Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Bidaiatzea: ekipajea galtzea edo hondatzea : Maletak falta!

Hegazkin bidaian ekipajea galtzen badigute, 1.160 euroko kalte-ordaina jaso ahal izango dugu gehienez; autobus bidaian, 365 eurokoa, eta tren bidaian, ez digute ordainik emango, aurrez erregistratu ezean

Aireportuan

Hegazkin konpainiek WorldTracer izeneko sistema erabiltzen dute ekipajea non dagoen jakiteko, eta iaz egindako azterketa batean ikusi ahal izan zuen maletarik gehienak -galdutakoen % 49- hegalditik hegaldirako loturak egiterakoan galdu zirela; beste % 16 zamalanak egiterakoan galdu ziren, eta % 14, etiketa gaizki jarria zutelako. Gure maleta garraio uhalean ageri ez denean, konpainiak daukan mahaira joan behar dugu lehen-lehenik (maletak hartzeko gunean bertan egoten da), eta Ekipaje Irregulartasunen Jakinarazpena bete; dokumentu horretan adieraziko dugu zein zenbaki zeukan gure hegaldiak, zenbat maleta galdu zizkigun eta nolakoak diren. Jakinarazpenaren kopia ongi gorde behar dugu, eta ontziratze txartelean itsasten dizkiguten kodeak ere bai -ekipaje taloiak esaten diete, eta maletak erregistratzerakoan jartzen dituzte-. Arazoarekin zerikusia duten ordainagiri eta erosketa-txartelak gordetzea ere komeni izaten da.

Heathrow da Europan maleta gehien galtzen dituen aireportua eta Espainiako Madrid-Barajasen 1.000 bidaiari
bakoitzeko 15 galtzen dituzte

Ordu batzuen buruan edo egun batzuk igarota agertzen badira maletak, erreklamazio bat egitea izaten da onena, maletak atzeratu direlako (kexu bat da, funtsean). Bidaiariak 21 egun ditu kexu hori egiteko, maletak berez iritsi behar zuen egunetik hasita; halaxe zehazten du Montrealgo Hitzarmenak (hegazkin konpainiekin sortzen diren gorabeherak arautzeko ituna da hori). Maletak galtzen direnean ere, erreklamazioa jartzea komeni da, eta epe jakinik ez badago ere hori egiteko, egokiena izaten da 21 egun igaro ondoren egitea, edo, bestela, airelineak ekipajea galdutzat eman ondoren. Gerta dakiguke, halaber, maletak garaiz agertzea, baina hondatuta edo kalteren batekin iristea, eta halakoetan ere erreklamazioa jarri ohi da (zazpi egunen buruan egin behar dugu). Konpainia gehienek, hala ere, kalte handien ardura soilik hartu ohi dute bere gain, eta beste zenbait kalteren ordainik ez dute ematen, eskuz esku eta hara-hona ibili beharraren ondorio saihestezintzat baitauzkate horiek: gurpil eta heldulekuetan sor daitezkeen kalteak, erabiliaren erabiliz agertzen diren orbanak, ebaki eta mailatuak…

Bestalde, erregistratu gabeko ekipajean kalteak sortzen badira, Montrealgo Hitzarmenak aukera ematen du erreklamazio egiteko, baina soilik kalteen erantzukizuna konpainiari badagokio edo haren ardurapeko langileei. Unean berean jar daiteke kexua, edo kaltea jasan eta hurrengo zazpi egunetan.

Hegazkin konpainien kalte-ordainak

Ekipajea galtzen den aldiro, hegazkin konpainiak gaua pasatzeko zorro bat eman behar die hegazkinak eskala egin duen lekuan bizi ez diren bidaiariei. Kalte-ordainaren kontua ere hor dago; Montrealgo Hitzarmenak ez du zehazten kopururik, gehienezko muga bat jartzen du gertakari mota guztientzat (galtzeagatik, atzeratzeagatik eta hondatzeagatik): 1.000 Igorpen-Eskubide Berezi (IEB) ordainduko zaizkio bidaiariari. Nazioarteko Diru Funtsak zehazten du zenbatekoa den unitate hori, nazioarteko zenbait diruren balioa aintzat hartuta. Une honetan, 1.160 euro dira 1.000 IEB. Horrek ez du esan nahi, hala ere, konpainiak ordain bera emango duenik ekipajea galtzeagatik eta maletak egun batzuk atzeratzeagatik. Gehienetan, konpainiak kopuru bat eskaintzen du kasu bakoitzerako, betiere 1.000 IEB horien muga barruan. Kopurua kalkulatzeko, beraz, ez da kontuan hartzen ez pisua ez egindako kaltearen neurria, nahiz eta auzitegiren batek noizbait aintzat hartu izan duen zama garraioan ezartzen den gehienezko muga. Eta horri erreparatuta, garraioaren ardura duenak 17 IEB ordaindu behar lituzke kilogramo bakoitzeko (19,72 euro, alegia), maleta suntsitu, galdu, hondatu edo atzeratzen bada. Dena dela, kalte moralen ordaina ere eska dezake bidaiariak, batik bat bere bizilekutik kanpo dagoela galtzen edo atzeratzen bazaizkio maletak.

Lapurreta: balio adierazpena

Aireportu batean ekipajea erregistratzen dugunean, mahaian utzi eta ordu batzuen buruan berriz jasotzen dugun arte, auskalo non, nola eta norekin ibili izango den. Denbora tarte horretan, gerta daiteke maleta barruko gauzaren bat lapurtzea. Hori gertatzen denean, lehen-lehenik salaketa jarri behar dugu Poliziarenean. Baina ordaina eskatzera joanda, arazo sor liteke bidaiariak ezin badu frogatu zer lapurtu dioten. Montrealgo Hitzarmenak esaten du lapurreten ordaina ezartzeko ez duela balio 1.000 IEBren mugak. Kaltetuak eska dezake lapurtu diotenak balio duen hori itzultzeko eta kalte moralen ordaina emateko, baina Ekipaje Irregulartasunen Jakinarazpena eta Poliziarenean jarri duen salaketa aurkeztu beharko ditu horretarako. Lapurreta gertatu eta zazpi egun igaro ondoren, kexu bat aurkeztu behar da, eta lapurtutako gauzek zer balio daukaten adierazi (produktuen ordainagiriak erantsi behar zaizkio erreklamazioari); kaltea 1.000 IEBekoa baino handiagoa bada, aldea ordain dezala eskatu behar zaio konpainiari. Saltsa horiek guziak saihesteko, konpainiek aukera eskaintzen diete bezeroei balio adierazpenak egiteko (hegaldia irten aurreko bi orduetan bete behar dira dokumentuak). Gehienez, 4.000 euroren balioa aitortu ahal izango dugu, eta guztiaren % 4 kostako zaigu hori egitea. Behin adierazpena bete ondoren, lurrean ari diren langileek egiaztatuko dute ea guk jarritako hori daraman maletak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak