Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Eskola-menuak: 209 ikastetxeren eguneroko menuak aztertu ditugu, bi aste osoz, Estatuko 19 probintziatan : Okerrera egin du kalitateak, eta hirutik batek elikadura-gabeziak dauzka

Bisitatu ditugun ikastetxeen % 30 inguruk ez dute berdurarik jartzen, gutxienez, astean behin, eta hamarretik bitan, gehiegi jotzen dute aurrez prestatutako jakietara eta haragiz egindakoetara

Berdurak eta barazkiak, 'ezkutaketan'

Elikadura-balio handia daukate berdurek eta barazkiek, eta, horrexegatik, egunaren buruan bi edo hiru errazio jatea komeni da: horietako bat gordinik (adibidez, entsaladan). Guk aztertu ditugun ikastetxeen % 27, ordea, gutxieneko irizpidera ere ez dira iristen, eta horien menuetan, ez da berdurarik ageri astean behingo maiztasunez, gutxienez. Probintziaka, honako hauek ibili dira eskasen: Sevillako lau ikastetxetatik hiru, Valentziako hirutik bi, Kantabriako eta Alacanteko bostetik hiru, eta Asturiasko erdiak. Zehazki, Sevillako ikastetxeen % 40tan, sekula ez dute berdurarik eskaintzen lehen plater gisa. Beste muturrean, Araba, Bizkia, Madril eta Nafarroa daude: guk aztertu ditugun bi asteetan, frutak eta barazkiak eskaini dituzte menuetan.

Ontzat jotzeko alderdien artean, gure teknikariek egiaztatu dute, Valladolid, Valentzia, Sevilla, Alicant eta Almeriako ikastetxerik gehienetan, entsalada jartzen dutela ia egunero, bai sarrera gisa edo bai bigarren platera laguntzeko. Gainera, Bartzelonako menuetan, landare-goarnizio askotarikoak eta ikusgarriak eskaintzen dituzte: letxuga, soja eta azenarioa; kuiatxoa; laranja-saltsa; hur-saltsa; artoa, erremolatxa…

Lekaleak: ahaztuta bezala

Elikadura-adituen esanetan, astean 2-3 aldiz jan behar dira lekaleak. Karbohidrato asko dituzte, proteinak, zuntza, bitaminak, mineralak eta herdoilaren aurkako gaiak. Eskola-menu batzuetan, ordea (hamarretik batean), ez dute lekalerik eskaintzen astean behingo maiztasunarekin. Duela hiru urte egindako ikerketarekin alderatuta, okerrera egin dute ikastetxeek: 2008. urtean, % 6 ziren astean behin lekalerik jartzen ez zuten eskolak, eta orain, berriz, % 9 izan dira. Lurraldeka, honako herrialde hauetako menuak nabarmendu behar dira onerako: Araba, Asturias, Gipuzkoa, Kantabria, Kordoba, Nafarroa, Sevilla eta Zaragoza. Txarrerako, berriz, beste hauek: A Coruña (ia ikastetxeen erdiak geratu dira atal horretan azterketa gainditu gabe), Almeria eta Murtzia (hamarretik bi), eta Bartzelona eta Valentzia (bi ikastetxe). Dena den, ikastetxe bakarra egokitu zaigu bi asteetako bakarrean ere lekalerik eskaini ez duena (A Coruñako bat); azterketa gainditu gabe geratu diren gainerakoek, bi asteetako bakarrean eskaintzeagatik lortu dute emaitza hori.

Eta haurra alergikoa bada edo elikagai batzuk ezin jan baditu?

Antolaerak edo instalazioek aukera ematen dietenean, haur eskolek eta ikastetxeek menu berezi eta egokituak prestatu beharko dituzte elikadura-alergiak edo intolerantziak dituzten ikasleentzat. Halaxe agintzen du elikadura arloko segurtasunari eta nutrizioari buruz berriko onartu den legeak 17/2011 delakoak, hain zuzen, uztailaren 5ekoak. EROSKI CONSUMERek jaso dituen menuetan, % 2k soilik agertu dute menuen orrian elikadura-alergiei eta intolerantziei buruzko aipamena (aukera hori eskaintzen duten edo ez). Hala ere, hamarretik bederatzik baieztatu digute menu bereziak eskaintzen dituztela zeliakoentzat, diabetikoentzat, alergikoentzat…

Elikadura-behar bereziak dituen ikaslerik bada, eskolako jantokiak neurri batzuk hartu behar ditu:

  • Medikuaren ziurtagiria eskatu, gaizki-ulertuak saihesteko.
  • Haurrak jango duen menuaren inguruko informazio eman gurasoei.
  • Menua prestatzeko erabiliko diren elikagaiek zer-nolako osagaiak dituzten irakurri beti.
  • Alergenoen zerrenda eskura eduki, zerbait begiratu behar bada ere.
  • Ez erabili latexezko eskularruak.
  • Lehenbizi alergikoen platerak prestatu, kutsadurak saihesteko, besteetatik bereizi eta halaxe eduki zerbitzatu aurretik.
  • Tresnak kontu handiarekin eskuztatu; alergikoentzat tresna bereziak erabiltzea litzateke egokiena, haien otordua prestatzeko soilik.
  • Lanerako gainazal guztiak higienizatu, kutsadurak saihesteko.
  • Gainerakoek jango dutenaren antzeko jakiak prestatzen saiatu alergikoarentzat ere.
  • Alergenoa erabat desagerrarazi menutik, bai elikagaia bera, bai osagai edo gehigarri gisa alergenoren bat eduki dezaketen produktuak.
  • Olio berria erabili beti eta lapiko garbiak, kutsadura gurutzatuak saihesteko. Ez du balio olioa iragazteak, ez baitzaio osagaia kentzen.
  • Beharrezko sendagaiak beti ikastetxean eduki.
  • Gehigarri eta osagai galarazien zerrenda gogoan eduki, etiketa bat irakurtzean produktu egokia den edo ez jakiteko.
  • Zalantzaren bat sortuz gero (elikagairen batek alergenoa ote duen edo ez), sekula ez eman haurrari.

Dena den, ikastetxeak ez baditu betetzen baldintza horiek eta menu berezi eta egokituak eskaintzeko modurik ez badu, etxetik ekarritako bazkaria hozkailuan gordetzeko eta berotzeko bitartekoak eskaini beharko dizkio alergiaren bat duen ikasleari, eta bitarteko horiek ikasle horrek soilik erabiltzekoak izan beharko dute.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak