Azterketa dokumentala, gaixo kronikoek Espainian zer-nolako egoera duten jakiteko eta beren arrisku faktoreek zer bilakaera izan duten ikusteko

Lau kontsumitzailetatik batek gaixotasun kroniko bat edo gehiago du

Honako hauek ageri dira arrisku faktoreen artean: %45ek ez dute jarduera fisikorik egiten, %29k ez dituzte egunero jaten frutak eta berdurak, %27k erre egiten dute eta 15 eta 64 urte arteko pertsonen %10ek edari alkoholdunak edaten dituzte egunero
1 ekaina de 2015
Img tema de portada listado 153

Lau kontsumitzailetatik batek gaixotasun kroniko bat edo gehiago du

Urtean 38 milioi pertsona hiltzen dira munduan gaixotasun kronikoen eraginez. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen ditu gaixotasun horiek: iraupen luzeko gaitzak dira, oro har bilakaera mantsoa izaten dutenak. Heriotzen %46 bihotz-hodietako nahasmenduek eraginak izaten dira (17,5 milioi urtean), %22 minbiziak eraginak (8,2 milioi), %10 arnasbideetako gaixotasunen ondoriozkoak (4 milioi) eta diabetesak %4 hiltzen ditu (1,5 milioi pertsona).

Gaur egun, herrialde aurreratuetan kezka gehien sortzen duten gaitzen artean dauden gaixotasun kronikoak. Heriotza eta ezgaitasun gehien sortzen dutenak dira, eta kasu kopuruak handitzen jarraituko duela aurreikusten da. Aurten bertan, adibidez, OMEk kalkulatu du hiltzen diren hiru lagunetatik bi mota horretako gaitzen eraginez hilko direla.

Egoera horrek eragin nabarmena du pertsonen bizi kalitatean eta berdin herrialdeek osasunean gastatzen duten diru kopuruan ere. Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek azterketa dokumental bat egin nahi izan du, gaixo kronikoek Espainian zer-nolako egoera duten jakiteko eta beren arrisku faktoreek zer bilakaera izan duten ikusteko. Horretarako, zorrotz aztertu ditu hainbat ikerketa eta zenbait erakundek argitaratutako datuak: Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Espainiako Estatistika Institutuak (INE), gizarte zerbitzuek eta berdintasun zerbitzuek, eta gaixo kronikoen federazioek.

Era berean, Espainiako Herritarren Nutrizio Azterketak (ENPE) lehen faseetan eman dituen datuak erabili dira. Javier Aranceta doktorearen gidaritzapean egin da azterketa hori: SENC Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko Batzorde Zientifikoko presidentea. Azterketa oraindik bukatu ez den arren, Estatu osoko 4.800 pertsonak emandako datuak erabili dira.

Arazoa

ENPE Azterketaren arabera, inkestan parte hartu duten herritarren %28k gaixotasun kroniko bat edo gehiago dute. Sexuka, gizonen %25ek dute era horretako gaitzen bat, eta emakumeen %31k. Baina alderik handienak adinaren araberakoak dira. Adibidez, 3 eta 8 urte arteko haurren %7k baino ez dute gaitz kronikoren bat, 9 eta 18 urte arteko gazteen %9k, 19 eta 64 urte arteko herritarren %23k eta 65 urtetik gorako adinekoen %61ek.

Hala ere, OMEk oroitarazten duenez, nahiz eta gaixotasun kronikoek adin handiko pertsonei eragiten dietela uste izan, gaitz mota horrek munduan eragiten dituen 16 milioi heriotza baino gehiago 70 urtetik beherako pertsonen artean gertatzen dira. Are gehiago, erakunde horrek azpimarratzen du haurrei, helduei eta adinekoei eragin diezaieketela gaitz mota hori agerrarazten duten arrisku faktoreek: osasungarriak ez diren dietak egitea, jarduera fisikorik ez egitea, tabakoaren kea arnastea eta alkohol gehiegi edatea.

Zeintzuk dira gaixotasun kronikoen arrisku faktoreak?

Aldaketa metabolikoak

Zehazki, batere osasungarriak ez diren lau ohitura horiek honako gaitz hauek eragin ditzakete: arteria hipertentsioa, gizentasuna eta gehiegizko pisua, hipergluzemia (odolean glukosa maila handiak izatea) eta hiperlipidemia (odolean lipido ugari izatea). OMEk “aldaketa metabolikoak edo fisiologikoak” esaten die.

Horien artean, nazioarteko erakundeak nabarmentzen du arteria presioa handitzea dela gaixotasun kroniko bat izateko arrisku faktore metaboliko nagusia munduan (heriotzen %18 eragiten dituela kalkulatzen da), eta atzetik datozkio gehiegizko pisua eta gizentasuna, eta odoleko glukosa ugaritzea ere bai.

Ildo horretan, ENPE Azterketan galdekatu diren kontsumitzaileek nabarmendu dutenez, kolesterol handia eta arteria tentsio handia dira haien arazo kronikorik ohikoenak. Adinaren arabera aztertuta, gazteenetan alergia eta gaixotasun zeliakoa dira ohikoenak nahasmendu kronikoak dituztenen artean, eta behin adinez nagusi eginda, kolesterol handia eta hipertentsioa gailentzen dira. Adinekoen artean (65 urtetik gora), bi arazo horiek inkestari erantzun dioten herritarren %30i eta %26ri eragiten diete, hurrenez hurren.

Bestalde, INEk 2013an egin zuen Osasun Inkestan ageri denez (hori izan da azkena egin duena), gaixotasun kroniko nagusiak eta arrisku faktoreak gorantz egiten ari dira Estatuko herritarren artean. Zehazki, arteria hipertentsioa %11tik %18ra igo da 1993. urteaz geroztik, eta kolesterola, %8tik %16ra.

Aldaketarik ez elikadura arloko errutinetan

Osasun arazo kronikoak oso lotuta daude elikatzeko ereduarekin. Hortaz, pentsatzekoa litzateke osasun arazo kroniko bat dutenek aldatu egingo dutela dieta, bai tratamenduak hala agintzen duelako edo bai horri lotuta dauden arazoei aurre hartzeko.

Besterik gertatzen da, ordea. ENPE Azterketaren arabera, inkestari erantzun dioten herritarren %11k bakarrik aldatu dute ohiko dieta azken sei hilabeteetan osasun arazo kronikoaren eraginez. Emakumeek joera handiagoa dute gizonek baino, nahiz eta ez dagoen alde handirik: emakumeen %12k egiten dute eta gizonen %10ek. Adinka, 65 urtetik gorakoak nabarmentzen dira: %24k aldatu egin dute elikatzeko modua.

Eta zer-nolako aldaketak egiten dituzte? Nutrizioaren arloan egiten diren aldaketak lotu-lotuak daude prebalentzia handiena duten osasun arazoekin (arteria tentsio eta kolesterol handiak), eta, hortaz, pertsonarik gehienek adierazi dute murriztu egin dituztela elikagai gantzatsuak eta gatz gutxiagorekin jaten hasi direla. Ohikoa izaten da, halaber, azukre ugariko elikagaiak murriztea eta osotara elikagai gutxiago jatea.

Adina aintzat hartuta, galdekatu diren herritarrik gazteenek (3 eta 18 urte artekoek) ia ez dute batere aldaketarik egiten dietan, baina zaharragoek bai (adinez nagusi direnek), aldatzen dute nolabait. Nagusiki, 19 eta 64 urte artean dituztenek murriztu egiten dituzte elikagai gantzatsuak, eta 65 urtetik gorakoak gatz gutxiagorekin jaten hasten dira.

Arriskuak

Jendearen bizi estiloa asko aldatu da azken urteetan, eta osasuna zaintzeko oso egokiak ez diren ohitura batzuk zabaldu dira: osasungarriak ez diren dietak egitea, gero eta sedentarioagoak izatea, erretzea eta alkohol gehiegi hartzea. OMEk zenbait datu adierazgarri ematen ditu jokabide desegoki horiek dakartzaten ondorioen inguruan:

  1. Tabakoaren eraginez munduan 6 milioi lagun hiltzen dira urtero (besteren kea arnasteagatik) eta 2030. urterako 8 milioi izango direla aurreikusten da.
  2. Urtean 3,2 milioi heriotza izango lirateke jarduera fisiko eskasa egitearen ondorioz gertatzen direnak.
  3. Alkohola modu desegokian erabiltzeagatik urtean hiltzen diren 3,3 milioi lagunen erdiak gaixotasun kronikoen erruz hiltzen dira.
  4. 2010. urtean bihotz-hodietako arrazoiengatik izan ziren 1,7 milioi heriotzaren atzean gatz eta sodio gehiegi hartu izana dago.

Arrisku faktoreen garapena

Ohitura txarrak Espainian

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak azterketa egin du osasungarriak ez diren ohitura horiek azken urteetan zer-nolako bilakaera izan duten ikusteko, eta, horretarako, 2014. urtean, honako txosten hau egin zuen: “Gaixotasun kronikoen arrisku faktore nagusien joera. Espainia, 2001-2011/12”.

Lehenik eta behin, tabako kontsumoak jarraitzen du izaten lehenbiziko arrazoia heriotza saihesgarrietan eta gaixotasunetan. Espainian, 50.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira urtean tabakismoarekin zerikusia duten arrazoiengatik. Hala ere, datu horiek gorabehera, tabakoaren kontsumoa murriztu egin da: 2001. urtean herritarren %34k erretzen zuten Espainian, eta 2011 eta 2012 artean, %27k.

Bigarrenik, jarduera fisikorik ez egiteak heriotzen %6 eragiten ditu munduan, Ministerioaren ikerketaren arabera. Espainiako herritarren %45ek ez zuten jarduerarik egiten 2011 eta 2012 artean, eta portzentaje hori 2001ekoa baino %2 txikiagoa da. Dena den, hamarkada batean portzentajea apaldu arren, urtez urteko azterketa eginez gero, ikus daiteke 2006. urtetik ugaritu egin direla jarduerarik egiten ez duten pertsonak.

Hirugarrenik, kalkulatu da gizentasunak eragiten dituela helduen diabetesari dagozkion kasuen %80, helduen artean ageri den arteria hipertentsioaren %55 eta bihotzeko gaixotasunen %35. Osasun Ministerioak egindako azterketaren arabera, 2011 eta 2012 artean, gizentasunaren prebalentzia %17koa zen Espainiako herritarren artean. Kopuru hori handitu egin da etengabe 2001. urtetik (urte hartan, Espainiako herritar helduen %13 jo ziren gizentzat).

Laugarrenik, herritarrek ez dute jaten behar adina fruta eta berdura, nahiz eta frogatua egon elikagai horiek murriztu egiten dutela bihotz-hodietako gaixotasuna izateko arriskua; zehazki, egunean 5 errazio hartuko bagenitu fruta eta berduretatik, %17 murriztuko litzateke bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua. Ildo horretan, 2001. urtean herritarren %30ek aitortzen zuten frutak eta berdurak ez zituztela jaten egunero, eta 2011 eta 2012 artean ia berbera da portzentajea: %29koa.

Azkenik, OMEren arabera, Europako eskualdea da munduan alkohol gehien hartzen den inguruetako bat, eta kontsumo horri lotutako kalte gehien agertzen denetakoa. Zirkulazio istripuen %30etik %50 bitarte alkoholaren erruz gertatzen direla kalkulatzen da, eta, horretaz gain, zenbait gaixotasun kroniko ere agerrarazten ditu: gibeleko gaitzak (nagusiki hepatitis alkoholikoa eta zirrosi hepatikoa), kardiomiopatia alkoholikoa eta zenbait minbizi arnasbideetako goi traktuan eta digestio aparatuan.

Zorionez, osasuna arriskuan jartzen duten edaleen portzentajea murriztu egin da Espainian (gizonetan, egunero 40 gramo alkohol baino gehiago hartzea jotzen da arriskutsua osasunarentzat eta emakumeetan 30 gramo). 2003. urtean herritarren %4k edaten zuten alkohola osasunarentzat arriskutsu izan zitekeen kopuruetan, eta 2011 eta 2012 artean %1,2koa zen portzentaje hori. Alkoholari eta Drogei buruzko Etxeko Inkestaren arabera (Gobernu Ordezkaritzak aldian behin egiten du Drogen inguruko Espainiako Planaren barrenean), 15 eta 64 urte arteko herritarretan egunero alkohola edaten dutenen portzentajea murriztu egin da hamarkada batean: %16koa zen 2001. urtean eta %10ekoa 2011 eta 2012 artean.

Osasun sistemari kostatzen zaiona

Gaixotasun kronikoek zer kostu dakarkiote osasun arloari?

Espainiako Estatuan, gaixotasun kronikoek eragiten dituzte Lehen mailako Arretan egiten diren hamar kontsultatatik zortzi eta hamar ospitaleratzetatik sei. Gaixotasun kronikoek, izan ere, kostu pertsonala ez ezik, kostu ekonomikoa ere eragiten dute, aski handia gainera.

The Boston Consulting Group erakundeak txosten bat egin zuen 2014. urtean, “Kronos Txostena: paradigma aldaketarantz gaixo kronikoen arretan” izenekoa, eta hor esaten denez, gaitz horiek dituzten pertsonek Espainiako Osasun Sistemak zituen baliabideen %75 kontsumitu zituzten 2011. urtean, batez ere ospitaleratzeen bidez.

Beharrezko diren osasun zerbitzu publikoak eskaintzeko, 2020. urtean 28.000 milioi euro erantsi beharko litzaizkioke Espainian 2011. urtean paziente kronikoak artatzeko jarri ziren 50.000 milioiei.

Edonola ere, zifra dantza hori gorabehera, gaixo kronikoek ez dute iritzi onik Espainiako Osasun Sistemaren inguruan. Barometro Eskronikoen bigarren argitalpenean ageri denez (gaixo kronikoen 19 federaziok egin dute, zeinak 350.000 paziente ordezkatzen dituzten), 5,2ko nota baino ez du lortzen eskaintzen zaien osasun arretak. Hain zuzen, osasun sistema nola ikusten duten galdetuta, gaixo kronikoen %46k uste dute ongi funtzionatzen duela, baina aldaketa batzuk behar dituela.

Hala ere, osasun arloko profesionalen inguruan oso iritzi ona dute. Galdekatu diren gaixo kronikoen %80 oso pozik daude familia medikuarekin eta %79 berdin espezialistarekin ere.

Ondorio gisa, Barometro Eskronikoak zenbait gomendio ematen ditu:

  • Itxaronaldiak murriztea.
  • Tratamenduei buruzko informazio gehiago eta hobea ematea.
  • Zerbitzuen koordinazioa hobetzea.
  • Larrialdiak berritzea eta optimizatzea.
  • Oztopo administratiboak desagerraraztea: tratamenduak eskuratzeko protokoloak eta arauak zailtzen dituzten oztopo administratiboak kentzea.
  • Autonomia erkidegoen arteko aldeak desagerraraztea.