Lasagna eta kaneloiak

Prestatzeko errazak baina kalitate kaskarreko haragiz osatuak, gehientsuak

1 otsaila de 2000

Prestatzeko errazak baina kalitate kaskarreko haragiz osatuak, gehientsuak

Lasagna haragidun o lasagna bolognarren sei lagin (La Cocinera, Mantua, Buitoni, Findus, di Tradoli eta Manumar) eta kaneloi haragidun edo kaneloi italiarren beste sei lagin (Findus, Mantua, di Tradoli, La Cocinera, Freisa eta Manumar) aztertu dira. Denak ere, aurrez prestatu eta ultrajelatutako platerak dira.

Lasagna haragidun o lasagna bolognarren sei lagin (La Cocinera, Mantua, Buitoni, Findus, di Tradoli eta Manumar) eta kaneloi haragidun edo kaneloi italiarren beste sei lagin (Findus, Mantua, di Tradoli, La Cocinera, Freisa eta Manumar) aztertu dira. Denak ere, aurrez prestatu eta ultrajelatutako platerak dira. Lasagnen adierazitako pisu garbia 300 eta 750 gramo bitartekoa da eta prezioa, berriz, 612 eta 861 pezeta kiloko; kaneloi italiarrenak, aldiz, 300 eta 530 gramo eta 612 eta 858 pezeta kostatzen dira kiloko. Lasagna eta kaneloi merkeenak Di Tradoli dira eta garestienak, bietan ere, La Cocinera (nahiz eta marka honek, sustapen-kanpainan zegoelako, 133 gramo opari ematen zituen).

Aurrez prestaturiko plater hauen osagai nagusiak esnea (gaingabetua, batik bat), orea, haragia (txerriki, behiki edo oilaskoa), tomatea, landare-olioa eta ogi birrindu, gazta eta ongailu edo gozagarriak (sugabelarra, piperbeltza, usainkiak eta espeziak, adibidez) bezalako produktuak dira; nolanahi ere, lagin batetik bestera alde handiak nabaritzen dira. Produktuaren prestaketaren erosoaz gainera (mikrouhineko labean berotu besterik ez da behar), aurrez prestaturiko plater hauen bereizgarriak hurrengoak dira: kalori ekarpen ertain edo altua (115 eta 200 kaloria 100 gramoko), gantz-kopuruen desberdina (edukiaren %4a baino gutxiago baten batek eta %14tik gora besteren batek), aski den proteina-maila (edukiaren %6 eta %7,5 bitartekoa) eta, salbuespenak salbuespen, produktuaren prestakuntzan erabilitako haragiaren kalitate kaskarra. Bestetik, batzuek eta besteek aski gatz eta kaltzioa daukate (bexamelaren esneak eta gaztak) eta kolesterol-mailak apalak dira. Irregulartasun bakarra hauteman zen: Mantua markako kaneloi-laginak ez zuen gainditu azterketa mikrobiologikoa, bakterioek eraginiko poluzioa agertu baitzen (seguruenik, hotz-katea hautsi izanaren ondorioz), baimendutako mailaz gainetik. Haragi gehien zeukaten laginak Findus lasagna, Mantua markako biak eta la Cocinera markakoa ziren. Kalitate oneko haragia baliatzen duten bakarrak (ehun konektiboaren -tendoiak, nerbioak, etab- kopurua ez zen handiegia), berriz, Manumar markako biak, eta Di Tradoli eta Buitoni lasagnak. Kalitate txarreneko haragia Freisa kaneloietan hauteman zen.

Dastaketan denetik agertu zen: La Cocinera markako bi laginek 8na puntu lortu zituzten bitartean, kaneloietan bi suspentso (Manunar eta Di Tradoli) eta lasagnetan hiru (Mantua, Di Tradoli eta Manumar) banatu ziren. Nabaritutako akatsak izan ziren haragi-gustu urria, betekiaren ukitu irintsua, gazta- edo bexamel-eduki eskasa eta betekiaren lodieraren tamaina txikiegia. Lagin guztiak baloratu ondoren, lasagnetan Findus nabarmentzen da (merkea: 720 pezeta kiloko) kalitate-prezio erlazio hoberen gisa. Kaneloietan laginik gainontzekoetatik nabarmentzen ez bada, La Cocinera da aukera polita (dastaketan onena, askozaz ere), denetan garestiena bera den arren.

Lasagna bolognarrak

Haragiz beteriko lasagnak dira, hurrengo osagaiak dauzkatenak: orea, bexamela eta haragia. Marka zenbaitek haragi gehiago eta bexamel gutxiago eskaintzen dute, beste hainbatek, alderantziz. Proteinen edukia ez da asko aldatzen, marka batetik bestera: %6,5etik %7,6ra bitarte baizik ez; karbohidratoen aldea ere ez da handia, %13 eta %15 bitartekoa baita. Gantzetan, ordea, desmaila larriagoak izan ziren: Manumar laginaren %8,9tik Findus markakoaren %3,7 zihoazen kopuruak.

Betekian baliatutako orea eta animalia-jatorburuko produktuak (esnea, gazta, haragia) dira iturri nagusia; gantza, saturatu eta monointsaturatua da, batik bat, animaliena (betekiko txerriki, behiki edo oilaskoa), landare-olioak ere badituen arren horrelakoak. Karbohidratoak, berriz, almidoi eta karbohidrato konplexutzat agertzen dira. Lagin guztietan hauteman da almidoirik: %0,8tik (La Cocinera) %4,6ra (Buitoni) bitartean. Honen sorburua osakinetan edota erantsitako almidoietan datza. Elikagai honen energiaren erdia kasik gantzak ekartzen du: horrenbestez, gantz gehien duten laginak (Manumar, Buitoni eta La Cocinera) kaloria gehien dituzten berak dira: 100 gramoko 168, 136 eta 138 kaloria dituzte, marken arabera. Findus da kaloria gutxien eskaintzen dituena: 115 kaloria 100 gramoko, alegia.

Kaneloi italiarrak

Kaneloien osagarriak ere, orea, haragia eta bexamela dira. Proteinen kopurua %5,8tik (Di Tradoli) %7,5era (Freisa) doa. Karbohidratoena, %9tik (Findus, ore gutxien daukatenak) %14ra arte (Manumar). Gantzak gora-behera handiagoak erakusten ditu: %6,7 (Findus) eta %14 (Freisa) bitartean dabil. Horrek, kalorien kopuruan du eragin zuzena: Freisa markakoak 100 gramoko ia 200 kaloria dituen bitartean Findus lagina 124 kalorian geratu da.

Aurrez prestaturiko jaki gehientsuenak bezalaxe, lasagna eta kaneloi beteek gatz eta potasio ugari dute. Kaltzio eta fosforo-ekarle ugari dira, bestetik, baina burdinaren eduki apal samarra dute. A eta E bitaminetan nabarmentzen dira edota B1, B2, B3, B6 eta B12 bitaminetan ere poliki dabiltza. Produktu horien kolesterolak, berriz, ez gaitu kezkatu behar, osagaien arabera aldatzen bada ere.

Haragiaren etorburu eta kalitatea

Mantua (lasagna eta kaneloiak), Findus (lasagna) eta Di Tradoli (lasagna) laginek txerriki eta behikia nahasten dituzte; Manumar (lasagna eta kaneloiak), Freisa (kaneloiak) eta di Tradoli (kaneloiak) markakoek txerriki eta oilaskoa baliatzen dituzte; La Cocinera (lasagna eta kaneloiak) txerriki hutsekoa da eta Buitoni (lasagna) behiki soilekoa. Kasu guztietan ere, errealitatean dagoena eta adierazitakoa bat datoz. Baina Findus kaneloietan behikia bakarrik aitortzen den arren, txerrikia ere hauteman zen. Kontraesan horren zergatia, txerri-gibelaren patea osagarri gisa erabiltzearen ondorio izan litekeenez, etiketa zuzen legoke horrela izanez gero. Haragiaren jatorburua ez ezik, kalitatea ere aztertu da oraingoan: kolageno-proteina erlazioak ematen digu horren berri.

Kolagenoa ehun konektiboan (tendoi, nerbio eta antzekoetan, hau da, kalitate apaleneko haragia) oso ugari dagoen gaia da. Erlazio hori zenbat eta txikiagoa izan, okelaren kalitatea orduan eta hobea izango da. Haragirik hobereneko laginak Manumar (lasagna eta kaneloiak), Di Tradoli lasagna eta Buitoni lasagna izan ziren: denek ere, esandako erlazioan %10etik %12ra bitarteko baloreak erakutsi zituzten. Kalitate eskaseneko okela Freisa markako kaneloiek agertu zuten (kolageno/proteina erlazioa: %4); ondotik, Findus kaneloiak zetozen (%38koa). Legeriak ez du xedaturik zenbateko balioak diren onargarriak parametro horretan baina, txerriki xehatuaren eta behiki xehatuaren gehienekoak (%18 eta %15a, hurrenez hurren) erreferentzia harturik ondorioztatuko dugu Manumar lasagna eta kaneloiak, di Tradoli lasagna eta Buitoni lasagnaren okelen kalitatea zuzena dela. Hortaz, laginen herenak bakarrik darabil kalitate oneko okela. Gainontzekoek gehieneko balio horiek gainditzen dituztenez, kalitate kaskarreko haragia baliatzen dutela ondorioztatu behar dugu.

Gihar-ehuneko sustantzia den kreatinaren guztirako edukiak, produktuak zenbat haragi duen adierazten digu. Zenbat eta kreatina gehiago, hainbat eta haragizko proteina ugariago eta, hortaz, haragi gehiago. Lasagnetan baliorik garaienak Findus (4,3 mg/g), Mantua eta La Cocinera agertzen dira; kaneloietan, Mantua (4,3 mg/g) eta La Cocinera. Balio hauek eta egositako urdaiazpikoarenak (3,9 mg/g) antzekoak dira. Gainerako laginen balioak apalago baina berdintsuak ziren, Buitoni lasagnarena izan ezik: hauxe da lagin denetan haragi gutxien daukana (guztirako kreatina, 1,9 mg/g).

Glutamatoa: denek daukaten arren, bik bakarrik aitortu dute

Legez, gehienez ere 10.000 zati milioiko erabil daitekeelarik (baina, kalitate oneko produktuak erabiliz gero, alferrikakoa da), zaporearen indarkari den glutamatoa hamabi laginetan hauteman da. Baimendutakoa baino askoz ere kopuru txikiagotan atzeman da glutamatoa baina Di Tradoli (389 zati milioiko glutamato, hau da, beste lagin batzuen erdia baino gutxiago) kaneloiek eta Buitoni lasagnak (788 zm) bakarrik aitortzen dute aditibo hori dutela, bere osagaietan. Gainontzekoetan (adierazten ez badute ere, eduki badaukatelarik) glutamato horren agerpenaren zergatia, azken produktuaren laurdena baino gutxiago osatzen duen beste osagaietako batean (usainkarietan, adibidez) egotea izan liteke. Horrelakoetan legeak ez du fabrikatzailea behartzen gaia adieraztera. Balizko beste arrazoi bat, horren agerpena justifikatzeko, hein ñimiño batean bada ere: glutamatoa sortarazten duen okelako proteinen hidrolisi prozesua. Etiketan agertzen diren beste aditibo batzuk: emulsionatzaileak, egonkortzaileak eta antioxidatzaileak, denak ere baimenduak.

Kaneloi-lagin bat, osasun egoera kaskarrean

Lagin guztietan laboratorioko teknikariek E. coli, Salmonella, S. aureus, Clostridium perfringens, aerobio mesofilo eta enterobakterioen agerpena bilatu zuten. Lasagna bakar batek ez zuen agertu E. coli, Salmonella, S. Aureus edo Clostridium perfringens alerik ere, arauak xedatua duen bezala. La Cocinera, Mantua, Buitoni eta Manumar markako laginetan aerobio mesofiloak hauteman dira, baina kopuru onargarrietan. Buitoni eta Manumar lasagnetan enterobakterioak topatu zituzten, baina ez kezkatzeko moduko kopuruetan. Lasagnak, beraz, egoera onean zeuden.

Kaneloietan ere agertu ziren aerobioak Mantua, Freisa, Findus eta Manumar laginetan, baina Mantuan aurkituriko kopurua bakarrik izan zen kezkagarria, aerobio-kopuru oso altua agertzeaz gainera (hotz-katea hautsi izanaren ondorioz, seguruenik), enterobakterioak eta, areago E. Coli ere ikusten direlako bertan, arauak E.Coli alerik onartzen ez duen arren. Horrenbestez, Mantua kaneloien laginak urratu egiten du osasun legeria. Di Tradoli markakoetan enterobakterioak aurkitu ziren arren, kopuruak ez ziren kezkatzeko modukoak. Azterturiko germenen arrastorik agertu ez duten lagin bakarrak La Cocinera kaneloiak, Findus lasagna eta di Traboli lasagna izan ziren. Elikagai hauek desjelatuz gero ez dira berriro jelatu behar: horrela hotz-katea eten eta, ondorioz, produktuaren egoera mikrobiologikoa okertu egiten baita.

Etiketa, ongi baina akatsekin

Lagin guztiek agertzen dituzte etiketan adierazi beharreko datuak: produktuaren izena, osagaien zerrenda, eduki garbia, lote-zenbakia, iraungitze-data, fabrikatzailearen izen eta helbidea, prestatzeko modua eta etxean kontserbatzeko era. Adierazitako pisu bera edo handiagoa dute denek, La Cocinera markako biek izan ezik: hauek, 663 gramoko produktua dutela iragartzen badute ere, 626 gramo bakarrik du lasagnak eta 654 gramo baizik ez kaneloiek. Onarturiko gehieneko kopurua (30 gramo) gainditzen duenez, lasagnak urratu egiten du legeriak xedatutakoa. Produktuaren nutrizio-informazioa Findus, Di Tradoli, La Cocinera eta Buitoni marketako laginek bakarrik ezarri dute. Etiketako datuak eta laboratorioan neurtutakoak bat datoz, gantz eta kalorietan izan ezik: bi parametro hauetan, aitorturiko balioak CONSUMERek neurtutakoa baino altuagoak dira, Findus markako lasagnarena batik bat: edukiaren %7,1eko gantza duela adierazten duen arren %3,7 besterik ez du eta.

Dastaketan, denetik

Lasagna zein kaneloien laginak dastatzaileei eskaini aurretik, fabrikatzaileak etiketan aholkatzen duen denboraz (10-15 minutuz) mikrouhin labean berotu ziren. Baloratu ziren parametroak hurrengoak izan ziren: itxura (gazta eta bexamelen kopurua, betekia, betekiko haragi xehatuaren lodiera, betekiaren kolorea), zaporea (orearena, betekiarena, betekian bestelako zaporeen agerpena) eta ahoko ukitua (betekiaren bikortasuna). Lasagnetan, bexamel eta gazta ugari zuten haragi-zapore sakon eta ukitu bikor samarrekoak izan ziren nahienak. Gehien gustatu zitzaiena La Cocinera (8 puntu) izan zen; ondotik, Buitoni eta Findus zetozkion, 6na punturekin. Gainontzekoak ez ziren aprobaturaino iritsi. Mantua laginak 4 puntu, Tradoli-k 3 eta Manumar markakoak, 2 puntu besterik ez zuen lortu.

La Cocinera laginak haragi-zapore sakoneko betekia zeukan, beste hainbat zaporerekin (tomatea, tipula, piperra) aberastua; horrez gainera, marka horretako haragi xehatua izan zen balio handienak jaso zituena. Kaneloietan, ostera, kolore gorriska, zapore sakon eta ukitu bikortsuko produktua nahiago izan zuten dastatzaileek, gazta ugari zuena bereziki baloratu zutelarik. La Cocinera (8 puntu) bakarrik izan zen mahaikideak asebetetzeko moduko produktua. Mantua, Findus eta Freisa bost puntutan geratu ziren. Beste bi laginak ez ziren aprobatura ere iritsi. Bai lasagnetan bai kaneloietan ere, dastatzaile gehien “etxekotzat” jo zuten produktua La Cocinera markakoa izan zen.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Lasagna haragidun edo lasagna bolognarraren sei markatako laginak eta beste sei, kaneloi haragidun edo italiarrenak, aztertu dira. Aurrez prestatu eta ultrajelaturiko platerak dira horiek denak.
  • Lasagnen adierazitako pisu garbia 300 eta 750 gramo bitartekoa da eta prezioa, ordea, 612 eta 861 pezeta artekoa, kiloko. Kaneloien pisuak 300 eta 530 gramo bitartekoak ziren eta prezioak, azkenik, 612 pezetatik 858 pezetara artekoak, kiloko. Lasagna eta kaneloi merkeenak Di Tradoli dira eta garestienak, La Cocinera (azken marka honek, sustapen-kanpainan zegoela, 133 gramo “oparitan” ematen zituen arren).
  • Osagai nagusiak: esnea, orea, haragia (txerrikia, behikia edo oilaskoa), tomatea, landare-olioa, eta beste batzuk: ogi birrindua eta gazta, esate baterako; eta ongailuak, azkenik: sugabelarra, piperra, usainkiak eta espeziak.
  • Produktu hauen kalori ekarpena ertainetik altu bitartekoa da (115-200 kaloria 100 gramoko); gantz-edukia, desberdina lagin batetik bestera (%4-%14) eta proteina-maila, ertaina (%6-%7,5). Bexameleko esnearen eta gaztaren ondorioz, kaltzio eta gatz ugari daukate eta kolesteroletan, azkenik, apal-apalak dira.
  • Haragi gehien duena: Findus lasagna eta Mantua eta La Cocinera marketako bi laginak. Kalitate oneko haragia baliatzen duten bakarrak (ehun konektiboa proportzio ez larriegian): Manumar markako bi produktuak eta Di Tradoli eta Buitoni lasagnak. Kalitate kaskarreneko haragikoa: Freisa kaneloiak.
  • Mantua kaneloien laginak, onarturiko kopuruak gainditurik, bakterioen bidez kutsatua.
  • Dastaketan, denetik: La Cocinera markako bi produktuak 8na puntuz eta bost suspentso: Manunar eta Di Tradoli kaneloiak eta Mantua, Di Tradoli eta Manumar lasagnak. Akatsak: haragi-zapore motela, betekiaren ukitu irintsua, gazta edo bexamel gutxi eta betekiaren lodieraren txikia.
  • Lasagnetan, kalitate-prezio erlaziorik onena Findus markakoak eskaini zuen. Kaneloietan, azpimarkatzeko laginik ez; halaz ere, La Cocinera aukera polita da.

Banan-banan

Lasagna bolognarrak, banan-banan

Findus

  • 520 gramo. Merkea, 720 pezeta kiloko. Kalitate-prezio erlaziorik onena.
  • Bexamel gehien zuen bigarrena. Txerriki eta behikia. Haragi gehien darabilena, baina kalitate kaskarrekoa. Kaloria eta gantz gutxienekoa (%3,7).
  • Dastaketan, 6 puntu: “Haragi eta ore-zapore sakona.
  • Betekia: kolore gorriska eta bikortasun atseginekoa”.

La Cocinera

  • 530 gramo, gehi 133 gramo opari. 861 pezeta kiloko, garestiena.
  • Bexamel gehien (ia %70) baina ore gutxi-gutxikoa (%15). Haragi (txerriki) ugari, baina kalitate kaskarrekoa. Almidoi gutxienekoa.
  • Dastaketan, 8 puntu, onena: “Betekia: haragi-zapore sakona, ukitu bikortsu atsegina. Etxekoa”.

Buitoni

  • 500 gramo. 812 pezeta kiloko. Kalitate oneko behiki gutxi (haragi gutxien daukana da, denetan).
  • Almidoi gehien daukana.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Bexamel ugari. Haragi-zapore ez oso sakona.
  • Betekia: urri samarra, kolore gorriska eta ukitu politekoa”.

Mantua

  • 750 gramo. 712 pezeta kiloko. Ore gehien daukana.
  • Haragi (txerriki eta behikia) gehien duen bigarrena, baina kalitate kaskarrekoa.
  • Dastaketan, 4 puntu: “Bexamel eta beteki-edukien banaketa egokia.
  • Beteki urriaren zaporea, ukitu onekoa”.

Di Trádoli

  • 400 gramo. 612 pezeta kiloko, merkeena.
  • Txerriki eta behiki gutxi, baina kalitate onekoak.
  • Dastaketan, 3 puntu: “Bexamel gutxi, betekiaren tamaina finegia, ukitu irintsua, betekiaren zaporea, motelegia”.

Manumar

  • 300 gramo. 800 pezeta kiloko, garestienetako bat.
  • Gantz (%8,9) eta kaloria (168 kaloria ehun gramoko) gehien daukana. Kalitate oneko txerriki eta oilaskoa.
  • Dastaketan, 2 puntu, txarrena: “Kolore arreko beteki ugarikoa, haragi-zapore ertaina baina espezia-zapore biziegia; ukitu irintsua”.