Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Metroaren 31 linea eta tranbiaren 23 linea aztertu ditugu, eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuei erreparatu diegu: segurtasuna, irispideak, garbitasuna, puntualtasuna eta informazioa : Metroa eta tranbia: ongi dabiltza maiztasunez eta informazio-zerbitzu ona eskaintzen dute

Emaitza bereziki ona lortu dute Sevillako eta Bilboko metroak, eta horien pare ibili da Bizkaiko hiriburuko tranbia ere

Tarifa askotarikoak eta konparaketako taula

Era askotako tarifak, txartelak eta bonu motak dauzkate metroek eta tranbiek, eta oso zaila gertatzen da hirien arteko alderaketak egitea. Dena den, hiri gehienek daukate ohiko txartela eta 10 bidaiatarako bonua, eta, beraz, horiek oinarri hartuta egin dugu azterketa. Zenbat aurreztuko luke erabiltzaileak txartel mota bat edo bestea erosiko balu? Kalkulu hori egiteko, hiri horietako metroak eta tranbiak txartel mota horietako bakoitzari jarri dion preziorik merkeena hartu du aintzat EROSKI CONSUMERek.

Metroari dagokionez, Valentzian antzeman dugu alderdik handiena bi txartel mota horien artean (% 53 aurreztuko luke erabiltzaileak 10 bidaiako txartela hartuta), Bartzelonan % 43 aurreztuko luke, eta Bilbon, % 29. Madrilen, aldiz, ia ez luke alderik sumatuko erabiltzaileak (% 10ekoa baino ez). Sevillan eta Palma de Mallorcan, ez daukate 10 bidaiatarako txartelik.

Tranbian, berriz, Valentzian, Sevillan, Bartzelonan eta Alacanten igarriko du alderik handiena erabiltzaileak bi txartel moten artean (ohikoa eta 10 bidaiatarako bonua): % 53 eta % 41 artekoa, hain zuzen. Kontuan hartu behar da Valentzian eta Bartzelonan metroaren txartelak adina balio duela tranbiarenak. Horien ondotik datoz Velez-Malagako eta Parlako tranbia, non % 20ko eta % 36ko aldea baitago, hurrenez hurren. Madrilen, berriz ere, apenas dagoen alderik ohiko txartelaren eta 10eko bonuaren artean, % 10ekoa baino ez (han ere tarifa bera dute metroak eta tranbiak).

Hiriz hiri

Madril

  • Metroa: Aski zerbitzu ona dauka aztertu ditugun atalik gehienetan, eta emaitza ‘oso ona’ eman du, adibidez, informazioaren eta zerbitzuen atalean, eta berdin segurtasunaren eta garbitasunaren ataletan ere. Aldiz, irispideetan badu zer hobetua (emaitza ‘onargarria’ atera du). Metroaren bi lineak ez daukate soinu eta argi bidezko abisu-sistemarik bagoiak ireki eta ixten direnean, eta, gainera, geltokien erdiek ez daukate testura bereziko zorurik itsuentzat.
  • Tranbia: Erabiltzaileari ematen dizkioten informazioa eta zerbitzuak nabarmendu dira onerako, eta irispideena, aldiz, txarrerako: adibidez, tranbiaren linea erdietan, bagoiak ez dira behar bezain zabalak gurpil-aulkiarekin ibili behar duenarentzat.

Bartzelona

  • Metroa: Segurtasunaren atalean lortu du emaitzarik apalena; izan ere, geltokirik gehienetan, tarte handiegia egon da nasaren eta bagoiaren artean, eta arriskutsua izan daiteke norbaitek zangoa nahi gabe sartzen badu edo gurpil-aulki bat kateatuta geratzen bada. Garbitasunaren atala, berriz, oso ongi zaindua dago.
  • Tranbia: Garbitasunaren eta informazioaren ataletan lortu ditu emaitzarik onenak. Adibidez, geltoki bakoitzeko konexioen berri ematen dute bagoietan, bai irakurtzeko oharren bidez eta bai bozgorailuen bidez ere; horrez gain, hiri-altzariak ongi zainduta daude. Irispideetan, aldiz, emaitza ‘onargarria’ baino ez du lortu.

Bilbo

  • Metroa: EROSKI CONSUMEReko teknikariek oso goian jarri dute Bilboko metroa. Aztertu ditugun atal guztietan, ‘oso ona’ izan da emaitza (erabiltzaileari emandako informazio eta zerbitzuetan, garbitasunean, segurtasunean eta irispideetan).
  • Tranbia: Garbitasunean antzeman dute teknikariek zer hobetu gehien; izan ere, zigarrokinak eta paper ugari ikusi dituzte zenbait geltokitan. Gainerako atalek (informazio eta zerbitzuak, irispideak, eta segurtasuna) aski emaitza ona lortu dute.

Sevilla

  • Metroa: Erabiltzaileei eskaini beharreko informazio eta zerbitzuen atalean ibili da apalen, baina hor ere emaitza ‘ona’ lortu du. Gainerakoan, irispideak aski onak ditu, segurua da eta garbi eta ongi zainduta egon da.
  • Tranbia: Erabiltzaileei ematen zaien informazioa ez da behar bezain osatua: ez dago tranbia-sarearen planorik, eta bagoi barrenean ez da ageri tranbiaren ordutegia zein den. Segurtasunean eta garbitasunean, ordea, ez dugu antzeman gabeziarik.

Valentzia

  • Metroa: Informazio osatua ematen zaio erabiltzaileari, eta atal hori nabarmendu dute, hain zuzen, teknikariek: metro-sarearen kartelak daude bagoietan, ordutegia ere ageri da, tarifen berri ematen dute eta larrialdietan nola jokatu ere jakinarazten dute. Atalik kaskarrena, berriz, segurtasunarena izan da: geltokien erdiek ez dute eduki larrialdiko argirik gune guztietan.
  • Tranbia: Metroan bezalaxe, hemen ere informazioaren atala izan da guztietan onena; gainerako ataletan, ordea, emaitza ‘onargarria’ baino ez du eskuratu. Hona zenbait gabezia: aztertu ditugun bagoien erdiak ez dira egon ongi girotuta; segurtasun-kamerarik ez dugu ikusi geltoki bakar batean ere; eta ateak irekitzeko botoirik ere ez dute eduki erliebean jarrita.

Palma de Mallorca

  • Metroa: Irispideak eta garbitasuna oso ongi zainduta dauzka, baina informazioaren eta zerbitzuen atalak baditu zenbait gabezia: bagoi bakarrean ere ez dugu ikusi tarifei buruzko informazioa, ordutegirik ere ez, bidaien maiztasunaren berri ematen duen afixarik ez da egon, larrialdietan nola jokatu behar den esaten duenik ere ez, eta txartelik gabe doanari zer zigor jar diezaioketen ere ez dute adierazten.

Gasteiz

  • Tranbia: Geltokietako garbitasuna izan da atalik txarrena. Emaitzarik onena, berriz, erabiltzaileari eman beharreko informazioaren eta zerbitzuen atalean eskuratu du, eta irispideen atalean ere aski ongi ibili da.

Alacant

  • Tranbia: Atalik gehienetan oso ongi ibili da, baina ez irispideetan (emaitza ‘onargarria-ona’ eskuratu du). Atal horretako gabezien erakusgarri, adibide hauxe: aztertu ditugun sei geltokietatik bitan, ez da egon testura bereziko zorurik itsuentzat.

Tenerife

  • Tranbia: Emaitza ‘ona’ eskuratu du ia atal guztietan, baina irispideei dagokienez, ordea, okerrago ibili da: bagoi batean ere ez dugu ikusi abisu-botoirik, gidariak jakin dezan pertsona ezindu bat doala bertan.

Velez Malaga

Tranbia: Atal batzuetan ontzat jotzeko moduko emaitza lortu du (segurtasunean eta garbitasunean), baina beste batzuetan ez (erabiltzaileari eman beharreko informazioan eta irispideetan). Azken horietan, honako gabezia hauek aurkitu ditugu: geltokietan ez dago tarifen afixarik, ez eta bidaien maiztasunari buruzkorik ere, eta ateak irekitzeko botoirik ere ez dugu ikusi erliebean jarrita.

Parla

  • Tranbia: Erabiltzaileari ematen zaion informazioa eta garbitasuna izan dira atalik onenak; irispideetan, aldiz, ez du eman neurria, eta azterketa honetako emaitzarik txarrena eskuratu du atal horretan.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak