EROSKI CONSUMERek inkesta egin die 4.500 kontsumitzaileri baino gehiagori Espainiako 19 probintziatan, eta besteak beste, galdetu die zenbat diru gastatuko duten Eguberri hauetan eta krisiak zenbateraino baldintzatuko dizkien aurtengo erosketak

Lau kontsumitzailetatik batek iazko Eguberrietan baino diru gutxiago gastatuko du aurtengoetan

Elikagaiak eta opariak erostera bideratuko dute aurrekontuaren % 90 inguru
1 abendua de 2010
Img tema listado 148

Lau kontsumitzailetatik batek iazko Eguberrietan baino diru gutxiago gastatuko du aurtengoetan

Era askotako sentimenduak lotzen zaizkie Eguberriei. Bakea, maitasuna eta zoriona aipatzen ditu jende askok, baina 2008. urtetik hona, krisiak harrapatu du Eguberrietako espiritua ere. Egoera horrek eragin bortitza izan du familia askorengan, zenbaiti dezente murriztu zaie erosteko ahalmena, eta ohitura batzuk aldatu behar izan dituzte ondorioz. Testuinguru horretan, zer jarrera hartuko dute aurtengo Eguberrietan?

Hori jakin nahian, EROSKI CONSUMERek telefono bidezko inkesta egin die hainbat pertsonari, azaroko bigarren eta hirugarren asteetan; zehazki, 4.532 lagunek parte hartu dute, Espainiako 19 probintzia hauetakoak: A Coruña, Alacant, Araba, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Granada, Kordoba, Las Palmas (Kanaria Handikoa), Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Hainbat galdera egin dizkiogu inkestan parte hartu duen herritar bakoitzari, honako hauek, besteak beste: zenbat gastatuko duen Eguberrietan, krisiak nola eragingo dien erosketei, zer eratako produktuak hautatuko dituen eta zer saltoki motatan egingo dituen erosketak.

Ondorio nagusi batzuk ateratzen hasita, honako datu hauei erreparatu diegu: galderei erantzun dieten erdiek baino gehiagok uste dute iaztik hona ez dela askorik aldatuko Eguberrietan egingo duten gastua, nahiz eta % 27k aitortu duten, krisiaren eraginez besteak beste, 2009an baino gutxiago gastatu beharko dutela. Aldiz, inkestan parte hartu dutenen % 13k iazko Eguberrietan baino diru gehiago gastatuko dute aurtengoetan. Gutxi gorabeherako kopuru bat ere eman dute, eta gehien-gehienak, 200 eta 600 euroren inguruan ibiliko dira (elikagaietan eta oparietan joango omen zaie diru gehien). Zehazki, lautik batek 200 eta 400 euro artean gastatuko du, eta bostetik batek, 400 eta 600 euro artean.

Eta, nola gastatu asmo dute diru hori? Galdekatuen % 43k adierazi dute aldez aurretik egiten dituztela beti erosketak, eta horien arteko % 54, bi edo hiru aste lehenago joaten dira produktuak erostera, jende pilaketak saihesteko eta prezio hobeak aurkitzeko. Saltoki motari dagokionez, % 63k supermerkatuetan erosten dituzte elikagaiak, eta lautik batek, ohiko saltokietan. Opariak, berriz, saltoki handietan eskuratzen dituzte % 58k.

Aurrekontua: 200 eta 600 euroren artean

Eguberrietako aurrekontuan aldaketak egiteko arrazoi nagusia egoera ekonomikoa da, eta aldaketarik egingo ez dutenek ere, egoera ekonomikoa darabilte arrazoitzat. Azken horien artean, % 53k jakinarazi dute beren lan-egoera ez dela aldatu iaztik, eta, horregatik, ez dutela gastatuko ez gehiago eta ez gutxiago. Badira, hala ere, iaz baino gehiago gastatzeko asmoa duenak (galdekatuen % 13), eta horien artean, gehien-gehienek nabarmendu dute (% 68k), prezioen eta BEZaren igoerak behartuko dituela horretara. Aldiz, % 27k, diru gutxiago gastatuko dutela diote. Familia askok diru pixka bat aurrezteko beharra sentitu du egoera ekonomiko larri honetan, eta iaz baino gutxiago gastatuko dutenen % 42k, esaterako, arrazoi horren aipua egiten dute. Eta murrizketak egingo dituztenen % 45ek, oparien atalean egingo ditu handienak (liburuak, arropa eta lurrinak).

Batez besteko aurrekontua 600 euroen azpitik ibiliko da Eguberriotan. Galdekatu ditugun 4.532 lagunen erdiek baino gutxixeagok (% 43k) 200 eta 600 euroren artean gastatuko dute. Eta, nagusiki, honako betebehar hauei erantzuteko erabiliko dute dirua: elikagaiak erosteko (familia-bazkari eta -afarietarako), oparietarako, loteriarentzat, apaingarriak erosteko eta aisialdi-irteeraren bat egiteko. Zehazki, lautik batek 200 eta 400 euro artean gastatuko du, eta bostetik batek, 400 eta 600 euro artean. Dena den, gogoan eduki behar da beste datu hau ere: lau lagunetatik batek ez du zehaztu zenbat diru gastatuko duen Eguberrietan.

Probintziaka begiratuta, Nafarroan, Kordoban eta Alacanten jarriko dio jendeak arreta gehien sakelari. Nafarroan eta Kordoban galdekatu ditugunen % 60 inguruk eta Alacanten parte hartu dutenen % 56k jakinarazi dute gastua ez dela izango 600 eurotik gorakoa. Aitzitik, beste zenbait probintziatan, familia dezente ibiliko dira 600 eta 1.000 euroren artean: Murtzian %28 eta Malagan eta Las Palmasen, % 27 bietan.

Diru gehien, elikaduran eta oparietan

Jendeari galdetzen hasita, diru hori zertarako erabiliko duen jakin nahi izan dugu, zer erosteko. Askok eta askok nabarmendu dute elikaduraren atala. Inkestan parte hartu dutenen % 45ek, adibidez, 200 eta 600 euro artean gastatuko dituzte hozkailua jakiz betetzeko. Bigarren atala, berriz, opariek osatzen dute: % 47k, hain zuzen, 200 eta 600 euro artean erabiliko dituzte lagun hurkoei eta familiakoei opariek egiteko. Etxetik kanpoko otorduetan eta aisialdiko ekintzetan, ordea, zuhurrago-edo jokatuko du jendeak, eta bi atal horietan, aurrekontuaren % 3 baino ez du gastatuko. Loteria erosteko ere ez dute diru askorik erabiliko (aurrekontuaren % 4). Izan ere, galdekatuen % 10ek erabaki dute aurten ez dutela loteriarik erosiko.

Datu bitxi batzuk ere eman ditu inkestak: Malagako biztanleak agertu zaizkigu zuhurren etxetik kanpoko otorduekin eta loteriarekin, eta Zaragozakoek erakutsi dute erreparo gutxien aisialdian eta loterian dirua gastatzeko. Etxetik kanpoko otorduetan, Arabako biztanleek gastatu asmo dute diru gehien, baina oparietan, aldiz, beste guztiei baino diru gutxiago joango zaie. Elikagaietan, Valentziakoek eta A Coruñakoek egingo dute gasturik handienetakoa, eta txikienetakoa, berriz, etxetik kanpoko otorduetan; Madrilen eta Asturiasen bestela gertatzen da: nahiago dute elikagaietan gutxiago gastatu, eta gehiago aisialdian (Madrilgoek) eta etxetik kanpoko otorduetan eta oparietan (Asturiasen). Azkenik, Granadako kontsumitzaileek, etxeko hozkailua jakiz betetzeko joera handia agertu dute, eta, aldiz, ez dute hainbeste diru erabiliko zinemara edo tragoak hartzera joateko.

Eguberrietan, erosketa birtualak?

Teknologia berrietan asko aurreratu den arren, jendeak dendaz denda bilatzen ditu orain ere opariak eta otorduetarako jakiak. Halaxe erakusten du EROSKI CONSUMER aldizkariak egin duen inkestak: 4.532 lagunetatik, % 87k ez dute erabiliko Internet Eguberrietako erosketak egiteko, % 4 Internetez baliatuko dira produktuak bilatu eta alderatzeko, eta % 9k soilik egingo dituzte erosketak Sarearen bidez. Malagan eta Murtzian izan du harrerarik eskasena ordenagailu bidez erosketak egiteko aukerak (% 8k soilik erabiliko dute bi probintzia horietan); Internetera jotzeko prestutasun gehien, berriz, hiru probintzia hauetan sumatu dugu: Bartzelonan (% 18) BEHEAN % 19 DIO, Madrilen eta Araban (% 16 bietan ere).

Aldeak adierazgarriagoak dira adinari erreparatuta: 18 eta 45 urte arteko kontsumitzaileen artean, % 14k erabiliko dute Internet Eguberrietako erosketetan, eta 46 urtetik gorakoetan, % 3k baino ez. Gizonen eta emakumeen arteko aldea ere aipatzeko modukoa da: gizonen % 12k joko dute Internetera, eta emakumeen % 6k.

Gutxiago gastatuko dugu, bereziki emakumeek

Kontsumitzaileak, zentzuz eta tentuz

Erosteko ahalmena murriztu egin zaie familia askori, langabeziaren tasa beldurra emateko modukoa da, eta zalantza handi-handia dago jendartean, argi askorik ez baita ikusten aurrera begira jarrita. Horregatik guztiagatik, jendea ez dago dirua nolanahi gastatzeko, eta zentzuz jokatzea erabaki du, eta behar ere bai garai hauetan, ohikoa izaten da-eta gauzak ikusi ahala erostea, bulkadaka bezala. Dirua gastatzerakoan, irizpide batzuei jarraituz egingo du jendeak: EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen kontsumitzaileen ia erdiek, opari erabilgarriak eta praktikoak erosteko asmoa agertu dute. Inkestan parte hartu dutenen % 37k adierazi dute aurten ez dituztela ohiturak aldatuko eta iaz erosi zituzten gauza bertsuakk erosiko dituztela, eta % 21ek esan dute produktu merkatuak erosten saiatuko direla, eta opari garesti gutxiago egiten.

Eguberrietako gastuarekin
ardura gehien adierazi dutenak,
nafarrak, Kordobakoak eta Alacantekoak

Herritarren % 43k baieztatu dutenez, aldez aurretik egiten dituzte erosketak; nagusiki, Bartzelonakoek eta Errioxakoek erakutsi dute joera hori (ia erdiek jokatzen dute gisa horretan). Baina, zergatik erosten dute aldez aurretik? Gehien-gehienek (bostetik hiruk) jende-pilaketak saihesteko egiten dute. Bostetik bik, berriz, arrazoi ekonomikoengatik egiten dute, gauzak merkeago aurkituko dituztelakoan Eguberri garaian baino.

Eta aldez aurretik mugitzen direnak, zenbat denbora lehenago hasten dira gauzak erosten? Galdekatuen % 54k bi edo hiru aste lehenago egiten dituzte Eguberrietako erosketak, % 35ek hilabete edo gehiagoko aurrerapenarekin, eta beste % 10, astebete edo gutxiago aurreratzen dira. Las Palmaskoak dira guztietan goiztiarrenak (hilabete edo gehiagoko aurrerapenarekin ibiltzen dira % 54), eta Nafarroakoak eta Gipuzkoakoak, aldiz, lasaienak: bi probintzia horietan, azken asterako uzten dituzte erosketak galdekatu ditugunen % 15ek baino gehiagok.

Emakumeak hobeki antolatzen dira

EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du ea inkesta egin dugun garaian (azaroko bigarren eta hirugarren asteen artean) norbaitek egina ote zuen Eguberrietako erosketaren bat: hamarretik hiru deus ere erosi gabeak ziren artean. Hori ere ez da guztiz egia, dena den; opariak eta elikagaiak erosteko zeuzkaten, baina loteria ez: hori erosia zeukaten askok eta askok data horietan. Hain zuzen, % 46k erosia zeukaten ordurako txartelen bat (herritarren % 10 inguruk ez dute loteriarik erosiko); opariak eta elikagaiak erosteko, aldiz, askoz jende gutxiago mugitu da hain garaiz: % 7k eduki dute opariren bat erosita inkesta egin diegunean, eta % 10ek elikagairen bat, bazkari eta afarietarako. Hala ere, bi produktu mota horiek erosteko aski goiz zela erantzun digute gehienek.

Gastua ongi kontrolatzeko, aurrekontu bat egitea komeni izaten da, eta erosketak egiteko orduan horri jarraitzea. Aholku ona izan arren, guk galdekatu ditugunen % 81ek ez dute egiten: % 17k soilik egiten dute ohituraz, eta % 2 aurten hasiko dira egiten, baina orain arte ez dute egin izan. Sevillan aurkitu dugu aurrekontua egiteko ohitura gehien duen jendea (galdekatuen % 28k egiten dute), eta beste muturrean, berriz, Araba dago: ia herritarren % 90ek ez dute sekula egiten. Gai horretan emakumeek eta gizonek nola jokatzen duten aztertuta, bada aldea bi sexuen artean: emakumeetan, bostetik batek egiten du aurrekontua, eta gizonetan, % 15ek baino ez. Adinari erreparatuta, ez dago alde handirik: 45 urtetik beherakoetan, % 79k aitortu dute ez daukatela ohiturarik aurrekontua egiteko, eta 46 urtetik gorakoetan, % 83k eman dute erantzun hori bera.

Arropa eta oinetakoak, opari aukeratuenak, eta konparaketako taula

Eguberri hauetan, arropa eta oinetakoak oparituko dituzte galdekatuen % 56k, hirutik batek jostailuak ere egingo ditu, eta beste hainbestek, liburuak eta musika, eta kosmetika eta lurrinak. Tresna elektronikoak, berriz, bostetik batek hautatuko ditu, eta dirua oparitzeko hautua ere bostetik batek egingo du. Tresna elektronikoez galdetuta, sumatu dugu alderik emakumeen eta gizonen artean: emakumeen oparietatik, % 15 izango dira era horretako tresnak, eta gizonek egingo dituztenetan, % 26. Diruarekin alderantziz gertatzen da: galdekatu ditugun emakumeen % 23k agertu dute dirua oparitzeko asmoa, eta gizonen % 14k.

Adinaren arabera, are alde handiagoak antzeman litezke: 45 urtetik azpikoetan, jende gehiagok oparitzen du arropa eta oinetakoak, liburuak eta musika, kosmetika eta lurrinak, tresna elektrikoak eta kirol-produktuak, 46 urtetik gorakoek baino. Opariarekin zalantzan dabiltzanak, berriz, % 16 dira 46 urtetik gorakoetan, eta 45 urtetik beherakoetan, % 7. Lehen adin tarte horretakoen artetik, dirua eman ohi du lautik batek (beste adin tartekoetan, berriz, % 10ek egiten dute hautu hori).

Non erosten dituzte opariak?

Inkestari erantzun dioten 4.532 lagunetako gehienek, % 58k hain zuzen, saltoki handietan erosiko dituzte opariak, beste % 20k hipermerkatuetan eskuratuko dituzte, % 14k supermerkatuan, eta hamarretik ia hiruk, berriz, txikizkako ohiko saltegietara joko dute. Alderdi horretan ere badira aldeak adinaren arabera, bai eta bizilekuaren arabera ere. 45 urtetik beherakoetan, hirutik bik egin dute saltoki handien alde, eta 46 urtetik gorakoetan, % 48k. Azken talde horretan, gainera, hamarretik hiruk, txikizkako ohiko saltokiak hautatu dituzte opariak erosteko, eta bestean, % 26k. Bizilekuei dagokienez, 100.000 biztanle arteko herri edo hirietan, lautik bat joango litzateke ohiko saltokietara opariak erostera, eta 100.000 biztanletik gorakoetan, gora egiten du ehuneko horrek, % 31raino.

Azkenik, galdetu diegu zer arrazoirengatik hautatzen duten saltoki mota bat edo bestea. Erdiek baino gehiagok saltoki handiak, hipermerkatuak eta supermerkatuak hautatu dituzte, azkarragoa eta errazagoa delako han erostea. Konfiantzaren alderdia ere kontuan hartzekoa da, eta txikizkako ohiko saltokietan, denda-kateetan eta arropa-denda espezializatuetan erosten dutenen % 40k alderdi horixe nabarmendu dute: hau da, saltoki horiek hautatzen dituztela, konfiantza ematen dietelako. Baina alderik handiena, beste arrazoi batean dago: kontsumitzaileen % 27 txikizkako ohiko saltokien alde egin dute, han arreta hobea eskaintzen dietelako, eta saltoki handietara joan zale direnen artean, % 12k soilik egiten dute arrazoi horrek bultzatuta.

Elikagaiak, supermerkatuan

Elikadura-produktuak erosteko, supermerkatuetara joko lukete inkestan parte hartu dutenen % 63k, hipermerkatuetara % 33k eta ohiko dendetara % 25ek. Gainerakoak, berriz, ez dira joera bakarrekoak: gourmet dendetan edo antzekoetan erosiko lukete batzuek, supermerkatu merkeetan besteek eta Interneten ere bai zenbaitek. Aipagarria da honako datu hau: 46 urtetik gorakoetan, gehiagok nahiago dituzte ohiko denda eta saltokiak, 18 eta 45 urte artekoek baino: % 29k lehen taldean eta % 20k bigarrenean. Sexuka, berriz, emakumeen % 28k hautatuko lituzkete ohiko saltokiak, eta gizonen % 22k.

Arrazoiei erreparatuta, saltokiak ematen dien konfiantza nabarmentzen dute gehien ohiko dendetan, gourmet eta gisakoetan edo betiko merkatuetan erosten dutenek (sail horretakoen % 60 inguruk nabarmendu dute arrazoi hori). Bestalde, erosketak erraz eta azkar egin nahiak eramaten ditu hipermerkatuetara galdekatuen % 55. Merkeagoa delako ere hautatzen du jendeak saltoki mota bat edo bestea; supermerkatu merkeen alde egiten dutenen artetik, erdiek eman dute arrazoi hori, eta hipermerkatua edo supermerkatua hautatzen dutenetan, % 25ek. Azkenik, kalitate-prezioen arteko harremana lehenesten dute gourmet dendetan eta gisakoetan eta Interneten erosten dutenen % 46k, eta arrazoi hori ia erdira jaisten da supermerkatura joaten direnen artean.

Eguberriak, probintziaz probintzia
  • A Coruña: Inkesta osorik hartuta, hamarretik seik esan dute, iazko Eguberriekin alderatuta, aurten ez dutela aldatuko aurrekontua. Bada, gastuei neurria hartzerakoan, A Coruñakoak erakutsi dute iazko kopuruei eusteko asmo gehien, % 49k hain zuzen (inkesta osorik hartuta, % 40koa da batez bestekoa) Era berean, gainerakoekin alderatuta, A Coruñakoek diru gehiago erabiliko dute elikagaiak erosteko, eta gutxiago, etxetik kanpo jatera joateko eta opariak egiteko.
  • Alacant: Probintzia horretako kontsumitzaileek erakutsi dute Eguberrietako erosketak aldez aurretik egiteko joera gutxien (%61ek baieztatu dute ez dutela ezertxo ere erosi, eta inkestaren batez bestekoa, berriz, % 54koa da atal horretan). Alacantekoek murriztuko dute gehien oparien gastua.
  • Araba: Gainerako probintziekin alderatuz, Arabakoek gastatzen dute diru gehien etxetik kanpo jaten, eta gutxien, aldiz, oparietan. Gainera, Eguberrietan dirua gastatzeko erreparo gutxien daukatenak dira (% 12k aitortu dute hori, eta bestez bestekoa % 6koa du inkestak); festa-egun bereziak direla iruditzen zaie, eta gozatu egin behar dela. Aurrekontuari dagokionez, galdekatu ditugunen % 22k iaz baino gehiago gastatuko dute aurten (inkesta osorik hartuta, batez beste, % 13k adierazi dute hori).
  • Asturias: Asturiarrek gastatuko dute diru gutxien elikagaietan, eta gehien, berriz, etxetik kanpoko otorduetan eta oparietan. Erosketen saskia betetzerakoan, berriz, asturiarrek azaldu dute joera gutxien Eguberrietan jan ohi diren produktuak soilik hartzeko.
  • Bartzelona: Probintzia guztiak aintzat hartuta, Bartzelonakoek erabiliko dute gehien Internet Eguberrietako erosketak egiteko (% 19k EDO 18k; inkestaren batez bestekoa, % 13koa da). Gainera, ohiko jaiak utzi, eta bereziki garai hauetan jaten diren produktuak hautatzeko joera gehien ere Bartzelonan ikusi dugu (% 14k adierazi dute hori, eta inkestaren batez bestekoa % 10ekoa da).
  • Bizkaia: Bizkaiko kontsumitzaileek gastatuko dute diru gutxien etxetik kanpoko otorduetan.Iazko Eguberrietan baino diru gutxiago gastatuko dutenen artean, beste inon ez dute murriztuko loterian egiten den gastua Bizkaian adina.
  • Errioxa: Probintzia horretako kontsumitzaileek gastatuko dute diru gehien loteria erosten. Zehazki, aurrekontu osoaren % 10 erabiliko dute horretarako (inkestaren batez bestekoa % 4koa da). Errioxan agertu dute joera gehien erosketak aldez aurretik egiteko (% 51k jokatzen dute hala, eta batez besteko osoaren gainetik dabiltza, % 46koa da eta).
  • Gipuzkoa: Hiru kontsumitzailetatik batek oraindik ez daki zenbat diru gastatuko duen Eguberrietan, eta alde horretatik, zalantza gehien agertu dutenetakoak izan dira gipuzkoarrak.
  • Granada: Elikaduran gehien gastatzen dutenetakoak dira, eta etxetik kanpoko aisialdirako diru gutxien bideratzen dutenetakoak. Granadan sumatu dugu joera gehien opari garestiei ihes egiteko (opari erabilgarri eta praktikoak soilik egingo dituztela baieztatu dute), bai eta produktu merkatuak eta marka zurikoak erosteko ere, eta bulkadaz egiten diren gastuak murrizteko.
  • Kordoba: Probintzia horretan, Eguberrietako aurrekontuaren % 1 baino ez dute bideratzen loteriarentzat (batez bestekoa, oro har, % 4koa da).
  • Las Palmas: Probintzia horretako biztanleek adierazi dute joera gehien aurtengo aurrekontua murrizteko iazkoaren aldean (% 47k esan dute murriztuko dutela, eta, oro har, % 27koa da batez bestekoa). Dena den, Lan Palmasko kontsumitzaileen % 22k adierazi dute Eguberri hauetan ez dutela erosiko marka zuriko produkturik (inkesta osorik hartuta, % 17koa da batez bestekoa).
  • Madril: Eguberri garaian aisialdian diru gehien gastatzen dutenetakoak dira madrildarrak, eta elikagaietan gutxien gastatzen dutenetakoak. Madrildarren % 17k adierazi dute iazko Eguberrietan baino diru gehiago gastatuko dutela aurtengoetan. Ikerketa osorik hartuta, ehunekorik handienetakoa eman du Madrilek atal horretan (batez bestekoa, oro har, % 13koa da).
  • Malaga: Etxetik kanpoko otorduetan eta loteria erosterakoan, Malagako herritarrak izango dira zuhurrenetakoak. Eguberrietako gastuak murrizteko joera gehien agertu dutenetakoak ere badira malagarrak (% 36k adierazi dute murriztuko dutela, eta, oro har, % 27koa da batez bestekoa).
  • Murtzia: Elikaduran gehien gastatuko dutenetakoak izango dira Murtziako kontsumitzaileak. Horretan joan zaie, hain zuzen, aurrekontuaren erdia (oro har, % 44koa da atal horretako batez bestekoa). Murtzian galdekatu ditugunen % 62k aitortu dute ez dutela erosketarik egiten aldez aurretik (oro har, % 54koa da batez bestekoa).
  • Nafarroa: Nafarrek gastatuko dute dirurik gutxien aurtengo Eguberrietan. Hamar lagunetatik seik, ez dute gastatuko 600 euro baino gehiago festa horietan. Alde horretatik, nafarrek erakutsi dute zalantza gutxien Eguberrietan zenbat diru gastatuko duten galdetuta (% 19k soilik esan dute oraindik ez dakitela, eta inkestaren batez bestekoa, oro har, % 25ekoa da).
  • Sevilla: Sevillako kontsumitzaileek agertu dute joera gehien Eguberrien aurretik aurrekontu bat egiteko (galdekatuen % 28k, hain zuzen, eta inkesta osorik hartuta, berriz, % 19k adierazi dute horretarako ohitura daukatela).
  • Valentzia: Probintzia horretakoek eskaintzen diote diru gehien elikadurari, A Coruñakoekin batera, eta gutxien, berriz, etxetik kanpo otorduak egiteari. Aisialdiko gastuei dagokienez, inkesta osoak eman duen batez bestekoaren parean dabiltza valentziarrak: gastu guztien % 3ri bideratzen dituzte atal horretara.
  • Valladolid: Horiek gastatuko dute diru gutxien aisialdiko ekintzetan (aurrekontu osoaren % 1 izango dute zinemara edo antzerkira joateko, edo gauez irteteko).Era berean, Eguberrietan zenbat gastatuko duten zehazteko orduan, zalantza gehien adierazi dutenetakoak izan dira (hirutik batek oraindik ez daki).
  • Zaragoza: Aisialdi-ekintzetan gehien gastatuko dutenetakoak izango dira (zinema, antzerkia, gaueko irteerak), bai eta loterian ere.