Gizentasunaren eta burusoiltasunaren aurkako produktuak

"Produktu miraritsuak" farmazia askok saltzen ditu, informaziorik emateke

Farmazien %96k gizentasunaren eta burusoiltasunaren kontrako produktuak saltzen ditu, sendagilearen diagnostikoa eskatu gabe
1 ekaina de 2003
Img temap 153

"Produktu miraritsuak" farmazia askok saltzen ditu, informaziorik emateke

Loditasunak eta ilearen galerak, nahiz eta zeharo arazo desberdinak diren (lehena osasunari dagokio eta gaixotasun bilaka daiteke baina soiltasuna ez), ezaugarri bat bera dute biek: gizaki horren irudian ez ezik, auto-estimazioan ere eragina dute eta, gainera, konponbide erraz ezagunik ez dute oraingoz. Gizentasuna gainditzeko, kasu gehien-gehienetan, egokia ez den elikabidea iraunkorki aldatu eta ariketa fisikoa maizago egin beharra dago. Iritziak iritzi, gehiegizko pisuaren kontra osasuntsu eta iraunkor gerta daitekeen konponbide motz eta azkarrik ez da asmatu oraindik; areago, ikerkuntza zientifikoak gaurdaino ilea hazaraztea lortuko duen produktua ez du asmatu baina, gainera, erorketa behin betikoz galaraz dezakeen (eta albo-eraginak izango ez dituen) irtenbiderik ez du aurkitu. Panorama horren aurrean -ez ahantzi bi arazo horiei jende askok sekulako garrantzia aitortzen dien arren, konponbide eraginkor, zientifikoki egiaztatu, estandarizatu eta fidagarririk egundaino ez dagoela, alegia-, kontsumitzaileari merkatuak makina bat produktu eskaintzen dizkio: gauza horiek, asko agindu eta gutxi betetzeaz gainera, kasuren batean osasunaren kaltetarako ere gerta daitezke.

Jakin behar dugun aurreneko kontua: kasu batean zein bestean, erabateko edo mirarizko soluziorik ez dago. Beraz, bide zuzena sendagile espezialistarengana jotzea da, gure ezaugarri guztiak aztertu ondoren, zer egin behar dugun aholka diezagun. Konponbidearen bila farmaziara zuzen joatea okerreko bidea hartzea da, hiru arrazoirengatik: botikariak -galdetzen ez badu, behintzat- gure diagnostikoaren, historia klinikoaren, gorabehera berezien, ohituren eta besteren berri ez duenez, oso litekeena da okerreko sendabidea ematea gure arazoa konpontzeko, osasunaren kaltetan; bigarrenik, mirarizko produktuak ugari dira farmazian: hauek, gure arazoarekin erlaziorik izan dezaketen eta kaltegabeko gerta daitezkeen arren, kausa konpontzeko printzipio eragilerik ez daukate; hirugarren, farmazia batzuetan loditasunaren eta burusoiltasunaren kontrako produktuak saltzen dira, beren bereizgarri nagusiez kontsumitzaileari behar bezainbesteko informazioa eman gabe: zertan diren lagungarri, zertan kaltegarri, zein diren albo-eraginak, etab.

CONSUMER-eko teknikariek, beren burua halakotzat ezagutarazi gabe (hau da, bezero arrunt gisa agertuz) 192 farmazia bisitatu zituzten hamahiru hiritan -Madril, Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Malaga, Zaragoza, Donostia, A Coruña, Murtzia, Gasteiz, Almeria, Santander, Iruñea- jorratzen ari garen bi arazoei konponbidea emateko moduko produktuen eskean. Establezimendu horien %96tan gizentasunaren eta burusoiltasunaren kontrako produktuak sendagilearen diagnostikoa eskatu gabe saltzen dituzte. Horrez gainera, botikarien %53k produktuok bidez erabiltzeko beharrezkoak diren informazio eta aholkuak eman gabe saltzen dituzte. Azkenik, bisitatu ziren farmazien %44tan, “produktu miraritsuak” komertzializatzen dira, hau da, ez botika diren, ez tratatu behar duten arazoa konpontzeko zientifikoki egiaztaturiko eraginkortasunik duten sustantziak: hauen erakarpen komertziala, iruzurrezko (iruzurra, produktu horiek kontsumitzearren erabiltzaileak espero zitzakeen ondorioak erdiesten ez dituelako) publizitatean datza.

Nola egin zen azterketa

Farmazietara joan ziren CONSUMER-eko teknikariek “pisua azkar galtzeko edo argaltzeko produktu bat” eta beste bat, “ilea hazaraziko duena edo, bederen, oraino daukadan ilea erortzen galaraziko duena”. Ez zen eskatu produktuen marka edo izen komertzialik: arazo bat konpontzeko farmaziako sendabidea besterik gabe eskatu zuten. Kasu batean zein bestean bide egokiena, produkturik saldu ordez, bezeroa sendagile espezialistarengana bidaltzea izango zen. Denetan hoberena ez bada ere, besteak baino irtenbide hobea izango zen botikariak bezeroari arazoarekin zerikusia duten berariazko galderak egitea, pertsona horrentzat eta arazo horretarako ahalik eta sendabide egokiena eskaintzeko.

Bisita guzti-guztietan, botikariaren jarrera eta, (aldizkari honetako teknikari den) bezeroak eginiko hamaika galderari eman zizkion erantzunak apuntatu ziren. Horiek ez ezik, eskaintzen ari zen produktuez -horien albo-eragin balizkoez- botikariak zenbat zekien ere kontuan hartu zen. Ustez argaltzeko balio duten metodoak erostean alderdi zenbait baloratu ziren: botikariak espezialistari bisita egitea aholkatzen zion, bezeroak egiten zuen dieta, bere gorputz-masa edo bere ohiturak zein ziren galdetu zion, etab.

Ilearen galera gelditzeko produktuei dagokienez ere, beste hainbat kontu egiaztatu ziren: botikariak espezialistari (dermatologoari) bisita egitea aholkatzen zion, eta bezeroari galdera batzuk egitea (bere dieta eta bere ohiturak zein ziren, ilea galtzen noiz hasi zen eta zenbat ile galtzen zuen, etab). Hitz batez, ahalik eta produktu hoberena eskaintzeko, botikariak arazoaren kausa ikertu nahi zuen hartu zen kontuan.

Era berean, farmazia guztietan balizko bezeroek galdetu zuten, produktua saldu aurretik, osasun-diagnostikoa egitea aholkatuko zioten, produktu miraritsuak (ez dira botikak, horien argibideak eta kontsumitzaileak eskatu duena ez datoz bat eta, gainera, ezin lor ditzaketen eragin terapeutikoak egitea agintzen dute) salgai izaki, horrelakoak eskaintzen zizkioten. Azkenik, gizentasunaren eta burusoiltasunaren aurkako produktuak saltzen dituzten farmaziek, bezeroari produktu horien gaineko informazio egokia eman ez ezik, beren mugapen eta albo-eraginak jakinarazten zizkioten ere konprobatu zen.

Hiri batetik bestera, erantzun desberdinak

Almerian eta A Coruñan dago jarrera eredugarria (hau da, gizentasunaren edo burusoiltasunaren kontrako produkturik saldu ordez, espezialistarengana joatea aholkatzea) agerturiko botikarien proportzio handiena (%12raino ozta-ozta iritsi bazen ere). Horien ondotik, Bilbo (%10), Malaga eta Bartzelona (bietan ere, %8) datoz. Gainerako hirietako farmaziek bi produktu horietako bat, gutxienez, zuzenean saldu zuten, ohartarazpenik egiteke.

Bestetik, bi arazo hauei konponbidea emateko moduko produktu mirarigarriak eskaini zituzten farmazia ugarienak, proportzioz, Donostiakoak izan ziren (bisitatu zirenen %75). Ondoren Valentziakoak (%59) eta Iruñea, Gasteiz, Madril eta Almeria datoz (%50). Produktu miraritsu horien eskaintza urrieneko farmaziak Santander eta Murtziakoak izan ziren: bertan lau farmaziatik bakarrak zituen horrelako produktuak. Bilbokoen %30tan eta Malagakoen %34tan baizik ez zituzten mirariak egiten omen dituzten produktu horiek salgai.

Informazioaren garrantzitsua

Egiaztatu den bezala, gizentasunaren eta burusoiltasunaren kontrako produktuak saltzean farmazia gehienek bezeroari sendagilearen iritzirik eskatzen ez diotenez, badirudi ezinbestekoa dela botikariak saltzen duen produktuaz bidezko informazioa eskaintzea erabiltzaileari: zer saldu dion, zertarako balio duen, nolako mugapenak dituen, nolako albo-eraginak izan ditzakeen, etc. Baina premiazko informazio hori, mirari produktuak salgai dituzten farmazien %47k bakarrik eman zioten kontsumitzaileari. Iruñean, adibidez, produktu horiek bisitatu genituen botikari guzti-guztiek saldu zituzten, inolako informaziorik eman gabe. Ondotik Gasteiz eta Murtziako farmaziak datoz (informaziorik eman ez dutenak %88 eta %79 izaki). Ereduzko jokaera, aldiz, Bilboko botikariek agertu zuten: argibide horien establezimendu guzti-.guztietan eman zituzten. Bigarren tokian Valentzia agertzen da: bertako farmazien %9k bakarrik saldu zituen produktuak bidezko aholkuak emateke. Hirugarren A Coruña dator (%25), eta honen ostean Zaragoza, Malaga eta Almeria (%50). Zerrenda horretako erdi parean Donostia eta Santander ditugu (%60 eta %63).

ola buru egin gizentasunari

Gehiegizko pisu eta gizentasun kasuen %90en zergatiak sedentarismoa eta okerreko elikadura direnez, argaldu nahi baldin badugu, gehien-gehienok kaloria gutxiko dietaren arabera elikatuz eta ariketa fisikoa eskuarki eginez bakarrik erdietsiko dugu. Horrez gainera, gure kasua aztertuko duen espezialistarengana jo beharko dugu, berak aholkatuko baitigu nolako bidea hartzea komeni zaigun. Horiek horrela ere, batzuek horri uko eginik, produktu miraritsuak eta gezurrezko eraginkortasun eta azkartasuna agintzen dizkiguten bestelakoak kontsumitzera jo ohi dute nahiz eta, alferrikako gastua egiteaz gainera, osasunarentzat biziki kaltegarriak gerta daitezkeen eta espero zitekeen emaitzarik ikusiko ez duten.

Merkatuak salgai dituen 600 produktuetatik (kapsulak, sendabelarrak, ziriak…) bik bakarrik agertzen dituzte zientifikoki egiaztaturiko emaitzak: Orlistat eta Sibutramina baina, nolanahi ere, albo-eraginak izan ditzaketenez sendagilearen kontrolpean hartu behar dira.

Bisitatu ditugun farmaziek eskaintzen dituzten gizentasunaren kontrako produktuak honela sailka daitezke:

  • Diuretiko eta laxanteak: te berde, txikoria-belar, urki, orburu, aran eta antzekoetan oinarritutako produktuak, landare horien propietate diuretiko eta digestonikoak ezagunak izaki. Digestio, likido-atxikipen, idorreria eta antzeko arazoak konpontzeko gauza badira ere, ez dituzte “gantzezko” kiloak eliminatzen, ura baizik. Beraz, pisu galera iruzurrezkoa izateaz gainera arriskutsua ere gerta daiteke eta kiloak aurki berreskuratu ohi dira.
  • Gantzen absortzioa murriztea: produktu hauek organismoaren gantz absortzioa hestean murriztu egiten omen dute. Eraginak egiaztatuak dituen botika bakarra Xenical da eta gizentasun larriko arazoak nozitzen dituzten pertsonen tratamenduan sendagilearen preskripzioz bakar-bakarrik kontsumitzen da. Ez da hartu behar uda partean biziki itsusiak dugun “pare bat kilotxo” hori gainetik kentzeko, produktuaren albo-eraginak garrantzitsuak direlako.
  • Apetituaren suntsitzaileak: urdailean hanpatzen diren eta, horrenbestez, asetasun-sentsazioa sortarazten duten zuntzen bidez apetitua apaltzen omen dute produktu batzuek. Janaria hartu baino 10 minutu edo ordu erdi lehenago hartu ohi dira eta ez dira aholkagarriak hestea delikatua duten pertsonentzat. Nolanahi ere, zuntza kontsumitzeko ohiturarik ezean, hobe dugu kopuru handitan ez hartzea.
  • Energiaren gastua areagotzea: pisua galtzeko bi bide ditugu, biak eraginkorrak eta elkarren osagarriak: kaloria gutxiago hartzea eta kaloria gehiago erretzea. Produktu miraritsu batzuek, besaulkitik batere mugitu gabe kaloria kopuru izugarriak erretzeari esker, gure jarduera metabolikoa azkartzea lortzen dutela agintzen dute. Dena den, kaloria erreketa eskerga hori berma dezakeen ikerketa zientifikorik ez da, oraingoz.

Burusoiltasunarentzat konponbiderik bai ote?

Bi kausa izan ditzake soiltasunak: bata, genetikoa; bestea, estres edo depresioek eraginikoa edo, bestela, mineral edo bitaminaren baten eskasiarekin lotutakoa. Horregatik, arazoari irtenbidea eman aurretik funtsezkoa da zergatia zein den aztertzea.

Sortzetiko alopezia bi motatako produktuekin tratatzen da, zientifikoki egiaztaturiko emaitzak lortuko badira. Lehenean, minoxidil gaia osagai duten produktuak agertzen dira: hiru kasutik batean arrakastatsu gertatzen omen dira. Albo-eraginak eragin ditzakete, hala nola alergia edota mendekotasuna, eta horien eragina buruaren atzeko erdialdean bakarrik biltzen da; gainera, produktua erabiltzeari utzi eta luze gabe eroriko da sorturiko ile guztia. Bestelako produktu motan sartzen dira finasteride daukatenak: hauek, hamar kasutik zazpitan ilearen galera gelditzea lortzen dute baina albo-eraginak ere badituzte: libidoa apaltzea, adibidez. Erabiltzaileak 40 urte baino gehiago badu ez da komeni produktua aplikatzea. Botika hori kontsumitzeari utzi eta handik sei hilabetera galduko du erabiltzaileak produktua eman ezean pixkanaka eroriko zitzaion ile guztia.

Patologia jakinen ondoriozko alopezia diagnostikatu egin behar da, bera sortarazi duen arazoa konpondutakoan ilearen sortze eta erortze zikloa ere normalizatu egiten baita. Horrelako burusoiltasunei aurre egiteko, merkatuak bitamina, aminoazido eta oligoelementuez osaturiko konplexuak ditu salgai; baina sustantzia horiek mesedegarri gertatuko dira baldin eta arazoaren zergatia elementu horien gabezia bada (bitamina-gabezia, esate baterako, ez da oso ohikoa gizarte honetan).

Azkenean, hainbat xanpu eta loziok, kaltegarri gertatzen ez badira ere, zientifikoki egiaztaturiko eraginkortasunik ez dute agertzen: gantzari eta zahi edo zoldari aurka egiten diete, ilea eta buru-azala garbi eta osasuntsu mantentzen dituzte baina ilearen erorketa ez mantsotzen, ez geldiarazten dute. Nolanahi ere, produktu horien eraginkortasunak gorabehera, bat ere ez da hartu behar espezialistak aholkua eman ez badu.

Produktu miraritsu horien gaineko hainbat kontu

  • Ez dira botika: hala balira, ez lirateke mirarigarriak. Espainiako legeriak ezarritako botiken erregistro-sistema zorrotzaren arabera, Botiken Kode Nazional izeneko sei zifrako zenbakia agertu behar dute eta aurretiaz egin behar zaie osasun-kontrola, C.P.S. hizkiek frogatzen dutena: horiek agertzekotan, Espainiako Administrazioaren bermea dute.
  • Ezin da inola ere bermatu produktu miraritsuek iragarritako funtzioa (zuzentzailea izan, terapeutikoa izan) beteko dutela.
  • Medikuntzak oraindik konpontzerik izan ez dituen patologia edo arazoentzako irtenbide azkarrak eskaintzen dituzten produktuek, hasteko, zalantza asko sortarazi behar dizkigute. Hobe dugu horiekin ez fidatzea.
  • Ez gure osasunarentzat, ez gure ekonomiarentzat, ez dira konponbide egokiena. Galdetu zure medikuari: aurretiaz diagnostikoa eginik, mirari produktuak hartzea baino beste zeinahi irtenbide eraginkorrago izango da.
  • Ez erosi botikarik katalogo, Internet edo antzekoen bidez: horrelako bideak baliatuz saltzea debekatuta dago. Produktu miraritsuak baldin badira, hobe farmazian informazioa eskatu eta erostea.
  • Tratamendu terapeutikoa eman beharreko gaitz edo lesiorik baldin baduzu, produktu miraritsuen kontsumoak denbora-galera larria ondoriozta diezazuke, beharrezko tratamendua geroratu edo galaraz diezazukeena.
  • Kosmetikoen eginkizuna da gure gorputz atalen azalera edo larrua garbitzea, egoera onean mantentzea edo babestea baina (legeak dionez) ezin beregana dezakete propietate terapeutikorik.
  • “Farmazietan salgai” esakune komertzialak ez du bermatzen produktuaren eraginkortasuna.
  • Sendagileari galdetu gabe ez hartu osasunarentzat mesedegarriak omen diren produktuak.
  • Pertsona batzuentzat mirarizko produktu horiek plazebo eragina izan dezakete: produktuak berez ez baditu ere (tratatzen ari den arazoari aurre egiteko printzipio eragilerik ez baitu), kontsumitzaileak propietate terapeutikoak aitortzen dizkio kasu askotan baina horrek ez du esan nahi arazoa konpondu denik, ezta produktua eraginkorra denik ere

Haurren hazkuntza sustatzeko produktuak, farmazian hobe eta konparaketako taula

CONSUMER-eko teknikariak, markarik eta motarik adierazi gabe, apetituz gaizki zebilen ume baten edo ohikoa baino altuera txikiagoko haur baten gorputz-hazkuntza azkartzeko produktu bat eskatu zuenean, bisitatu ziren ia farmazia guztietan erantzun onuragarria eman zuten, aldez aurretik pediatrarengana jotzea komeni zela ihardetsi baitzioten edo, bestela, helburu hori erdiesteko bide bakarra hazkuntzarako hormonekin tratatzea dela adierazi ziotelako baina, nolanahi ere, haurrari diagnostikoa eginik, aukera hori baloratu behar duen bakarra pediatra dela ohartarazita.

Bisitatu ziren farmazia guztien %3k (denak ere -bi ziren, guztira- A Coruñakoak) baizik ez zuten produkturen bat eskaini, inolako oztoporik jarri gabe eta pediatrarengana jotzeko bidezkotasuna adierazi gabe. Bi kasuetan ere, apetitua irekitzeko xarabeak ziren: bata haurrentzakoa eta bestea anorexia tratatzeko aholkatu ohi dena eta, bi kasuetan ere, bezeroari ez zizkioten xarabearen ezaugarriak jakinarazi: horren ordez, “albo-eragin gutxien dituen” produktua zela baizik ez zitzaion esan. Hona datu ezkorrago bat, baina: bisitatu diren farmazien %28k, bide egokiena pediatrari bisita egitea zela aipatu bazuten ere, “bien bitartean” haurrari bitaminak (polibitaminikoak, hau da, elikagai osagarri edota apetituaren sustagarriak) eman zekizkiokeela proposatu zuten. Horrela gertatu zen Valentzia eta Murtzian (bisitaturiko farmazia guzti-guztietan), Almerian (%75etan), Zaragozan (%50etan), Bilbon (%20tan) eta Madrilen (%17tan). Gainerakoetan, A Coruñan izan ezik, erantzuna bidezkoena izan zen.

Gizentasunari eta burusoiltasunari aurka egiteko produktuei dagokienez, botikariaren erantzunak (bezeroari, sendabide gisa eskatu duen produktuaren albo-eraginak agertzea, alegia) egoki-egokia dirudien arren, haurraren apetitua edo hazkuntza azkartzeko produktuez ari garela jarrera eta jokaera horri ezinbestekoa deritzogu. Hala eta guztiz ere, Almeriako farmazia batean, Murtzia, Madril, Bilbo eta A Coruña hirietako beste banatan, eta Valentziako hiru eta Zaragozako beste hirutan (11 farmazia guztira, hau da, produktu hau eskaini zuten farmazien %55) arazoa sendatzeko eskaintzen ari ziren produktuak izan zitzakeen erreakzio alergikoak berak ere ez zituzten azaldu. Nolanahi ere, eta jasoriko datuek argi eta garbi diotenez, haurren hazkuntza hobetzeko produktuen salmentan farmaziek agertzen duten jarrera askozaz ere hobea da gizentasunaren eta burusoiltasunaren kontrako produktuen salmentan hautemandakoa baino.

Haurren hazkuntzaren arazoak: pediatrarengana jotzea, ezinbesteko

Elikadura orekatu, osasuntsu eta bariatuak haurrak dituen bitaminen eskakizun fisiologikoak asetzen ditu, eskuarki. Bi motakoak dira bitaminak: hidrosolubleak (uretan disolbagarriak: B eta C) eta liposolubleak (uretan ezin disolba daitezke eta elikagaien atal gantzatsuetan daude: A, D, E eta K). Bitaminen preskripzioa bakarrik egin behar da haurrak berariazko gabeziak agertzen dituenean. Bitamina gehigarriak kasuak bereizi gabe administratzeak bitamina liposolubleen metatze toxikoak ondoriozta ditzake. Eta bitamina hidrosoluble mordoa hartzeak ere kontrako eraginak izan ditzake. Era guztietako osaerak dituzten bitamina-konplexuak eskaintzen ditu merkatuak. Konplexu horiek baliatzen diren tratamenduen sintometako askoren (apetituaren gorabeherak, trastorno funtzionalak, etc.) jatorria oso larriak izan daitezkeen gaixotasunak direnez, tratamendua ipini aurrez sendagile espezialistaren diagnostikoa derrigorrezkoa da. Nolanahi ere, produktu horiek erabiltzea erabakitzen duenak oso gogoan izan behar du -bitamina liposolubleen metatzearen ondoriozko toxikatzeko arriskuaz gainera- bitaminez osaturiko produktu horiek hormonak eta nerbio-sistema zentralean eragina duten estimulatzaileak dauzkatela sarri.

Bitamina-konplexu eta apetituaren suspertzaile horien preskripzioa kasu larrietarako gordetzea nahiago izaten dute pediatrek, hau da, okerreko absortzioaren ondorezko gabezia jazotzen denean edo gaixotasun konkomitanteren batek eraginikoa denean. Ez ahantzi, beste aldetik, dieta orekatu, osasuntsu eta bariatuak haurra normaltasunez garatzeko premiazkoak dituen bitamina eta oligoelementuez hornitzen duela.

Farmaziek eskaini zituzten botikak honela sailka ditzakegu:

Apetituaren suspertzaileak:
Ziproheptamina eta bestelako printzipioen elkarketak dira. Albo-eraginak: aho-lehortasuna, gernuaren atxikipena, ikusmen lausoa, urdail eta hesteetako trastornoak eta logalea. Baita takikardia, astenia, dardarak, artegatasuna, etc.

Polibitaminiko mineraldunak:
Bitaminak eta mineralak dauzkate. Albo-eraginak: urdail eta hesteetako molestiak eta osagaien aurreko hipertsentsibilitatea.

Polibitaminiko mineral gabeak:
Hainbat bitamina funtsezko dauzkate. Albo-eragin behinena hipertsentsibilitatea da; ez dituzte hartu behar gibel- nahiz giltzurrun-insufizientzia larria edo osagaien aurreko hipertsentsibilitatea nozitzen dutenek.

Elikagai osagarria:
Proteinak, bitaminak eta mineralak dauzka.

Hazkuntzaren giza hormonak:
Zainetik hartzen dira eta ez dira saltzen sendagilearen errezeta ezean (izan ere, farmazietan horrelakoak erakutsi bakarrik egin zizkiguten). Albo-eraginak: tratamenduak dirauen bitartean pazientearengan hipotiroidismoa, epifisi femoraleko nekrosia, metabolismoaren trastornoak, gantz azido libreen ugalketa, burezurraren hipertentsio onuragarria eta antzekoak ager daitezke.

PISUA AZKAR GALTZEKO PRODUKTUAK
Farmaziak Espezialistari bisita egin gabe saltzen dute * (%) Bidezko aholkuak eman gabe saltzen dute ** (%)
Donostia %100 %20
Zaragoza %100 %33
Balentzia %100 %0
Madril %100 %50
Murtzia %100 %75
Gazteiz %100 %100
Iruñea %100 %100
Almeria %75 %25
A Coruña %100 %25
Bilbo %100 %0
Malaga %83 %0
Santander %100 %50
Bartzelona %83 %33
Guztira %95 %36

* Erabiltzaileak espezialistarengana joan den egiaztatu gabe, farmaziak argaltzeko produktuak saltzen ote dituen egiaztatu da.

** Produktuak, beharrezkoa den informazioarekin (produktuen mugak eta argibideak) saltzen ote diren egiaztatu da.

ILE ERORTZEA GELDIARAZTEKO EDO HAZKUNTZA SUSTATZEKO PRODUKTUAK
Farmaziak Espezialistari bisita egin gabe saltzen dute * (%) Bidezko aholkuak eman gabe saltzen dute ** (%)
Bartzelona %100 %100
Iruñea %100 %100
Gazteiz %100 %75
Almeria %100 %75
A Coruña %75 %25
Madril %100 %80
Donostia %100 %100
Malaga %100 %100
Santander %100 %75
Balentzia %100 %17
Bilbo %80 %0
Murtzia %100 %83
Zaragoza %100 %67
Guztira %97 %69

* Erabiltzaileak espezialistarengana joan den egiaztatu gabe, farmaziak ilea zaintzeko produktuak saltzen ote dituen egiaztatu da

** Produktuak, beharrezkoa den informazioarekin (produktuen mugak eta argibideak) saltzen ote diren egiaztatu da.

Farmaziak Pisua galtzeko “mirari produktuak” eskaintzen dituzte (%) * Ilearentzako “mirari produktuak” eskaintzen dituzte (%) ** Batez bestekoa (%)
Donostia %100 %50 %75
Balentzia %67 %50 %59
A Coruña %25 %75 %50
Almeria %25 %75 %50
Madril %40 %60 %50
Iruñea %25 %75 %50
Gazteiz %25 %75 %50
Bartzelona %0 %83 %42
Zaragoza %67 %17 %42
Malaga %17 %50 %34
Bilbo %20 %40 %30
Murtzia %33 %17 %25
Santander %0 %50 %25
Guztira %34 %53 %44

* Argaltzeko eraginkorrak ez diren produktuak (ikus “mirari produktuen” definizioa) saltzen ote dituen egiaztatu da.

** Ile-galera zaintzea helburu ez duten produktuak saltzen ote diren egiaztatu da.