Interneten zerbitzariak

lehen milaka pezeta urtean, doan orain

1 azaroa de 1999
Img informe listado 116

Internet “informatikako porrokatuen” eremu itxia izatetik, bospasei urteko epean bakarrik, profesional askoren eguneroko lanabes ez ezik, informazioa jaso, aisialdia bete, erosketak egin edo harreman berrietan hasteko alternatiba domestikorik eraginkorrenetako bat izatera iritsi da.

lehen milaka pezeta urtean, doan orain

Urte gutxiren buruan, Interneten nabigatzen ez jakitea gaur analfabeto izatearen parekoa izango dela dioenik ere bada. Horrelako muturretaraino heldu gabe ere, “informazio-autopistek” (gazteengan eta 45 urtez beherako helduengan) piztu duten interesa egunean baino egunean gorago doa, zalantza-izpirik gabe. Erabiltzaile porrokatuenez beste muturreko erabiltzaileen aurrean Internetek ezarriak zituen langetako batzuk (Sareko hizkuntza ia bakarra ingelesa izatea, ordenagailuen eta programen prezio garestia, Sarean lotzen gaituzten enpresek ezarritako zerbitzuen kostu altua -beti bera, ez baitzen erabileraren arabera igo edo jaisten- eta nabigatzeak berak zituen zailtasun teknikoak) desagertuz joan dira piskanaka. Horrela, Sarean barrena gaur ibiltzea sekula baino errazago eta merkeagoa da, informazio-teknologia berriak herritartzeko bidea oraindik luzea bada ere (nabigazioa azkarrago egin ahal izatea eta telefono-hariak erabiltzeko tarifa finkoa eta eskuratzeko modukoa behin betikoz ezartzea, adibidez).

Etxeko beste zeinahi aparailu bezala Internet tartean finkatzean garrantzi handiena izan duten faktoreetako bat, doako zerbitzariak, hau da Internetera dohain konektatzen gaituzten enpresa hornitzaileen (publizitate agresibo eta lauso samarraz, izan ere) agertze zalapartatsua izan da. Oraindik orain urteko 15.000 pezetatik 36.000 bitarteko kostuen truk ematen ari zen zerbitzuaren funtsezko prestazioak gaur doan eskaintzen zaizkio erabiltzaileari. Era horretan, Interneten erabilera masifikatzeari ezarritako eragozpenetako bat, Sarean konektatzearen kostu finkoa (bezeroak zerbitzua erabili edo ez) ez dago gaur, ezabatu egin da. Alor profesionaleko konplexu informatikoek eta, bestetik, jardueran hutsune gutxiago, kalitate handiko prestazioak eta Sareko erabiltzaile aurreratuenek topatzen dituzten arazo korapilatsuak azkar eta zehazki konponduko dituen zerbitzu teknikoa galdaturik, ordaintzeko prest dauden internauta exigenteen etxeko ordenadoreak bakarrik hornitzen dituzte ordaindu beharreko zerbitzariek. CONSUMEReko teknikariek, gaur egun zerbitzu hori dohain eskaintzen duten eta erabiltzaileari Sarean bertan alta emateko aukera ematen dioten Interneteko hornitzaileetatik hamabiren web orriak bisitatu dituzte. Lehendabiziko ondorioa: batzuek eta besteek eskaintzen duten zerbitzuen arteko aldeak nabarmenak dira, itzelak batzuetan.

Garrantzi gehien duena, hasteko, sartzeko eta nabigatzeko abiadura, Interneteko hornitzaile baten kalitate-irizpide funtsezkoa, alegia. Gehientsuek segundoko 56 kilobytez aritzea ziurtatzen duen arren, aztertutako hornitzaileen hirutik batek bakarrik agertzen du bere orrietan sarrera zein abiaduratan egingo den. Beste alde batetik, Red Internauta eta Terra-Teleline dira RDSI abiadura handiko telefono-hariaren bidez konektatzeko aukera interesgarria ematen duten bakarrak.

Enpresa horietako gehienek, beren zerbitzuen artean, posta-kontu bat eskaintzen dute, erabiltzaileak mezuak jaso eta bidal ditzan, eta tarteune bat, bezeroak bere web orria (alde handia dago eskaintzen edukiera batetik bestera: 5 megabytetik 15era bitartean) sor dezan. Hau ez da gauza berria, atari eta bilatzaile batzuek (Yahook, adibidez), duela hilabete zenbaitez geroztik posta-kontuak eta web orriak sortzeko espazioa doan eskaintzen dituzte eta. Aztertu beharreko beste kontu bat: zerbitzuok ematen dituen enpresa hornitzaile bakoitzak nolako kalitatez ematen dituen bi prestazio horiek.

Alderdi nabarietako bat da, dudarik gabe, Interneteko zerbitzari horietatik gehientsuenek baldintzarik hobereneko zerbitzuak (posta-kontu gehien, web orriak gordetzeko espazio handiagoa, sarrerako abiadura bermatua, etab.) bezero onenentzat gordetzen dituztela, hau da, zerbitzua hartzearren ordaintzen dutenentzat. Garbi dago, beste alde batetik, merkealdiak merkealdi, zeinahi telefono-operadoreren eskutik nabigatzea garesti kostatzen zaiola erabiltzaileari, Internet baliatzen ari den bitartean dei lokalaren parekoa ordaintzen baitu, gutxienez.

Merkatu berria

Interneten sartu ahal izateko, oso arestira arte, gure ordenadorea eta sarea konektatuko zituen enpresari ordaindu egin behar izaten zitzaion. Horrez gainera, gure txango ziberrespazialak irauten zuen bitartean, telefonozko konexioa ere ordaindu egin behar izaten genuen (ordaindu egin behar izaten dugu, alegia, horretan ez baita deus aldatu). Aurrena, banketxeak izan ziren Internerako doako sarrera eskaini zutenak, ondoren kolegio ofizialak (abokatuak, merkatu-eragileak, botikariak, injineruak, etab.) etorri zitzaizkien. Telefoniako enpresa operadoreak agertzeaz batera, Interneteko hornitzaileen merkatua telefono-harien erabiltzaileengana (hau da, edonorena, kasik) ere hedatu zen.

Horixe izan da jauzi handia, Sareko erabiltzaileen kopuruak egun batetik bestera izugarri ugaltzea ekarri duena: 2000 urtean Estatu espainoleko erabiltzaileak lau milioi izango direla kalkulatzen da, hau da, Txina osoan bezainbeste eta Frantzian baino gehiago. Gaur egun, bere ordenadorea Internetera konektatua duen herritarra Sareak eskaintzen dizkion aukera guztiez baliatu ahal izango da, konekxioak irauten duen denboran telefono-hariaren erabilera baizik ordaindu gabe. Alehop, Canal 21, Terra-Teleline eta World on Line dira, sartzearren batere ordaintzeke, internautari ziberrespazioan aritzeko aukera ematen dioten atari berrietako batzuk. Bankuetan (Argentaria, Santander, Banco Guipuzcoano, Bankinter, BBV, Openbank edo Unicaja-k, adibidez, Interneterako sarrera dohain eskaintzen dute egun); bezeroentzako zerbitzu osagarritzat aurkezten da aukera hori. Telefono-operadoreak ere agertu dira eszenatokian: Airtel, Retevisión, Euskaltel, Telefónica (Teleline) eta Uni2-k, besteak beste, denek dituzte beren doako sarrerak. Enpresa multzo batek, hortaz, beren atarien bitartez, Interneterako ateak dohainik zabaldu dituzte: horietan barrena, era askotako kontu interesgarrietako milaka orritara irits gaitezke aurrerantzean.

Doakoak ote? Bai, baina…

Oraintsu arte erabiltzaileari diru-mordoska kostatzen zitzaion zerbitzua gaur egun dohainik eskaintzea… zeren truk egin dezakete enpresa horiek, zer erdiesten dute, ordainetan? Arrazoia, ezinbestez, marketina da, telefono-kontsumoa eta erabiltzaileari zuzeneko publizitatea egitea. Interneteko doako zerbitzari horietako askotxok, bere buruaren edo besteren publizitatea internautari helarazteko eskubidea dute bermatua, bai atari edo hasierako orrian barrena (bertatik igaro behar baita, nahitaez), bai nabigatzailearen (Netscape edo Internet Explorer) bidez publizitate-mezuak txertatuz. Hortik datorkie atarietako bezeroak ugaltzeko interesa: hortik sartuko da denetan bezero erabiltzailea Sarean. Zenbat eta bezero gehiago, orduan eta publizitate bitarteko diru-sarrera handiagoak. Doako sarrerak, ordea, enpresa horiek duten merkatu-alorreko helburu garrantzitsua betetzen du orobat: balizko bezeroak kaptatzea, harrapatzea, alegia. Honela egin dute gogoeta: erabiltzailea gure doako zerbitzuak baliaturik ase edo pozik baldin badago, gerora, ordaindu beharrekoak ere berarekin kontratatzea errazago izango dugu. Hau da, bezeroari ezarritako amua izan da hasierako “beita” hau, enpresak eskainiko dizkion ordaindu beharreko zerbitzuak errazago irents ditzan. Dohaineko alta emateko garaian -eta ez alferrik-, galdategi luze-luze batean, aisialdian nolako zaletasunak bete nahi genituzkeen adierazi edota gure maila kulturalaren berri eman dezagun proposatzen digute.

Kontua, ordea, ez da bakarrik bezero berriekin harremanetan sartzea eta, gerora, iragarkiak ezartzen dituztenen diru-sarrerak jasoko dituen publizitatea sartzea. Negozioak baditu bestelako alderdiak ere: adibidez, telefonozko operadoreen bitarteko konexioei (interkonexioei) esker ere enpresa horiek jasotzen dute dirutza polita. Zertan datza, ostera, Telefónicari horrenbeste diru kosta dakiokeen interkonexioen afera hori? Egin dezagun kontu Tolosatik Elkora egiten dugula telefonozko dei bat. Deiaren sorburua Telefonicaren sarean dago eta bertan segitzen du, Estatu Batuetara iritsi arte; une horretan, deiak amerikar operadore baten gestioa behar du, Elkoko telefonoa erdietsiko badugu. Deia egitearren tarifa Telefónicak erabiltzaileari kobratu eta, geroago, amerikar operadoreari ordainduko dio, sare-zati hori baliatzeagatik. Estatu espainolean telefonia-enpresa berriak sartutakoan eta sektorea partzialki liberatu ondoren, Telekomunikabideen Merkatuaren Batzordeak monopolio-erregimeneko komunikazioentzat diseinatu zuen panorama dezente aldatua dago. Telefono-operadorearen lizentziaren jabeek (Jazztel, Retevisión, Airtel, Euskaltel) telefonoak jartzen hasteko bidea zabalik dute eta, honezkero, bertako abonatuak era guztietako deiak jasotzen hasi daitezke, baina berauek deiak egiteko Telefonicaren sarea bakarrik balia dezakete oraingoz (salbuespena dugu Euskadiko Autonomi Erkidegoan, Herri-Administrazioak Euskaltelen sarean zuzeneko sarrera baitu, dagoeneko). Era horretan, Telefónicak operadore berriei ordaindu beharko die horretako bakoitzak daukan sare-zatiagatik, internautak horietan nabigatzen duenean. Esate baterako, Airtel, Retevisión, Euskaltel edota Jazzfree operadoreen Interneterako doako sarrera erabiltzeko, horietako bakoitzaren jabegoko sareari dagokion telefono-zenbakia markatu beharra dago. Operadore horien sarea inbaditzearren eta operadore berriei zein operadore nagusiari Telekomunikabideen Merkatuko Batzordeak ezarritako baldintzei esker, Telefónicak zerbitzu bat bere zuzeneko arerioei ordaindu beharko die; baina, are larriagoa, zerbitzu hori operadore horiek dohain ematen ari dira. Telefono-operadorearen lizentzia edukitzeari esker, horrenbestez (bere telefonoak edukitzeko gauza ez bada ere) enpresa horiek interkonexioagatik kobratu egiten dute. Euskaltelek baliatu zuen formula hori estreinakoz, eta geroztik etorri dira bide beretik gainontzeko guztiak, baita Estatu espainoleko mugez haratagokoak ere: BT, America Online, Dell, Freeserve, etab.

Denbora-tarte horretan, Euskaltelek 40.000 bezerotik gora erdietsi ditu Interneteko doako zerbitzurako: hau erabiltzeagatik 050 zeharkako sarrerako abonatuek ez dute deus ordaindu behar eta. Gastuetako batzuk -hementxe ezkutatzen da “katramila”- Telefónicak ordaintzen dizkie gainontzeko operadoreei, interkonexioa ezartzearren. Airtel eta enpresa horrek atari duen Navegalia, izan dira gurdian igo diren azkenetako batzuk. Urte honen bukaerarako, miloi erdi bat erabiltzaile izatea espero du telefonia mugikorreko enpresa horrek. Aurreikuspenak betetzen baldin badira, Telefónicako diru-kutxetatik sarrera ederrak jasoko lituzke 2000. urtetik aurrera. Hitz gutxitan, deia amaitzeagatik interkonexioak kobratzeak, publizitateagatiko diru-sarrerek, marketin-alorreko estrategien baliabideek eta beste era askotako sarrerek (asistentzia teknikoagatik kobratzea, adibidez), denek batera, erraz azal diezagukete dohaineko sarreren zergati ekonomikoa. Ez da ahantzi behar, beste aldetik, Interneten erabilera areagotzeak, oro har, telefono-kontsumoaren hazkuntza eta, horrenbestez, telefoniako operadoreen enpresa-mozkinen ugaltzea ondorioztatzen duenik.

Emaniko zerbitzuak

Nolanahi ere, mahuka du erabiltzaileak egoera hau, aurreko baldintzekin konparatzen badugu, batik bat: konektatzeko aukera hutsa izatearren (konexiorik batere egiten ez bagenuen ere) hileko edo urteko kuota ordaindu behar izaten baikenuen. Hala eta guztiz, eta doakotasuna abantaila den arren, Internet barrenako txango horiek nolako baldintzetan egiten ditugun jakin behar dugu, zehazki jakin ere. Gauzak arrunt ongi ez balihoazkigu (bisitatzen ditugun web orrien arteko nabigazioaren eta konexioaren beraren mantsoagatik, batez ere), akaso ondorioztatuko genuke hobe izango genuela konexioa egiteagatik oraindik ere kobratzen duten (hilean 2.000 pezetatik 3.500era bitarte) enpresetako batekin zerbitzua kontratatu bagenu, horiek nolabaiteko kalitatea bermatzen digute eta. Konexioa mantso doalako edo nahi bezain ona ez delako, web orri bat ikusteko edo Saretik fitxategi bat deskargatzeko denbora asko behar izaten badugu, gure pazientzia agortzeaz gainera, telefonoko faktura ere loditu egingo zaigu, helburua lortzeko (egunkari edo aldizkari elektronikoak irakurtzea, erosketaren bat egitea, mezuak igorri edo jasotzea, beste internauta batzuekin elkarrizketan aritzea, denborapasak gozatzea, etab.) telefonozko minutu gehiago kontsumitu beharko baititugu.

Zerbitzari gehientsuenek 56 kilobyte segunduko abiadura egoki-egokia eskaintzen dutela agintzen badute ere, lan honetan azterturiko denetan lauk bakarrik agertzen dute beren orrietan zein konexio-abiaduratan egingo den sarrera. Areago, RDSI hari baten bitartez konektatzeko aukera desiragarria Red Internauta eta Terra-Teleline zerbitzariek soilik ematen diote erabiltzaileari: sistema horrek, konbentzionalak (analogikoak) baino kalitate eta abiadura handiagoa lortzea eskaintzen dizu.

Internauta kezkatzen duen funtsezko beste kontuetako bat hau da, Interneten sartzeko bere ordenadoreak egiten duen deia, telefonozko dei lokala bezainbeste kostatuko zaion ala ziberkomunikazioa garestiagoa izango den. Nodo lokal baten bitartez edo Infovía Plusen bidez, konexioa zein eratan egingo den, azterturiko hornitzaileen web orrietan agertzen da, zehazturik; halaz ere, Jazzfree, Off Campus Net eta Airtelnet operadorekoetan ez da datu horren berririk agertzen. Horrek, jakina, ez du esan nahi sarrera egiteko sistema horretaz baliatzen ez direnik. Bestela esateko, hiru kasu horietan izan ezik, badakigu Internetekiko konexioan eman ditugun minutuak dei lokalen tarifetan fakturatuko dizkigutela.

Posta-kontuei eta guk diseinaturiko web orrietarako enpresek gordetzen duten espazioari dagokien alderdian ere, aldeak nabarmenak dira: Alehop, Zork eta World Online dira denetan eskuzabalenak. Erabil ditzakegun posta-kontuen kopuruari ez diote mugarik ezarri aurreneko bi zerbitzariek; World Onlinek, bere aldetik, bost posta-kontu desberdinetaraino eskaintzen dizkie bere bezeroei. Euskalnetek lagatzen duen buzoiaren espazioa dugu azpimarratzekoa: 20 megabyteko edukiera, hain zuzen ere. Gure web orrien argitaratze eta ostatuaz ari garela, Jazzfree dugu aukera hoberena (15 megabyteko edukiera) eta ondoren World Online datorkio (10 megabyte). Gainerakoak atzean geratu dira, erabiltzaile bakoitzari 5na megabyte uzten dizkiotelarik.

Aldea, bezeroarenganako arretak adierazi

Bezeroaren asistentzia teknikoko zerbitzua funtsezkoa da, batez ere oraingoan aurreneko aldiz konektatzen saiatu eta mugitzen bagara Interneten. Interneten geure burua kokatu ahal izateko programaren konfigurazioa (behin bakarrik egiten da) lan erraza ez denez, prozesuan gidari izan dezakegun teknikaria eskura edukitzea oso lagungarri gertatzen da. Doako sarrera ematen duten zerbitzarietatik erdiek ez dute aipatzen zerbitzu teknikorik badagoen ere; baten batek (Canal21, Jazzfree, Media Web eta Red Internauta), areago, ez diote ematen erabiltzaileari bezeroaren asistentzia zerbitzuaren berririk. Off Campus Net zerbitzariak asistentzia teknikoa eskaintzen du baina, hori bai, ordaindu beharrekoa. Bere orrietan zerbitzu hau iragartzen duten seietatik (Euskalnet, Airtelnet, Terra-Teleline, Alehop, Uni2 eta World Online) lauren asistentziarako telefono-zenbakiaren hasiera 902 da, hau da, erabiltzaileak kontsulta egiteko beharko duen minutuen kostua probintziarteko deiaren parekoa izango da, aski garestia, beraz. Euskaltelek bakarrik darabil 900 haria (deitzen duen erabiltzaileentzat dohainekoa). Uni2 zerbitzariak ere badu bere 900 zenbakia baina, ardura-zerbitzua bezalaxe, @bono30 delakoaren bitartez sartzen diren ordain-bezeroei soil-soilik eskaintzen die.

Kontratuaren baldintzak

Aztertu ditugun Interneteko doako hornitzaile guztiek, beren web orrian eskatzerakoan bertan ematen dute alta; horietako bik (Zork eta Euskalnet) halaz ere, ez dute jartzen bezeroaren eskura kontratu edo baldintza-plegurik.

Erabiltzailearen eskubide eta betebeharrekoak jasoko lituzkeen kontratu hori ez egoteak, bezeroarengan defentsarik eza sor lezake, zerbitzuarekin zerikusirik duen zeinahi erreklamazio egiteko unean edota bere datu pribatuen balizko salmenta edo argitarapenaren aurrean. Beren web orrietan, Zork eta Euskalnetek ez dute zerbitzua harpidetzeko baldintzen aipamenik egiten. Halaz ere, informazio hori kontratuarekin batera igortzen du Euskaltelek, posta bidez, erabiltzaileak alta eman duenetik egun batzuetara edo, sarri, Interneterako sarrera erabiltzen hasi eta gero ere.

Esandakoa laburbilduz, hornitzaile baten edo bestearen aldera egiteko erabiltzaileak kontuan jaso behar duena, horrek eskaintzen dizkion prestazio-multzoa da: sarrerako abiadura, dei lokalaren bitarteko sarrera, asistentzi zerbitzua, altarekin batera ematen dizkiguten posta-kontuak eta guk egindako web orrientzat jasotzeko beren ordenadoreetan zenbat espazio gorde duten, alegia. Enpresa gehienek posta-kontu bakarra eta 5 – 15 megabyteko edukiera duen web orria ematen dute. Horretan ere, ia denek ordaintzen duen bezeroari baldintza hobeak eskaintzen dizkiote. Horrela bada, “profesional” edota “familiar” markekin adierazita, enpresa gehientsuek (Jazzfree, Airtelnet, Euskaltel, Zork, Canal21, Uni2) pagatzen duten bezeroei zerbitzu osagarri edo erantsiak eskaintzen dizkiete. Txosten honekin batera doan taulan, internautak erabakiak hartzeko lagungarri izan ditzakeen datuak eta iruzkinak azaldu ditugu. Aukera baten edo bestearen alde egitea ez baita kontu samurra.