Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Etxeko istripuak : Prebentzioa, ezinbesteko

1999 urtean Estatu espainiarrean 830.946 etxeko istripu gertatu ziren guztira, gehien-gehienak erorikoak eta su-hartzeak izaten dira, baina asfixia eta pozoitzea ere goiko tokietan agertu ziren. Honelako ezbehar gehienetan kalteturik gertatzen diren biktimak defentsarik ez duten pertsonak dira: haur txikiak eta zaharrak, alegia. Estatu espainiarreko etxeetan gertatzen diren istripuen %13an adin handiko pertsonak daude inplikaturik, ezbeharren zergati ohikoena erorketa izanik

Haurren istripuak

Entxufe, estufa, zoru labaingarri, aparatu elektriko, eskailera, produktu toxikoak… beti eskura: etxebizitza bera da haurrek istripu gehien pairatzen dituzten tokia: 5 urtetik beherakoen ezbeharren %54 etxean bertan agitzen dira.

Etxe barruan, haurren ezbehar-kopuru gaitzaren arrazoi nagusia toxikazioak dira eta, ia den-denak, ustekabean jazotzen dira. Espainiako Toxikologiako Institutu Nazional erakundearen arabera, adin txikikoen toxikazioetan zerikusi nagusia duten produktuak botikak dira (kasuen %38an), ondotik garbiketa-produktuak (%32) datozela; urrutixeago kosmetikoak (%9) eta etxeko produktuak (%9) agertzen zaizkigu. Toxikazio guztien %90 inguru ahoz gertatzen dira; gainontzekoak larru-azalari, aho-, begi- eta sudur-mukosari, arnas-bideei dagozkie eta, askotan, bide bat baino gehiagotik eginiko kutsaduren ondorio izaten dira.

Estatistikek dioskutenaren arabera, 3 urte bitarteko umeak dira toxikazio gehien nozitzen dituzten pertsonak. Adin horretatik aurrera, toxikazio-kopurua jaitsi egiten da eta 14 urte inguruan atzera igoko da berriz, neurri apalxeago batean. Haurren istripuen zergati nagusiak dira, nola ez, garraioa, igerilekuak eta erorikoak, gehienetan halabehar, ustekabe, axolagabekeria edo ausarkeriaren ondoriozkoak.

Haurren segurtasuna ez da jolasa

Ingurunea ezagun ez duen neurrian, haurrak sekulako ezbeharrak sor ditzakeenez, ahalegina egin beharko dugu beti pertsona heldu edo arduradun baten zaintzapean egon daitezen, oinarri-oinarrizko segurantzi neurriak hartzeaz ahantzi gabe..

Sukaldean

  • Eduki haurren eskueratik kanpo lixibak, garbiketa-produktu eta gai toxiko guztiak.
  • Produktu arriskutsuak gordetzen dituzun armairuetan ipini ezazu segurtasun sarraila.
  • Ez utzi haurraren eskura labana, guraize edo bestelako tresna zorrotz edo ebakitzailerik.
  • Labea goialdean kokatu behar da. Horrela ez badaukazu, piztuta dagoela, zaindu haurra labeko ate aldera gertura ez dadin.
  • Saia zaitez eltze eta paderen kirtenak barrualderantz uzten; ahal izanez gero, ibili barreneko sutegietan. Arropa-garbigailuak, irekialdia geroratzeko aparatua eduki behar du. Geldirik dagoen bitartean, eduki atea itxita. Plantxa pizturik dagoela, ibili arreta bereziz. Hiru urte bitarteko haurretan ohi-ohiko istripua izaten da erredura.

Bainugelan

  • Eduki beti eskura lehen uneko asistentzia egiteko botikina. Begira botiken muga-datak eta eduki haurren eskueratik kanpo, nolanahi ere.
  • Gogoan izan ezazu itotzea dela haurren heriotza eragiten duen bigarren istripu mota. Jarri baineran alfonbra ez labaingarria eta, umea ttiki-ttikia bada oraindik, ezarri eserita segurantzi eraztun batean.
  • Ez utzi lababoan bizar-aitzurrik, guraizerik, kosmetikorik…
  • Ezarri komunean segurantziako estalkia. Uretara amoniakoa edo lixiba botatzen baduzu, ez utzi umerik hurreratzen eta tira beti kateari: produktu horien lurrunak toxikoak dira eta.
  • Kontuz zorua bustita dagoenean, horrelako azalera gogorretan erorikoak arriskutsuak direlako.

Lorategian

  • Ez utzi behin ere haurra bakarrik, zaindaririk gabe, igerilekutik gertu. Kontuz arazkailu eta filtroekin. Erne ibili, ertzetik hurbil erorketarik gerta ez dadin.
  • Ardura zaitez bereziki lorategiko lanabesez, jostailu arriskutsu bihur daitezke eta.
  • Ez utzi zabor edo zakar sakabanaturik; era guztietako produktu kimikoak (intsektu-hilkariak, ongarriak, simaurra, igerilekuetarako kloroa, etab.) erabili ondoren, gorde itzazu toki seguruan.
  • Leihoan edo negutegian kristalik hausten denean, jaso berehala pusketak eta jarri beira berria lehenbailehen.
  • Landare batzuen fruitu gorri erakargarriak hagitz pozoitsuak izan daitezke. Argi ibili arrosaren arantzekin ere.

Etxeko beste geletan

  • Galarazi leihoetarako irispide guzti-guztiak. Hori ezinezkoa balitz, blokeatu leihoak, haurrak bertara irten ez daitezen. Balkoietako eskubarandek altu eta estuak izan behar dute.
  • Eskaileretan ipini hesi babesleak. Erorikoak bereziki arriskutsuak dira.
  • Babestu kuxinekin altzarietako mutur eta izkinak eta ezarri segurantzi sarrailak kaxoi eta armairuetan.
  • Ezarri labainduren kontrako zinta alfonbren azpian.
  • Urrundu haurren eskueratik estufa eta berogailuak, ume txikiak bizi diren etxeetan ez baitira batere komenigarriak. Beheko sua baldin baduzu, estal ezazu babes-sareskarekin.
  • Kontuz entxufeekin, bereziki. Babes itzazu hauek berariazko estalkiekin.
  • Egiaztatu jostailuek ez dutela erraz galtzeko moduko pieza txikirik.
  • Arakatu sofa eta besaulkiak, egiaztatu ahoan sartzeko moduko gauza txikiak (botoiak, txanponak) ez daudela bertan ahantzirik.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak