Abordaje jolasean ez zegoen monitorerik, seme-alaben zaintza gurasoen kontua zen.

MADRILGO JOLAS-PARKEA

Ongi – oso ongi segurtasunean.

Su-itzalgailu gutxi, ur-hartuneak ez daude begi-bistan eta irteera adierazten duten kartelak ez dira luminiszenteak.


TIBIDABO JOLAS-PARKEA

Erdipurdi segurtasunean.

Jolas arriskudunak:

  • Chu Chu trena, erabilera-araurik gabe.
  • Castell Misterios: erabiltzeko arau-kartela, ezkutatua.
  • Crash Cars: ilaran anabasa; erabiltzaileek, nahasirik, ez zekiten binaka sar ote zitezkeen, gehieneko edukiera izango ote zen, jendea bultzaka zebilenez, haurrak estropezu egiteko arriskua zegoen.
  • Monitoreek segurtasun-sarrailak Talaia eta Diábolo jolasetan bakarrik kontrolatzen zituzten.

ZARAGOZAKO JOLAS-PARKEA

Gaizki segurtasunean

Jolas arriskudunak:

  • Etxe Magnetikoa: lur labainkorra. Bezperan euria egin zuen eta, labaintzearen kontrako produkturik eduki ezean, lerratu eta lurrera erortzeko arriskua zegoen.
  • Ispiluak: zaintzailea berandu iritsi zenez, pertsona bakar batek zaintzen zituen Etxe Magnetikoa, Ispiluak eta Labirintoa.
  • Escalextric jolasa itxita zegoen arren, haur batzuk instalazioan sartu ziren. Beste jolas-aparatu bateko kontrolatzaileak teknikariari deitu zion; honek, dena ongi zegoela egiaztatu ondoren, martxan jarri zuen jolasa.

Toki arriskutsuak:

  • Bota-Bota Gaztelu jolasean, ohantzeek ez zeukaten zona elastikotik irtetea galarazteko sarerik eta lurra lauzazkoa zen, gogor-gogorra eta ez egokia, beraz.
  • Ikaratzeko Kobazuloan baziren larrialdiko argiak baina ez zuten irteera adierazten.
  • Ontziralekuan zaintzarik ez zegoenez, erabiltzaile batek txalupatik belazera egin zuen jauzi, lehendabizi, eta belazetik ostera txalupara, ondoren, segurtasun arauak urratuz.

TÍVOLI JOLAS-PARKEA

Gaizki segurtasunean.

Hainbat jolasetan egurra endekatua zegoen (ezpal eta printzak sartzeko aukera): Swan Chairoplane, Coble Carrusel, Helduentzako Errota, Lafayette, Swing Boats, Saxonia Tren, Ballon Carrusel (haurrentzakoa).

Jolas arriskudunak:

  • Bi, obrengatik itxita: Piratak eta Tívoli Oihana; 60 metroko erorketa askearen alboan obra-lanen arrastoak ikusi ziren.
  • Tívoli Aqua: itxarote-ilarako burdinazko baranda baten ertzek ebakiak eragin zitzakeen; antolamendu eskasa, parkeko langilerik ez; umeak sartu gabe sartzen ziren jolasetan, bultzaka zebiltzan, txikienen arriskua areagotuz.
  • Talka-autoak: segurtasun uhalak falta ziren; kuxin babesleak urratu eta zaharturik daude.
  • Errusiar Mendia: kuxin urratuak, herdoila, makineria kirrinka zebilen.
  • Jurasikoa: pasabideetan ur-putzuak.

MIJASEKO UR-PARKEA

Oso ongi segurtasunean.

Hala ere, hainbat jolasetarako sarbideetako lurra bustirik eta bizkiki labaingarri zegoen. “Kamikaze” jolasean sartzeko lehen eskailera-tartean altuera txikiko esku-baranda zegoen.


TORREMOLINOSEKO UR-PARKEA

Oso ongi segurtasunean.

Inongo jolasetan ez zen hauteman inolako arrisku edo elementu arriskutsurik.


BENIDORMEKO UR-PARKEA

Ongi segurtasunean.

Igerilekurako sarbidean, oina sartu eta erortzeko arriskua zegoen.


PINEDAKO UR-PARKEA

Ongi segurtasunean.

Urez beteriko bide-tartetxo batean, labaintzeko arriskua. Ur-hartunea oso-oso egoera txarrean.

Aisialdi-parkea, jolas garestia ote?

Parke tematiko baterako bisita ez da merkea. Sarrerak duen prezio biziari, zenbaitetan, ia ekidin ezinezko ostalaritza-zerbitzuen kostua gehitzen zaie, parke asko eta askotan kanpotik jan-edariak ekartzea debekatua baitago.

Laguneko, 15 – 37 euro, parkearen eta erabiltzailearen adinaren arabera (haurra ala heldua)

Zenbat kostatzen da sarrera? Laguneko, 15 – 37 euro, parkearen eta erabiltzailearen adinaren arabera (haurra ala heldua). Lau tematikoak garestiagoak dira (32 euro, batez beste) jolas-parkeak eta ur-parkeak baino (19,5 euro, batenaz beste). Ba ote dago deskonturik? Bai: haur, ezindu, zahar, familia eta gainerakoentzat. Parke horietako batzuetan tematikoetan, bereziki bi egun jarraitutan bisitatzeko sarrerak hartuz gero, bigarren eguneko tarifa jaisten da.

Zenbat kostatzen da edari freskagarri bat? 2,2 euro batez beste, baina badira alde latzak, batetik bestera. Zaragozakoan, 1,5 euro kostatu zen baina Port Aventuran ia horren bikoa: 2,8 euro.

Zenbat kostatzen da tortilla ogitarteko bat? Batez beste 3,5 euro baina, berriro ere, alde handiak hauteman ziren. Torremolinos, Mijas eta Warner Bros parkeetan 4 euro kostatu zen baina Zaragozako Jolas-Parkean 2,6 euro baizik ez. Dena den, jatetxe gehienetan kalitatea eta prezioaren arteko erlazioa hagitz eskasa izan zen.

Beste gastu bat: hamabi parkeetatik bostek ordaindu beharreko aparkalekua dute: egunean 6 euro kostatzen da parkinga Port Aventuran, 5 euro Warner Bros, Tibidabo eta Terra Mítican eta 4 euro Isla Mágican.

Mantenua eta zerbitzuak

Kapitulu honetan eraman dute parkeek baloraziorik hoberena. Osoko puntuazioan “bikain” lortu duelarik, Warner Bros parke tematikoa nabarmentzen da denen gainetik baina Port Aventurak, Isla Mágicak, Terra Míticak, Madrilgo Jolas Parkea keta La Pineda ur parkeak ere, “oso ongi” kalifikazioa irabazi dute. Benidormeko ur parkea “ongi” agertu da, bisitatu diren aldageletako batzuetan zeuden usain txarrengatik eta egonaldia erraztuko luketen hainbat zerbitzu ez edukitzearren (sarrerak erreserbatzeko edo ume kotxeak alokatzeko aukerak, adibidez). Zaragozako jolas parkea eta Torremolinoseko Aquapark ere kalifikazio horrekin agertzen dira: komunetako zenbaitetako garbitasunean akats larriak hauteman ziren (Zaragozakoan komun zenbait buxatuak zeuden eta hainbat ispilu zikinduta; Torremolinosekoan igerileku batzuetan ez zegoen dutxarik). Tibidabo eta Tívoli jolas parkeen, beren aldetik, “onargarri” baizik ez dute eraman: lehenak ez du banka-zerbitzurik (ez kutxazain automatikoak, ezta dibisa trukea ere) eta bigarrenak konsigna zerbitzurik ez daukalako.

/imgs/20060701/img.tema-portada.04.jpg

Hobetzeko alderdiez ari garela, aipa ditzagun Zaragozako jolas parkeko eta Mijaseko ur parkeko bisitaria artatzeko bulegoak. Parking zerbitzuari dagokionez, hiru parkek baizik ez dute “oso ongi” kalifikazioa eskuratu (Madrilgoak, Zaragozakoak eta Tívolik) beren antolamendu onagatik eta, gainera, doanekoak direlako. Gainerako parkeetan zerbait ordaindu behar izaten da (4 – 6 euro eguneko) eta instalazio zenbaitetan ibilgailuak aparkatzen lagun zezakeen pertsonalik ez zegoen (aquapark guztietan horrela gertatu zen).

Aldez edo moldezko ezintasun edo ezgaitasunik nozitzen duten pertsonentzat parkea egokitze horretan hobekuntza atzeman da, aldizkari honek 2001 urtean eginiko azterketaren aldean: hamabi parkeetako bostek (Warner, Port Aventura, Isla Mágica, Terra Mítica eta Madrilgo Jolas Parkea) “oso ongi” kalifikazioa eraman baitute, gainerakoek “ongi” merezi izan dutelarik. Funtsezko atal honetako hutsune behinenak hainbat parketan dauden oztopo arkitektonikoak dira, gurpildun aulkien zerbitzurik ez izatearekin batera.

Ostalaritza ere, parkeek gainditu beharreko gaietako bat da, dudarik gabe: gehien-gehientsuenetan zerbitzua erregularra delarik, eskaintzen den gauza bakarra fast food da (orekarekin zerikusirik ez duen elikabidea, alegia). Bisitarien elikadura alorreko premiak ez betetzeaz gainera, establezimendu horietako prezioak ikaragarriak dira, gainera. Hona aztertu den beste alderdietako bat: bisitariari emaniko tratamendua; kasu gehien-gehienetan atsegina baldin bada ere, Tibidaboko parkeak azken kalifikazioa “gaizki” eraman zuen, CONSUMER EROSKI-ko teknikariari emaniko tratamendu eskasagatik eta aspirina sloil bat ere ez edukitzearren. Mijaseko ur parkean ere, beste horrenbeste gertatu zen.

Banka-zerbitzuen (kutxazain automatikoak eta dibisen trukea) eskaintzan ere bada zer hobeturik: hamabi parkeetatik lautan (Mijas, Torremolinos eta La Pineda ur parkeetan eta Tibidabokoan) horrelako prestazioak urri gertatzen dira; beste muturrean, Port Aventura eta Benidormeko Aqualand parkea oso-oso positiboki baloratuak izan dira.

Ekipajeak edo objektu pertsonalak gordetzeko kontsignak ohiko elementu preziatuak dira denetan. Malagako Tívolik, ordea ez du horrelakorik. Parkeko egonaldia errazten duten beste hainbat zerbitzu (erosketak jasotzea, argazkien errebelatua, telefono publikoak, txartelen erreserba ilaran ez egoteko, gidaturiko bisitak, etc.) geroz eta hedatuago dauden arren, parke guztietako lauk (Mijas, Torremolinos, Tívoli eta Benidorm) erdipurdiko kalifikazioa eraman dute, aurretiazko txartel-salmentarik, gidaturiko bisitarik, erosketak jasotzeko zerbitzurik edo haur-kotxeak alokatzeko zerbitzurik eskaintzen ez dutelako. Honelako zerbitzuez ari garela, Warner eta Port Aventura parkeek duten eskaintza zoragarria da.

Mantenu eta garbitasun alorretan nota ona jaso dute parkeek baina hainbat akats eta hutsune hauteman dira Tívoli, Mijas, Zaragozako eta Madrilgo jolas parkeetan eta Isla Mágican: horma eta paperontzietan grafittiak, ispiluak marratuta, zoruak egoera txarrean edota jolas batzuen endekapen nabarmena. Aldagela eta komunetako garbitasuna, aldiz, ona da, orokorki, Zaragozako parkean hobetzeko moduan badago ere. Igerilekuetan ere garbitasuna nabarmena da, Mijaseko ur parkeko igerileku batean teknikariek topatu zuten hondoa, lurrez zikindurik, salbuespena izaki; beste salbuespen bat, Torremolinosko igerileku zenbaitetarako sarbideetan hautemaniko orbela. Denek daukate dutxa egoera onean, Torremolinosko ur parkeak izan ezik: bisitatu ditugun igerileku guztietatik bakar batean ez dago dutxarik.

Aquaparketara eginiko bisitetan pedilubioen eskasia atzeman da, horietako gehienetan. Ur-esparruetan pedilubio edo oin-garbilekuak funtsezkoak dira: uretan sartu aurretik izerdi, lur edo eguzki-kremen hondarrak bertan utz daitezke, balizko kutsadurarik gerta ez dadin.

Aisialdi eskaintza eta antolamendua

Aisialdi eskaintzari dagokiola, Port Aventurak irabazitako “bikain” kalifikazioa nabarmentzen da, bertako jolas eta ikuskizunen eskaintza ugari eta anitzagatik; ondotik Madrilgo jolas parkea eta Warner Bros Park datozkio eta ur-parke guztiak (ur-parkeei ezarritako aisialdi-eskakizunak parke tematikoei eta ikuskizunei ezartzen zaizkienak baino arinagoak direnez, kalifikazio ona eraman dute lehenek). Isla Mágica, Zaragoza eta Tibidaboko parkeen jolas eta ikuskizunen eskaintzan “onargarri” erdipurdikoa aski dute.

Erabiltzailek eskuratzeko txarteldegien kopuruari goazkiola, Tibidabo eta Tívolik eraman dute balorazio hoberena, hedadura eta bisitarien kopuruaren arabera, beste ezeinek baino txarteldegi gehiago dituztelako. Parkeek arretaz zaintzen dituzten alderdietako bi, ordena eta seinaleztapena dira. Gehienek nota onarekin gainditu du proba hori, Torremolinosko ur parkeak izan ezik (bisitatu zen unean ez zeukan parkeari buruzko inolako orritxo edo gida-libururik). Tivoli jolas-parkeak “onartzeko moduko” erdipurdikoa bakarrik lortu du: bisitariak orientazioa gal dezake, adierazitako ibilbiderik edo ongi zehazturiko arearik ez baitu.

Parkeetako langileen kolaborazio-gradua ezagutu eta egiaztatzeko asmoz CONSUMER EROSKI-ko teknikariek parkeetako pertsonalari egin zizkieten kontsulten (jolasen kokapena eta ikuskizunen ordutegiari buruzkoak) emaitza biziki positiboa izan zen arren, salbuespenik agertu zen (Tibidabo eta Zaragoza), emaniko arreta eta erantzunak zehatz-zehatzak izan ez zirelako.

Jolas eta ikuskizunen antolamenduari dagokionez, berriz, bisitatu diren parkeen erdiek “erdipurdi” kaskarra baino ez dute merezi izan. Ilaren antolamendua eta bertan jendeak eman beharko zuen denboraren iragarpena eskasa izan zen Tivoli eta Madrilgo jolas parkeetan eta lau ur-parkeetan. Zaragoza eta Tibidaboko jolas parkeak eta Warner Bros parke tematikoa “onargarri” baino ez ziren agertu, bidezkoa zen jolas denetan itxaron beharreko denbora iragarkietan ez jakinaraztearren.

Horiez gainera, azterturiko parke gehienek ez daukate, jolasean sartu aurretik, ekipajea edo objektu pertsonalak gordetzeko kontsigna-zerbitzurik; horren erruz, jendeak bere gauzak elkar gainka pilaturik utzi behar izaten ditu, inolako zaintzarik gabe.

Segurtasun neurriak, errespetatzekoak

  • Errespeta itzazu mugapenak (adin, estatura eta egoera fisikoari dagozkionak) eta erabiltzeko arauak. Jolas batzuetarako sarrera debekatua dute helduek edo estatura jakin batera iristen ez diren haurrek, emakume haurdunek eta bihotz-arazoak nozitzen dituzten pertsonek. Jolas horiek abiadura bizian doaz, bat-batean bihurgune eta astinketa latzak gertatzen dira. Zeuek edo seme-alabak bertara igotzea galaraz dezakeen motiborik ezagun baduzu, ez igo bertan.
  • Begira itzazu jolasetako eserlekuen segurtasun-barrak eta uhalak. /imgs/20060701/img.tema-portada.03.jpg
  • Eduki eskuak eta oinak beti-beti auto barruan, jolasa martxan dabilela ez ahalegindu instalazioaren egiturari edo beste zeinahi elementuri heltzen. Ez zutitu, horretarako berariaz diseinatuak ez dauden jolasetan.
  • Ez eraman eror daitezkeen objektuak (eguzki-betaurrekoak, kapeluak, bitxiak…). Jolasen batean objekturik erortzen edo galtzen bazaizu, ez ahalegindu zeure kabuz berreskuratzen, are gutxiago jolasa martxan dabilela. Eskatu laguntza parkeko langileei.
  • Hautematen duzun anomalia jakinaraz iezaiezu parkeko arduradunei.
  • Bete itzazu parkeko langileen adierazpen eta ohartarazpenak. Jolasa geratzean, egon zaitez eserita, erabat gelditu arte. Erabil itzazu emango zaizkizun segurtasun-elementu guztiak: arnesak, flotagailuak, etc. Begira berezi-bereziki haurrenak.

Aisialdi-parkera bisita hobezina

  • Antolatu bisitaldia behar bezain aurretiaz: parke handietan lehen egunean galtzea ohiko kontua da. Eskura itzazu ordutegien, instalazioen, ikuskizunen eta zeritzuen berri ematen duten plano eta orritxoak. Are eta hobe: sartu parke horren web orrian bertaratu aurretik eta antolatu bisitaldia zehatz-mehatz.
  • Begira zure intereseko ikuskizun eta jolasen ordutegiak eta, horren arabera, planifika ezazu parkeko jardunaldia. Ikuskizunetara joatea interesatzen ez bazaizu, horiek irauten duten bitartean zoaz jolas eskatuenetara, orduantxe jende-ilarak laburragoak izango baitira.
  • Ez saiatu den-dena egun bakarrean ikusten: parke askotan beharrezkoak dira bi egun, gutxienez, ondo gozatzeko. Hauta itzazu ikuskizun eta jolas erakargarrienak eta probestu horietaz.
  • Hartu txartela aurretiaz (begira itzazu eskaintzak) Internet bidez edo eskualdeko bidai agentzia zein hoteletan: sarreran ez duzu itxaronaldi luzeak nozituko. Eduki bisitaldi osoan sarrera-txartela. Eros itzazu hauek saltoki ofizialetan.
  • Parkeko establezimenduetan bazkaldu behar baduzu, saia zaitez punta-puntako orduez kanpora egiten. Gogoan izan parke askotan kanpotik jan-edariak ekartzea debekatua dagoela.
  • Ilaran egotea gustukoa ez baduzu, ez joan parkera jai-zubi eta horrelakoetan. Hobe duzu asteburuan baino astegunean (astelehenetik ostiralera) bisitatzea. Jende-ilara handiko jolas eta ikuskizunak, hobe da lehen edo azken orduetan bisitatzea.
  • Aukera ezazu oinez egin eta zutik luze egoteko arropa eta oinetako eroso, egokiak. Hobe, berehala lehortzen direnak; eraman aldatzeko arroparik (zeure autoan edo parkeko kontsignan utzi ahal izango duzu). Eraman txanoa, ura erresistitzen duen eguzki-krema babesgarria, eguzki-betaurrekoak, argazki edo bideo kamera, etc.
  • Edan likidoa ugari, ez deshidratatzeko eta ez egon luze eguzkitan.

Hamabi aisialdi-parke, banan-banan

ZARAGOZAKO JOLAS-PARKEA

1974an inauguratua.

Ezaguna, hiriko berdegunean dagoelako, Veneziako Pinudiak eta Parke handien artean.

Haurrentzat bereziki egokia (jolas gehientsuenak horientzakoak dira eta).

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 15,5 euro; haurrak 9,95 euro.

Hoberena: doako parking zerbitzua. Atseden hartu eta jateko natur guneak. Girotze egokia.

Okerrena: aisialdi-eskaintza (37 jolas baizik ez eta ikuskizunik ez). Ez dago egonaldi atsegin eta erosoa egiteko bezainbeste zerbitzu, hala nola gidaturiko bisitak, argazkien errebelatua, haur-kotxeen alokairua, erosketa-jasotze zerbitzua, animalien zaintza, etc.


MADRILGO JOLAS-PARKEA

1969an Inauguratua.

Jolas-parkerik aspaldikoenetako bat izaki, betiko jolasak eta eskuratu berriak amildegidun errusiar mendia eta lantzadera, adibidez tartekatzen dituena.

Txikienentzat egokia, haurrentzako berariazko zona baitauka, bertan Mini Trena, Mini Flume Ride eta beste hainbat jolas daudela.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 24,4 euro; haurrak 13,9 euro.

Hoberena: parking zerbitzua doan, egonaldia errazten duten zerbitzu-aukera polita (haur-kotxeen alokairua, kutxazain automatikoak, atseden hartzeko eta zerbait jateko guneak, haurrak edoskitzeko aretoa.). Adin guztietako jendearentzako ikuskizunak.

Okerrena: itxaronaldiei buruzko informazioa, eskas. Jende-ilarei saihets egiteko sarrera edo txartel berezirik erreserbatzea ezinezkoa da, ez dauka animalien zaintza-zerbitzua.


TIBIDABO JOLAS-PARKEA (BARTZELONA)

1899an inauguratua.

Hegazkina du jolas ezagunena: bertatik hiri osoaren panoramika ikusten da. Familia osoarentzat egokia, txikienentzat bereziki (hainbat jolas daude beraientzat berariaz).

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 22 euro; haurrak 9 euro.

Hoberena: hiri osoko panoramikak ikusteko aukera. Txarteldegi ugari. Kalitate on-oneko ikuskizunak, bai helduentzat, bai haurrentzat ere.

Okerrena: parking zerbitzua (5 euro egunean), aisialdi-eskaintzaren urria (27 jolas eta 5 ikuskizun baizik ez), itxaronaldiei buruzko informazio eskasa, segurtasun-pertsonal gutxiegi.


TÍVOLI JOLAS-PARKEA (BENALMÁDENA, MÁLAGA)

1972an inauguratua.

Tívoli Dragón jolas behinena du ezagunena Eguzki Kostako parke honek. Adin guztietako pertsonentzat egokia.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 16 euro; haurrak 6 euro.

Hoberena: doako parkinga. Txarteldegi asko. Galdutako haurrak edo objektu pertsonalak iragartzeko zerbitzu ona.

Okerrena: ezinduak iristeko gabeziak, zaharkitzearen seinale nabarmenak, jolas batzuen kontserbazio egoera txarra.


TERRA MÍTICA PARKE TEMATIKOA (BENIDORM, ALACANT)

2000n inauguratua.

Tizona izar eta Syncope izeneko jolasak, ezaugarri. Muturreko egokierak bizi eta adrenalina deskargatzeko asmoz doanarentzat egokia. Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 33 euro; haurrak 25 euro.

Hoberena: zerbitzuak eta mantenua (ostalaritza areetako eta komunetako garbitasuna), iturri eta atseden tokiez ongi hornitua, seinaleztapen egokia.

Okerrena: txarteldegi gutxi, parkinga (5 euro egunean), kutxazain automatiko gutxi. Ez dago dibisen truke-zerbitzua ezta, ilarak saihesteko, sarrerak erreserbatu edo pase bereziak eskuratzeko aukerarik.


PORT AVENTURA PARKE TEMATIKOA (SALOU, TARRAGONA)

1995ean inauguratua.

Dragon Khan errusiar mendia eta gastronomi aukera ditu bereizgarriak. Adin guztietako pertsonentzat egokia, estres eta bizigarri bila doanarentzat, bereziki.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 37 euro; haurrak 30 euro.

Hoberena: aisialdi-eskaintza, egonaldia errazten duten zerbitzuez ongi hornitua (erosketen jasotze zerbitzua, gidaturiko bisitaldia, animalien zaintza-zerbitzua, etc.), banka-zerbitzu onak (dibisen trukea), parkea ongi seinaleztatua, kartelak hainbat hizkuntzatan agertzen dira.

Okerrena: parking (6 euro), txarteldegi gutxi, segurtasun-pertsonal gutxiegi.


WARNER BROS PARK PARKE TEMATIKOA (SAN MARTÍN DE LA VEGA, MADRIL)

2002an inauguratua.

Girotzea eta dekoratuak bereizgarri.

Haurrentzat egokia, marrazki bizidunetako pertsonaia ugari dabiltzalako bertan, eta ausartenentzat (Superman, Batman, Stun Fall eta antzeko jolasak).

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 33 euro; haurrak 25 euro.

Hoberena: egonaldia errazten duten zerbitzuez ederki hornitua (erosketen jasotze zerbitzua, txartel-erreserba, haur-kotxeen alokairua, gidaturiko bisitaldia, animalien zaintza-zerbitzua, etc.).

Okerrena: parkinga (5 euro eguneko), ilara luzeegiak, itxaronaldiei buruzko informazio eskasa: pantailan edo arbeletan iragartzen dira jolasetan sartzeko unean bertan.


ISLA MÁGICA PARKE TEMATIKOA (SEVILLA)

1997an inauguratua.

“Denboraren Atea” eta “Erronka” deritzon 68 metroko erorketa askea ditu bereizgarri behinenak.

Bai sentsazio bizien bila doanentzat, bai, bertako zortzi area tematikoetan barrena paseatuz, bestelako egun atsegin batez gozatu nahi duenentzat egokia . Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 23,5 euro; haurrak 16,5 euro.

Hoberena: txarteldegiak, seinaleztapen eta antolamendu ona, iturriak eta freskatzeko guneak, itsuentzat egokitua (gidariak, braille alfabetoz adierazitako mapak).

Okerrena: jolas eta ikuskizunen eskaintza urria, parkinga (4 euro eguneko), itxaronaldiei buruzko informaziorik ez, segurtasun-pertsonal gutxiegi izatearen ondorioz segurtasun gabezia nozitzen da. Ez dago, ilarak saihesteko, sarrerak erreserbatu edo pase bereziak eskuratzeko aukerarik.


BENIDORM UR-PARKEA (ALACANT)

1985ean inauguratua.

Big Bang, Europako txirristarik altuena du bereizgarri behinena. 6 – 12 urteko haurrentzat egokia.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 23 euro; haurrak 16 euro.

Hoberena: doako parkinga, de jolas eta ikuskizunen aukera, parkeari buruzko informazio orokorra, jolasetarako sarreretan erabiltzeko arauen seinaleztapena dago. Segurtasun pertsonal ugari ikusten da nonahi. Ostalaritza zerbitzu ona. Banka-zerbitzuez ongi hornitua (dibisa-truke eta guzti).

Okerrena: ezin da sarrera-txartelik Internet bidez erosi, ez dago bisita gidaturik, ezta topagunerik ere. Ur edangarriko iturri gutxi. Ikuskizunik ez.


TORREMOLINOS UR-PARKEA (MÁLAGA)

1984an inauguratua.

Eguzki Kostako parkerik handiena da, beste inork ez daukan jolasa dago hemen: Boomerang izenekoa.

Adin guztietako pertsonentzat egokia.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 18,9 euro; haurrak 13.3 euro.

Hoberena: doako parkinga, jolas eta ikuskizunen aukera, jolasetarako sarreretan erabiltzeko arauen seinaleztapena dago. Zaintza-zerbitzu ona.

Okerrena: itxaronaldiei buruzko informazio eskasa; seinaleztapen eskasa. Ikuskizunik ez dago.


LA PINEDA UR-PARKEA (TARRAGONA)

1987an inauguratua.

Izurdetegiaz hornituriko bakarra izatearren ezaguna, itsas lehoiekiko interakzioa eskaintzen du.

Adin guztietako pertsonentzat egokia, haurrentzat bereziki.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 21,5 euro; haurrak 16 euro.

Hoberena: doako parkinga, jolas eta ikuskizunen aukera, parkearen gaineko informazio orokorra eta jolasetarako sarreretan erabiltzeko arauen seinaleztapena dago.

Okerrena: zerbitzu-eskaintza urria. Ez dago dibisen truke-zerbitzua ezta kutxazain automatikorik ere. Ur edangarriko iturri gutxiegi.


MIJAS UR-PARKEA (MÁLAGA)

1986an inauguratua.

Ikuskizunen anitza du bereizgarria.

Adin guztietako pertsonentzat egokia, 6 – 12 urteko haurrentzat bereziki, berauentzat berariazko zonak baitaude bertan.

Tarifak: egun osorako sarrera: helduak, 14,5 euro; haurrak 9,5 euro.

Hoberena: doako parkinga, aisialdi-eskaintza, parkearen gaineko informazio orokorra eta jolasetarako sarreretan erabiltzeko arauen seinaleztapena dago. Zaintza-zerbitzu ona.

Okerrena: itxarote-guneetako antolamendua. Kutxazain automatiko bakarra. Ezin da Interneten bidez sarrerarik erosi, ez dago gidaturiko bisitarik, ez dauka topagunerik.