Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Abentura-kirola : Segurtasun eta zerbitzu-kalitate aldetik, gaizki

Espainia osoko abentura-kiroleko ehun enpresak emaniko informazioa aztertu da. Horietako batetik bestera, prezioetan alde handiak

Zerbitzuaren kalitatea eta bezero-artapena

/imgs/20050301/tema03.jpg
Abentura-kiroleko enpresek alor honetan ere asko-asko hobetu behar dutela egiaztatu da azterlan honetan: horietako %54k azterketa gainditzeke utzi du eta %25ek ozta-ozta gainditu baino ez du egin; %15ek “ongi” eta %6 apalegiak “oso ongi” jaso du batez beste. Zerbitzuaren kalitate aldetik kirol eskasenak parapentea, espeleologia, alpinismoa, eskalada, arroilen jaitsiera eta puentinga izan dira. Flysurfak “ongi” kalifikazioa lortu zuen eta gainontzekoak “onartzeko moduan” geratu dira. Atal honetako alderdi eskasenak bi dira: kontraturik ez izatea (eta horrek ondorioztatzen duena: enpresa hauek bezeroekin inolako konpromisorik ez bereganatzea, alegia) eta jarduera hauetan aritu nahi duten ezindu eta elbarriak ia erabat bazterturik edukitzea.

  • Idatzizko kontratua: enpresen %53k ez du inongo kontraturik ituntzen bezeroarekin, nahiz eta betebehar hori Autonomi Erkidego batzuek beren legerietan exijitzen duten. Bestetik, formalizatzen den kasu askotxotan, kontratua osagabea da: bezeroak enpresak ezarritako baldintzak eta kontrataturiko prezioak (ekipoen alokairua, monitoreak, ezbehar-asegurua, kontratatua betetzeko eta baliogabetzeko baldintzak, etab.) onartzen dituela bakarrik adierazten da bertan. Atal honetan ere, kirol-jarduera guztien kalifikazioa “gutxiegi” da.
  • Hasierako ikastaroak: enpresen %83k ikastaroak ematen dituzte, bai hastekoak, baita trebatzekoak ere. Atal honetako kirolik egokienak parapentea, delta hegoa eta urpekaritza dira, jarduerok berez prestakizun hobea eskatzen badute ere. Okerrenak, espeleologia, puentinga, arroilen jaitsiera, hidrospeeda eta raftinga.
  • Jarduerak eskaintzen diren denboraldiak: hamar enpresatik zazpik zerbitzuak urte osoan zehar eskaintzen dituzte, etenaldirik gabe, meteorologiak bide ematen badu, noski..
  • Ekipoaren alogera: jarduerak praktikatzeko ekipo egokia alokatzen dute enpresen %94k. Hauxe da, izan, bezeroaz artatzeari dagokionez, atalik hoberena: batez besteko kalifikazioa, jakina, “bikain” izan da.
  • Eskuratzeko moduko azpiegiturak: hamar enpresatik zortzik jarduera praktikatzeko oinarri edo instalazio egokitua daukaten arren, horietako erdiek ez daukate aparkalekurik eta, areago, %18k ez dute ez dutxarik ezta aldagelarik ere. Enpresen erdiek ez daukate kafetegi edo taberna zerbitzurik eta lautik bakar batek du jatetxea; adieraz dezagun, era berean, jan-edariak saltzen dituzten makinak enpresen %48k dauzkatela. Zerbitzuen atalari amaiera ematearren, bi enpresatik bakarrak dauka telefono publikoa eta ur edangarriko iturriak enpresen %43tan bakarrik daude. Instalazio kaskarrenak parapenteko enpresetan atzeman ziren.
  • Ezinduentzako jarduera eta ikastaroak: kolektibo horrentzat inolako ikastarorik ez du antolatzen enpresen %68k. Atal honetako kirol-jarduerarik egokienak parapentea, paraxutismoa eta raftinga dira. Zerrendaren beste muturrean espeleologia eta alpinismoan diharduten enpresak dira.
  • Instalazioetarako irispideak: sei enpresak hamarretik onartzen dute instalazioak ez dituztela ezindu edo elbarrientzat egokituta. Jarduerez ari garela, delta hegoa eta flysurfek bakar-bakarrik gainditu dute proba.

Prezioak: sekulako ald

Prezioen desberdintasuna nekez ulertzeko modukoa gertatzen da, are kirol-jarduera berean ere: flysurfeko ikastaroa, laguneko, 200 eta 300 euro bitartean kostatzen da, eskaladan emaniko jardunaldia 10 eurotik 110etaraino eta alpinismoa egitea deliberatuz gero, 12tik 88 eurotaraino, segun-eta zerbitzua zein enpresarekin kontratatzen den. Prezioetan alderik txikienak puentinga (merkeenetik garestienera 20 euroko aldea), raftinga eta hidrospeeda (25 euroko aldea) eskaintzen duten enpresetan atzeman dira.

Kirolik garestiena flysurfa da: 200 eurotik gora, batez beste, ikastaroko. Erorketa askea ere garesti samarra da: 165 euro batez beste. Parapentea eta delta hegoa prezio ertainekoak dira: 67 euro. Rafting, urpekaritza, hidrospeeda, alpinismo, arroilen jaitsiera, espeleologia edo kirol-eskaladan aritu nahi izanez gero, jardunaldiko 30 – 40 euro ordaindu behar izaten dira. Esan gabe doa jardueren prezioak ariketaren iraupenaren eta kontrataturiko zerbitzuen arabera aldatzen da, hots, ez da gauza bera puentinga (prezioa jauzi bakarrekoa da eta azpiegitura ez da oso-oso ugaria) egin edo erorketa askea (kirol-hegazkintxoa beharrezkoa izaki) praktikatzea. Horrenbestez, jarduerako prezioez ez ezik, tarifa horietan zehatz-mehatz zer sartzen den jakin behar du erabiltzaileak: jauzi kopurua (horrelakorik bada), ikastaro mota (hastapena, hobekuntza, trebatzea), jardueraren iraupena (ekipo eta materiala barne), garraioa, janariak, lojamendua, etc.

Bestetik, enpresa gehientsuenek taldeei deskontuak egiten dizkietenez, nolako deskontua egiten duten galdetzea komeni izaten da. Bestela esateko, prezioak enpresa bat baino gehiagotan galdetzea komeni da baina, dena den, funtsezko alderdi batzuk -kirol-eskaintzaren kalitatea, monitore edo erakusteen titulazioa eta tratamendua, aseguruak, ikastaroak, instalazioak, zerbitzuak, iraupenak, etc.- aintzat hartu behar izaten dira erabakia hartzeko unean. Dudarik gabe, enpresa batzuek kalitate oneko zerbitzua modu-moduan eskaintzen dute.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak