Argazki-kamera digitalak

Prezioan dautza aldeak, ez kalitatean

Kamera digitalak ohiko erabiltzaileen egiazko alternatiba bihurtu dira
1 abendua de 2002
Img analisis 2 listado

Prezioan dautza aldeak, ez kalitatean

Erabilera arrunt eta gama ertain edo apaleko zortzi argazki-kamera digital aztertu dira oraingoan, beren prezioak biziki desberdinak izaki: 404 eurotik (Canon PowerShot A40 eta Nikon E2500) hasita, 812 eurora (Canon PowerShot S30) arte. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Olympus C300 (487 euro) laginak erakusten du: ohiko eta xehekapeneko argazkietan kalitaterik handiena, memoriarik ahaltsuena eta bisualizatzeko pantailarik hoberenetako bat ematen duelako.

Kamera analogikoekin (tradizionalekin) lehian, digitalak geroz eta merkatu-kuota handiagoa bereganatzen ari dira. Honelako argazki-kamerek analogikoen kalitatea (formatu txikiko argazkietan, behinik behin) lortu dutelarik, badute haien gainetiko abantaila pare bat: ez darabilte bobinarik eta, gainera, ez dira errebelatu behar: harturiko argazkiak, memoria digitalean jasorik daudenez, kamerak berak daukan pantaila txikian berehala ikusi eta, bietako bat, gorde edo suntsitu egin daitezke. Mantentzea interesatzen direnak ordenagailura iraganen dira, bertako pantailan ikusi, landu, inora bidali edo inprimatzeko.

Kamera digitalaren kalitatea neurtzean, irizpide nagusietako bat pixel aktiboen kopurua da. Pixel bakoitza kolorea atzitzeko gune bat denez, pixel kopuruaren araberakoa izango da irudiaren erresoluzioa: azalera berean zenbat eta pixel gehiago izan, orduan eta zehatzago gertatuko da irudia. Pentax Optio 330 (3,24 milioi pixel), Canon Power Shot S30 eta Sony DSC-P71 (biek ere, 3,2na milioi pixel) izan ziren adiera honetan kalifikazio hoberenak eraman zituzten laginak. Beste muturrean, Minolta Dimage X laginak zituen pixel baliagarri gutxien: 1,96 milioi baizik ez.

Irudiak hartu eta berehala ikusteko kristal likidozko pantailak hiru tamainatakoak dira: Nikon, Sony, Minolta eta Canon A40 laginenak 1,5 hazbetekoak; Pentax markako biak 1,6 hazbetekoak eta Canon S30 eta, denetan handiena, Olympus kamerakoa: 1,8 hazbete.

Erabilera-probak

Argazkilari profesional batek, hainbat objekturi argazki arruntak eta xehekapenezkoak (makro) egin zizkien, baldintza berdinetan beti. Parametro zenbait neurtu ziren proban: kontrastea, kolorearen erreprodukzioa, zehaztasuna, argitasuna, “biñeta” efektua, hotsak eta akatsak. Bi kasuetan ere, Olympus laginak erdietsi zituen puntuaziorik hoberenak: gehienekoa 5 puntu izanik, 4 argazki normalean eta 4,8 puntu xehekapenekoan. Bigarren tokian Canon S30 agertu zen, denetan garestiena (3,8 puntu normalean eta 3,3 xehekapenekoan). Nikon E-2500, Minolta Dimage X eta Pentax Optio 330 laginek puntuaziorik txarrenak eraman zituzten irudi konbentzionaletan (3,1 puntu) eta Sony DSC-P71 laginak (2,5 puntu), azkenik, makro-argazkietan.

Honelako produktuak eskuarki baliatzen dituzten hiru erabiltzaileri kamera digital hauen balioztapen subjektiboa egin zezaten eskatu zitzaien. Batetik bosterako eskalan, kamerak darabilen programarekin loturiko hainbat alderdi (zehaztasuna, menuen baliagarritasuna, etab.) ez ezik, makinen ergonomia, argibide-liburua eta zenbait proba funtzional ere baloratu zituen erabiltzaile bakoitzak.

Kamera guztiei balorazio onak egin zitzaizkien, are kalifikaziorik apalenak jaso zituenari ere (Sony) 3,4 puntu lortu baitzituen, 5etik. Minolta (4 puntu) izan zen denetan hoberena, puntuaziorik onenak irabazi baitzituen parametro askotan: martxan jartzea, zehaztasuna, menuen baliagarritasuna, kanpoko itxura, pantailaren prestazioa, ergonomia (neurriak, pisua eta garraiatzeko erraztasuna), argazkiak hartzea, memoria-txartela sartzeko erraztasuna eta piztetik argazkiak egin ahal izan bitarteko itxaronaldia.

Memoria, funtsezko osagaia

Memoriaren ahalmen eta mota ere kamera digitalaren funtsezko alderdia da. Txartelak prezio handi-handia izateak, horrelakoen kopurua arras mugatzen du: beraz, kamerak fabrikatik memoria handia ekartzeak berealdiko garrantzia du. Memoriaren formatuari dagokionez, Nikon laginak, Canon markako biek eta Pentax markako biek Compactflash (denetan zabalduena, egun) darabilte.

Memoria-ahalmenik handiena eskaintzen duen kamera Olympus da: berak bakarrik dakartza bi memoria-txartel (16 eta 32 megabyte). Sony DSC-P71, Canon Power Shot S30, Pentax Optio 230 eta Optio 330 laginek 16na MB eskaintzen dituzte eta gainerako hirurek (Nikon, Minolta eta Canon Power Shot A40 laginek), azkenik, 8 MG-ko txartela baizik ez daukate.

Erabiltzaileak ez du beti-beti kalitate bikaineko argazkia atera nahi izaten. Autonomia handiagoa lortuko badu (kalitate edo zehaztasun txikiagoa izatearen abantaila, memoria-txartel berean argazki gehiago sartu ahal izatea baita), erabiltzaileari hainbat zehaztapen-gradu artetik hautatzeko aukera eman behar zaio, azken kalitatea benetako premietara egokitzeko. Alferrik ahaleginduko da sekulako zehaztasuna erdiesten, argazkia web batean agertzekoa baldin bada. Kalitate-aukerak ere aldatu egiten dira, lagin batetik bestera: bost Olympus-ek, lau Minolta eta Pentax Optio 230 laginek, hiru Nikon, Canon S30 eta A40 eta Pentax Optio 330 laginek eta bi baino ez Sony markakoak.

Pisua eta neurriak

Minolta beste gainontzeko guztiak baino dezente arinago zen (134 gramo). Denetan astunenak, berriz, Canon markako biak: S30 (264 g.) eta A40 (262 g.). Tamainaz ari garela, lagin txikiena Minolta (84,5x72x20 mm.) zelarik, kamera handiena Olympus C-300 (117,5 x 66 x 49,5 mm.) zen.

Modelo guztiek dauzkate zoom optikoa eta digitala. Canon Power Shot S30 laginak lortu zituen kalifikazio hoberenak batean zein bestean. Zoom optikoak, kamera konbentzional batean funtzionatuko lukeen modu berean dihardu; digitala, aldiz, hobe da ez erabiltzea, objektuak irudi-kalitatea galtzearen bizkarretik “hurreratzen” baititu. Canon S30 eta Pentax Optio 230 laginek dauzkate flash-sistemarik onenak.

Elikadura-motari doakiola, berriz kargatzeko bateriak dauzkate kamera guztiek, Olympus (lagin honek berriz kargatzeko pilak eta erabilera bakarrekoak eskaintzen ditu), Pentax Optio 230 eta Canon A40 laginek izan ezik (hauek pila konbentzionalak bakarrik dauzkate). Nikon, Sony, Minolta, Canon S30, Olympus eta Pentax Optio 330 laginek, pilak kargatzeko aparatua ere ematen dute. Kamera bakar batek ez du korronte alternorako egokigailurik, nahiz eta osagarri hori biziki baliagarria den, irudiak ordenagailura iragan behar direnean.

Energi kontsumoa balioztatzeko, irudi-kalitate txikienean eta flasha erabiliz egin ziren argazkiak, kamerek fabrikatik ekarritako bateria edo pila haiexekin. Autonomia handienekoa Pentax Optio 230 izan zen (205 minutu eta 391 argazki); Minolta laginak agortu zituen lehenik bateriak (65 minutu eta 126 argazki).

Ordenagailua eta telebista

USB portuaren (merkatuan daudenetatik hoberenetako bat; honek, gainera, ordenagailua itzali gabe, konexioa egiteko aukera ematen du) bitartez, zortzi kamerak etxeko ordenagailuarekin konekta daitezke irudiak deskargatzeko. Nikon laginak, telebista eta bideoarekin konektatzeko aukerarik ematen ez duenez, irudiak ezin ikus daitezke telebistako pantailan, zuzenean.

Denek dute, kliskagailu automatikoa, bideoan grabatzeko, argiaren arabera kamera erregulatzeko, “begi gorrien” kontrako eta gauezko argi-baldintzetara egokitzeko aukera. Prestazio ugarieneko kamerak Sony DSC-P71 eta Canon markako biak dira.

Kontsumitzaileari informazioa, babesa eta bermea eskaintzeari dagokionez, zuzen daude zortzi kamerak. Nikon laginaren argibide-liburua da denetan balorazio hoberena jaso duena, azalpenak bideoan ere ematen baititu. Segurtasun proba guztiak ere zortzi laginek gainditu zituzten.

Ohiko erabileran gerta daitezkeen kolpeen aurreko erresistentzia egiaztatzeko, kamera guztiak metrobetetik haritzezko azalera baten gainera erortzen utzi ziren, hiru posizio desberdinetan. Jaso eta kamera guztiek funtzionatu zuten arren, Olympus C-300 eta Pentax Optio 230 laginen baterietako estalkiaren belarria hautsi egin zen; Pentax Optio 330 laginari, bere aldetik, bisualizazio-pantailan arrasto bat egin zitzaion.

Taula guztiak, kameraz kamera, revista.consumer.es helbidean.

Zergatik, ordea, kamera digitala?

Kamera digitalak, konbentzionalak ez bezala, ez darabil bobina edo filmik, irudiak metatzeko memoria-txartela baizik. Horregatik, errebelatzerik ere ez da beharrezkoa. Argazkia egin den unean ikus daiteke kameraren pantailan bertan, irudia nola geratu den. Horrenbestez, erabiltzaileak hautatzen dituen argazkiak bakarrik gordeko dira.

Kamera analogiko (tradizional) edo digitalaren aldeko hautua egiteko orduan, funtsezkoa da nola erabiliko den zehaztu eta erabakitzea: egun, bataren kalitatea zein bestearena -ohiko erabileraz ari gara- berdintsuak baitira. Argazkien paperezko kopia eduki nahi bada, epe luzera filmekoak soil eta merkeago gertatzen dira. Gainera, erabiltzaileak ordenagailurik ez baldin badauka, horrelako modeloa da aukera bakarra.

Aparatu digitala eskuratzea komeni da, aitzitik, irudiak ordenagailuan landu nahi baldin badira edo, bestela, argazkiak pantailan (PC nahiz telebistakoan) ikustea nahikoa denean. Nolanahi ere, irudi digitalak paperean ikusteko aukera beti izango du erabiltzaileak: alearen prezioa errebelatze konbentzionalekoa baino garestiagoa izango den arren, argazki askori muzin egiten dietenentzat errentagarri gerta daiteke: kamera digitalarekin asetzen gaituzten argazkiak bakarrik inprimatuko dira. Argazki digitalen “errebelatua” dela eta, denda espezializatuek egiten dituzten eskaintzak hausnarrean ibiltzea komeni da, argazki-paperaren eta etxeko inprimagailuko tintaren prezio handiak kontuan izanda.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Erabilera arrunteko 8 argazki-kamera digital aztertu dira oraingoan. Horien prezioak 404 eurotik (Canon A40 eta Nikon E2500) 812,33 eurora doaz (Canon S30).
  • Kontsumitzaileari eskaini beharreko informazio eta babes, segurtasun elektriko eta bateragarritasun elektromagnetiko alorretan, behintzat, lagin guztiak zuzen daude.
  • Pentax Optio 330, Sony DSC-P71 eta Canon Power Shot S30 dira zehaztapen handienekoak. Olympus C-300 da bi memoria-txartel (16 eta 32 megabyte) dauzkan bakarra, hau da, hurrengoen hiru halako (Canon Power Shot S30, Sony eta Pentax etxeko bi modeloak). Denek daukate bisualizatzeko pantaila (1,5 hazbetetik 1,8 bitartekoa) eta ordenagailuarekiko USB konexioa (azkar eta erosoa).
  • Sony DSC-P71 laginaren alderdi nabarmenena: prestazio kopuru handia (13). Kamera guztiek bideoa grabatzeko aukera dute. Nikon da telebistan zuzenean irudiak ikusteko aukerarik ematen ez duena.
  • Minolta Dimage X laginaren ezaugarri azpimarragarria, arintasuna eta neurri txikiak; horrez gainera, funtzionaltasun eta ergonomian kalifikazio hoberenak irabazi zituen (5 puntutik, 4). Argazkien kalitatean hoberena Olympus C-300 izan zen, ondotik Canon Powershot S30 zetorkiola.
  • Canon Power Shot S30, Pentax Optio 230 eta Olimpus C-300 laginen osoko balorazioa “Oso ongi” izan zen; Canon A40 eta Pentax Optio 330 laginena, “Ongi”; eta Nikon, Sony eta Minolta markakoenak “Normal” agertu ziren.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Olympus C-300 laginak eskaintzen du: batez bestekoa (486,97 euro) baino merkeago izateaz gainera, argazkien kalitate bikaina eta memoria ahaltsua zituen ezaugarri nabarmenak.

Banan-banan

BANAN-BANAN

OLYMPUS C-300

  • 486,97 euro
  • Osoko balorazioa: Oso ongi.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Denetan handiena (117,5 x 66 x 49,5 milimetro). 5 kalitate-aukera. Bi memoria-txartel dauzkan bakarra (16 eta 32 megabyte). Pantaila handienekoa (1,8 hazbete). Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Erabilera bakarreko eta berriz kargatzeko pilak. Argazki arrunt eta xehapenekoan kalifikazio hoberenak eraman zituen (5 puntutik, 4 eta 4,8 puntu).

CANON Power Shot S30

  • 812,33 euro
  • Osoko balorazioa: Oso ongi.
  • Aukera polita. Denetan astunena (264,2 g.). Memoria-txartela: Compactflash, 16 megabytekoa. Pantaila handienekoa (1,8 hazbete). Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Distantzia fokalik txikiena (hobe). Diafragma-irekiera eta obturazio-abiaduraren arteko oreka onena (hobe). Bai flash teleobjektiboa, bai zoom optiko eta digitalak, ahaltsuenak. Argazki arrunt eta xehekapenekoen kalitatea, bigarren hoberena (5 puntutik, 3,8 eta 3,3), balorazio funtzional eta ergonomikoan bezala (3,8 puntu).

PENTAX Optio 230

  • 594,50 euro
  • Osoko balorazioa: Oso ongi.
  • Memoria-txartela: Compactflash, 16 megabytekoa. Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Bateria iraunkorrenak (205 minutu eta 391 irudi). Flash angeluar handirik ahaltsuena (0,7 – 5 metrora). Osagaien artean, pilak kargatzeko aparaturik ez.

PENTAX Optio 330

  • 649 euro
  • Osoko balorazioa: Ongi.
  • Bigarren garestiena. Pixel kopuru handienekoa (3,24 milioi). Memoria-txartela: Compactflash, 16 megabytekoa. Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Argazki konbentzionalen kalitatea, txarra: 3,1 puntu.

CANON Power Shot A40

  • 403,5 euro
  • Osoko balorazioa: Ongi.
  • Denetan merkeena. Memoria-txartela: Compactflash, 8 megabytekoa. Pantaila txikienekoa (1,5 hazbete). Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Distantzia fokalik txikiena (hobe) Zoom optikorik mugatuena. Osagaien artean, pilak kargatzeko aparaturik ez.

MINOLTA Dimage X

  • 479,33 euro
  • Osoko balorazioa: Normala.
  • Denetan txikien eta arinena (84 x 72 x 20 milimetro eta 134,4 g.). Pixel-kopuru txikienekoa (1,96 milioi). Memoria-txartela: 8 megabytekoa. Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Pantaila txikienekoa (1,5 hazbete). Iraupen urrieneko bateriak (65 minutu eta 126 irudi). Diafragma-irekiera eta obturazio-abiaduraren arteko orekarik txarrenekoa. Flash angeluarrik ahulenekoa. Nikon laginarekin batera, prestazio gutxien eskaintzen dituena. Hainbat prestazio (xehekapeneko argazkiak edota eskuzko erregulazioa, adibidez) eskaintzen ez dituen bakarra. Balorazio funtzional eta ergonomikoan, puntuaziorik altuena (5 puntutik 4).

SONY DSC-P71

  • 518,75 euro
  • Osoko balorazioa: Normala.
  • Bi kalitate-aukera baino ez. Memoria-txartela: 16 megabytekoa. Pantaila txikienekoa (1,5 hazbete). Argazkiak telebistan zuzenean ikus daitezke. Distantzia fokalik handienekoa (txarra). Prestazio gehien eskaintzen dituena. Balorazio funtzional eta ergonomikorik apalenekoa (3,4 puntu, 5etik). Argazkien kalitatea, “makro” moduan, balorazio txarrenekoa (2,5 puntu).

NIKON E-2500

  • 404,33 euro
  • Osoko balorazioa: Normala
  • Bigarren merkeena. Memoria-txartela: Compactflash, 8 megabytekoa. Pantaila txikienekoa (1,5 hazbete). Argazkiak ezin dira ikusi telebistan zuzenean. Bere flash teleobjektiboa, denetan ahulena. Prestazio gutxien eskaintzen dituena. Bisore optikorik ez daukan bakarra. Argazki konbentzionalen kalitatea, denetan okerrena (3,1 puntu, 5etik). Erabili eta mantentzeko argibide-liburuak balorazio onenak jaso zituen.