Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Inkesta egin diegu www.consumer.es atariaren 1.335 erabiltzaileri, eta litteringari buruz galdetu diegu, hondakinak eremu publikoetan nahita uzteari buruz alegia : 'Littering'-a: hezierari eta gizalege eskasari lotutako arazoa

Inkestari erantzun diotenek argi dute herritarrak direla gizalege gutxiko jokabide horren arduradun nagusiak

Ondorio nagusiak eta inkestatuen profila

Heziera eskasa

Ikerlan horretan bildutako iritzien arabera, jendearen heziera eskasak sortzen du litteringaren arazoa, eta hori murrizteko eta konpontzeko irtenbidea hauxe da, parte hartu duten herritarren esanetan: informazio egokia ematea, heziketa sustatzea eta jendeari kontzientzia harraraztea.

Herritarren ustez, littering esaten zaion arazoan, ontziak garrantzi handiagoa hartzen du egiaz eta praktikan duena baino, eta horrek berretsi egiten du informazioa eta formazioa emateko estrategian egin behar dela indarra.

Bestetik, konpromisoa ere erakutsi dute herritarrek, hondakin horiek egoki kudeatzeko eta eremu publikoetan botata ez uzteko. Herritarrek jarrera hori dutela ikusirik, pentsatzekoa da estrategia hezitzaileak sustraitu egingo direla jendartean.

Littering eu

Laginaren ezaugarri nagusiak

Datu demografikoak. Inkestari erantzun dioten herritarren artean, 41 eta 55 urte artekoak izan dira gehienak (%29), eta sexuka, emakumeak izan dira laginaren %62.

Espainiako Estatuko 17 autonomia erkidegoetan eta bi hiri autonomoetan egin da inkesta (Ceuta eta Melilla). Espainiako Estatuko erdialdekoak eta iparraldekoak izan dira parte hartu duten herritarren %38 (Aragoi, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leon, Errioxa, Madril eta Nafarroa), Mediterraneo ingurukoak %25 (Katalunia, Balear uharteak, Valentzia eta Murtzia), iparraldeko itsasertzekoak %21 (Asturias, Kantabria, Galizia eta Euskal Autonomia Erkidegoa), Espainia hego-erdialdekoak %12 (Andaluzia eta Extremadura) eta gainerako %4a Kanariar uharteetakoak eta bi hiri autonomoetakoak.

Ikasketa mailari dagokionez, parte-hartzaileen %53k unibertsitate ikasketak edo goi mailakoak eduki dituzte, eta %3 bakarrik izan dira ikasketarik gabeak.

Birziklatze ohiturak. Inkestari erantzun dioten herritarren %63k adierazi dute etxean beti birziklatzen dutela, eta beste %29k, berriz, noizbehinka egiten dutela jakinarazi dute. Sekula birziklatzen ez dutenak ere badira, ordea, %8 hain zuzen.

Informazio hori aztertzeko garaian parte-hartzaileen ikasketa maila kontuan hartuz gero, alde pixka bat badago unibertsitate ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean: ikasketa horiek dituztenei galdetuta, %70ek adierazi dute beti birziklatzen dutela, eta ikasketa horiek ez dituztenen artean, berriz, %56k eman dute erantzun hori. Hain justu, sekula birziklatzen ez dutenen artean ere, unibertsitate ikasketarik ez dutenak gehiago izan dira (%10).

Ildo horretan, nabarmendu behar da ikerketa askok frogatu izan dutela faktore sozioekonomikoek eragina daukatela ingurumena babesteko jarreran, eta ikasketa maila zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta jarrera hobea izaten dela ingurumenaren alde egiteko.

Inguru geografikoa aintzat hartuta, iparraldeko kostaldean bizi diren herritarrek agertu dute kontzientzia gehien: %74k adierazi dute beti birziklatzen dutela; Espainiako Estatua osorik hartuta, %64koa da ehuneko hori, eta Kanarietan eta hiri autonomoetan, %51koa (guztietan apalena).

Ontzien hondakinak. Inkesta honetan, parte-hartzaile gehienek ingurumenaren aldeko jarrera azaldu dute. Ia guztiek (%97) adierazi dute sekula ez dituztela zaborrontzietatik kanpo uzten ontzien hondakinak. Guztiek bilatzen dute hondakin bakoitzari dagokion edukiontzia han utzi eta birzikla dezaten, eta aurkitu ezean, %45ek gorde egiten dute halako bat topatu arte eta %40k paperontzi batean uzten dute. Badira, dena den, hasieratik etsi eta zuzenean lurrera botatzen dutenak ere (%1).

Ikasketei dagokienez, unibertsitate ikasketak dituztenek zertxobait jarrera hobea azaldu dute: horien artean, %46k ez luke amore emango hondakin bakoitzari dagokion edukiontzia aurkitu arte, eta unibertsitate ikasketarik ez dutenen artean, %44k azaldu dute jarrera hori bera. Azken horien artean, dena den, %15ek baieztatu dute azkenean ontzia paperontzira botako luketela, eta unibertsitate ikasketak dituztenen artean, %10ek onartu dute hori egingo luketela.

Ildo horretan, 2011. urtean Oluyinka Ojedokun eta Shyngle Kolawole Balogun nigeriar adituek egindako ikerlan batek frogatu egin zuen heziketaren faktorea nabarmen lotua dagoela eremu publikoetan zaborrak sortzearekin, eta ondorioztatu zutenez, heziketa mailarik handiena dutenek ageri dute ingurumenaren aldeko konpromisorik handiena.

Ikerlan hark erakutsi zuen, bestalde, sekula birziklatzen ez zutenek zeukatela ardura gutxien hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uzteko etxetik kanpora zebiltzanean, eta, gainera, haiek ageri zuten joerarik handiena ontzi horiek lurrera botatzeko (%3k).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak