Segurtasuna ikastetxean: Espainia osoko 208 zentro aztertu ditugu

Segurantziaz, hiru ikastetxetik bik ez dute proba gainditu

Bisitatu ditugun zentroen %32k bakarrik gainditu dituzte azterketako sail guztiak
1 iraila de 2003
Img temap 161

Segurantziaz, hiru ikastetxetik bik ez dute proba gainditu

Pertsonak biltzen dituen eraikin edo zentroa seguru izateak eta aplika dakizkiokeen arauak betetzeak garrantzi handia badu ere, adin txikikoak bereziki babesgabeago direnez, ikastetxeetan segurtasuna ezinbesteko faktore bihurtzen da. Urtero-urtero iristen zaizkigu ikastegietan gertaturiko istripu eta ezbeharren albiste larriak. Gertakari dramatikoak bakanak diren arren, sasoi guztietan haurrek nozitzen dituzten istripu txikiak lazgarri gertatzen zaizkie gurasoei: kolpeak, zauriak, erorikoak, bihurdurak…

Ezbehar horiek guztiak umeen bihurrikeriaren eta txikienek neurri zuhurrak ez hartzearen ondorio hutsa ote dira, ordea? Bestela esan dezagun, haurren istripu-arriskua ahal den heinean gutxitzeko neurriak hartzen al dituzte ikastegiek? Funtsean, gure galdera, guraso askorena bezala, hau da: gure seme-alabak egunero hartzen dituzten ikastetxeak behar bezain seguru dira?

Galdera horien ihardespen bila CONSUMER-ek txosten batean Espainiako haur-eskola, lehen eta bigarren irakaskuntzako 208 ikastegitan (120 publiko, 73 pribatu hitzartu eta 15 pribatu) segurtasuna nola dagoen aztertu du, Madril, Bartzelona, Malaga, Valentzia, A Coruña, Bilbo, Iruñea, Alacant, Donostia, Gasteiz, Almería, Oviedo eta Murtzian, bertan eginiko bisitaren eta banan-banan erantzuniko galdategiaren bidez.

Lanean hasi aurretik, Espainian segurtasun gaietan indarrean dagoen eta eskola-zentroetan aplikagarri den legeria aztertu genuen (2177/1996 Errege Dekretua, urriaren 4koa, Eraikinetan Suteen Kontrako Babespen baldintzei buruzkoa eta beste hainbat arautegi); horrela, segurtasun gaietako adituen laguntzaz, aztertu beharreko alderdiak ezarri ziren. Bisita horiek uztailaren hasieran CONSUMER-eko teknikoek halakotzat identifikaturik egin zituzten, eta ikertu beharreko ikastegiak proposaturiko enplegatu batek bertako instalazio guztietarako ateak zabaldu zizkien: patioa, sukaldea, jangela, gimnasioa, ikasgelak…

Txostenak bi atal ditu: batetik, zentroko instalazioen kokapena (kanpo aldeko patio eta jolastokiak, ikasgelak, komunak, gimnasiak, jangelak, sukaldeak, etc.) eta, bestetik, prebentzioa: prebentzio-sistemak, sute edo ezbehar larrien simulazioak, ezbeharrik gertatzekotan jarduteko prozedura eta protokoloak, ikasle-irakasleak eta irakaskuntzan ez diharduten langileak trebatzeko planak, etc. Bisitan, teknikarien arreta-gune nagusia, eraikinaren ebakuazioa egin behar izatekotan, har litezkeen segurtasun-neurrien multzoa eta ikastegiaz kanpoko eta eraikinaren barneko ikasleen osotasun fisikoa auzitan jar lezaketen arriskua izan zen.

Ondorio etsigarriak

Aldizkari honek argitara emaniko beste zenbaitetan bezalako ondorioak atera ditu oraingo txostenak ere: Espainian segurtasuna ez dela oraindik ere lehentasunezko gai soziala, komunitate baten ongizate eta garapen-gradua, hein handi batean, segurantzian inbertitzen duenaren arabera neurtzen den arren, hori bizi-kalitatearen bermea baizik ez delako.

Ikus datuak: azterturiko 208 ikastegien %68k CONSUMER-ek ezarritako azterketa ez gainditzeko moduko akats eta hutsune larriak agertzen dituzte segurtasun alorrean. Ikastegi pribatu hitzartuak publikoak baino pittin bat hobe agertzen badira ere, titularitate eta antzeko aldakietan (tamaina, hezkuntza-mailak, hiriburua/herri txikia, etc.) oinarrituriko aldeak hutsaren hurrengo dira.

Ikastetxeen barrualdeko (ikasgelak, sukaldea, komunak, gimnasioa, etc) eta kanpoaldeko (patioaren, saski eta langen egoera, etab.) segurtasun-multzoen batez besteko kalifikazioak ez du “hainbestekoa” gainditu. Era berean, ikastegien %31k ez dute gainditu barrualdeko segurtasun alorra eta %21 zintzilik geratu da kanpoaldeko segurantziari dagokionez. Beste bi multzoek -larrialdi-planei eta segurtasun-sistemei dagozkienak- “oso gaizki” kalifikazioa eraman dute. Harritzeko motiborik ez: bai ikastetxean lanean edo ikasten ari diren pertsonen trebakuntza eta hezkuntzari dagokionez, bai suteen kontrako prebentzio alderditik ere, aztertu ditugun ikastetxeen erdiak baino gehiagok ez dute proba gainditu. Espainiako eskola-zentroek jorratu behar dituzten gai nagusiak hauek dira: suteak hautemateko sistemarik (ikastegien %72ak, “gutxiegi”), larrialdirik izatekotan nola jardun behar den jakiteko idatzizko protokolorik ez izatea (%64, gainditzeke) eta, larrialdiaren ondorioz, zentroa ebakuatzeko simulazioak egiteko aztura urri-urria (%43, suspentso).

Hona funtsezko beste egiaztapen bat: azterturiko atal guztietan, ikastetxe askotxok (areago, herrialde oso bateko den-denek), arauak agintzen duena ez ezik CONSUMER-ek eskatutakoa hitzez hitz betetzen dute. Hortik, ikastetxean ikasleei segurantzia handia eskain dakiekeela ondorioztatu behar da. Pitzadura edo zirrikituren batetik igaroko da beti istripu txiki bat, horiek ere halabeharrekoak baitira, baina ikastegiko kudeatzaileek eta horiekin lanean dabiltzan profesional guztiek esku aktiboki hartzeak ezinbestekoa dirudi, ikasleen aldeko jarrera behineneko osagarria izaki.

Bostetik batek, larrialditarako planik ez

Dezente hobe daitezkeen atal batzuk, ikasgeletan sarexkaz itxirik dauden leihoak -barrualdetik irekitzea ezinbestekoa da, kanpora irten ahal izateko- (ikastetxeen %73k, “gutxiegi”), -ebakuazioa errazteko, ez dute bata bestearen parean izan behar- (%28, “gutxiegi”), suteetarako ur-hartuneak (%56k, “gutxiegi”, hartune gutxi edo bat ere ez izatearren) eta esparru itxietako larrialdi irteera adierazi behar duten kartelak (%38k, “gutxiegi”). Harrigarriena, ordea, CONSUMER-en galdategia betetzean, bost ikastetxetik batek (%21) segurtasun, larrialdi edo ebakuazio planik ez duela aitortu izana da. Harritzekoa, bai, Espainian indarrean dagoen legeriak honela xedatua baitu: “Beharrezkoa da ikastetxe guztietan Larrialdi eta Ebakuazio Plana egitea, hots, aurretiaz antolaturiko egintza-multzo bat. Horretan argi eta garbi zehaztuko da, larrialdirik gertatzekotan, non, noiz, nola, nork, zer egin behar den salbuespenezko egoera horren larritasunaren eta eskura dauden baliabideen arabera”. Ikerturiko ikastetxeetan, Alacanten %57k ez zuen larrialdi plan hori idatzi, A Coruña eta Nafarroan %43k ez zuen horrelakorik. Gipuzkoako ikastetxe guzti-guztiek, aldiz, plana burutua zuten. Bartzelona, Bizkaia eta Almerian, planik ez zutenak aztertutakoen %10 baino gutxiago ziren.

Deigarri gertatzen da, era berean, ikastetxeetako esparru itxietan, akats eta hutsunerik larrienak sukaldean nabarmentzea: sukaldea daukaten ikastegien batez besteko kalifikazioa “oso gaizki” delarik, zentroen %37k ez dute proba gainditu. Bestetik, %12k, suteen kontrako araua urraturik, ez dauka sukaldea eraikinaren beheko oinean. Valentzia, Araba eta Almerian %20 inguru dabiltza horrela; Oviedo, Bartzelona, A Coruña, Nafarroa eta Murtzian, berriz, ez dago arauz kanpoko ikastegirik, adiera horretan.

Sukaldea daukaten zentroen ia %30ean gela horrek ez ditu bi ate, horietako bat -gutxienez- kanpoaldera doana, nahiz eta hori ere suteen kontrako arauak agintzen duen. Alor honetan egoera kaskarrena, Bizkaian (arauez kontrakoak, %67), Murtzia (%50) eta Madrilen (%39) hauteman zen; hoberena, aldiz, (agindutako bi ateak sukalde guztiek dauzkatelako) Alacant, Nafarroa, Oviedo eta Almerian.

Hoberena

Atal bakar bat denek batera gainditu ez duten arren, hainbat alderditan ikastetxeek harturiko neurriez eta egoera orokorraz ikuspegi onuragarria erakusten dute txosteneko datuek. Ikasgeletan, patioan zein ikasgaiak lantzen ez diren beste hainbat esparrutan (eskola-esparru itxietan, oro har: komunak, gimnasioak, jangelak) dauden toki edo gauza arriskutsuei dagokienez, kalifikazio ona jaso dute. Beste muturrean, ostera, ikastetxeetan istripu gehien sortzen dituen elementuetako bat dugu: saski, futboleko langa eta bestelako kirol-ekipamenduen lotura eskasa. CONSUMER-en txostenak egiaztatu duenez, oraindik ere ikastegien %14n lotura hori ez da behar bezain segurua.

Prebentzioaz ari garela, nota ona jaso duen aldakietako bat, botikina edo osasun-gelari dagokiona da: lehen sorospenetan, erizaintzan edo medikuntzan tituludun profesionalik ba ote zen begiratu da eta, atal honetan, ikerturiko zentroen %15ek bakarrik ez dute gainditu. Larrialdi planetan esku hartu beharreko langileen portzentajeari dagokionez ere emaitzak onak izan dira, azterketa gainditzeke gelditu diren ikastetxeak guztien %12 baizik ez dira. Amaitzeko, onargarria da itzalgailuen kopuru eta egoerari dagokiona, bisitaturiko zentroen %11 bakarrik gertatu baitira gainditzeke.

Ikastegi moten araberako aldeak, gutxi

Txosten honen arabera, zentro pribatu hitzartuak publikoak baino seguruago gertatzen badira ere, bien arteko aldeak hutsaren hurrengo dira: publikoen %26k ateak aurrez aurre zeuzkatelarik, pribatu hitzartuetan horrela zeudenak guztien %16 ziren; era berean, zentro publikoen %16ren patioan toki arriskutsuak zeudela, hitzartuen %7an bakarrik hauteman ziren. Horrez gainera, zentro publikoetan atzemaniko arriskuak pittin bat larriago dira hitzartuetan aurkitu direnak baino, oro har. Eta itzalgailua daukaten ikastegien portzentajea berdintsua den arren (publikoen %87k eta hitzartuen %93k egoera egokian daukate), zentro publikoen %78k bakarrik dauka ebakuazio-plana, hitzartuetan ehuneko hori 87 delarik.

Beste aldetik, hiriburuetan dauden ikastetxeak eta herrietakoak erkatuz gero, aldeak ez dira kontuan hartzekoak. Beste horrenbeste gertatzen da hezkuntza-maila desberdinetakoak elkarrekin konparatzean: ezer nabarmenik ez da hauteman.

Oro har...

Hamar ikastetxetik ia zazpik gainditu dute esparru itxiez kanpoaldeko segurtasun proba (nabarmentzeko, Murtzia, Alacant, A Coruña eta Almeria, batez besteko kalifikazioa ?bikaina? izaki); ikastetxe barruko segurtasunari dagokionean proportzioa hamarretik ia-ia zortzikoa den arren, ikastetxe batetik bestera dagoen alde izugarria bi multzo horiek ?hainbesteko? kalifikazioa baino hoberik lortu ez izanaren erruduna da. Beste bi multzoetako emaitzak (biak ere prebentzioari dagozkionak), dezente okerragoak izan dira, ikerturiko zentroen erdiak baino gehiagok gainditzeke utzi duelako proba. Horrenbestez, lehen bi multzoetan zentro askok lorturiko emaitzak onak izan direlarik, gainontzekoetan denek bere horretan ez mantentzearren %30 baino zerbait gehixeagok bakarrik lortu du azterketa gainditzea.

Ikastetxeetako segurtasuna: 20 datu kezkagarri eta konparaketako taula

  • Ikerturiko ikastetxeen %15tan, patioan zeuden gauza batzuk haurrentzat arriskutsuak ziren (teilatuko hodiak egoera txarrean, egurrezko aulki hautsi edo pitzatuak, zabu hautsi edo herdoilduen ebakitzeko arriskua, adreilu eta beira hautsiak, estolda sarexka gabeak, arra bat baino sakonagoak). Egoera hoberena, A Coruñan ikusi direnak.
  • Ikastetxeen %16tan, ikastetxearen kanpoaldean toki arriskutsuak (babesik gabeko toki garaiak, esku-barandarik gabeko eskailerak). Egoera hoberena, A Coruña, Alacant eta Murtzian ikusi direnak.
  • Saski, futboleko langa eta bestelako kirol ekipamenduak nola dauden zoruari lotuak: ikastetxeen %14k ez dute proba gainditu (kontra-karga urriegi izatearren edo egoera txarrean daudelako ezin dezakete estruktura bertan behera erortzea galarazi). Egoera hoberena, Alacant, Madril eta Murtzian ikusi direnak.
  • Gauza arriskutsuak (entxufe hondatuak, hari elektriko libreak, sabai harrotuak, metalezko pertxero okertu eta hautsiak, punta zorrotzak agertuz, ateetako kristalak hautsita) ikasgeletan: ikastetxeen %5ek ez dute proba gainditu. Egoera hoberena, Madril, Malaga, Bartzelona, Gipuzkoa, Alacant eta Murtzian ikusi direnak.
  • Sarexkaz hornituriko leihoak dauzkaten zentroen %70ek ez dute leiho horiek barrutik irekitzeko mekanismorik. Egoera hoberena, Murtzian ikusi direnak.
  • Ikasgeletako ateak, korridorean bata bestearen aurrean: ikastetxeen %21an hauteman ziren. Egoera hoberena, Malagan ikusi direnak.
  • Ikastetxe barruan zona arriskutsuak (eskailera maila libreak, baranda gabeko eskailerak, babes gabeko teilaturako sarbideak, sarbide labaingarriak), ikastetxeen %11tan. Egoera hoberena, Malaga, Almeria, Araba, Oviedo, A Coruña eta Alacanten ikusi direnak.
  • Gauza arriskutsuak komunetan (eskura dauden galdara elektrikoak hondaturik, zoruan baldosa hautsiak, komuneko paper-arrabola metaliko hautsiak, sabai harrotuak, metalezko esekigailu puntadunak) ikastetxeen %6tan. Egoera hoberena, Araba, Almeria, Nafarroa, A Coruña, Alacant eta Murtzian ikusi direnak.
  • Gauza arriskutsuak gimnasioan (espaldera hautsiak, metro bateko altuerako ateak, ispilu hautsiak, kirol-ariketa egiteko tokietan zutabe akoltxatu gabeak) ikastetxeen %12tan. Egoera hoberena, Almeria, Oviedo, Malaga, A Coruña, Madril eta Murtzian ikusi direnak.
  • Sukaldea ez dago eraikinaren behe-oinean: ikastetxeen %12tan. Egoera hoberena, A Coruña, Nafarroa, Bartzelona, Oviedo eta Murtzian ikusi direnak.
  • Bi irteera (horietako bat, gutxienez, kanpo aldera) ez daukaten sukaldeak: sukaldea daukaten ikastetxeen %29tan. Egoera hoberena, Alacant, Nafarroa, Oviedo eta Almerian ikusi direnak.
  • Segurtasun, ebakuazio edo larrialdi-plana: ikastetxeen %21etan ez dago idatzirik. Egoera hoberena, Gipuzkoan ikusi direnak.
  • Bertan lanean dabiltzan ia pertsona guztiek larrialdi-planean esku hartu behar ez dute ikastetxeen %10etan. Egoera hoberena, Malaga, Oviedo, A Coruña, Bartzelona eta Oviedon ikusi direnak.
  • Sute edo bestelako larrialdien simulazioak: ikastetxeen %37tan ez da horrelakorik egiten. Egoera hoberena, Gipuzkoan ikusi direnak.
  • Larrialdirik gertatzekotan jardun beharko litzatekeen eraz idatzizko informaziorik ez diote ikasleei eskuratu ikastetxeen %65tan. Egoera hoberena, Alacanten ikusi direnak.
  • Itzalgailu gutxi edo bat ere ez, ikastetxeen %8tan. Egoera hoberena, Araba eta Bartzelonan ikusi direnak. Kasuren batean, itzalgailuak mantenu-egoera kaskarrean zeuden (den-denak aztertu ondoren, bakoitzak bere hertsapena eta presio egokia eduki behar du, ondo funtzionatzeko)
  • Balizko suteari aurre egiteko ur-hartunerik ez zegoen ikastetxeen %56tan. Egoera hoberena, Malagan ikusi direnak.
  • Larrialdietarako argi-sistemarik ez dago ikastetxeen %17tan. Egoera hoberena, A Coruña, Nafarroa, Oviedo eta Araban ikusi direnak.
  • Suak atzemateko sistemarik ez dago ikastetxeen %62tan. Egoera hoberena, Araban ikusi direnak (bisitatu diren zentroen %33tan horrelakorik ez dute).
  • Larrialdiko irteera adierazten duen kartelik ez dago ikastetxeen %33tan. ikastetxeen %12tan. Egoera hoberena, Gipuzkoan ikusi direnak.
Segurtasuna, itxitako esparruez kanpo 1 Segurtasuna, itxitako esparruetan 2 Ikastetxeko pertsonala eta segurtasuna3 Suteen kontrako neurriak4
Bikain 58% 25% 12% 16%
Oso ongi 1% 48% 20% 2%
Ongi 10% 6% 4% 22%
Onargarri 0% 0% 12% 3%
Hainbestez 9% 11% 17% 17%
Gaizki 2% 1% 4% 7%
Oso Gaizki 20% 9% 31% 33%
% Gainditu gabeak 31% 21% 52% 57%

1. Patioan objektu arriskutsuak eta ikastetxeez kanpoko aldeetan toki arriskutsuak ba ote dauden bilatu da; futbolerako langa, saski edo bestelako elementuek arriskurik izan ote dezaketen eta horiek zoruari behar bezala atxikita dauden, ikastetxetik edo gertutik tentsio garaiko haririk igarotzen den, etc.

2. Arriskurik izan ote dezaketen objektuak badauden, ikasgelak korridoreetan aurrez aurre zabaltzen diren (hori ez da komenigarriena ebakuazioa egin behar izatekotan), sarexkaz itxitako leihoak barnetik ireki ote daitezkeen (ebakuazioa errazteko) aztertu da. Era berean, ikastetxeko esparru itxietan oro har eta komunetan, sukaldean, jangelan eta gimnasioan, bereziki, nolako arriskuak dauden begiratu dugu. Sukaldean duten zentroetan, zerbitzu hau beheko oinean dagoen eta gutxienez 120 cm-ko zabalerako bi ate dauzkan (horietako bat, kanpo alderako), derrigorrez bete beharrekoak baitira eskakizun horiek.

3. Ikastetxeak segurtasun-, larrialdi- edo ebakuazio-planik ba ote duen, plan horretan zein langilek hartuko luketen esku, simulazioak egiten diren, nolako maiztasunez errepikatzen deiren simulazioak, larrialdirik gertatzekotan, ikasleek protokoloaz idatzizko informazioa ba ote duten, ikastetxean botikina edo behar bezalako titulazioaz hornituriko arduradunaren agindupeko senda-gela ba ote den egiaztatu dugu.

4. Zenbat itzalgailu eta zein egoeratan dauden begiratu da; sutetarako behar bezainbeste ur-hartune badauden; esparru itxietan larrialdiko argiak, suteak atzemateko sistemak eta larrialdiko irteera adierazten duten kartelak ba ote dauden aztertu dugu.