"Esku libreko" sei sistema sakelako telefonorako, Bluetooth bidezkoak

Merkeenetakoa gustatu zaie gehien erabiltzaileei

Instalazioa behar duten modeloak txikiagoak eta arinagoak dira, eta oso ongi entzuten dela nabarmendu dute kontsumitzaileek
1 otsaila de 2009

Merkeenetakoa gustatu zaie gehien erabiltzaileei

Gidatu eta telefonotik mintzatu, ez dira aldi berean egitekoak, handitu egiten baitu istripuren bat izateko arriskua. Egungo bizimodu presatuak, ordea, horretara eraman ohi ditu gidari asko. Bulegotik deika ari direla, bezeroren batek zerbait behar duela, etxekoek non gabiltzan jakin nahi dutela… bidaiatzen ari garela ere, ezin geratu deiak erantzun gabe. Legeak ematen duen aukera bakarra “esku libreko” sistemak erabiltzea da. Bluetooth teknologia harigabeari esker, gidatu eta telefonotik mintzatzeko.

Eskuak libre ditugula erabiltzeko sei sistema aztertu ditugu. Merkeenak, Motorola T305 delakoak, 60,40 euro balio du, eta garestienak, Nokia HF-300 telefonoak, 104 euro. Sei tresnetatik bi, Motorola eta Parrot etxeko garestienak, aditu batek instalatu behar ditu, eta, ordainetan, honako abantaila hauexek eskaintzen dizkiete gidariei: ibilgailuaren irrati-CDari konektaturik joan ohi direnez, isildu egin dezakete dei bat jasotzen dutenean eta energia hartzeko, berriz, autoaren bateria erabiltzen dute, eta ez dago behin eta berriz kargatzen ibili beharrik. Instalaziorik behar ez duten sistemei bateria kargatu beharra dago, eta pizgailuan konektatuta egiten da hori. Guztiek ekarri dute halako kargagailu bat, eta gehienek bateria finkoa daukate. Nokia etxekoak soilik ematen du aukera bateria kentzeko eta, betiko bukatzen zaionean, beste bat jartzeko. Bateria guztiek ez dute autonomia bera ematen. Parrot minikit delakoak bederatzi ordu eta hamabost minutu irauten du agortu aurretik, eta Nokia etxekoak, bederatzi ordu. Motorola T305 eta Supertooth voice telefonoen bateriek, aldiz, lau ordurako baino ez dute ematen.

Kalitate-prezioak aintzat hartuta, Motorola etxeko T305 modeloak eman du emaitzarik onena: merkeenetakoa da, irismen gehien duen Bluetooth konexioa dauka, eta erabiltzaileei horixe gustatu zaie gehien.

Hainbat funtzio osagarri

Telefono guztiek eskaintzen dituzte soinu harigabea, bolumena doitzeko sistema, berriro deitzeko aukera eta zenbakiak ahotsez markatzekoa. Horrez gain, Parrot eta Supertooth Voice etxeetako bi telefonoek esan egiten digute nor ari zaigun deika, eta guk nahi ditugun zenbakiak grabatzen dituzte; horrez gain, “onartzen dut” edo antzeko aginduarekin deia hartzeko aukera ematen dute.

Motorola T605 modeloak beste funtzio erabilgarri bat ere badu: aukera ematen du aldi berean Bluetooth bidezko bi tresnari konektatuta egoteko, esku telefono bati eta musika entzuteko gailu bati. Mikrofonoa isiltzeko aukera ere ematen du, deia itxarote-zerrendan jartzeko modua ere bai, eta hiru lagunek elkarrekin hitz egiteko ere balio du. Instalazioa behar duten bi telefonoek, berriz, Motorola etxekoa bata eta Parrot etxekoa bestea, bi funtzio osagarri soilik eskaintzen dituzte. Motorola-k itxarote-zerrendan jartzen ditu deiak eta isildu ere egiten ditu, eta Parrot-ek, mikrofonoa isiltzeko aukera ematen du, eta funtzio diskretua ere eskaintzen du, hau da, eskuak libre ditugula hitz egiteari utzi, eta telefonoa hartuta hitz egitera pasatu gaitezke, eta alderantziz ere bai. Modelo guztiek dute funtzio hori, Motorola T305 delakoak izan ezik.

Instalazioa eskatzen duten aparailuek autoaren soinu
sistema erabiltzen dute eta deiak jotzen duenean, musika edo irratia isil arazten dituzte

Instalatu behar diren esku librekoek zertxobait txikiagoa dituzte botoigunea eta botoiak. Gainerako lauetatik, Parrot Minikit izan da handiena. Telefonorik arinenak ere instalazio behar duten horiek dira (50 gramo gutxiago, batez beste). Modelorik arinena Parrot CK3000 evolution delakoa izan da (33 g), eta astunena, Supertooth Voice (108 g).

Motorola eta Supertooth Voice telefonoetan soilik esaten da bi urteko bermea dutela baina legeak aginduta, denek eman behar dute berme hori, esan ala ez. Oharren eskuliburu eta guzti etorri dira guztiak, eta CE zigiluarekin (horrekin, Europako araudia bete duela adierazten du ekoizleak). Etiketak eta arauzko diren ikur eta segurtasun ohar guztiak egoki eman dituzte.

Ongi eginak

Teknologia tresnek, derrigorrez, segurtasun elektrikoari buruzko aipamenak eduki behar dituzte, ongi irakurtzeko moduan emanak eta luze irauteko bezain ongi markatuak. Baldintza hori betetzen dutela frogatzeko, eskuarekin igurtzi ditugu telefono guztien esaldiak, 15 segundoz: lehenik, uretan bustitako trapu bat erabili dugu hori egiteko, eta jarraian, petrolio alkoholetan bustitako bat. Parrot Minikit modeloaren esaldiak ezabatu egin dira, eta gainerako guztiek ongi gainditu dute proba.

Telefonoak nola eraikita dauden ere aztertu dugu, eta ez dugu antzeman arau-hausterik: arauak agindu bezala, izkinak eta ertzak biribilduak dauzkate, konexioak egoki eginda eta torlojuak ongi lotuak. Isolatze elektrikoari dagozkion arauak ere ongi betetzen dituzte guztiek (bateria terminalak eta beste zati aktiboak ongi isolatuta daude). Baterietan zirkuitulaburrak ere eragin ditugu eta polaritatea ere aldatu dugu, akats horiei nola erantzuten dieten ikusteko, eta guztiek eman dute erantzun egokia. Horrez gain, 10 deskarga elektrostatiko ezarri dizkiegu telefonoei hainbat lekutan, eta horrela jakin ahal izan dugu zenbateko erresistentzia daukaten esku libreko hauek. Ongi erantzun diete gorabehera horiei, eta ohiko erabilerari dagokion funtzionamendu maila eman dute. Motorola T605 modeloari, hala ere, pantailaren kolorea aldatu zaio deskarga ezarri diogunean, eta goialdeko eskuin botoia itzali, nahiz eta Bluetooth-ak ongi jarraitu.

Kolpeei eta erorikoei ere ongi eutsi diete guztiek. Danbolin moduko batean sartu eta birarazi egin ditugu telefono guztiak, 100 aldiz erori arte; guztiak irten dira onik, Nokia HF-300 delakoa izan ezik (tapa ireki zaio eta bateria galdu du). Azkenik, bateriako tentsioa jaisten denean zer gertatzen zaien ikusteko beste proba bat igaroarazi diegu (horixe gertatzen baita autoa abian jartzean). Denbora batez tentsioa jaitsi dugu, eta Parrot CK3000 modeloak soilik eman ditu arazotxo batzuk: irrati-CDa itzali egin da eta klik bat antzeman dugu esku librekoan; Bluetooth-ak, hala ere, ongi funtzionatu du proba egiten aritu garenean ere.

Erabilgarritasuna

Esku libreko bat edo bestea hautatzeko orduan, garrantzitsua da ongi eraikia egon dadin eta arau guztiak ongi bete ditzan, baina nola erabiltzen den jakitea ere oso garrantzitsua da, bakoitzak zer erabilera-ezaugarri eskaintzen dituen jakitea, alegia. Nola zahartuko den, zein soinu-presio ematen duen, zenbateko irismena duen Bluetooth-ak… Azken alderdi hori zertan den ikusteko, zenbait proba egin ditugu, eta honako ondorio hauek atera ditugu: Motorola T305 modeloak dauka irismen gehien (244 metro), eta Parrot Minikit dator haren ondotik (227 metro). Irismen gutxien, berriz, Motorola T605 telefonoak eduki du (120 metro). Soinu-presio handiena ere Motorola T305 delakoak dauka. Bibrazioen eta kolpeen atalean, aldiz, horrek eman ditu emaitzarik kaskarrenak: auto barruan bageunde bezala erabili ditugu telefonoak, eta Motorola T305 horrek soilik galdu ditu bozgorailuaren euskailuak.

Telefonoak zahartu ondoren nola geratzen diren ere aztertu nahi izan dugu. Argi ultramoreak ematen dituen kamera batean sartu ditugu, eta UVA/UVB izpien irrada bortitzak eragin dizkiegu (5kWh/m2). Nokia eta Motorola T305 telefonoetan izan ezik, gainerako guztietan gorabeherak gertatu dira, era askotakoak, gainera. Parrot CK3000 eta Parrot Minikit-en plastikozko atalak guritu egin dira eta likatsu geratu. Motorola T605 eta Supertooth Voice telefonoetan, berriz, kolorea aldatu zaie plastikozko atalei.

Botoiek zenbateko erresistentzia duten ere aztertu dugu; telefonoak hartu eta eseki ibili gara (5.000 aldiz egin dugu eragiketa hori bakoitzarekin), 10 newtoneko indarra eginez. Guztiek ongi gainditu dute proba, baina indar handiagoarekin sakatu ditugunean (50 newtoneko indarrarekin), Nokia etxekoaren botoiak asko samar hondoratu dira, eta telefonoa ireki dugunean, ikusi dugu botoietako bati apurtu egin zaiola barrualdea.

Kalitatea, orotara

Alderdi guztiak neurtuta, Motorola T305 telefonoak lortu du emaitzarik onena (bikaina), eta kalitate-prezioak aintzat hartuta ere, bera gailendu da. Merkeenetakoa da, irismen handieneko Bluetooth konexioa dauka, eta erabiltzaileen gustukoena izan da. Parrot CK3000 modeloa ere aintzat hartzeko modukoa da: autoan instalatuta joaten da, eta ez dago bateria kargatzen ibili beharrik; gainera, dei bat jasotzen duenean, automatikoki isiltzen ditu musika edo irratia. Dena dela, CONSUMER EROSKI-ren iritziz, zuhurtzia handiz erabiltzekoak dira tresna horiek, gidatzea eta telefonotik hitz egitea ez baita gomendagarria. Seguru gidatzeko, errepidean eta zirkulazio baldintzetan jarri beharra dago arreta guztia.

Kontsumitzaileen iritzia

Erabiltzaileengan egiaz zer inpresio eragiten duten jakiteko, zortzi kontsumitzaileri utzi dizkiegu telefonoak probatzera, eta iritzia eman dezatela eskatu diegu: kanpoko diseinua eta tresnen hornidura zer iruditu zaien, eta erabilerarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk nola ikusi dituzten.

Emaitzarik onena Motorola T305 eta Parrot CK3000 modeloek lortu dituzte (7,4 biek). Kontsumitzaileen iritziz, Motorola etxekoa erosoa da eta erraz erabiltzen da; soinuaren kalitatea, ordea, hala-holakoa iruditu zaie. Parrot CK3000 delakoan, berriz, soinua iruditu zaie, hain zuzen, alderdirik onenetakoa (kontuan hartu behar telefono honek autoaren beraren bozgorailuak erabiltzen dituela).

Erabiltzaileei gutxien gustatu zaiena, berriz, Supertooth voice modeloa izan da (6,6ko nota eman diote hamarretik); ez zaizkie gustatu ez abian jartzeko modua ez konexioak, eta telefonoak berak ahots desatsegina duela iruditu zaie, eta gehiegi hitz egiten duela.

Laburbilduz eta konparatzeko taula

Laburbilduz

  • Esku libreko sei sistema aztertu ditugu sakelako telefonorako, Bluetooth bidezkoak; merkeenak 60,40 euro balio izan du (Motorola T305) eta garestienak 104 euro (Nokia HF-300).
  • Motorola T605 eta Parrot CK3000 instalatu egin behar dira, baina, ondorioz, ez da bateria kargatzen ibili beharrik, eta autoak duen irrati entzungailua isildu egiten dute deiren bat jasotzen dutenean.
  • Bateria kargatu beharra duten telefonoetan, bost orduko aldea dago gehien irauten duen bateriatik gutxien irauten duenera: 9 ordu inguru irauten dute Parrot Minikit eta Nokiak. Autonomia gutxien dutenak, berriz, Motorola T305 eta Supertooth Voice.
  • Orohar telefonoak ondo eraikita daude eta seguruak dira. Hala ere, Parrot Minikit modeloari ezabatu egin zaizkio segurtasun aipamenak, eta legeak dio luze irauteko moduan eginak izan behar dutela.
  • Bluetooth seinalearen irismenak aski eta sobera ematen du auto barruan erabili ahal izateko. Motorola T605 telefonoak, 120 metroko irismena du, eta gehien duenak, beste Motorola-k, T305 delakoak, 244 metrokoa. Motorola T305 modeloak, horrez gain, soinu presio handieneko bozgorailua dauka.
  • Motorola T305 telefonoak, ordea, ez du gainditu bibrazioen eta kolpeen proba: auto barruan erabiliko bagenu bezala egin dugu, eta bozgorailuaren euskailuak apurtu egin dira.
  • Nokia eta Motorola T305 modeloek soilik gainditu dute zahartze proba inolako gorabeherarik gabe. Eguzki izpi bortitzen pean jarri ditugu guztiak, eta Parrot bien plastikozko atala guritu egin da, eta likatsua geratu; Motorola T605 eta Supertooth voice modeloen plastikozko atalei, berriz, kolorea aldatu zaie.
  • Erabilera proban, Motorola T305 eta Parrot CK3000 telefonoek lortu dute emaitzarik onena, eta gutxien, berriz, Supertooth voice delakoa gustatu zaie erabiltzaileei.
  • Kalitate-prezioetan, Motorola T305 modeloa gailendu da: merkeenetakoa da, irismen handieneko Bluetooth konexioa dauka, eta erabiltzaileen gustukoena izan da. Parrot CK3000 modeloa ere aintzat hartzeko modukoa da: ez dago bateria kargatzen ibili beharrik, eta dei bat jasotzen duenean, automatikoki isiltzen ditu musika edo irratia.
Marka Motorola Parrot Parrot
Modelo T305 CK3000 evolution Minikit
Instalazioa Ez da instalatu behar Instalatu behar da Ez da instalatu behar
Prezioa (euro/bakoitza) 60,40 84 60,09
Ezaugarri orokorrak
Osagarriak (ohiz kanpokoak) (1) Esku telefonoaren euskailua ISO konektagailuak dituzten kableak Hormako kargagailua
Funtzioak (ohiz kanpokoak) (2)
  • Deiak isiltzea.
  • Deiak itxarote-zerrenda jartzea
  • Aginduak ahots bidez ematea.
  • Nahi ditugun zenbakiak grabatzea.
  • Deika nor ari den esaten du.
  • Funtzio diskretua dauka.
  • Aginduak ahots bidez ematea.
  • Nahi ditugun zenbakiak grabatzea.
  • Deika nor ari den esaten du.
  • Funtzio diskretua dauka.
Aipamenak eta informazioa (kontsumitzailearentzat) (3) Egokiak Egokiak Egokiak
Pisua (g) 59,8 32,8 101,9
Neurria (Luze x zabal x sakon) (cm) 7,5 x 4,8 x 2,5 5 x 1,9 x 2,5 10,9 x 6,3 x 2,9
Segurtasuna eta bateragarritasun elektromagnetikoa
Aipamen idatziek nola iraun dute Egoki Egoki Desegoki
Nola eraikia dago Egoki Egoki Egoki
Isolatze elektrikoa nolakoa du Egoki Egoki Egoki
Nola erantzuten die akatsei (4) Egoki Bateria gabe geratu da Egoki
Zer eduki ditu etiketak Egoki Egoki Egoki
Nola erantzun die erorikoei (5) Egoki Autoari lotuta doa Egoki
Nola erantzun die deskarga elektrostatikoei (6) Egoki Egoki Egoki
Nola erantzun du tentsioa apaldu denean (7) Egoki Mejorable Egoki
Erabiltzeko erraztasunak
Zenbat irauten du bateriak funtzionatzen ari dela 4 horas Ez dauka 9 horas 15 minutos
Zein irismen erradio du Bluetooth seinaleak (m) 244 147 227
Zein soinu presio ematen du bozgorailuak gehienez (dBA) 92 Ez dauka 88
Nola erantzun dio zahartzeari (UV izpiei) Ez da zahartzen Zahartzen da Zahartzen da
Zer-nolako erresistentzia dute botoiek (8) Egoki Egoki Egoki
Nola erantzun die bibrazio eta kolpeei (9) Egoki Egoki Egoki
Bluetooth datu basea Badauka Badauka Badauka
Erabilera proba (1etik 10era) 7,4 7,4 7,1
Kanpoko itxura eta akabera (1etik 10era) 7,6 7,6 6,6
Iritzi orokorra eta hornidurari buruzkoa (1etik 10era) 7,1 7,1 7,3
Erabilerari buruzko iritzia (1etik 10era) 10) 7,5 7,5 7,2
KALITATEA, OSOTARA Bikaina Oso ona Oso ona
Marka Motorola Supertooth voice Nokia
Modelo T605 HF-300
Instalazioa Instalatu behar da Ez da instalatu behar Ez da instalatu behar
Prezioa (euro/bakoitza) 74 69,17 104
Ezaugarri orokorrak
Osagarriak (ohiz kanpokoak) (1) Soinu kablea (estereo), kanpo bozgorailua Ateratzen den bateria, Li-ion
Funtzioak (ohiz kanpokoak) (2)
  • Musika entzuteko modua.
  • Bi tresna aldi berean konektatzea.
  • Deiak isiltzea.
  • Deiak itxarote-zerrenda jartzea. Hiruren arteko deiak.
  • Funtzio diskretua.
  • Aginduak ahots bidez ematea.
  • Nahi ditugun zenbakiak grabatzea.
  • Deika nor ari den esaten du. Zenbaki grabatuak automatikoki deskargatzen ditu.
  • Agenda eguneratzen du Funtzio diskretua dauka.
  • Mikrofonoa isiltzea.
  • Funtzio diskretua.
Aipamenak eta informazioa (kontsumitzailearentzat) (3) Egokiak Egokiak Egokiak
Pisua (g) 55,1 108,1 99
Neurria (Luze x zabal x sakon) (cm) 6,1 x 2,8 x 1 12 x 6 x 2 8,5 x 6,8 x 1,6
Segurtasuna eta bateragarritasun elektromagnetikoa
Aipamen idatziek nola iraun dute Egoki Egoki Egoki
Nola eraikia dago Egoki Egoki Egoki
Isolatze elektrikoa nolakoa du Egoki Egoki Egoki
Nola erantzuten die akatsei (4) Bateria gabe geratu da Egoki Egoki
Zer eduki ditu etiketak Egoki Egoki Egoki
Nola erantzun die erorikoei (5) Autoari lotuta doa Egoki Egoki
Nola erantzun die deskarga elektrostatikoei (6) Egoki Egoki Egoki
Nola erantzun du tentsioa apaldu denean (7) Egoki Egoki Egoki
Erabiltzeko erraztasunak
Zenbat irauten du bateriak funtzionatzen ari dela Ez dauka 4 horas 9 horas
Zein irismen erradio du Bluetooth seinaleak (m) 120 179 147
Zein soinu presio ematen du bozgorailuak gehienez (dBA) 81 82 80
Nola erantzun dio zahartzeari (UV izpiei) Zahartzen da Zahartzen da Ez da zahartzen
Zer-nolako erresistentzia dute botoiek (8) Egoki Egoki Desegoki
Nola erantzun die bibrazio eta kolpeei (9) Desegoki Egoki Egoki
Bluetooth datu basea Badauka Badauka Badauka
Erabilera proba (1etik 10era) 7,3 6,6 7,3
Kanpoko itxura eta akabera (1etik 10era) 8,0 6,4 6,7
Iritzi orokorra eta hornidurari buruzkoa (1etik 10era) 6,8 6,5 7,1
Erabilerari buruzko iritzia (1etik 10era) 10) 7,2 6,7 7,8
KALITATEA, OSOTARA Oso ona Ona Oso ona

(1) Osagarriak (ohiz kanpokoak): instalatu behar diren bi telefonoek (Parrot CK300 eta Motorola T605) soinu kablea ekarri dute, kontrol elektronikorako modulua eta mikrofonoa. Instalatu beharrik ez daukaten esku libreko guztiek ekarri dute pizgailu bidezko kargagailua eta eusteko pintza.

(2) Funtzioak (ohiz kanpokoak): esku libreko guztiek ematen dute aukera ahots bidez markatzeko, bolumena doitzeko eta berriz deitzeko.

(3) Aipamenak eta informazioa (kontsumitzailearentzat): telefono guztiek ekarri dituzte erabilera oharrak, CE ikurra, eta segurtasun ohar eta abisuak.

(4) Nola erantzun die akatsei: zirkuitulabur bat eragin dugu baterietan eta polaritatea aldatu diegu, eta akats horiei nola erantzuten dieten aztertu; produktuek seguruak izaten jarraitzen dutela egiaztatu dugu.

(5) Nola erantzun die erorikoei: nokia etxekoari bateriaren tapa ireki zaio, eta bateria askatu.

(6) Nola erantzun die deskarga elektrostatikoei: Motorola T605 modeloari deskarga ezarri diogunean, led nagusiaren kolorea aldatu zaie bi botoiri (hautatzeko botoiari eta inguratzaileari); goialdeko eskuin botoia, berriz, itzali egin da, nahiz eta Bluetooth konexioak funtzionatzen jarraitu duen.

(7) Nola erantzun du tentsioa apaldu denean: autoa abian jartzen denean, bateriari tentsioa apaltzen zaio, eta halako egoeretan nola erantzungo luketen jakiteko egin dugu proba hau. Parrot CK 3000 modeloak klik bat egin du, baina ez du galdu Bluetooth konexioa.

(8) Zer-nolako erresistentzia dute botoiek: 50 newtoneko indarra egin diegu botoiei. Nokia HF-300 modeloaren botoiak asko samar hondoratu dira. Telefonoa ireki dugu, eta ikusi dugu botoi baten barrualdea apurtu egin dela PCBn (zirkuitu inprimatuko txartelean).

(9) Nola erantzun die bibrazio eta kolpeei: Motorola T605 modeloari bozgorailuaren euskailuak apurtu zaizkio.

Banan-banan

Banan-banan, esku libreko sei sistema

Motorola T305

  • Prezioa: 60,40 euro
  • Ez dago instalatu beharrik, eta, ondorioz, bateria kargatu behar zaio ahitzen denean (lau orduz erabiltzeko autonomia dauka, beste gehienek baino txikiagoa).
  • Deiak isiltzeko aukera ematen du, eta deiak itxarote-zerrendan jartzeko modua ere bai. Funtzio diskretua ez duen bakarra da, hau da, ez du aukerarik ematen esku libreetatik ohiko modura (telefonora) pasatzeko eta alderantzizkoa egiteko.
  • Aztertu ditugun telefonoetatik, bakarra izan da hau baino merkeagoa. Bluetooth-aren irismen erradio handiena honexek dauka, eta soinu bolumena ere honek du handiena.
  • Erabilera proban, hau izan da jendearen gustukoena.
  • Emaitza, orotara: Bikaina.
  • Kalitate-prezioetan, hau gailendu zaie besteei.

Parrot CK3000 Evolution

  • Prezioa: 84 euro
  • Emaitza, orotara: Oso ona.
  • Instalatu egin behar da, eta, ondorioz, ez dago bateria kargatzen ibili beharrik. Dei bat jasotzen duenean, irrati-CDa isiltzen du.
  • Deika nor ari den esaten du, aginduak ahots bidez emateko aukera eskaintzen du eta guk nahi ditugun zenbakiak grabatzeko aukera ere bai; horrez gain, esku libreetatik telefonora pasatzeko modua ematen du, eta alderantzizkoa egiteko ere bai.
  • Zahartze proban, plastikoa hondatu zaio eta likatsua geratu da. Guztietan txikienetakoa da, eta erabilera proban gehien gustatu denetakoa.
  • Kontuan hartzeko moduko aukera da hau ere.

Parrot Minikit

  • Prezioa: 60,09 euro
  • Emaitza, orotara: Oso ona.
  • Ez dago instalatu beharrik, eta, ondorioz, bateria kargatu behar zaio ahitzen denean, baina autonomia handia dauka (9 ordu eta 15 segundo irauten du bateriak).
  • Deika nor ari den esaten du, esku libreetatik telefonora pasatzeko aukera ematen du, eta alderantzizkoa egiteko ere bai, eta guk nahi ditugun zenbakiak grabatzeko aukera du. Merkeena da baina arau-hauste bat agertu du: segurtasun aipamenak ezabatu egin zaizkio.
  • Zahartze proban plastikoa hondatu zaio, eta likatsua geratu da.

Motorola T605

  • Prezioa: 74 euro
  • Emaitza, orotara: Oso ona.
  • Instalatu egin behar da, eta, ondorioz, ez da bateria kargatzen ibili beharrik. Dei bat jasotzen duenean, isildu egiten du autoko irrati-CDa.
  • Aldi berean bi gauza egiteko erabil daiteke Bluetooth-a, telefonoz hitz egiteko eta musika entzuteko. Deiak isiltzen ditu, itxarote-zerrendan jartzen eta hiruren arteko deiak trukatzen; funtzio diskretua ere badu, alegia, esku libreetatik telefonora (eta alderantziz) pasatzeko aukera ematen du.
  • Bibrazioen eta kolpeen proba gainditu ez duen bakarra izan da: apurtu egin zaizkio bozgorailuaren euskailuak.

Supertooth Voice

  • Prezioa: 69,17 euro
  • Emaitza, orotara: Ona.
  • Ez dago instalatu beharrik, eta, ondorioz, bateria kargatu behar zaio ahitzen denean (gutxien irauten duenetakoa da, lau ordu baino ez).
  • Aginduak ahots bidez emateko aukera eskaintzen du, guk nahi ditugun zenbakiak grabatzen ditu, datuak automatikoki jaisten ditu eta agenda ere berdin eguneratzen du.
  • Funtzio diskretua ere badu, eta, beraz, esku libreetatik telefonora (eta alderantziz) pasatzeko aukera ematen du; deika nor ari den esaten du.

Nokia HF-300

  • Prezioa: 104 euro
  • Emaitza, orotara: Oso ona
  • Ez dago instalatu beharrik, eta, ondorioz, bateria kargatu behar zaio ahitzen denean (gehien irauten duenetakoa da, bederatzi ordu).
  • Bateria ez da finkoa, atera egiten da, eta, beraz, beste bat jar dakioke guztiz agortzen denean. Funtzio diskretua dauka, esku libreetatik telefonora (eta alderantziz) pasatzeko aukera ematen du, eta mikrofonoa isiltzeko modua eskaintzen du.
  • Guztietan garestiena da, eta botoien erresistentzia neurtzeko proban gorabeherak izan dituen bakarra (zirkuitu inprimatua apurtu zaio 50 newtoneko indarra egin diogunean).