Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Etxeko istripuak : Prebentzioa, ezinbesteko

1999 urtean Estatu espainiarrean 830.946 etxeko istripu gertatu ziren guztira, gehien-gehienak erorikoak eta su-hartzeak izaten dira, baina asfixia eta pozoitzea ere goiko tokietan agertu ziren. Honelako ezbehar gehienetan kalteturik gertatzen diren biktimak defentsarik ez duten pertsonak dira: haur txikiak eta zaharrak, alegia. Estatu espainiarreko etxeetan gertatzen diren istripuen %13an adin handiko pertsonak daude inplikaturik, ezbeharren zergati ohikoena erorketa izanik

Istripu ohikoa gertatuz gero, nola jardun

  • Pozoitzea. Horrelakoa gertatzen den guztietan, lehenbailehen pozoia identifikatu eta osasun-asistentzia eskatu beharra dago. Biktima konortea galdurik baldin badago, egin itzazu ahaleginak zer hartu zuen jakiteko: pertsona horrek inguruan dituen botila sumagarriak jaso beharko dituzu. Saia zaitez zenbat pozoia eta zer ordutan hartu zuen ezagutzen. Konortea badu, ahalegindu pozoia gomita dezan, non eta likido korrosiboa ez den (azidoa, alkalinoa, petrolioa, etab.): horrelakoetan, irenstean produktuak esofagoa erre egin du baina, orain, ostera goraka etortzean berriro ere erre dezake. Garbitu ahoa eta ezpain-ertzak urez baina ez eman deus edatera. Okadarik jazotzen bada, jaso ezazu lagin bat, aztertua izan dadin. Begira etengabe pozoitutako pertsona horren taupadak eta arnasketa eta, beharrezkoa balitz, eragin arnasketa artifiziala. Toxikazioa gasaren erruz gertatu bada, ez sartu gelan behar bezalako tresna egokiak eta pertsona aditu baten laguntza gabe.
  • Elektrokuzioa.Korronte elektrikoa gizakiaren gorputzean zehar igarotzearen ondoriozko egoera da (batzuetan heriotzaraino irits daitekeena). Horrelakoetan, lehendabizi argindarra eten, kendu beharra dago, zure burua ere kalteturik gerta ez dadin ahaleginduz. Argindarra ken dezakezu kontagailuko etengailu nagusitik edo, hori ezinezkoa balitz, entxufetik nahiz haritik tiraka. Kontuan izan biek lehor-lehor egon behar dutela eta zu zeu ere azalera lehorrean. Eskuarekin lortzerik ezin baduzu, beste zeinahi tresna lehorren laguntza har dezakezu, aparatu metaliko edo elektrikoa ez bada, behintzat. Argindarra eten ezean, ez duzu biktima ukitu behar. Argindarra kendu ondoren, arnasketa eta bihotza geldirik baldin baditu, lehenbailehen eta azkar jardun behar duzu, bihotz-masajea eta ahoz ahoko arnasketa eraginez. Biktima arnas hartzeko gauza bada eta konorterik gabe baldin badago, lasaitu haren arropak eta ezarri eroso. Nolanahi ere, ahalegin zaitez anbulantzia ekartzen eta, iritsi bitartean, eduki biktima burusi batekin babesturik.
  • Erredurak.Hamaikatxo arrazoirengatik gerta daitezke erredurak: sua, argindarra, gai, likido edo solido bero-beroak, lurruna eta produktu kimiko korrosiboak dira su-iturri arruntenak. Erreduraren larritasuna, kalteturiko alderdiaren eta hedaduraren araberakoa da: batzuetan gorritze arin bat besterik nabaritzen ez den bitartean, larru-azalean babak sortu edo azal-geruzak suntsiturik jazo daitezke istripu larrietan. Sua dagoenean eta biktima garretan baldin badago, burusi edo arropa ez sintetikoetan bildu behar duzu. Sua itzaliz gero, ez kendu arroparik; garastatu erretako alderdia ur hotzez, tenperatura eraisteko. Biktima likido bero edo substantzia korrosiboekin erre baldin bada, arropa kendu eta, hamar minutuz, ur fresko ugaritan garbitzea komeni izaten da. Ez igurtzi azala, orduan eta kalte handiagoa eragin zenezake eta. Kalteturiko azalera posta-zigilua baino handiagoa bada, galdegin sendagileari: erredura horren larritasuna dirudien baino handiagoa izan daiteke eta, haurren kasuan batik bat. Erreduraren azalera handia bada, deitu berehala anbulantzia etor dadin.
  • Gorputz arraroak irenstea. Kontu jakina denez, adin txiki-txikiko haur gehienek ukitzen duten guztia ahoratu egiten dute. Horren ondorioz hamaikatxo istripu agitzen dira egunero: horien larritasuna, irentsitako gauza edo produktuaren izaeraren araberakoa izango da, noski. izango da, noski. Gauza leun, txiki eta biribila baldin bada, haurrak ohiko elikabidea egin dezake, baina gorozkiak begiratu behar dira, gauza hori bota duen egiaztatzeko. Umea oraindik bi urte bete gabea bada, hoberena pediatrari dei egitea da. Lehenbailehen medikuarengana jo beharra dago, ezinbestez, gauza zorrotza edo muturduna baldin bada edo, irentsi ordez, biriketara joan bazaio. Ez eman deus jateko, ez edateko ere. Haurra txiki-txikia izanik, itomena gertatzen baldin bada, hartu orkatiletatik buruz behera eta eman zapladatxoak omoplatoen tartean. Eraginik ez badu, deitu sendagileari eta egin ahoz-ahoko arnasketa.
  • Sudur edo belarrietan. sarturiko gorputz arraroak. Sudurrean sartu den objektua txiki eta leuna baldin bada, sudur zuloetara piperbeltza hurreratzea aski izango da: horrela sortaraziko dugun usin edo doministikuak objektu hori botarazi egingo du kanpo aldera. Eraginik ez badu, jo sendagilearengana. Belarrian sartu dena intsektua baldin bada, baduzu ateratzen saiatzeko aukera, oliba-olio tanta batzuk belarri ertzetik sarraraziz: horrek intsektuaren mugimenduak geldiaraziko ditu eta kanporatzea erraztuko du. Olioak emaitza mesedegarririk eskaintzen ez badu edo, intsektua izan ordez, beste zeinahi gauza baldin bada, ez ahalegindu hura ateratzen, zure entzumenaren kalterako izan daiteke eta. Deitu medikuari.

Haurren segurtasuna ez da jolasa

Ingurunea ezagun ez duen neurrian, haurrak sekulako ezbeharrak sor ditzakeenez, ahalegina egin beharko dugu beti pertsona heldu edo arduradun baten zaintzapean egon daitezen, oinarri-oinarrizko segurantzi neurriak hartzeaz ahantzi gabe.

Zaharrekin ere, kontuz

  • Oinez ibiltzean segurantzia handirik ez badute, ez dute igogailuan bakarrik ibili behar.
  • Zaharrak maiz dabiltzan pasiloetan heldulekuak jartzea ez da gehiegizko neurria.
  • Dutxan ere heldulekua eta oinarri ez labaingarria ipintzea komeni da.
  • Etxea behar bezala argiztaturik egon dadin ahaleginak egin behar dira. Etengailuak eskura egongo dira eta erraz maneiatzeko modukoak izan behar dute.
  • Arropa eta premiazko gauzak eskueran eduki behar dituzte zaharrek, gehienez ere metro batera edo.
  • Terraza edo lorategiko baldosek azalera zimurtsua edukiko dute, labainketa eta erorikorik gerta ez dadin.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak