Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Eskola-menuak: 209 ikastetxeren eguneroko menuak aztertu ditugu, bi aste osoz, Estatuko 19 probintziatan : Okerrera egin du kalitateak, eta hirutik batek elikadura-gabeziak dauzka

Bisitatu ditugun ikastetxeen % 30 inguruk ez dute berdurarik jartzen, gutxienez, astean behin, eta hamarretik bitan, gehiegi jotzen dute aurrez prestatutako jakietara eta haragiz egindakoetara

Hamarretik bat, arrain freskorik gabe

Arraina ez da izaten haurren begikoa. Hala ere, elikadura-osaera ona dauka (proteina asko ditu, gantz onak bai odol hodientzat eta bai bihotzarentzat, eta bitaminak eta mineralak ere ez gutxi, burdina batik bat), eta, beraz, ezinbestekoa da arraina astean lautan, gutxienez, jatea (urdina izan daiteke, zuria, moluskuak edo krustazeoak). Baina EROSKI CONSUMERek ikusi ahal izan du hamar ikastetxetatik batean oraindik ere ez diotela arau horri jarraitzen. Gabezia hori, bereziki, Murtzian antzeman dugu (ikastetxeen erdiek ez dute arrainik jarri bi asteetan), eta Zaragozan eta Kantabrian ere berdin ibili dira hamar ikastetxetatik hiru. Hala ere, azterketa osoan hiru ikastetxe soilik izan dira ikerturiko bi asteetan arrainik -fresko edo izozturik- behin ere jarri ez dutenak (Asturiasen, Murtzian eta Zaragozan), baina horren ordez, aurrez prestatuta datozen arrain-fijitukiak eskaini dituzte: legatz-ziriak edo arrain- eta txibia-gutiziak. Eredutzat hartzeko modukoak dira, berriz, A Coruñan, Araban, Almerian, Bartzelonan, Granadan, Nafarroan, Sevillan eta Valladoliden aztertu ditugun menuak. Bereziki, Nafarroakoak: erdiek baino gehiagok arraina izaten dute astean bitan; legatza izaten da gehienetan, baina limanda-oilarra, meroa eta bakailaoa ere jartzen dituzte.

Arraina prestatzeko moduan, dena den, bada zer hobetua: gehienetan, arrautza-irinetan edo ogi-birrinetan pasatuta jartzen dute, eta huts-hutsean frijituta bestela, eta teknika horiekin kaloriak pilatu egiten dira menuan.

Jaki aurrez prestatuak, gehiegi

Hamar ikastetxetatik bik aurrez prestatutako jakiak eskaintzen dituzte guk aztertu ditugun bi asteetako batean (2008an, % 5 ziren). Jaki horietan sartzen dira sanjakoboak, kroketak eta enpanadillak (etxean eginak direnean, ez ditugu hartu aurrez prestatutzat), arrain-ziriak eta/edo -gutiziak eta gisakoak, txibiak erromatar erara…

Gehiago dira azterketa gainditu duten itunpeko eskolak publikoak baino

Merkeagoak dira, erraz eta azkar prestatzen dira, eta haurrei izugarri gustatzen zaizkie, eta, beraz, lekua hartzen ari dira eskola-menuetan (gehiegi ere bai zenbaitetan). Lurraldeka aztertuta, neurriz kanpo ibili dira A Coruñako eta Kantabriako ikastetxeen erdietan baino gehiagotan, Asturias eta Valentziako % 40tan, Arabako eta Almeriako % 30etan, eta Gipuzkoako, Madrilgo eta Murtziako % 20tan. Beste zenbaitetan, aldiz, astean behin ere ez dituzte jartzen jaki mota horiek. Halaxe gertatu da Alacanten, Kordoban, Nafarroan, Sevillan eta Valladoliden. Besteentzat ere eredu behar luke ohitura osasungarri horrek. Bistan da, beraz, haurrentzat gustagarri diren menuak presta daitezkeela, ongi orekatuak, era horretako jakietara hain maiz jo gabe.

Gozoak postrean? Hobe da ez jartzea

Zaila gertatzen da menuetatik gozoak desagerraraztea, erakargarriak dira eta. Dena den, mugatu egin behar lirateke, eta egun berezietarako utzi (jaiegunetarako, adibidez). 2008. urtean egin genuen azterketan, ikastetxe bakarrak ere ez zituen jartzen gozoak postrerako (opilak, tartak, izozkiak edo txokolateak); orain, aldiz, atal horretan azterketa gainditu gabe geratu da hamarretik bat, asten bitan edo gehiagotan eskaintzen dituelako gozoak. Menurik kaskarrenak, Bizkaian, Valentzian, A Coruñan, Kantabrian, Murtzian eta Valladoliden aurkitu ditugu atal horretan. Onenak, berriz, mota horretako gozorik eskaintzen ez dutenak, honako lurralde hauetakoak izan dira: Granada, Araba, Alacant, Asturias, Almeria, Bartzelona, Kordoba, Malaga, Nafarroa, Sevilla eta Zaragoza.

Jantokian jaten badute, zer jarriko diegu afaltzeko?

  • Afariak osatu egin behar du egunean zehar jan dena, eta elikagai hauek eduki behar ditu:
Bazkaritan jan dena Afaritan jan behar litzatekeena
Laboreak (arroza edo pasta), fekulak (patatak) edo lekaleak Berdura sukaldatuak edo barazki gordinak
Berdurak Laboreak (arroza edo pasta), fekulak
Haragia Arraina edo arrautza
Arraina Haragi giharra edo arrautza
Arrautza Arraina edo haragia
Fruta Esnekia edo fruta
Esnekia Fruta
  • Arina izan behar du: ez da prestatu behar kaloria asko duen platerik (frijituki prestatuak, gisatu gantzatsuak), ez eta gantz ugari dutenak (hobe da plantxan edo labean egitea, adibidez).
  • Familian afaltzea komeni da, zeren hainbat ikerketak diotenez: fruta eta berdura gehiago jaten da, eta, ondorioz, mantenugai gehiago hartzen (bitaminak, mineralak, zuntza…) eta solasean aritzeko aukera ematen du, eta horrela hobetu egiten dira gizarte- eta elikadura-ezagutzak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak