Espainiako herritarrek zenbait arlotan dituzten ohitura osasungaitzen inguruko ikerketa egin dugu: elikadura, jarduera fisikoa, substantzia toxikoen kontsumoa eta automedikazioa

Ohitura osasungaitzak: bizi kalitatea galtzera daraman bidea

Espainiako Estatuko herritarrek badute zer hobetua nutrizio arloko osasunean, energia profil desorekatua dute eta gero eta bizimodu sedentarioagoa egiten dute
1 apirila de 2017
Img tema de portada listado 233

Ohitura osasungaitzak: bizi kalitatea galtzera daraman bidea

Hamabost urtetik gorako herritarren %71ri iruditzen zaie beren osasuna ona edo oso ona dela, halaxe ageri da Europako Osasun Inkestari Espainiako Estatuko herritarrek emandako erantzunetan (INE Espainiako Estatistika Institutuak landu zuen, 2014. urtean). Herritarren %60k, ordea, osasun arazo edo gaixotasun kronikoak dituzte Estatuan.

Honako hauek dira ohikoenak, INEren arabera: arteria hipertentsioa (%18), gerrialdeko minak (%17), kolesterol handia (%16), artrosia (%16), zerbikaletako oinazeak (%15) eta alergia (%13).

Horretaz gain, Espainiako herritarren nutrizio inkestak egiaztatu duenez (ENPE inkesta esaten zaio, eta 2015. urtean egin zuen EROSKI Fundazioak), 25 eta 64 urte arteko herritar helduen artean %39koa litzateke gehiegizko pisuaren prebalentzia, eta handiagoa gizonen artean (%46koa horietan eta %32koa emakumeetan). Bestalde, gizentasunaren prebalentzia globala %22koa da kalkuluen arabera, eta hori ere handiagoa da gizonetan (%23koa) emakumeetan baino (%20koa).

Dieta osasungaitzak egitea eta jarduera fisikorik ez gauzatzea dira arrisku nagusiak munduko herritarren osasunarentzat, halaxe nabarmendu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Ildo horretan, CEACCU kontsumitzaile elkarteak egindako txosten batek dio Espainiako herritarren elikadura kaskarragoa dela eta bizimodua sedentarioagoa (Los hábitos de los españoles en el cuidado de su salud izena du txostenak, Espainiarren ohiturak osasuna zaintzeko garaian). Are gehiago, ohartarazten du ondorio larriak ekar ditzakeela herritarrentzat (bereziki hirietakoentzat) dieta oso energetikoak egiteak, gantz saturatu eta karbohidrato findu ugarikoak, eta, gainera, bizimodu sedentarioa izateak.

Datu horiek guztiak aintzat hartuta eta osasunarekin zerikusia duten nazioarteko erakundeek zer esaten duten jakinda (herritarrek bazterrera utzi dituztela ohitura osasungarriak eta bizi kalitatea okertzen ari zaiela mantso-mantso), EROSKI CONSUMERek azterketa bat egin nahi izan du, jakiteko zein diren herritarrek dituzten ohitura osasungaitz horiek, beren osasunari hainbesteko kaltea egiten dietenak.

Horretarako, hainbat informazio iturritatik hartutako ikerlanak eta analisiak erabili ditu, honako erakunde hauenak hain zuzen: OME, INE, EROSKI Fundazioaren ENPE Azterketa, CEACCU, Nutrizioaren Espainiako Fundazioa (FEN), MAPAMA Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Elikagai Kontsumoaren Panela, Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren Kataluniako Elkartea (CAMFiC) eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren Espainiako Elkartea (SemFYC).

Bada zer hobetua osasunean

FEN erakundearen Liburu Zuriak dio herritarrek asko hobetu dezaketela nutrizio arloko osasuna, eta zerrendatu egiten ditu ahulezia nagusiak:

  • Gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren prebalentzia handia, elikadura arloko jokabideen nahasmenduak, eta elikadurarekin zerikusia duten beste gaixotasun degeneratibo batzuk (bihotz-hodietako gaixotasuna, hipertentsioa, minbizia, diabetesa…).
  • Jarduera fisikorik eza herritar multzo guztietan.
  • Kopuru handietan jatea haragi gantzatsuak, hestebeteak eta azukre sinple ugariko elikagaiak, eta kopuru txikietan hartzea zerealak eta horien eratorriak, berdurak, barazkiak eta lekaleak.
  • Kaloria profil desorekatua izatea eta ugari hartzea gantz azido saturatuak eta gatza.
  • Zinka eta azido folikoa kopuru desegokietan hartzeko arriskua herritar askotan eta D bitamina ere bai 50 urtetik gorako pertsonetan.
  • Herritarrek ezagutza txikia edo okerra izatea elikaduraren eta nutrizioaren inguruan, eta nutrizioari buruzko heziketa mugatua islatzea egungo hezkuntza legedietan.

Hori dela eta, CEACCUk nabarmentzen du oso garrantzitsua dela ohitura osasungarriak izatea, bestela gaixotasun kronikoak ager baitaitezke, adibidez gizentasuna, diabetesa edo bihotz-hodietako gaixotasuna (guztiak ere gorantz egiten ari dira gizarte aurreratuetako herritarren artean).

Honako hauek jotzen ditu ohitura osasungarritzat: egunean gutxienez 5 errazio fruta eta berdura hartzea, maiz samar jatea arraina eta lekaleak, gosaria ez hutsegitea, alkoholik ez edatea eta ez erretzea, jarduera fisikoa areagotzea eta lo orduak ere bai; eta, azkenik, inork ez hartzea bere kabuz medikuak agindu beharreko sendagaiak.

Dieta mota desberdinak eta hartutako energia

Mediterraneoko Dietarekiko atxikimendua

OMEk ziurtatzen du dieta osasungarria egiteak lagundu egiten duela, besteren artean, transmisio bidezkoak ez diren gaixotasunetatik babesten: diabetesa, kardiopatiak, garun-hodietako istripuak eta minbizia.

Espainiako Estatuan, Mediterraneoko Dieta da eredua dieta osasungarrien artean; dieta horretan, maiz hartzen dira elikagai kardio-osasungarriak, eta horrexegatik da hain onuragarria: frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak, arraina eta oliba olio birjina edo birjina estra.

Hori horrela izanik ere, bazterrean gelditzen ari da dieta hori, eta horrek kezka sortu du. Batez ere herritar gazteenek uzten dutelako bazterrera elikatzeko eredu hori eta hautatzen duten dietan leku handiagoa hartzen dutelako produktu industrialek, janari lasterrak, aurrez prestatuek, opilek eta zizka-mizkek. Aldiz, behar baino gutxiagotan jaten dituzte frutak, berdurak eta barazkiak.

Horrela, dieta desorekatua egiteak badu lotura zenbait gaixotasunekin: hipertentsioa, gizentasuna, diabetesa, bihotz-hodietako gaitzak, elikadura arloko jokabideen nahasmendua eta baita zenbait minbizi mota ere. Ez dago kausa-ondorio harreman zuzenik, baina gaixotasun horiek agertzeko arriskua handitu dezakeen faktoreetako bat da elikadura.

Hartzen den energia kopurua

FEN erakundeak energia balantzea eta horri lotutako faktore erabakigarriak aztertu zituen 2013. urtean, ANIBES ikerlan zientifikoaren bidez (Antropometria, Elikagai Barneratuak eta Energia Balantzea Espainian). Horrela, egiaztatu zen herritar bakoitzak, batez beste, 1.810 kcal hartzen dituela egunean. Sexuka, gizonek batez beste 1.957 kcla hartzen dituzte egunean eta emakumeek 1.660.

Adina kontuan hartuta, 9 eta 12 urte arteko haur bakoitzak 1.960 kcal hartzen ditu batez beste, 13 eta 17 urte arteko nerabe bakoitzak 2.018 kcal, 18 eta 64 urte arteko heldu bakoitzak 1.816 kcal, eta 65 eta 75 urte arteko adineko bakoitzak 1.618 kcal.

Azterlan horretan, FENek egiaztatu zuen Espainian aztertu zuen adin talde bakarrak ere ez zituela betetzen energia arloko gomendioak: haurrek gomendio horien %82 bakarrik betetzen zituzten, eta nerabeek %76; helduen artean, emakumeek %69 eta gizonek %79; eta adin handieneko pertsonetan, gizonek %74 eta emakumeek %79. Azterlan horrek oroitarazten du, dena den, gomendio horiek orokorrak direla eta banaka-banaka aztertzea komeni dela.

Desoreka

ANIBES ikerlanaren ondorio orokorretan ikus daitekeenez, Estatuko herritarrek energia profil desorekatua dute:

  • Proteinak, esaterako, guztira barneratzen dutenaren %17 dira, eta Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) %15ean jartzen du muga.
  • Gantzen proportzioa %38koa da, eta EFSAk %20tik %35 bitartekoa izan behar lukeela dio. OMEk dio, bestalde, gantz azido saturatuen bidez hartzen den energiak ez lukeela gainditu behar guztira hartzen denaren %10, eta ANIBESen arabera, Estatuko herritarrek %12 hartzen dute. Gauza onak ere baditu, ordea, egungo dieta ereduak; adibidez, gantz azido monosaturatugabe ugari hartzen du jendeak (%17), batez ere oliba olioa erabiltzeko ohitura hedatua dagoelako (eragin kardiobabeslea du).
  • Hartzen den karbohidrato kopurua %41ekoa da, eta EFSAk dio osotara hartzen den energiaren %45 eta %60 artean egon behar lukeela. Azukreei dagokienez, Estatuko herritarrek energia guztiaren %17 hartzen dute azukreen bidez. EFSAk %18ko portzentajea edo 90 gramoko kopurua ezartzen du (egunean, batez beste, 2.000 kcal hartzen direla kontuan hartuta).

Horretaz gain, ANIBES ikerlanak erakutsi duenez, honako bost elikagai hauek ziren energia iturri nagusiak, hurrenkera honetan gainera: ogia (%12 hartzen zuen), oliba olioa (%9), haragiak (%9), opilak eta pastelak (%7) eta hestebeteak eta haragiz egindako produktuak (%6).

Elikagai motak eta haien maiztasuna

Gosaria

Modu osasungarri eta orekatuan elikatzeak esan nahi du egunero gosari osatua egin behar dela. Hori garrantzitsua da helduaroan, eta are gehiago hazteko garaian gaudenean. Izan ere, ez gosaltzeak edo modu desegokian egiteak ondorioak ditu, eta itxuraz okertu egiten ditu emaitza fisikoa eta intelektuala, eta desorekak sortzen ditu dietan, mantenugai batzuk kopuru txikiagoetan hartzea ekarri ohi du eta.

ENPE Azterketan, inkestari erantzun zioten herritarren %10ek onartu zuten ez dutela egunero gosaltzen. Adin multzoka, proportzio hori %6koa zen 3 eta 8 urte arteko neska-mutiletan eta %11koa 9 eta 19 urte artekoetan. Helduaroan, 19 eta 64 urte arteko elkarrizketatuen %12k onartu zuten ez dutela egunero gosaltzen, eta proportzio hori %2ra jaisten zen 65 urtetik gorakoetan.

Horretaz gain, Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Fundazioak (FEDN) eta Pediatria Sozialeko Espainiako Elkarteak (ESPS) egindako ikerlan batean ageri denez (Hábitos en el desayuno de los niños españoles izena du, Espainiako haurrek gosaritan dituzten ohiturak), Espainiako adingabeen %40ek ez dute ohiturarik familiakoekin batean gosaltzeko, eta hori hutsegite bat da, zeren eguneko otordu hori gurasoetako baten ondoan egitea funtsezkoa baita haurrek aukera osasungarriak egin ditzaten.

Are gehiago, gurasoen %33k aitortu egiten zuten egunero opil bat ematen zietela haurrei gosaltzeko. Ildo horretan, komeni da oroitaraztea gosari batek, osasungarria izan dadin, 3 elikagai talde hauek eduki behar dituela: fruta bat, esneki bat eta zereal bat.

Kontsumo maiztasuna

Eta herritarrek zenbateko maiztasunez hartzen dituzte dieta bat osasungarri edo osasungaitz bihurtzen duten elikagaiak? INEk 2014. urtean egindako Osasun Inkestaren arabera, Estatuko herritarren %54k adierazi dute ez dutela egunero hartzen ez berdurarik, ez entsaladarik eta ez barazkirik ere, eta beste %35ek ez dute frutarik jaten egunero, nahiz eta oso onuragarriak diren elikagai horiek eta gure dietan oinarri-oinarrizkoak izan behar duten (egunean 5 errazio hartu behar genituzke, gutxienez).

Gure organismoak egunero behar ditu mineralak, bitaminak, herdoilaren aurkakoak eta zuntza, eta frutek eta berdurek ematen dizkiote horiek; eta babestu egiten dute bihotz-hodietako gaixotasunetatik eta gaixotasun neurodegeneratiboetatik (alzheimerra, osteoporosia, artritis erreumatoidea, garuneko iktusa, diabetesa edo sindrome metabolikoa).

Lekale kontsumoa, berriz, 13 gramo ingurukoa da egun bakoitzeko, nahiz eta adituek gomendatzen duten astean 2-4 errazio hartu behar genituzkeela (60-80 gramo errazio bakoitzean, lekalea gordinik dela). INEren arabera, herritarren %57k astean behin edo bitan baino ez dituzte hartzen, eta %13k behin baino gutxiagotan eta behin ere ez.

Lekaleek oso kopuru txikietan ematen dituzte gantz saturatuak eta berdin sodioa ere; aldiz, ugari izaten dituzte bitaminak, mineralak, landare proteinak eta herdoilaren aurkako substantziak. Elikagai horiek lagundu egin dezakete pisua kontrolatzen, asetzeko gaitasuna dute eta. Gainera, zuntz dietetikoa ere badute, eta horrek murriztu egiten du bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua zenbait mekanismoren bidez, adibidez kolesterola murriztuta. Koloneko minbiziari aurrea hartzen ere laguntzen du zuntzak, eta %7 murrizten du bularreko minbizia izateko arriskua.

Arrainari dagokionez, adituek gomendatzen dute 125 eta 150 gramo artekoa izan behar duela kontsumo errazioak (pisu garbia), eta astean 3 aldiz gutxienez jan behar dela. MAPAMAk argitaratu duen Elikagai Kontsumoaren Panelean ageri diren datuen arabera, pertsona bakoitzak egunean 71 gramo arrain jaten du, eta Europako Osasun Inkestak Espainian eman dituen emaitzek diotenez, herritarren %57k astean bi alditan baino gutxiagotan hartzen dute edo behin ere ez.

Arrainak eta itsaskiak (eta horien eratorriek) nutrizio profil interesgarria dute: ugari ematen dituzte kalitatezko proteinak, omega-3 eta omega-6 gantz azidoak ere asko, mineralak ere bai (fosforoa, potasioa, sodioa, kaltzioa, magnesioa, burdina, iodoa), eta zenbait bitamina ere badituzte (B1, B2, B3, B12, A, D).

Gatza eta azukrea

FEN erakundeak argitaratu duen Nutrizioaren Liburu Zuriak esaten du Espainiako Estatuko herritar bakoitzak 9,8 gramo gatz hartzen duela egunean, OMEk gomendatzen duena halako bi alegia (5 gramoko muga ezartzen du egunean). Erakundeak nabarmentzen du gatz asko eta behar baino potasio gutxiago hartzeak (3,5 g baino gutxiago) lagundu egiten duela arteria hipertentsioa agertzen, eta horrek aldi berean handitu egiten duela gaixotasun koronarioak eta garun-hodietako istripuak izateko arriskua.

Elikagai prozesatuetatik hartzen dugu gatzaren zati handi bat. Honako hauetatik, adibidez: plater prestatuak, haragi prozesatuak (hirugiharra, urdaiazpikoa, saltxitxoia…), gazta eta aperitibo gaziak. Ildo horretan, INEren arabera, herritarren %42k hestebeteak eta fianbreak hartzen dituzte astean hirutan baino gehiagotan (%13k egunero), beste %11k aperitibo gaziak eta %9k janari lasterra.

Azukre libreen inguruko oharra ere egin du OMEk, eta esaten du horiek ere murriztu egin behar liratekeela; zehazki, osotara hartzen ditugun kaloria guztien %10 eman behar lituzketela gehienez ere. Are gehiago, oroitarazten du azukre libreek handitu egiten dutela hortz-haginetako txantxarra izateko arriskua, eta azukre libre ugari duten elikagai eta edarietatik kaloria gehiegi hartzeak berekin dakarrela pisua hartzea, eta horrek gehiegizko pisua eta gizentasuna eragin ditzake.

INEk dioenez, Estatuko herritarren %47k astean hirutan edo gehiagotan jaten dituzte gozoak, eta horien artetik, %26k egunero. Beste %23k diote astean hirutan baino gehiagotan hartzen dituztela edari azukretsuak, eta %11k egunero.

Toxikoak, jarduera fisikoa eta automedikazioa

Substantzia toxikoak

Alkohol kontsumoak heriotza asko eragiten du; zehazki, zortzitik bat 15 eta 64 urte arteko pertsonetan. Gainera, handitu egiten du zenbait minbizi izateko arriskua: aho barrunbekoa, faringekoa, laringekoa, hestegorrikoa, gibelekoa, ondestekoa eta bularrekoa.

Hala ere, INEren datuetan ageri denez, herritarren %20k egunero hartzen dute alkohola edo astean 3-6 egunetan, eta beste %17k astean behin edo bitan. Alkohol motaren arabera, %41ek garagardo alkoholduna hartzen dute bai astez eta bai asteburuetan, beste %56k ardo beltza, %17k likore gozoak, %12k aperitiboak alkoholarekin eta %8k whiskia, koñaka edo konbinatuak.

Bestalde, tabakismoak ere heriotza ugari eragiten du munduan. Espainiako Estatuan, INEren arabera, herritarren %23 dira ohiko erretzaileak (%28 gizonak eta %19 emakumeak): %32k zigarreta 1 eta 9 artean erretzen dituzte egunean, %37k 10 eta 19 zigarretan artean, eta %31k egunean 20 zigarreta baino gehiago.

Sedentarismoa eta lo falta

Jarduera fisikoak onura asko dakartza, inolako zalantzarik gabe. OMEk dio laugarren lekuan ageri dela hilkortasuna eragiten duten faktoreen artean, eta gaixotasun kronikoak agertzeko arrazoi nagusietakoa dela, gehiegizko pisua eta gizentasuna bezala. Europako Osasun Inkestak Espainian eman dituen datuetan ageri denez (INEk egina da), herritarren %37 sedentarioak dira, eta horien artean, 15 eta 24 urte arteko gazteen %27.

Bestalde, loak ere zeresan handia du osasun ona edukitzeko garaian. CAMFiC erakundearen arabera, kalitatezko loaldia izateak eta une egokian lo egiteak lagundu egiten du buru osasun ona eta osasun fisiko ona izaten, hobetu egiten du bizi kalitatea eta berdin bide segurtasuna eta laneko segurtasuna ere.

Espainiako Estatuko herritarrek 7 orduko loa izaten dute batez beste. CAMFiCeko adituek azaltzen dutenez, laneko jarduerei ordu gehiago eskaintzen zaizkie Estatuan eta aisialdia ere gaueko eta goizaldeko orduetaraino luzatzen da hainbatetan; ondorioz, eguneko ordutegia luzatzeko joera dugu, eta loari orduak kentzekoa. Hori dela eta, oroitarazten dute ohitura aldaketa horrek gorabeherak eragiten dituela gure organismoaren funtzionamendu zirkadianoan (loaren eta esnaldiaren erritmoa), eta denbora koordinazio hori nahasteak zenbait patologia eragin ditzakeela gorputzeko organoetan eta sistemetan.

Automedikatzea

2015. urtean SemFYC erakundeak egindako inkesta batean ikusi zen herritarren %72k medikuari galdetu gabe hartzen dituztela sendagaiak buruko mina dutenean, ia erdiek berdin egiten dutela urdaileko mina dutenean eta hirutik batek sukarra daukanean edo bizkarreko oinazea.

SemFYC erakundeak nabarmentzen du sendagai sintomatikoak har daitezkeela (sukarrarentzat eta minarentzat direnak), baldin eta medikuak egoki adierazi badigu noiz eta nola erabili. Automedikazio arduratsua esaten zaio horri.

Aldiz, sendagaia nork bere kabuz hartzen duenean edo beste norbaitek gomendatuta, medikuari esan edo galdetu gabe, horri automedikazio arduragabea esaten zaio. Jokabide horrek hutsegite asko egitera darama eta arrisku larrian jartzen du osasuna. Honako hauek dira ondoriorik garrantzitsuenak: sendagaiak berak zuzenean kalte egitea, interakzioak eragitea lehendik hartzen ari den sendagaiekin, gaixotasunak ezkutatzea, gaixotasuna okerrera joatea eta sendagaiekiko erresistentzia sortzea.