Aztertu egin dugu Elikagaien Etiketaren inguruko Europako Araudiak zer-nolako berrikuntzak ezarri dizkion nutrizio arloko informazioari

Nahitaez bete beharreko informazio nutrizionala

Abenduaren 13tik aurrera, nutrizio balioaren inguruko informazioa eman beharko dute elikadura produktuen etiketek
1 urria de 2016
Img tema de portada listado 209

Nahitaez bete beharreko informazio nutrizionala

Espainiako erosleen %67k baino gehiagok esaten dute irakurri egiten dituztela erosten dituzten elikagaien etiketak, datu hori eman du Shopper View erakundearen AECOC Barometroak; ekoizleen eta banatzaileen elkartea da horrako hori, eta Espainiako Estatuko kontsumitzaileen erosketa ohiturak aztertu zituen 2015. urtean. Arreta gehien eskaintzen zaion alderdietako bat nutrizio arloko informazioa izaten da. 2013. urtean, EROSKI CONSUMERek ere egin zuen horren inguruko azterketa bat: adinez nagusi ziren mila pertsonari galdetu zien erosketa ohituren inguruan, eta ondorioetan egiaztatu zuenez, etiketari arreta jartzen zioten herritarren %81ek beti irakurtzen zuten nutrizio arloko informazioa.

Datu horiek argi azaltzen dute kontsumitzaileek jakin egin nahi dutela zer-nolako nutrizio balioa duten etxera eramaten dituzten elikagaiek. Bada, urte honetako abenduaren 13tik aurrera, Elikagaien Etiketari buruzko Europako Araudiak (UE 1169/2011 Araudia da) behartu egingo du informazio hori elikadurako produktuen etiketan jartzera, nahiz eta ekoizle batzuek lehendik ere egiten duten, beren borondatez.

EROSKI CONSUMERek sakon aztertu du araudia, eta gida bat prestatu du kontsumitzaileentzat, guztiek jakin dezaten urteko azken hilabetetik aurrera zer aurkitu duten elikadurako produktuen etiketetan nutrizio arloko informazioa irakurtzen dutenean. Horretarako, zenbait iturri erabili ditu: Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN), Elikagai eta Edari Industrien Espainiako Federazioa (FIAB), Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa (Elika) eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Konfederazioa (CECU).

Salbuespenak

Elikagaiek nutrizio arloko informazioa eman behar dute etiketan, baita elikadura bereziaren sailean sartzen direnek ere.

Salbuespenetan, ur mineralak eta elikadura arloko gehigarriak ageri dira, horiek berezko araudia dutelako, baita alkohol gradua %1,2tik gorakoa duten edariak ere. Nutrizio arloko informaziorik eman beharko ez duten beste elikagai batzuk ere badaude:

  • Eraldatu gabe dauden produktuak, osagai bakarra dutenak.
  • Produktu eraldatuak, onduz bakarrik eraldatu dituztenak eta osagai bakarra daramatenak.
  • Gizakiok edateko urak, baita anhidrido karbonikoa edo lurrinak dituena ere.
  • Lurrin landare bat, espezia bat edo horien nahastura.
  • Gatza eta gatzaren ordezkoak.
  • Mahaiko eztitzaileak.
  • Kafe eta txikoria estraktuak, kafe ale osoak edo ehoak, eta kafe ale kafeinagabeak, osoak edo ehoak.
  • Belar eta fruta infusioak, tea, te kafeinagabea, berehalako tea edo te disolbagarria, te estraktua, te estraktu kafeinagabea, baldin eta osagai erantsiak lurrinak baino ez badira, tearen nutrizio balioa aldatzen ez dutenak.
  • Ozpin hartzituak eta horien ordezkoak, baita osagai erantsi bakarrak lurrinak dituztenak ere.
  • Lurrinak. Gehigarriak. Elikadura arloko entzimak. Lagungarri teknologikoak.
  • Gelatinak.
  • Marmeladak loditzeko konposatuak.
  • Legamia.
  • Murtxikatzeko gomak.
  • Gainazalik handiena 25 cm-tik beherakoa duten ontzietan datozen elikagaiak.
  • Ekoizleak zuzenean kontsumitzaileari edo txikizkako saltokiari ematen dizkion elikagaiak.

Bestalde, alkohola duten edariek eta ontziratuta ez dauden elikagaiek ez dute eman beharrik izango nutrizio arloko informazioa. Lehenbizikoek aski izango dute energia balioa adierazita, baina nahi izanez gero, nutrizio arloko informazioa osorik ere eman dezakete ekoizleek. Bigarrenak ere energia baliora mugatu daitezke edo, nahi izanez gero, energia balioarekin batera, beste datu hauen kopuruak ere eman ditzakete: gantzak, gantz azido saturatuak, azukreak eta gatza.

Datuak

Zein izango da nahitaez eman beharreko informazioa?

Urte honetako abenduaren 13tik aurrera, nahitaez azaldu beharko da energia balioa eta baita zer kopurutan dituzten ere gantzak, gantz azido saturatuak, karbohidratoak, azukreak, proteinak eta gatza. Eta nahi izanez gero, ontziaren beste leku batzuetan ere berriz jar ditzake ekoizleak (energia balioa bera bakarrik, edo energia balioa eta gantzak, gantz azido saturatuak, azukreak eta gatza).

Ildo horretan, aurrerantzean ezingo da adierazi sodio kopurua, gatzarena bakarrik eman beharko da. Dena den, elikagaiak berez duen sodioaren ondorioz baldin badu gatza, ekoizleek aukera izango dute nutrizio arloko informazioaren ondoan jartzeko. Hala izaten dute, adibidez, esneak, barazkiek, haragiak eta arrainak; aldiz, urdaiazpikoari, gaztari, olibei eta antxoei erantsi egiten diete gatza eraldatzeko prozesuan.

Bestalde, nutrizio arloko oharren bat edo ezaugarri osasungarrien inguruko aipamenen bat egiten denean, nabarmendu nahi den substantzia hori zer kopurutan duen adierazi behar da, non eta ez dagoen nahitaezko edo borondatezko mantenugaien zerrendan. Omega-3 gantz azidoak edo betaglukanoak izan daitezke horren adibide bat.

Zein izango da ekoizleak borondatez eman ahal duen informazioa?

Nahitaez jarri beharreko mantenugai horiekin batean, nahi izanez gero beste hauei buruzko informazioa ere jar daiteke: gantz azido monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak, polialkoholak, almidoia, zuntza, zenbait bitamina (A, D, E, K, C, B6 eta B12) eta zenbait mineral (tiamina, erriboflabina, niazina, azido folikoa, biotina, azido pantotenikoa, potasioa, kloruroa, kaltzioa, fosforoa, magnesioa, burdina, zinka, kobrea, magnesioa, fluoruroa, selenioa, kromoa, molibdenoa eta iodoa), kopuru aipagarrietan edukiz gero.

Horrek esan nahi du Mantenugaien Erreferentziazko Balioen (MEB) %15 eman behar dutela edariak ez diren produktuentzat eta %7,5 edarientzat (araudiak dio 100 g edo 100 ml bakoitzeko formatuan adierazi behar direla).

Nola kalkulatuko dira balioak?

Araudiak ezartzen du nola kalkulatu behar diren energiaren balioa eta mantenugaiena. Horrez gain, bihurketak egiteko faktoreak eskaintzen ditu. Adibidez, karbohidratoetan (polialkoholetan izan ezik) gramo bat 17 kJ-en edo 4 kcal-en baliokidea da, eta gramo bat gantz, berriz, 37 kJ-en edo 9 kcal-en baliokidea.

Bestalde, energiarentzat kilojulak (kJ) eta kilokaloriak (kcal) erabiliko dira neurri gisa, eta pisua azaltzeko, berriz, gramoak (g), miligramoak (mg) eta mikrogramoak (µg).

Produktuak dituen balioak eman behar dira beti, saltzen den modu horretan dituen balioak alegia. Halaxe egin behar da hauts eginda edo deshidratatuta datozen produktuetan ere (zopak adibidez), pastelak edo ogiak egiteko oreetan, eta te eta infusioetan. Adibide horietan, gainera, elikagaiak prestatu ondoren izango dituen balioen berri ere eman daiteke, non eta xehe-xehe azaltzen den nola prestatu behar den eta ematen den informazioa jateko edo edateko prest dagoen elikagaiarena den. Horrez gain, esan behar da nolabaiteko prestakizuna duten jakietan beti adierazi behar dela nola prestatu diren.

Zifrak ematean, batez besteko balioak erabili behar dira, ekoizleak egin duen elikagaiaren azterketan oinarritutakoak; edota honako iturri hauetakoren batean oinarritutakoak: ekoizleak elikagaiarekin egindako analisietan, batez besteko balio ezagun edo egiazkoetatik abiatuta egindako kalkulu batean edo oro har ezarrita eta onartuta dauden kalkuluetan.

Nola adieraziko dira balio horiek?

Energia balioa eta etiketan azaltzen diren mantenugai guztiak (nahitaezkoak eta borondatezkoak) 100 g edo 100 ml bakoitzeko formatuan adierazi behar dira. Bitaminek eta mineralek, gainera, Mantenugaien Erreferentziazko Balioen (MEB) ehunekoak adierazi beharko dituzte, horiek ere 100 g edo 100 ml bakoitzeko.

Ekoizleek, gainera, aukera izango dute energia balioaren eta nahitaezko mantenugaien Kopuru Gomendatuak (KG) emateko (baita ontziko beste lekuren batean errepikatzen badituzte ere). Kasu horietan, 100 g edo 100 ml bakoitzeko emanak egon beharko dute edo zati bakoitzeko emanak, baina bitaminena eta mineralena ere jartzen bada, 100 g edo 100 ml bakoitzeko bakarrik adierazi ahalko da.

Horrela, Erreferentziazko Kopuruei (EK) buruzko informazioa ematen denean, honako aipu hau txertatu beharko da: “Batez besteko heldu batek hartu beharreko erreferentziazko kopurua (8.400 kJ/2000 kcal)”. Hauek dira erreferentziazko kopuruak egun bakoitzerako: 8400 kJ edo 2000 kcal energia, 70 g gantz guztira, 20 g gantz azido saturatu, 260 g karbohidrato, 90 g azukre, 50 g proteina eta 6 g gatz.

Eman ahal izango dira balio horiek erraziotan edo kontsumo unitatetan?

Mantenugaiak zati bakoitzeko edo kontsumo unitate bakoitzeko adieraztea borondatezkoa izango da. Balio energetikoarekin egin ahal izango da hori, gantz saturatuekin, azukrearekin eta gatzarekin.

Informazio hori ematen denean, baldintza batzuk bete beharko dira: kontsumitzaileak erraz bereizi dezala zenbatekoa den zatia edo kontsumo unitatea (adibidez, xerra bat, ontzi erdia, barratxo bakoitza…), etiketan kuantifikatuta ager dadila eta ontziak zenbat zati edo kontsumo unitate dituen azal dadila.

Nola aurkeztu beharko dira datu horiek?

Nahitaez azaldu behar duten mantenugaiak eta borondatezkoak eremu bisual berean jarri behar dira. Formatuak argia izan beharko du eta hurrenkera jakina eduki: lehenbizi energia balioa eta ondotik gantzak, karbohidratoak, zuntza, proteinak, gatza, eta bitaminak eta mineralak.

Nahitaez adierazi beharreko mantenugaiak taula batean aurkeztu beharko dira; dena den, lekurik ez balego, lerroz lerro idatzita eman daitezke.

Horrez gain, energia balioa eta mantenugai kopurua adierazteko, forma edo sinbolo grafikoak erabil daitezke, baita testuak eta zenbakiak ere, honako baldintza hauek beteta, betiere:

  • Kontsumitzaileen inguruan egindako azterketa zorrotz eta zientifikoki baliozkoetan oinarrituta egon daitezela eta ez dezatela kontsumitzailea engainatzeko biderik eman.
  • Langile taldeen ordezkaritza zabal bati kontsulta egin ondoren lortutako emaitzetatik ateratakoak izan daitezela.
  • Kontsumitzaileek errazago uler dezatela elikagai batek zenbat energia ematen duen eta dietari zer-nolako mantenugaiak ematen dizkion.
  • Proba zientifiko baliagarriek babestuta egon daitezela, eta frogatuta egon dadila batez besteko kontsumitzaileek ulertu egiten dituztela gisa horretako adierazpideak eta aurkezpena.
  • Beste adierazpide batzuk erabiliz gero, erreferentziazko kopuru harmonizatuetan oinarrituta egon daitezela edo, horrelakorik izan ezean, hartu beharreko energia eta mantenugai kopuruaren inguruan egindako irizpen zientifiko onartuetan oinarritu daitezela.
  • Objektiboak izan daitezela eta ez daitezeladiskriminatzaileak izan.
  • Ez dezala oztoporik jarri salgaien zirkulazio librearentzat.

Energia balioa edo mantenugai kopurua hutsaren hurrengoa bada, elementu horien inguruko informazioa jarri beharrean, honela adieraz daiteke: “kopuru hutsaletan ageri dira…”.

Infoeu