Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Etxeko istripuak : Prebentzioa, ezinbesteko

1999 urtean Estatu espainiarrean 830.946 etxeko istripu gertatu ziren guztira, gehien-gehienak erorikoak eta su-hartzeak izaten dira, baina asfixia eta pozoitzea ere goiko tokietan agertu ziren. Honelako ezbehar gehienetan kalteturik gertatzen diren biktimak defentsarik ez duten pertsonak dira: haur txikiak eta zaharrak, alegia. Estatu espainiarreko etxeetan gertatzen diren istripuen %13an adin handiko pertsonak daude inplikaturik, ezbeharren zergati ohikoena erorketa izanik

Etxeko istripurik ez gertatzeko aholku praktikoak

  • Alfonbrak: eduki alfonbrak zabal-zabal, eta ipini azpialdean ez labaintzeko zinta. Ez ezkutatu argindarreko edo bestelako haririk sofa edo alfonbren azpian.
  • Entxufeak: materiala ilundu edo berotu baldin bada, aldatu pieza osoa. Ez lotu aparatu asko entxufe berean, tentsio txikikoak badira ere. Itzali zeharo telebista, musika-katea eta bideoa.
  • Bero-iturriak: altzari, gortina eta tapizerietatik gutxienez metro batera egon behar dute. Adierazitako tenperaturara iritsitakoan berez itzaltzen diren termostatodun bero-iturriak erabiltzea komeni da, aukeran. Sei metro karratu baino azalera txikiagoetan edo sotoetan ez erabili gasezko estufarik. Egurastu ondo tokia eta, orduero itzali estufa, airea zeharo berriztatu arte. Tokian giro goxoa baldin badago, eduki estufa behereneko posizioan. Hobe da orain itzali eta, tenperatura jaitsitakoan, ostera piztea. Inor ez dagoen gelan ez utzi kandela ez zigarro pizturik ere. Eskatu aire edo ur beroa ematen duten aparatu guztien azterketa teknikoa egin dezaten. Gasezko berogailu eta estufetan, hiru urtez behin azterketa egitea komeni da. Fuel-olio edo ikatzezkoetan, berriz, urtero-urtero (uda partean, ahal bada).

    • Jaitsi pertsianak bi eskuekin, piskanaka. Pertsiana handien bat-bateko jaitsiera latzek lesioak sor ditzakete erabiltzailearen eskuetan. Aparatu elektrikoen gainean ez da inola ere utzi behar ura daukan ontzi, lorontzi edo gauza sintetikorik.
    • Ahal delarik, aukeratu ura daukaten hautsontzi zabalak. Ez hustu hautsontziak, aurretik ur pittin batez bertakoa busti gabe.
  • Landareak: informa zaitez etxe barruko landareez, hau da, toxikoak diren edo narritadurarik sortarazten duten. Erabili intentsitate apaleko intsektu- eta izurrite-hilkariak; pulberizatu ondoren egon zaitez tartetxo batez, gelan sartu aurretik. Barroteak: batetik bestera tarte txikia eduki behar dute, haurraren burua horietan sar ez dadin.
  • Aire egokitua: egin itzazu zehazki eta puntualtasun osoz aldian behin egin beharreko azterketak eta filtroen zein kondentsadoreko ura drenatzeko hodiaren garbiketak. Giro egokitu zuzena 20 eta 24 graduko tenperaturakoa da, hezetasun erlatiboa %35etik %50era bitartean.
  • Elementu zulatzaileak: ohitu zaitez artazi, jostorratz eta gainerako orratzak bere toki egokietan gordetzen, umeen pasabideetatik urrutiko bazter batean. Ez da komeni etxean oinutsik ibiltzea, oinetan zauri txikiak eragin ditzakezulako. Hobe da altzari, kaxoi eta antzekoek ertz biziak ez izatea. Era berean, etxetresna elektrikoak eta altzari guztiak sendo kokatu behar dira, erraz mugi ez daitezen.
  • Logelak: Ez bildu leiho azpietara elementu apalak (kutxak, oheak, etab), hauek umeek balia ditzaketelako gora igotzeko. Ipini gorago leihoko karel edo eskubarandak, pertsona helduaren gerriaren parean ez badaude.
  • Literak dauden logeletan, goiko ohera igotzeko eskailerak finko egon behar du. Igo eta jaisteko, umeak eskuak heldulekuetan ezarri behar ditu. Babes-karelak erabat finko eta haurraren gorputz osoa babesturik geratu behar du, erorketarik gerta ez dadin. Ume txikiak baldin badituzu, kendu haien eskueratik botikak, bitxiak eta gauza txikiak. Zer esanik ez, ez eduki etxean su-armarik kargatuta, ez segurua jarririk, ez beste inola ere. Botikineko sendagai guztiek etiketa behar bezala eduki behar dute. Era berean, produktu toxikoek ere argi eta garbi zer den dioen etiketa eduki behar dute.

Bainugelan:Ipini lababoaren eta baineraren aurrean alfonbra zurgatzaileak. Eduki zorua lehor. Baineran sartu zarela, zapaldu beti labaingarri ez diren elementuetan eta jarri bainera edo dutxaren horman helduleku bat, sartu edo bertatik irtetean aparatu horiei heltzeko. Utzi toaila dutxa edo baineratik gertu: baineratik gehiegi luzatzeak istripu larria ekar diezazuke.

Bainera aldeko goiko azulejoak garbitzeko ez da zertan haren gainera igo, ezta bainera barnean eskailerarik ipini ere. Hobe da garbigailua luzatzen duen kirten luzea edo beste brus zein lanbas bat erabiltzea. Argi-puntuak garbitzeko unean kontuan izan enkastraturik dauden argi-begiak oihal lehor batekin egin behar direla, oinetako isolatzaileak dauzkazula. Bainugelako argiteria hondatzen bada, jarri horren ordez toki hezeetarako berariazko fokuak.

Gainera eta dutxetan entxufe eta aparatu elektrikoak jartzea debekatuta dago: bertatik 2,25 metroko distantzia errespetatu behar da. Baineratik metro bateko distantziaraino etengailuak jartzea ere debekatuta dago. Potentzia urriko aparatua entxufatzean baizik tentsioa jasotzen ez duten argindar-hartuneak bakarrik ezarri ahal izango dira. Bainugela berotzeko, erabil itzazu zipriztinak pairatzen dituzten berariazko berogailuak. Bestela, elektrifikazioak sor daitezke.

Bainugelan ez piztu inola ere butano edo erregai likidoa duen berogailurik. Bainugela garbitzean, itxi ongi garbikarien ontziak, alferrikako isuririk edo okerreko erabilerarik gerta ez dadin. Bainugela garbitzeko produktuak ez utzi baineraren edo lababoaren atzealdean, toki horretara haurrak erraz irits daitezke eta. Ez gorde garbikariak edo produktu toxikoak koloretako edo itxura atsegineko ontzietan. Depilatzeko ezkoa duen aparatua pizturik dagoela ez irten bainugelatik: produktu hori suharbera izateaz gainera, gas toxikoak isurtzen ditu. Depilazioa egin aurretik, egiazta ezazu argizariaren tenperatura eskuarekin, erredurarik gerta ez dakizun. Laka, desodorantea edo alkoholdun aparra erabiltzen ari zaren bitartean, ez erre. Produktu horiek aplikatu berri direla ere, ez da surik piztu behar.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak