Inkesta egin diegu www.consumer.es atariaren 1.335 erabiltzaileri, eta litteringari buruz galdetu diegu, hondakinak eremu publikoetan nahita uzteari buruz alegia

'Littering'-a: hezierari eta gizalege eskasari lotutako arazoa

Inkestari erantzun diotenek argi dute herritarrak direla gizalege gutxiko jokabide horren arduradun nagusiak
1 azaroa de 2016
Img tema de portada listado 213

'Littering'-a: hezierari eta gizalege eskasari lotutako arazoa

Hiri hondakinak kudeatzea izaten da herri eta hiri guztien arazorik handienetakoa. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratu dituen azken datuen arabera, 2013. urtean 468 kilo hondakin bildu ziren herritar bakoitzeko Espainiako Estatuan. Zabor mota kontuan hartuta, nagusiki honako hauek bildu ziren bereizita: papera eta kartoia (%25) gehien, animalia jatorrikoak eta begetalak (%22) eta beira (%18).

Ecoembes-ek emandako datuen arabera (Hondakinak Kudeatzeko Sistema Integratua da), 366.339 edukiontzi hori daude eta 200.618 urdin. Ecovidrio-ren kalkuluek diotenez, bestalde, beira biltzeko 202.646 edukiontzi daude Espainiako Estatu osoan. Horretaz gain, herritarrek mila Garbigune edo ekoparke inguru dituzte eskura, material arriskutsuak eramateko (pilak, bateriak, olioak, etxetresnak edo altzari handiak), eta paperontziak ere ugari daude herri eta hirietako kaleetan.

Eta, hala ere, edukiontzi horiek guztiak eskura edukita ere, hainbat jendek oraindik ere lurrera edo zaborrak uzteko ez den beste edozein lekutara botatzen ditu hondakinak edo objektuak (littering esaten zaio jokabide horri).

Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek, Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Kooperatiben Espainiako Konfederazioak (HISPACOOP) eta Envase y Sociedad Plataformak (PES) ikerlan bat egin dute herritarren artean, hondakinak eremu publikoetan nahita uzteari buruz zer-nolako ezagutza, ikuspegia eta inplikazioa duten jakiteko.

Horretarako, ekainean inkesta egin zitzaien www.consumer.es atariaren 1.335 erabiltzaileri CAWI teknikaren bidez (Computer Assisted Web Interview edo ordenagailuz lagundutako on-line inkesta).

Ondorio nagusiak eta inkestatuen profila

Heziera eskasa

Ikerlan horretan bildutako iritzien arabera, jendearen heziera eskasak sortzen du litteringaren arazoa, eta hori murrizteko eta konpontzeko irtenbidea hauxe da, parte hartu duten herritarren esanetan: informazio egokia ematea, heziketa sustatzea eta jendeari kontzientzia harraraztea.

Herritarren ustez, littering esaten zaion arazoan, ontziak garrantzi handiagoa hartzen du egiaz eta praktikan duena baino, eta horrek berretsi egiten du informazioa eta formazioa emateko estrategian egin behar dela indarra.

Bestetik, konpromisoa ere erakutsi dute herritarrek, hondakin horiek egoki kudeatzeko eta eremu publikoetan botata ez uzteko. Herritarrek jarrera hori dutela ikusirik, pentsatzekoa da estrategia hezitzaileak sustraitu egingo direla jendartean.

Littering eu

Laginaren ezaugarri nagusiak

Datu demografikoak. Inkestari erantzun dioten herritarren artean, 41 eta 55 urte artekoak izan dira gehienak (%29), eta sexuka, emakumeak izan dira laginaren %62.

Espainiako Estatuko 17 autonomia erkidegoetan eta bi hiri autonomoetan egin da inkesta (Ceuta eta Melilla). Espainiako Estatuko erdialdekoak eta iparraldekoak izan dira parte hartu duten herritarren %38 (Aragoi, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leon, Errioxa, Madril eta Nafarroa), Mediterraneo ingurukoak %25 (Katalunia, Balear uharteak, Valentzia eta Murtzia), iparraldeko itsasertzekoak %21 (Asturias, Kantabria, Galizia eta Euskal Autonomia Erkidegoa), Espainia hego-erdialdekoak %12 (Andaluzia eta Extremadura) eta gainerako %4a Kanariar uharteetakoak eta bi hiri autonomoetakoak.

Ikasketa mailari dagokionez, parte-hartzaileen %53k unibertsitate ikasketak edo goi mailakoak eduki dituzte, eta %3 bakarrik izan dira ikasketarik gabeak.

Birziklatze ohiturak. Inkestari erantzun dioten herritarren %63k adierazi dute etxean beti birziklatzen dutela, eta beste %29k, berriz, noizbehinka egiten dutela jakinarazi dute. Sekula birziklatzen ez dutenak ere badira, ordea, %8 hain zuzen.

Informazio hori aztertzeko garaian parte-hartzaileen ikasketa maila kontuan hartuz gero, alde pixka bat badago unibertsitate ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean: ikasketa horiek dituztenei galdetuta, %70ek adierazi dute beti birziklatzen dutela, eta ikasketa horiek ez dituztenen artean, berriz, %56k eman dute erantzun hori. Hain justu, sekula birziklatzen ez dutenen artean ere, unibertsitate ikasketarik ez dutenak gehiago izan dira (%10).

Ildo horretan, nabarmendu behar da ikerketa askok frogatu izan dutela faktore sozioekonomikoek eragina daukatela ingurumena babesteko jarreran, eta ikasketa maila zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta jarrera hobea izaten dela ingurumenaren alde egiteko.

Inguru geografikoa aintzat hartuta, iparraldeko kostaldean bizi diren herritarrek agertu dute kontzientzia gehien: %74k adierazi dute beti birziklatzen dutela; Espainiako Estatua osorik hartuta, %64koa da ehuneko hori, eta Kanarietan eta hiri autonomoetan, %51koa (guztietan apalena).

Ontzien hondakinak. Inkesta honetan, parte-hartzaile gehienek ingurumenaren aldeko jarrera azaldu dute. Ia guztiek (%97) adierazi dute sekula ez dituztela zaborrontzietatik kanpo uzten ontzien hondakinak. Guztiek bilatzen dute hondakin bakoitzari dagokion edukiontzia han utzi eta birzikla dezaten, eta aurkitu ezean, %45ek gorde egiten dute halako bat topatu arte eta %40k paperontzi batean uzten dute. Badira, dena den, hasieratik etsi eta zuzenean lurrera botatzen dutenak ere (%1).

Ikasketei dagokienez, unibertsitate ikasketak dituztenek zertxobait jarrera hobea azaldu dute: horien artean, %46k ez luke amore emango hondakin bakoitzari dagokion edukiontzia aurkitu arte, eta unibertsitate ikasketarik ez dutenen artean, %44k azaldu dute jarrera hori bera. Azken horien artean, dena den, %15ek baieztatu dute azkenean ontzia paperontzira botako luketela, eta unibertsitate ikasketak dituztenen artean, %10ek onartu dute hori egingo luketela.

Ildo horretan, 2011. urtean Oluyinka Ojedokun eta Shyngle Kolawole Balogun nigeriar adituek egindako ikerlan batek frogatu egin zuen heziketaren faktorea nabarmen lotua dagoela eremu publikoetan zaborrak sortzearekin, eta ondorioztatu zutenez, heziketa mailarik handiena dutenek ageri dute ingurumenaren aldeko konpromisorik handiena.

Ikerlan hark erakutsi zuen, bestalde, sekula birziklatzen ez zutenek zeukatela ardura gutxien hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uzteko etxetik kanpora zebiltzanean, eta, gainera, haiek ageri zuten joerarik handiena ontzi horiek lurrera botatzeko (%3k).

Eragina eta maiztasuna

Esanahia duen arazoa

Inkestari erantzun dioten ia erdiek badakite zer esan nahi duen littering hitzak (hondakinak eremu publikoan uztea, alegia). Zenbaitek (%2) nahasi egin dute itsasoan utzitako hondakinen arazoarekin (itsasoan igeri dabiltzan ontzi edo material organikoak), segur aski kanpaina handiak egin direlako hondakinak botata uztearen inguruan.

Gainera, birziklatzeko ohitura gehien dutenei egin zaie ezagunena zaborra eremu publikoetan uztearen inguruko kontzeptua (%53k asmatu dute). Sekula birziklatzen ez dutenek, bestalde, elikagaiak alferrik galtzearekin nahasi duten kontzeptua hainbatetan (%6ri gertatu zaie, eta ehuneko hori 0,6koa izan da beti birziklatzen dutenen artean).

Inkestan parte hartu dutenen iritziz, heziera eskasa eta nagikeria dira arrazoi nagusiak hondakinak eremu publikoetan nahita uzteko. Hiri altzarien falta ez omen da hain erabakigarria, eta iritzi horrek erakusten du edukiontzien, paperontzien eta beste altzari batzuen kudeaketak ez diela arazo handirik sortzen herritarrei.

Arrastoa uzten duten hondakinak

Inkestan parte hartu duten herritarrei eskatu diegu, 1etik 10erako eskalan, esan dezatela litteringak zer-nolako ingurumen eragina duen, haien iritzian, hainbat eremutan (1ak adieraziko luke eragina oso txikia dela eta 10ak oso handia).

Oro har, herritarrek nabarmendu dute itsaso eta ozeanoetan duela eraginik handiena zaborra botata uzteak (batez beste, 9 puntu eman dizkiote), eta ondotik, ibaiak eta aintzirak aipatu dituzte (8,8 puntu).

Puntu gutxien, berriz, honako eremu hauek lortu dute: hiriguneetako kaleak (7,5), hiriguneetako parkeak eta lorategiak (7,7) eta ekitaldiak egiten diren leku publikoak (7,8).

Ohikoenak

Inkestari erantzun diotenen esanetan, objektu hauek aurki daitezke maizenik naturan botata: plastikozko poltsak, zigarrokinak eta plastikozko botilak edo potoak. Maiztasun txikienarekin, berriz, belarrietako txotxak ikusten dira.

Europako Batasunean eremu publikoetan botatzen diren zaborren ezaugarriak aztertu dituzten ikerlanek ere zigarrokinak aipatzen dituzte gehien (%41) eta ontziak ondotik (%28). Hortaz, herritarren irudipena eta egiazko datuak aski hurbil daude, plastikozko poltsak ere ontzien sailean sartzen baitituzten ikerlan horietan.

Arduradunak

Errudunak

Parte-hartzaileek argi eta garbi esan dute zeinen errua den eremu publikoetan zobarrak uztea: herritarrena eurena. Azken batean, herritarrak berak botatzen ditu zaborrak hartarako ez diren lekuetan, horixe diote inkestari erantzun diotenek. Horien ondotik omen datoz enpresak eta administrazio publikoa.

Eta herritarrak izanik arduradun eta erantzule nagusiak, litteringa saihesteko modurik onena herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko bideak jartzea dela nabarmendu dute, baita zigorrak jartzea ere zaborra nonahi botata uzten dutenei. Era berean, zaborrak kudeatzeko sistemak hobetu egin behar liratekeela ere esan dute herritarrek, eta berriak ezarri.

Kontraesana

Inkestan parte hartu duten herritar gehienek ez dute ia inoiz zaborrik botatzen eremu publikoetan, halaxe esan dute. Eta objektu jakinen inguruan galdetzen zaienean ere (sokak, txikleak, botilak, tapoiak, elikagaiak, plastikozko poltsak, zigarrokinak, paperezko bilgarriak…), nonahi botata uzteko ohiturarik ez dutela baieztatzen dute. Horrekin batean, erantzun duten herritar gehienek adierazi dute ontzien hondakinak ere ez dituztela botata uzten, eta noizbait eginez gero, kalean uzten dituztela, eta ez hondartzetan, lorategietan eta parkeetan.

Adierazpen horietan, edonola ere, kontraesan bat sumatzen da, zeren herritarra baldin bada litteringaren arduradun nagusi, nola liteke herritar gehienek esatea ez dutela zaborrik botatzen? Eta eremu publikoetan gehien ikusten diren zaborrak plastikozko poltsak, plastikozko botilak eta poteak badira nola liteke gure inkesta erantzun duen gehiengoak esatea ez dituela inoiz halako objektuak kalean edo naturan botatzen?

Hondakinen bat lurrean ikusiz gero zer egingo luketen ere galdetu diegu, eta %25ek bakarrik esan dute bildu eta dagokion edukiontzira eramango luketela. Beste %37k, berriz, edukiontzia edo paperontzia gertu balego bakarrik egingo lukete, eta %35ek ez lukete egingo.

Ondorioak eta irtenbideak

Inkestan partaide izan direnen ustez, ura kutsatzea eta faunari eragiten zaizkion arazoak dira litteringaren ondoriorik larrienak. Garrantzitsutzat jotzen dituzte, halaber, beste arazo hauek ere: zorua kutsatzea, garbiketa zerbitzuen gastuak handitzea, airea kutsatzea, izurriteak eta gaixotasunak ugaritzea.

Irtenbideen artean, herritarrei heziketa ematea eta kontzientzia harraraztea nabarmendu dute beste guztien gainetik (9 puntu eman dizkiote 1etik 10erako eskalan, non 1 den emaitza txarrena eta 10a onena), eta ondoren, zigor edo isun ekonomikoen alde egin dute (8,7 puntu). Berriz ere, hiri altzari gehiago jartzea azken aukera gisa aipatu dute.

Etxeko ontziak

Egungo errealitate sozioekonomikoaren ondorioz, azken urteetan erruz ugaritu da etxeko ontzien ekoizpena eta kontsumoa. INEk emandako datuen arabera, ontzi mistoek eta bilgarri nahasiek osatzen dute 2013. urtean bildu ziren hiri hondakin guztien %14.

Ildo horretan, parte-hartzaileei iruditzen zaie etxeko hondakinek leku handia hartzen dutela eremu publikoetan nahita botatzen den zabor horretan: %77k uste dute hondakinen %50 baino gehiago hartzen dituztela horiek. Erantzun duten herritarren %22k baino gutxiago jarri dituzte portzentaje horretatik behera.

Eremu geografikoak kontuan hartuta, eremu publikoetan botata utzitako hondakinen erdiak baino gehiago etxeko ontziak direla uste dutenen multzorik handiena hego-erdialdean bizi da (parte-hartzaileen %80 baino gehiago izan dira uste horretakoak) eta Mediterraneo inguruan (%79).

Irudipen edo uste hori, ordea, okerra da, eta urruti dago egiazko datuetatik. Kontinente barrenean pilatzen den zaborrari dagokionez, datu gutxi daude, baina Europako Batasunean egin izan diren ikerketen batez bestekoa aterata, esan liteke ontziak %28 inguru direla eremu publikoetan nahita uzten diren hondakinetan. Mundu osoa kontuan hartuta, berriz, litteringaren %18 inguru izango dira ontziak.

Itsasertzeko eremuetan, berriz, ontzien portzentajea %12koa da Mediterraneo inguruan, %15eko ipar-atlantikoan, %20koa Kanarietan eta %31koa hego-atlantikoan. Datu horiek MAGRAMAk berriki emanak dira, eta honako hondakin hauek sartzen ditu ontzien sailean: tapat, tapoiak, aperitiboen poltsak, zizka-mizken eta izozkien bilgarriak, edarien botilak eta garrafoiak, eta plastikozko poltsak).