Trafiko istripuak eta asegurugileak

Parte ematea korapilatsu bihurtzen denean

Ezbeharren kasuistika ugari izateak eta aseguruaren baldintzak guk ez ezagutzeak, parte ematea eginkizun zail eta korapilatsu bihurtzearen zergatia
1 otsaila de 2002

Parte ematea korapilatsu bihurtzen denean

Dirudienaz beste aldera, automobilaren asegurua kontratatzea -eginkizun hau (behar bezala egin nahi badugu, behintzat) betetzeko, konpainia asegurugile bat baino gehiagoren estaldurak, baldintzak eta tarifak jaso eta alderatu behar ditugu, noski- aseguratzaileekin dugun harremanaren etaparik errazena da. Seguruenik, lehendabiziko istripu parteak iragarriko dio erabiltzaileari hautapen ona egin duen ala ez, konpainia aseguratzaileak kontratatu dituen estalduren arabera erantzun beharko baitu. Estreinako parte hori, beraz, aurkikuntza bihur daiteke bezeroarentzat: indemnizazioen mugak topatuko ditu eta, horrekin batera, letra txiki eta aldrebes bezain ez irakurrian agertzen diren espero gabeko salbuespenak eta zor zaizkion diru kopuruak jasotzeko epe eta bestelako baldintzak gorpuztuko dira.

Estatu espainiarrean jazotzen diren istripuen kopuru handia (2000 urtean Europako batez bestekoa gainditu zuten espainolek, horrek konpainia asegurugileei 6.000 milioi euro patrikatik ateratzea ondorioztatu zielarik) eta istripuen kasuistika luze eta anitza kontuan izaki, hobe du erabiltzaileak bere bizitzari ordu erdia kentzea polizan agertzen diren klausulak arretaz irakurriko baditu. Horrela jakingo du zer egin behar den inoiz edo behin bakarrik gertatzen diren egoeretan (asegururik gabeko ibilgailu batek talka egin badu berearekin, esate baterako), bere automobila lapurtu eta hondaturik agertzen bada erantzukizunak nori eskatu behar zaizkion edo, laguntza juridikoaren premia izanda, bere konpainiako abokatuen jokaerarekin mesfidati dagoela, bere kabuz beste baten zerbitzuak kontratatzea erabakitzen baldin badu. Aseguruak Konpentsatzeko Kontsortzioa. Estatuko erakunde honek, aseguru konpainiek inola ere onartuko ez lituzketen (ezbeharren izaria itzelagatik, edo: katastrofe naturalak, terrorismo ekintzak, arrisku nuklearrak, etab.) aparteko arriskuen eta bestelako salbuespenetako (istripu ugari edo eskergak nozitzeko ahaltasuna dela medio, asegurugileek kontratua egiteari uko egin dioten kasuetan, Estatuko ibilgailu ofizialak, etab.) zuzeneko aseguratzaile-eginkizunak betetzen ditu. Zeharkako asegurugiletzat ere badihardu, derrigorrezko aseguruaz subsidiarioki arduratzen delarik (konpainiak kiebra jo duenean edo ezezagunen ibilgailuak beste norbaitena hondatzen duenean, esate baterako). Gertaera horiek ordaintzeko dirua kutxa komun batetik ateratzen du Kontsortzioak eta, guk hori ez badakigu ere, ordaintzen dugun poliza edo primaren zati bat kutxa horretara doa.

Nola jardun hainbat egoeratan

Istripuen zergatiak era guztietakoak direnez, ezbeharra segun eta nola gertatu den eta inplikaturiko ibilgailuen aseguratzaileek nolako jarrera hartzen duten, parte huts bat amaigabeko erreklamazioaren hastapena izan daiteke, zenbaitetan.

Talka eginik, ibilgailu errudunak ihes egin du. Erreklamazioa egiteko ezinbesteko elementua da ihes eginiko ibilgailu horren matrikula izatea. Datu hori eskuan, lehendabizi Herrialdeko Trafiko Buruzagitzaren bidez eta, ondoren, Aseguratutako Ibilgailuen Fitxategi Automatikoaz baliatuz, asegurugileak istripua sortarazi duena eta bere aseguratzailea zein diren jakin ahal izango du. Konpainia horri dagokio, jakina, ezbeharraren ondoriozko indemnizazioak ordaintzea. Ihes eginiko ibilgailua zein den jakiterik ez badago, Aseguruak Konpentsatzeko Kontsortzioak beregain hartuko du ibilgailu iheslari horrek eragindako kalte materialengatiko (ez, ordea, kalte pertsonalengatiko) diru-ordaina. Lapurtutakoa balitz edo asegururik ez balu, Aseguruak Konpentsatzeko Kontsortzioak kalte materialak ez ezik pertsonalak ere indemnizatu beharko lituzke.

Konpainia asegurugileak ez datoz bat. Konpainiek, aseguratuak emaniko datuen arabera kudeatzen dute ezbeharra. Informazio argi eta zehatza -ezbeharra gertatzeari buruzkoa, bereziki- funtsezkoa izaten da partea behar bezala bideratuko bada. Istripuan inplikaturiko ibilgailuen aseguratzaileak hitzarmenik adostera iristen ez badira eta eskuragarri dauden frogen arabera, baliteke bide judizialeko tramitazioari hasera ematea.

Ezbeharraren errudunak ez du bere burua aintzat jo eta, hortaz, konpainiak ordaintzeari uko egin dio. Ezbeharraren erruduna nor izan den gidariak frogatzerik ez badu (hau da, beste gidaria errudun dela frogatzeko testigurik edo beste biderik ez badu), berak ordaindu beharko ditu kalte materialak (arrisku orotarako asegurua baldin badu, parte emateko aukera ere hor dauka).

Bidaian doala, sabaiko parrillatik erorita, maletak jabearen ibilgailua eta atzetik zetorrena jo ditu. Beste ibilgailu bati eragindako kalteak Erantzukizun Zibileko aseguruak (“hirugarrengoetarakoak”) estaltzen ditu. Norberaren ibilgailuan eta ekipajean eragindako kalteei dagokienez, kontrataturik dauden estaldura osagarrien arabera egingo dira ordainketak. Derrigorrezko aseguruak, norberak garraiatzen dituen gauzek jasaniko kalteak salbuetsiak ditu. Kasu honetan, beraz, norberaren kalteak estaltzeko edo bidaiako laguntza-poliza (ekipajearen galdera edo hondamena estaliko lukeena) kontratatu baldin bada bakarrik egin liteke erreklamazioa.

Aseguru polizaren indarraldia ezbeharra gertatu baino egunen bat lehenago amaitu da. Polizak iraungi ondorengo hilabetean gertatzen diren istripuez arduratuko da konpainia, baldin eta bezeroak aseguru kontratua erakunde berarekin egiten badu bakar-bakarrik, “graziako hilabete” horretan. Polizaren indarraldia agortu zenetik hilabetea igarotakoan, poliza baliogabetzat hartzen da eta, areago, kontratua konpainia berarekin egiten bada ere, ezbeharreko kalteak ez daude kontratu horrek estalirik.

Automobila lapurtu eta, ostera agertzean, kalteak ditu. Kontratatu den aseguruak ibilgailuaren lapurreta estaltzen duenean, berari eragindako kalteen gaineko ardura bereganatua du konpainia aseguratzaileak. Ibilgailua desagerturik egon den bitartean pertsona edo gauzetan kalteak eragin baldin baditu, Aseguruak Konpentsatzeko Kontsortzioa hirugarrengoei eragindako kalteez arduratuko da, baina ez, ordea, ibilgailuak berak nozitutakoez.

Adiskide edo senitartekoekin izaniko istripuak. Istripu batean, ibilgailuan zihoazen bidaiariak gidari errudunaren lagun eta familiartekoak direnean, kalteturik gertatu baldin badira erreklamazioa egin dezakete -eta egin behar dute-, nahiz eta gidariaren aseguratzaileak kontrakorik esan. Horrelakoetan konpainia aseguratzaileek kaltetutakoei argudio gisa esan izan omen diete salaketa edo erreklamazio horrekin gidari zihoan lagun edo senide horri kalte egin ziezaioketela baina, indemnizaziorik eman behar izatekoan, konpainia da -ez, inola ere, aseguratua- gastuak ordaindu behar izaten dituena. Axolagabekeria larriengatiko edo eginiko delituengatiko judizioa bakarrik gerta lekioke kaltegarri gidariari, errudun gertatuz gero.

Bere konpainiako abokatuen jardueraz mesfidati dago aseguratua. Asegurua egin duenak asistentzia juridikoko asegurua ere kontratatua baldin badu eta konpainiako abokatuekin mesfidati baldin badabil, bezeroak aukeratu duen abokatuaren ordainsaria konpainiak ordaindu beharko du, izan ere 21/90 Legearen arabera, “… aseguratuak Abokatua eta Prokuradorea aukeratzeko eskubidea” baitauka. Erne, halaz ere: poliza batzuek berariaz agertzen dituzten klausuletan argi eta garbi esaten da horrelakoetan kontratatzen den abokatuaren lansarien zati bat bakarrik -portzentaje bat edo kopuru finko bat- ordainduko dela. Hortaz, geure kabuz abokatu baten zerbitzuak kontratatu aurretik, hobe dugu gastu hori egitea mereziko duen kalkulatzea.

Indemnizazioaren ordainketa geroratu egiten du aseguratzaileak. Indemnizazioa egin behar duen aseguratzaileak berehala -edo, bestela, ezbeharra gertatu zenetik berrogei egunetara, gehienez ere- ordaindu behar du. Ordainketa hiru hilabete baino gehiago geroratuko balitz, indemnizazioari diruaren legezko interesa gehi %50eko gehigarria erants dakion galdatu ahal izango du aseguratuak.

Ez gaude ados gure aseguru konpainiarekin. Erabiltzaileak bere konpainiarekin arazoak baldin baditu, aseguru konpainia horren Bezeroarenganako Arreta Zerbitzura, Aseguratuaren Defendatzailearengana (horrelakorik balitz), Aseguruen Zuzendaritza Nagusira, Kontsumo-Batzorde Arbitralera edo bide judizialera jo ahal izango du.

Tramiteak, urratsez urrats

Konpainiek, asegurugileen arteko hitzarmenak tramiteak arintzeko eta erreklamazioak egin zein indemnizazioak kobratzeko epeak labur zitezen sortu zela behin eta birritan badiote ere, egiari zor, -agian horren funtzionamendua ongi ezagutzen ez delako- horrelako akordioak erabiltzaileen ondoezaren, mesfidantzaren eta erreklamazioen sortzaile izaten dira maiz. Hitzarmen horiei esker, ezbeharra gertatzekotan, erabiltzailearen asegurugilea da beste ibilgailuaren aseguratzaileak ordaindu beharko liokeen indemnizazioa ematen diona (munta jakin batetik gora ez badoa, jakina). Horrelako hitzarmenek hiru motako erreklamazioak sortarazten dituzte, gehienetan:

  • Beste automobil batekin istripua izan eta, haren erantzukizuna dela, asegurugileak berak aseguratuari automobila konpondu ordez ibilgailuaren salmenta-balioa -bere balio-galera eta guzti- ordaintzea proposatzen dionean, bere aseguruak estaltzen duen “Kalte Propioei” buruzko klausuletan oin harturik (eta egin behar dena beste ibilgailuaren Erantzukizun Zibila galdatzea baizik ez denean). Praktika horrek hitzarmenekin zerikusirik ez duela berresten dute asegurugileek.
  • Erreklamazioa jartzea sortarazten duen beste kontu bat, hirugarrengoei eginiko erreklamazioetan asistentzia juridikoa izaten da. Asistentzia juridikodun asegurua kontratatua dagoelarik, ezbeharra gertatu denean, aseguratzaileak asistentzia hori judizialki nahi bestelako bideren batetik erreklamatzeari uko egiten dio (bideragarritasunik ez dagoela argudiatuz) eta, horren ordez, aseguratuari arerioaren asegurugileak proposatu duen indemnizazioa -eskuarki, hitzarmen horien barnean, kaltetutakoaren asegurugileak erantzukizunengatik gehienez ere ordainduko lukeen kopuruarekin bat ohi dator- ordaintzea eskaintzen dionean hasten da istilu edo liskarra. Konpainiek diotenez, neurri horrekin, garrantzi handirik gabeko kontuengatik (faro bat haustearren, adibidez) edo froga guztiak aseguratu horren aurka daudenean, bezeroak bide judizialera jotzea eragotzi nahi izaten da. Nolanahi ere, polizaren titularrak aurrera egiteko erabakia hartuta, abokatu bat kontratatu eta judizioa irabazten badu, aseguru konpainiak abokatu horren faktura ordaindu beharko du.
  • Ondoezaren iturri den azken puntua, hitzarmen horiek erabiltzailearen polizan sortaraz dezaketen onuren galera izaten da. Konpainia guztiek honela ez badihardute ere, oso litekeena da, poliza baten titularrak hiru istripu nozitu eta bakar baten erruduna izan gabe ere, asegurugileak onurak kendu dizkiola aurkitzea, hitzarmenen indarrez aseguratuari bere konpainiak ordaindu baitizkio indemnizazioak.

Salbuespenak: automobil aseguruek bermatzen ohi ez dutena

Norbere Kalte, Sute eta Lapurretaren aurkako Asegurua (arrisku orotarakoa)

  • Urtebetez edo, gehienez ere, bi urtez indemnizatzen dute ibilgailua berri-prezioan. Hortik aurrera, indemnizazioa ibilgailuaren salmenta-balioaren arabera ordainduko da, hau da, automobilaren aspaldikotasuna kontuan izanda.
  • Ibilgailua bide ez onartuetatik ibiltzea.
  • Erradiadoreko ura jelatzearen ondorioz eraginiko kalteak.
  • Pneumatikoetan eragina duten kalteak, ibilgailua zeharo galdu denean, sukartu denean edo lehertu denean izan ezik.
  • Ibilgailuaren osagarri edo aukeretan eragina duten kalteak, berariaz aseguraturik ez daudenean.
  • Matxura mekanikoak edo ohiko higidura nahiz okerreko mantentzeagatiko konpontze lanak.
  • Lanbidezko elementu edo lanabesetan eragina duten kalteak.
  • Aseguratuaren ibilgailuak dakarren atoian eragina duten kalteak eta horren barnean dauden gauzen lapurreta.

Mugagabeko Erantzukizun Zibileko Asegurua

  • Nahita eraginiko istripuak.
  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa gainditu ez duen ibilgailuaren kalteak.
  • Industri edo nekazaritza lanetan eraginiko kalteak.
  • Zirkulazioa debekaturik dagoen bideetan (soroak, aireportuko dependentziak, etab.) ibiltzean eraginiko kalteak.
  • Ibilgailu eragileko gidariari eraginiko kalteak.
  • Garraiatzen diren gauzetan eraginiko kalte materialak.
  • Isun edo zehapenen ordainketa.
  • Pertsonak garraiatzeko baimenik ez duten ibilgailuetako pertsonen lesioak.
  • Aseguratutako ibilgailuak nozitu dituen kalteak, baldin eta, aseguruaren titularra ez den 25 urtez beherako pertsona batek daramala, honen gidatzeko baimenak bi urte baino gutxiago badu (polizako baldintza berezietan berariaz izendaturik agertzen ez bada, behintzat). Konpainia zenbaitek kalte horiek ere estaltzen dituzte, baina frankizia handia ezarrita (1.200 euro).
  • Alkoholaren, drogen, estupefazienteen eta antzekoen efektupean eraginiko kalteak, delitu hori berresten duen kondenazko epaiketa eman bada.

Erantzukizun Zibileko Derrigorrezko Asegurua

  • Aseguratutako ibilgailuak, bertan zihoazen gauzek eta titular direnen (gidaria, ezkontidea eta hirugarren gradu bitarteko senideak) ondasunek nozituriko kalteak.
  • Ibilgailuko gidariari eraginiko kalteak.
  • Delituzko jokaerek (nahita) edo edari alkoholdunen nahiz drogen efektupean eraginiko kalteak.