Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Eskola garraioa : Oraino hutsuneak badira ere, eskolako autobusen segurtasuna hobetze bidean doa

Flota modernoagoa da, segurtasunerako dispositiboetan hobeki hornitua dago eta heldu laguntzaile bat eramatea jeneralizatu da

Non gelditzen diren autobusak

Ikastegien %23k ezarria dute autobusen geltokia ikastetxean bertan (patioan, eskuarki): horixe da neurririk egokiena istripurik edo alferrikako arriskurik ez nozitzeko, haurrak autobusean sartzean edo bertatik irtetean.

Zentroen %77tan geltokia kalean dago, baina ikastegi batetik besterako aldeak berebizikoak dira: ikastetxe horien %11tan haurrek kalea zeharkatu behar dute baina, hori bai, kasu den-denetan egiaztatu denez, autobuseko laguntzaileak gidatu eta zaindurik daude ibilbide horretan. Gainerako zentroetan geltokia ikastetxeko eskuineko espaloian dago, atetik hurbil; beraz, haurrek ez dute kalea zeharkatu behar.

/imgs/20060901/img.tema-portada.03.jpg Beste datu batzuek ere gogoeta egitea eskatzen dute, hara: ikastetxeen %18tan autobusak bigarren ilaran gelditu ziren (horrela, ikastetxera iristeko, haurrek auto tartean ibili behar izan zuten) eta, are eta okerragoa, zentroen %42tan ez dago eskola-autobusaren geltokia argi eta garbi zehazten duen seinale, bide-marka edo antzekorik.

Segurtasun-uhala

Aurtengo maiatzean indarrean sartu den Europar Arteztarauak 2007tik aurrera matrikulatuko diren autobus guztiei behartzen die segurtasun-uhalaz hornituak egon daitezen. Halaz ere, CONSUMER EROSKI-k egiaztatu duenez, eskola-garraioan baliatzen diren hamar autobusetatik bik baino ez daukate segurtasun-uhala (edo ez zen horietan ikusi haurrak uhala ezarrita). A Coruña eta Murtzia nabarmentzen dira: lehenaren %80 eta bigarrenaren %70tan ikusi zenez, autobusek badaukate segurtasun-mekanismo hori eta haur gehientsuenek erabili egiten dute. Beste aldera, Valladolid, Sevilla, Santander, Donostia, Granada, Bilbo, Bartzelona eta Alacanten azterturiko autobus bakar bat ere ez dauka segurtasunerako elementu hori.

Laguntzaileen presentzia

Haurren erdiek 12 urte baino gutxiago dutenean, gidariaz aparte, beste pertsona heldu batek egon behar du autobusean, honen ardurakoa izango baita haurrak zaintzea. Lege-testuak, nolanahi ere, neurria 07-08 ikasturtera arte pixkanaka aplikatzea onartzen du.

CONSUMER EROSKI-k egiaztatu duenez, autobusen %8tan ez zegoen pertsona heldurik (gidariaz gainera), haurren zaintzaz arduratzeko. Nolanahi ere, autobus horietan 12 urtez beherako haurren kopurua erdia baino gutxiago zen.

Arautegiak dioenez, haur bakoitzak bere eserlekua izan behar duenez, ezinezkoa izango da hiru haur bi eserlekutan joatea. Horrelako okupazioa azterturiko autobusen %2tan bakarrik ikusi zen (gidariak edota laguntzaileak egoerari konponbidea emateko ezer egiten ez zutelarik).

Tarifak: hiri batetik bestera, alde handiak

Zentro pribatu eta itundu pribatuetako eskola-garraioko tarifak (ikastetxe publikoetako garraioa doakoa da) ez dira bat ere merkeak: batez beste, hileko eta ikasleko 73 euro kostatzen dira (CONSUMER EROSKI-k 2000 urtean eginiko azterketan batez bestekoa 51 euro zen, oraingoaren %30 merkeagoa, alegia). Hiri batetik bestera, gainera, sekulako aldeak daude: Gasteiz eta Donostiako 51 euro horiez beste muturrean daude Bartzelona eta Valentziako 100 euroko prezioak. Alde horiek, ordea, harik eta handiagoak dira hiri bereko ikastetxeen artean, hiri handienetan, bereziki: Bartzelonako ikastetxe batetik bestera 130 eurorainoko aldea dago ikastegi merkeena eta garestienaren artean; Madrilen 104 euro eta Valentzian 75 euro. Santander, Zaragoza eta Murtzian, aldiz, prezioak homogeneoagoak dira eta aldeak askozaz ere txikiagoak (20 euro, gehienez).

Gehiago ordaintzeak, ordea, seguruago bidaiatzea eta laguntzailearen zerbitzua kalitate hobekoa dela esan nahi ote du? Gogoan izan dezagun autobus zaharrenek istripua nozitzeko arrisku biziagoa dutela. Azterturiko autobus-flotaren batez besteko aspaldikotasuna jakinik, Valentzia da toki hoberenean dagoena, hiri horretan baitaude 3 urtez beherako autobus gehien; Alacanten ere araua bete egiten da: gehiago ordaintzen da baina autobus berri (eta, hortaz, seguruago) gehiago daude. Bartzelonak, aitzitik, eskola-garraio garestienetako bat izan arren, hiru urtetik beherako autobus gutxien dauzkan hiria da.

Zerbitzuaren prezioa eta kalitatearen arteko erlazioa zehazten duen beste aldaki bat, autobusen aspaldikotasunaz gainera, laguntzailearen figura da. Adin txikikoei ibilbidean lagunduko dien pertsona heldu baten presentzia jeneralizatu bada ere, badira oraino hutsuneak: CONSUMER EROSKI-ko teknikariek egiaztatu zutenez, Malagan azterturiko autobusen %46tan ez zihoan laguntzailerik, garraio-zerbitzu garestienetako bat daukaten hirietako bat izan arren (batez besteko tarifa 90 euro da hilean, ikasleko). Zerrendako beste muturrean Zaragoza dago: merkeenetakoa izaki (57 euro laguneko, batez beste, hilean) autobus-arduradunen zerbitzu bikaina du: ikastetxeetako geltokietan ikusitako autobus denetan zihoan laguntzailea eta, gainera, arduradun horiek guztiek zeukaten beren titulazioa (aisialdirako monitorea eta antzekoak). Areago, hamar autobusetik ia seik 3 – 10 urteko adina dute. Gehiago ordaintzeak, beraz, zerbitzu hobea jasotzea bermatzen ez duela ondorioztatu dugu.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak